Zergatik egin zuen txiza mutikoak?

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Brusela (Belgika), 1388. Santa Gudula katedraleko artxibategiko dokumentu batek Manneken Pis monumentu ezaguna aipatzen du lehenengoz. Ez dakigu zehazki nork eta noiz egin zuen eskultura; bai, ordea, mendeetan zehar hainbatetan lapurtu zutela, eta dokumentu horretan aipatzen den estatua ez dela gaur egun ikus daitekeena. 1619an Jerome Duquesnoy artistak, François Duquesnoy eskultore ezagunaren aitak, brontzezko estatua berri bat egin zuen. Baina txiza egiten ari den mutikoaren abenturak ez ziren orduan amaitu. 1695ean

Bruselako hiritarrek estatuatxoa frantziarren setiotik babestu behar izan zuten. Orduz geroztik Manneken Pisek inskripzio hau du azpian: In petra exaltavit me, et nunc exaltavi caput meum super inimicos meos (Jaunak harkaitz baten gainean jaso ninduen, eta orain burua etsaien gainetik jasotzen dut). XX. mendeko 60ko hamarkadan, aldiz, ezin izan zuten lapurrengandik babestu. Batzuek diote azkenean Duquesnoyren obra berreskuratu zutela; beste batzuen esanetan, erreplika bat da hiriko alde zaharrean, L'Etuve eta Chene kaleen kantoian, Grand Placetik hurbil dagoen estatua.

Mutiko pixontziaren jatorriaren berri zehatzik ezean, hainbat kondaira zabaldu dira estatuaren zergatia azaltzeko.

Egun batez, etsaiek hiria setiatu zuten, eta harresiak botatzeko lehergailu indartsu bat jarri zuten. Juliaanske izeneko mutiko batek metxa pizten zutela ikusi zuen, ziztu bizian harresira igo zen eta, gainean txiza eginda metxa itzali omen zuen, hiria salbatzeko.

Beste elezahar batek 1142ra garamatza, Ransbekeko gudura. Godofredo Lorainekoak semearen sehaska haritz baten adarretan lotu omen zuen soldaduei adorea emateko. Haurrak, goitik, etsaien gainean txiza egin omen zuen.

Bertsio esoterikoenaren arabera, behin batean Bruselako noble baten semeak prozesio bat utzi zuen txizagura zuelako. Arduragabe, sorgin baten etxeko bazterrean egin zituen egin beharrekoak, eta sorginak, zigortzeko, estatua bihurtu omen zuen.

Azken kondairak merkatari aberats bat eta haren semea ditu protagonista. Egun batez, merkatariak haurra galdu zuen, eta aitak ordainsari mamitsua eskaini zion aurkitzen zuenari. Herritarren ahaleginak alferrikakoak izan ziren, ordu batzuk geroago aitak berak topatu baitzuen haurra lorategi batean txiza egiten. Ordainsaria nori eman ez zekiela, dirua semearen estatua batean gastatu omen zuen eta monumentua herritarrei eskaini, haien ahalegina eskertzeko.


Irakurri gehiago: Historia Japonia Nazioartea Asia
Historia kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 4
Basauriko Hamaikak
Abortuaren jazarpena, epaitua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...