G77-ko herriak alternatibak eraiki nahi eta ezinean

  • G77+Txina etiketapean bildu dira joan den asteburuan Bolivian munduko 133 herrialde, gehienak txiroak, batzuk indarrean datozen “emergenteak” eta bakarren bat aberatsa. Denen artean Evo Morales ahalegindu da biziberritzen duela mende erdi, herrialde ez-lerrokatuen mugimendua izan zenaren antzekoa Vivir bien goiburuaren inguruan.

Boliviako Evo Morales, Ekuadorreko Rafael Correa eta Venezuelako Nicolás Maduro, Santa Cruz hirian G77+Txinak burutu biltzarraren azken ekitaldian. Castrok dei egin zuen Venezuela nazioarteko kapitalismoaren erasoetatik defenditzera:
Boliviako lehendakaritzak zabaldutako irudian Kubako Raul Castro, Boliviako Evo Morales, Ekuadorreko Rafael Correa eta Venezuelako Nicolás Maduro, Santa Cruz hirian G77+Txinak burutu biltzarraren azken ekitaldian. Castrok dei egin zuen Venezuela nazioarteko kapitalismoaren erasoetatik defenditzera: "Venezuela da gaur gure askatasunaren eta duintasunaren defentsaren abangoardia, kolpe gogorra litzateke hemengo prozesua gelditzea". Correak oihukatu zuen: "Gora Nazio Batuen Erakundea... Segurtasun Batzordea gabe!" Moralesek poza adierazi zuen biltzarraren adierazpenean islatu zirelako boliviar indigenen antzinako balioak: Ama Sua (ez izan lapurra), Ama Llulla (ez izan gezurtia), Ama Quella (ez izan ahula). "[Inken inperio garaiko] antzinako balio hauek berreskuratzeak baimenduko du gobernu gardenentzako parametroak ezartzea", esan zuen Moralesek.

Evo Morales ez da Bill Gates. Honen keinu txikiena beti da mainstream. Moralesi, aldiz, lortu arren elkartzea 129 herrialdetako ordezkaritzak, tartean 15 lehendakari eta bost lehen ministro, halaz ere hedabide nagusiek apenas eskaini dioten minuturen bat. Eta hori, Nazio Batuen Erakunde barruan dagoen G77k ordezkatzen duela munduko biztanleen %60, planetako Barne Produktu Gordinaren %31,42, esportazioen %37.

G77+Txina bilkura burutu zen ekainaren 14-15ean Boliviako Santa Cruz hirian, munduko herrialde ez garatuenen mugimenduak mende erdi justu betetzen zuen egunetan. 1964ko ekainean sortu zuten 77 herrialdetako buruzagiek Suitzako Genevan. Sustatzaile nagusietakoa Ernesto Che Guevara izan omen zen, orduan Kubako Gobernuan agintari. Lehen bilkura handia 1967an ospatu zuten Aljeria frantsesengandik askatu berrian. Che Guevararik gabe: gerrillara itzulia, urte hartan bertan galduko zuen bizia militarren eskuetan... Bolivian hain justu.

Hasierako 77 herrialdeei geroztik 56 gehiago bildu zaizkie, 133ra heldu arte. Kideak mapan koloreztatuz gero ageri da munduaren hegoalde osoa dagoela ordezkaturik G77an: Mexikoz behealdeko Hego Amerika osoa, Karibeko uharteak barne; Afrika osoa eta Asiatik Sobiet Batasunekoak izan ez diren guztiak, Txina barne. Europatik Bosnia-Hertzegovina da kide bakarra, hasierako fundatzaile izan zen Jugoslavia apurtu zenetik geratu dena.

Hasieran zeuden batzuk gero atera egin dira G77tik, Europar Batasunean edo Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean (OCDE ingelesezko eta gaztelaniazko sigletan) sartu zirelako, esan nahi baita, herrialde kapitalista garatuen klubetan: Mexiko, Hego Korea, Zelanda Berria, Zipre, Errumania...

1964an Sobiet Batasunaren eta AEBen artean espazio propioa bilatzen zuten herrialde ez lerrokatuen irudi nagusiak ziren Nehru Gandhi indiarra, Gamal Abdel Nasser egiptoarra, Josef Broz Tito jugoslaviarra, Kwame Nkrumah ghanatarra, Mao Zedong txinatarra... 2014an Boliviako Santa Cruzen  nabarmendu dira, Evo Moralesez gain, Raul Castro, Nicolás Maduro, Rafael Correa, Jose Mugica, Cristina Fernandez... eta itsusi ematen duelako antolatzaileek diskrezioz erabili duten Robert Gabriel Mugabe.

Bolivia bezalako herrialde pobre batentzako ausardi handia izan da neurri honetako antolakizunez arduratzea. Carlos Peñarandak eta Ernesto Peñarandak Rebelion gunean plazaratutako “G77+China, elementos críticos para el debate” analisian eman dute Bolivian bertan gailurrak piztutako kritiken berri, hainbeste konbidaturentzako prestaketa garestietan sartzea baino lehenagoko beharrak badaudela eta abar.

Morales lehendakariak, ordea, lehenetsi du Boliviaren garapen eredu berria nazioartean zabaltzea eta munduko agintariak erakartzeko  ahalmena erakustea              

Vivir Bien versus Txina  

Gailurraren hasieran Gara egunkariaren Gaur8 gehigarrian Katu Arkonadak azaldu zituen G77 barruan dauden bi bloke geopolitiko nagusiak. Alde batetik daude ALBA aliantza bolivartarrekoak: Kuba, Ekuador eta Venezuela, Bolivia beraz gain. Bestetik, BRICS taldea (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) eta honen ingurukoak.

“BRICS blokeko herrialdeetan –idatzi du Arkonadak– planetako populazioaren %42 inguru bizi da, eta bertako jarduera ekonomikoa munduko barne produktu gordinaren %20tik gora izatera iristen da. Aipatu herrialde horiek erabakigarriak dira egun bizi dugun polo bakarreko mundutik polo anitzeko mundura edo mundu multipolarrera trantsizioa egiteko”.

Baina nabarmena da, ahaztu gabe BRICS talde barruan bertan ere erraldoi batzuen eta besteen interesak oso dira ezberdinak direla, 133 herrialdeen aniztasuna askoz konplexuagoa da. Adibidetzat: 2005eko gailurrean Qatarreko emirrak sortu zuen G77ko herrialde txiroenei laguntzeko diru funts bat... 133en artean diruz gainezka dabiltzanak ere badiren seinale.

“Por un nuevo orden mundial para Vivir Bien” ipini du Boliviak gailurraren goiburuan. Evo Moralesek aurrera begirako hamar lan ildo nagusi zerrendatu zituen: garapen iraunkorra ama lurrarekin orekan, demokrazia birsortu eredu parte hartzaile eta komunitarioan, uraren eta gizakiarentzako oinarrizkoak diren beste oinarrizko eskubideak, ekonomia bezala kultura eta jakintza deskolonizatzea, elikadura burujabetzarekin gosea desagertzea, mundu mailako finantza arkitektura berria...

G77aren adierazpenak ez dira bazkideentzako lotesleak, alde  horretatik zerikusi gutxi erabaki zorrotzak hartzen diren beste gailur batzuekin. Hala ere, Morales saiatu da orain arte gehien bat asmoetan eta eztabaida teknikoetan jardun den erakundeari eduki politiko eta pragmatikoagoak ematen.

Alde batetik, Nazio Batuen Erakundeak 2000. urtean ezarritako Milurtekoaren Garapen Helburuak eguneratzen, horiek berrikustea egokituko baita 2015ean. Vivir Bien kontzeptuaren inguruan biltzen ahalegindu da garapen iraunkorraz Rio de Janeiroko biltzarretik landu dena, uztartuz klimaren aldaketa, ekologia, pobrezia gainditzea, herrien eskubideak eta abar. Hegotik Hegorako elkarlana indartu beharra da azken deklarazioaren beste ardatz nagusia.

Besterik izanen da hori nola gauzatzen den. G77 bertan daude, esaterako, munduko herrialde txiroetako lurrak berenganatzen ari diren herrialdeetako batzuk, Txina bera buru dela. Munduaren hegoaldeko potentziek hegoaldeko herrialde txikiei ezartzen dizkieten elkarlan ereduak ez dira hain ezberdinak iparralde aberatsak aurretik ezarritakoetatik. Nola gainditu kontraesana?

Iparraldeko herriekiko daukaten borrokaz gain (emigranteentzako hesiak, korporazioek hegoaldekoei ezartzen dieten garapen eredua...), hegoaldeko potentzien eta nazio pobreen arteko harremana eztabaida berriak ari da pizten Boliviako eta oro har hegoalde osoko ezkertiarren artean. Funtsean, Txinak ezartzen dien garapen eredua ez ote da lehen Europak eta AEBek ezarri zietenaren berdintsua?

Horretaz landa, Ekuadorreko presidente Rafael Correak ohartarazi zuen: “Kontserbadoreen itzulera ari dira antolatzen, nazio eta nazioarte mailan ari da eskuina koordinatzen (...) Horregatik Amerikan ezkertiar eta aurrerazaleok sekula baino elkartuago eta koordinatuago jokatu behar dugu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bolivia
“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2022-09-06 | ARGIA
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute

Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu... [+]


2022-06-13 | ARGIA
Aurrekaria Hego Amerikan
Boliviako presidente auto-izendatu zen Añezi hamar urteko espetxe zigorra, estatu kolpea ematea egotzita

Asteburuan aurrekaria ezarri dute Bolivian estatu kolpea ematen saiatzen direnentzat, hamar urteko espetxe zigorra ezarriz Jeanine Añez senatari ohiaren, Williams Kaliman Indar Armatuetako komandante ohiaren eta Yuri Calderon Poliziako komandante ohiaren aurka.


2021-11-09 | Leire Artola Arin
Ketxua hizkuntza biziberritzeko plana osatzen ari dira Bolivian, Garabideren parte hartzearekin

Bolivian izan dira Garabide elkarteko hiru kide, plan estrategikoa prestatzeko lehen saioetan, eta euskararen biziberritzearen gakoak azaldu dizkiete ketxua komunitateko kideei.


Eguneraketa berriak daude