Beste nekazaritza garapen eredu baten alde

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskal Herriko lehen sektorea, mundu osokoa bezala, bidegurutze baten aurrean dago eta ez badira erabaki egokiak hartzen desagertzeko zorian egon liteke. Neoliberalismoak, hau da, kapitalismo tradizionalak eta ekonomiaren globalizazioak mundua merkantzia bihurtu dute. Baserritar mundua desagertzen ari da, nekazaritza industrialak gaina hartu diolako. Hor koka daitezke labore transgenikoak eta elikagaiak sortzeko lurrei milioika hektarea kentzen dizkieten agro-erregaiak, besteak beste. Bankuei, multinazionalei eta nekazaritza industriari baino mesede egiten ez dien eredua da eta kalte handiak eragiten ditu ingurumenean.

Testuinguru horretan sortu da Nirea egitasmoa, Gasteizko Gobernuaren, Hazi fundazio publikoaren eta eragile sozial nahiz sindikatuen eskutik. Etorkizunean landaren eta hiriaren arteko oinarrizko lotura berreskuratzeko egitasmoa da, herritarrek konpromisoa har dezaten euren kontsumo ohituretan lehen sektoreko bertako produktuak kontuan hartzeko. EHNE-Bizkaiak eskatu du akordioa edukiz betetzeko eta horretarako beste nekazaritza garapen eredu bat behar dela uste du, sektorea mantentzen dutenen mesedetan. Hain justu, apirilaren 17an nekazarien borrokaren nazioarteko eguna da, “denon ondarearen eta gure lurraldeen defentsarako erresistentziaren” alde. Egun hori antolatu dutenek –tartean Mundubat– kapitalismoaren kontra mobilizatzeko eskatu dute, tokian tokiko merkatuak erreskatatu eta indartzeko: “Zubiak eraiki behar dira landa eta hiri eremuen artean, herrietan bizi garenon eta lurra landu nahi duten jendeen artean; nekazaritzara itzultzeko prozesuak bultzatu behar dira”.

Ea Nirea egitasmoa Eusko Jaurlaritzaren propagandatik harago doan eta beste nekazaritza garapen baten aldeko apustua egiten duen, egungo eredu produktibista aldatu behar bada ere. Horretarako neurriak hartu eta diru-partidak bideratu behar dira.


Irakurri gehiago: Lehen sektorea Ekonomia
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.