"Gure hipotesia konfirmatu dugu, lana zuzen eginda euskararen erabilerak gora egin du"

  • Jasone Aldekoa (Bilbo, 1964) Hezkuntzako aholkularitzan ari da egun. Oraintsu arte Basauri-Galdakao Berritzegunean egin du lan. Hizkuntza normalizaziorako aholkulari da eta Arratia-Nerbioi eta Nerbioi Garaia eskualdeetako ikastetxeekin aritu da. Tesia lanbideari zeharo lotua egin du, eta horregatik, aurtengo Eskola Hiztun Bila Jardunaldietan, emaitzen berri eman du. Alabaina, egindako lanaz ez du singularrean hitz egiten, hezkuntza komunitate osoak izan baititu ikerketa bidaide.
     

Dani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Tesiak honela du izena: Euskararen normalizazioa hezkuntzan (2000-2010): Ulibarri programa. Euskarri teorikoa, metodologia eta faktore azalgarriak. Bere lanbideari erabat lotutako gaia aukeratu zuela esan diogu. Zergatik?: “Lau urtean behin, hizkuntza plangintzak dituen betebehar guztien artean diagnosia egin eta egindakoaren gaineko hausnarketa egitera animatzen eta behartzen ditut ikastetxeak. Haiek hezkuntza komunitate bateko hausnarketa egiten dute, niri koherentziaz, eskualde osokoa egitea dagokit. Aholkulari lanetan koherentzia, hau da, esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko lotura, ezinbestekoa da. Gure sinesgarritasuna koherentzia horretatik datorkigu”. Bazuen Aldekoak tesi jakin hori egiteko beste arrazoi bat: eskoletan hizkuntza normalizazioaren alde lanean jo eta su ikusten du jendea eta ahalegin horrek gero eragina duela frogatu nahi zuen. Emaitza positiboak azaleratu, gero eragileak motibatzeko. “Funtsezkoa da egiten dugunak zenbateko eragina duen jakitea, jakintza horrexek ematen digulako lanari ekiteko gogoa”.

Hamar urteko ikerketaren ondoren zein ondorio atera duzu?

Guretzat balioko duen teoria-marko bat eraiki dugu, agian ezin da beste leku batzuetara orokortu, hori beste batzuek esan beharko dute, baina guretzat gidari izango da. Irakasleek, gurasoek, ikasleek... hezkuntza komunitateko kide guztiek hartu dute parte tesirako lanketan eta garrantzitsua zen denok marko bera adostea: non gauden, nora goazen eta egiten dugunean denok bat etortzea. Izan ere, EAEko hizkuntza-politikaren barnean, hezkuntza alorrari dagokion acquisition planning-aren bilakabidean aurkitutako hizkuntza-arazo bati, erabilera-ezari hain zuzen ere, erantzuteko abian jarri den normalkuntza proiektuaz gogoeta egiteko metodoa behar genuen.

Bestela esanda, hizkuntza ahularen indarberritze prozesu orokor eta konplexu baten barruan ikasle-jendeari euskara/erdarak irakasteak derrigorrezkoa duen euskara egiteari buruzko gogoeta ahalbidetuko duen marko teorikoa landu behar genuen eragileon artean.

Bestelako ondorioren bat ere atera nahi izan duzu.

Bai horixe. Hizkuntza normalkuntza proiektuek euskararen erabileran eragiten duten ala ez jakin behar genuen. Epe laburrean (ikasturte bat), ertainean (lau-bost ikasturte) eta luzean (hamar), ikertu dugu, baita egitasmoek nola eragiten duten maila indibidualean, instituzio mailan (ikastetxean), eta gizartean ere. Eta gure hipotesia konfirmatu dugu, lana zentzuz, zintzo, zorrotz eta zuzen egiten denean euskararen erabilerak, bai ahozkoak eta bai idatziak, gora egin du.

Azterketak ondo egiten direnean informazio iturri izugarriak izan daitezke, hausnarketarako eta ekintza planifikatzeko aukera paregabeak. Horregatik, hain zuzen ere, gure testuinguruan ikasleen erabileran zerk eragiten duen eta zerk ez ikertu behar genuen. Herri txikia gara, ez gaude ahalegin antzuetarako, ez daukagu ez giza baliabiderik, ez baliabide ekonomikorik alferrik galtzeko. Bestalde, irakasleok ere premia biologikoa daukagu, egiten dugunak noraino duen eragina eta noraino ez jakiteko. Nire lan ibilbidean teknikari batzuk jubilatu egin dira. Teknikari horiei zer edo zer esan behar diet. Premia biologikoa zentzu horretan esaten dut.

Irakasleak eta irakas komunitateak orokorrean ez al daude nekatuta euskararen erabileraren sustatzaile lanetan?

Bai zera, kontrakoa: ikastetxeetako irakasleak eta gurasoak izan dira, hain justu, horren alde lan egindakoak; ikusi besterik ez dago 1990etik aurrera irakas-munduko zenbat artikulu, zenbat jardunaldi eta zenbat argitalpen dauden gaiaren inguruan. Irakasle jendeak, gurasoek, beste hainbat eragilek, eskatutakoei erantzuteko antolatu zuen EAEko Hezkuntza Sailak Ulibarri programa 1996-1997 ikasturtean. Ikastetxeetako hezkuntza komunitateak eskatzen du programan parte hartzea, eurak dira premia detektatu eta borondatez hurbiltzen direnak. Ezin zitekeen bestela, gainera. Eta zer erakusten digu horrek? Irakasleak aspaldi ohartuta zeudela ikastetxeetan euskara irakasteak ez zekarrela berarekin bat-bateko euskararen erabilera. Ez, behintzat, testuinguru soziolinguistiko guztietan.

Hamar urteko zure ikerketan irakasleen erabileraren emaitzak nolakoak izan dira?

EAEko irakasleek itzelezko ahalegina egin dute euskal irakaskuntzaren alde, batetik, euskalduntze-alfabetatzeari dagokionean, eta bestetik, irakaskuntzaren berriztatzeari dagokionean. Diodan hori bertako zein kanpoko hamaika adituk azpimarratu du. Gure laginean eta hamar urteko tartean irakasleek oso irmo eusten diotela erabilerari ikusi dugu. Eta eutsi diot, zeren dagoeneko 2000. urtean irakasleen gehiengoak zerabilen euskara eskola giroan. Harrezkero hizkuntza maila hobetzeko eta sakontzeko ahaleginetan ibili dira, eta horren datuak ere bilduta ditugu.

Eta gurasoak?

Behin baino gehiagotan esan dut euskal irakaskuntzak egin duen bide oparoa egin duela, hein handi batean, gurasoei esker. Ikusi besterik ez dago ikastereduen bilakaeraren hiru hamarkadetako datuak, konturatzeko, gurasoek euskal irakaskuntzan jarri duten konfiantza. Jakina, gurasoen konfiantza hori irakasleen lan zintzoari zor zaio. Gure lanean eta hamarkada bakarrean agerian gelditu da gurasoek eskolarekin dituzten harremanetan nabarmen egin duela gora euskararen erabilerak, bai idatziak eta bai ahozkoak.

Non ikusten da hemen zailtasun handiena? Ikasleetan, bai eskolan, eta bai eskolaz kanpo. Eta esaten duzu, zelan da hori posible? Frakaso totala da ezta?

Bai zera. Ikasleen eremuan lortutako emaitzak behar bezala ulertzeko hezkuntzaren izaerari eta denboraren lerroari sakonago begiratu behar zaio.

Alde batetik, badakigu hamar urteko epean gaur ditugun ikasle guzti-guztiek aspaldi utzi dutela ikastetxea. Eta lau edo bost urterik behin neurketa orokorrak egiten ditugunean gure aurreko ikasleen %60-70 aldatu egiten zaigula.

Hasierako neurketetan eta ondorengo proiektuan eta jardunetan parte hartutako ikasleei ez diegu bigarren edo hirugarren neurketarik egin, alegia. Hortaz, emaitza honek badakizu zer erakusten duen? Eskolak etengabeko ahaleginetan egon behar duela lortu duena mantentzeko edo emaitza berdinak lortzeko. Euskal Eskola Publikoaren Lehen Kongresuan, orain dela 23 urte, adituek aurreikusitakoa baieztatu dugu: eskolak bere kabuz eta bakarrik ezin du hizkuntza biziberritu, eskolaumeek ezin dute testuinguruko nagusitasun moldaeratik aldendu hezkuntzaren ahalegin bakarraz. Beste eragile asko eta askoren arrimuan bizi behar du eskolak.

Beraz, belaunaldi berriak aurrekoen antzeko datoz.

Belaunaldi berriekin eskolak beti zerotik hasi behar du. Hori zioten adituek, eta horixe bera agertu zaigu guri ere. Izan ere, ikuspegi inklusibotik, etengabeko ahaleginetan jardutea da eskolaren egitekoa, beraz ondo gabiltza. Gainera, orain jakin badakigu euskararen indarberritze ahaleginetan aritu gura duenari, ez zaiola inoiz zer eginik faltako.

Haur-gazteen erabileraz zehaztasun gehiago emango al diguzu?

Ikerketa eremuko herri guztietan, ikasleen gela barruko eta eskolaz kanpoko erabilera-indizeak eta kale-erabilerako neurketa-indizeak kontuan hartuta, eskolako erabileraren aldeko tartea agertu da, eta batzuetan handia, gainera. Ikasleen esparruko erabilerak hamar urtean ez du esanguratsuki gora egin, epe luzean ez behintzat, baina epe laburrean eta epe ertainean argi eta garbi ageri dira lorpenak, bai gela barruan, bai eskolaz kanpoko jardueretan baita gizarte erabileran ere.

Nola liteke hori?

Interbentzioak [hizkuntza plangintzaren baitan erabilera sustatzeko prestatutako ekinaldi zuzenak] egin direnetan, esaterako, hiru hilabeteko jolastokiko jarduerak, erabilerak izugarri egin du gora.

Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan esku-hartzeek berehalako emaitzak ematen dituzte, eta zein atsegina den egiten dugunak merezi duela ikustea. Baina zergatik orduan, hurrengo ikastetxera [Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara] doazenean berriro zerotik hasi behar? D ereduan hezkuntza guztia egin ondoren, zergatik ahazten zaie dena institutura doazenean? Pantaila zuria jartzen zaie parean? Ez, ez. Lortutako komunikazio-gaitasunak hor dirau, baina nerabezaroak erronka polita jartzen dio hiztunari. Batetik, nerabearentzat funtsezkoa diren hainbat erregistro, lexiko, esaera eta esamolde, garatu ez badira ezin ditu erabili. Bestetik, nerabe elebiduna hizkuntza-hautua egiteko gai da. Izan ere, hautu hori, nortasuna eraiki ahala, berak egin nahi du. Nekez onartzen du helduak esandakoa ezbaian jarri gabe. Horregatik, hain zuzen ere, nerabeei begira, pentsatzen genuen esku-hartzeak ere aldatu behar genituela, eta agian, haien ekarpenetatik eta haien jarreren lanketatik hasi behar genuela.

Nerabeen euskararekiko jarrerak landuz proba bat egin zenuten.

Eskualdeko bost institutuetako ikasle lagin bat hartu genuen, DBH2. mailakoa, eta lanean hasi ginen. Hor ikusi genuen 3-4 hileko interbentzioen ondoren izugarri egiten zuela gora euskararen erabilerak, gela barruko ikastaldearen erabilerak. Ikasleen ahozko erabilera aldagai askoren menpe dago, eta pozgarria izan zen lortutako eragina. Ia-ia 400 neraberekin hizkuntzaren erabileraren gaineko hausnarketa eta konpromisoa landu genuen. Emaitzetan gainera, argi agertu zitzaigun ikastaldeen eskola barruko erabileran nabarmen egin zela gora. Eta hori lau hilabeteko interbentzioaren ondorioz. Badakizu zer erakutsi zigun horrek? Irakasle legez, norbere eskuetan asko dagoela egiteko!

Jarreretan eragiteak badu ondoriorik, orduan.

Esperientzia honetan, galdera ondokoa da: jarreretan eragiteak erabileran eragin zuzena al du? Ergo jarreraren botoia jo eta zum! erabilerak gora egiten du? Zalantzan jarri genuen, agian kontrolatu gabeko beste hainbat aldagaik eragin zuten. Arestian aipatu bezala, oso zaila da erabilera aldagai bakarrean isolatzea. Ezin dugu kausa-ondorio arau errazik aurkitu. Hasierako oinarrizko lerroan eta azkeneko emaitzen artean neurtutako jarreretan aldaketa gutxi zegoela ageri zen, ordea erabileran aldaketa nabarmena. Kasu horretan jarrerak baino beste aldagai batzuek pisu gehiago izan zutela pentsatu genuen. Berbarako, klaseak emateko metodologiak, ikasleei soziolinguistika-oinarri batzuk emateak, hizkuntza-hautua egiteko ardura nerabeei eurei sorrarazteak, hizkuntza-baliabideak non eta nola aurkitu irakasteak, gazte-hizkerari gelan tokia egiteak, horiek ere eragin dezaketela irudikatzen zitzaigun.

Ikerketaren harira, Pablo Suberbiolak Berrian zioen zuzenagoa dela datuei honela begiratzea: ez zenbat jaisten den erabilera gelatik jolastokira, baizik zein den batez bestekoa gizartean eta zer plus sortzen duen eskolaren eraginak.

Hala da, jakin badakigu irakaskuntzak euskara irakatsi, irakatsi egiten duela, baina ez duela lortzen gazte-jendea euskalduntzea. Bestela esanda, hiztun gazteek euskara-gaitasuna lortzen duten arren, euskara ez dela euren ohiko mintzajarduneko berezko hizkuntza bihurtu; euskararen ezaguerak ez dakarrela berezko erabilera naturala, alegia. Horregatik, azken bi hamarkadetan eskola hiztun bila dabilela.

Arrue ikerketaren emaitzek argi eta garbi adierazten digute, ikasle-jendeak nonbait euskaraz egiten badu eskolan egiten duela, irakasleak ingurumarian daudenean, behinik behin. Gure laginak lortutako emaitzen gainean esandakoa hemen ere agerian gelditu da: irakaskuntzak azken hiru hamarkadetan asko egin du, bai euskararen ezaguera bai erabileraren bultzadan. Edonola ere, eskolaumeek ezin dute testuinguruko nagusitasun moldaeratik aldendu eta jolastokia, bere berezko izaeragatik, itzulinguruko ezaugarriei gela baino askoz lotuago dago. Horregatik, hain justu ere, hezkuntza-komunitate osoaren lankidetza behar da erabileran aurrera egin nahi bada: irakasleena, langile ez-irakasleena, ikasleekin harremanetan diharduten gizarte zerbitzuetakoena, udalerrietako kultur-kirol-aisialdi elkarteena, eskolarekin hartu-emanak dituzten enpresa eta hornitzaileena eta, guztien horien aurretik, familiena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Zirrara

Iraila, errutinara buelta, askorentzat ikasturte berria eta horri dagozkion zirrarak: ikasturtea norekin konpartitu, nor izan alboan, zer ikasi, nola eta nora joan… Batzuentzat, esperientzia berriak bizitzeko lehen aldia.

Aldiz, beste batzuentzat esperientzia berririk... [+]


Euskararen periferiak
Zer egin beheranzko eskailera mekanikoetan gorantz bagabiltza

Ertzetatik aztertu dute hizkuntza UEUk antolatutako Euskararen periferiak jardunaldietan. Euskarak dituen testuinguru oztopatzaileez mintzatu dira Beñat Garaio HABEko ikerlaria, Iker Villa abeslaria eta aktorea, Diego Pallés EHUko ikerlaria eta Maialen Gago Guka... [+]


Departamenduaren Baionako egoitzan euskararen aldeko tindaketa egin zuten EHEko kideak libre dira

"Euskaraz bizi nahi dugu" mezua tindatu zuten larunbatean, eta 48 oren inguru eman dituzte atxiloaldian ekintzaileek. Gorka Torre kontrol judizialpean askatu du prokuradoreak, epaiketaren zain; bertze hirurak komisariara deituak izanen dira.


2025-09-30 | Ahotsa.info
Irauli: euskarazko jarduerak eta zerbitzuak eskaintzen dituen proiektu berria Iruñean

 'Hiri Buruzagia loratzen. Loratu ala hil' lelopean sortu da Irauli proiektu berria, euskarazko kalitatezko jarduerak eta zerbitzuak eskaini nahi dituena; hizkuntzaren indarberritzean oinarrituta.


Analisia
Euskal zinea

Iragan berria den Donostiako Zinemaldian euskarazko hiru lan eskaini dira prestigiozko Sail Ofizialean: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak.

Festibala gutxi gorabehera erdira heldu zenean ohartu nintzen laugarren bat ere bazegoela euskal zinea labelarekin: Los domingos. Bilbon... [+]


EHEk Baionako departamenduaren egoitzan margoketa egin du

Buruilaren 27an ebiakoitz huntan Euskal Herrian Euskaraz-ek Baionan salatu du Euskara bigarren mailako hizkuntza bezala kontsideratua dela. "Euskaraz bizi nahi dugu" mezua margotu dute departamenduaren egoitzaren gainean.


2025-09-29 | Sustatu
Itun Soziopolitiko berrirako, ingurune digitalean egin beharreko batzuk

'Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza' dokumentua aurkeztu du Euskalgintzaren Kontseiluak, Batuz Aldatu dinamikaren barruan hainbat eragilerekin egindako agerpenean. Eragileek atxekimendua egiteko dokumentu sinagarri bezala aurkeztu dute, eta luze eta zabal azaltzen... [+]


Jauzi bat egitea helburu, itun soziopolitiko berria proposatu du Kontseiluak

Euskara biziberrituko bada, hizkuntza politiketan jauzi bat ematea ezinbestekotzat du Euskalgintzaren Kontseiluak. Jauzi hori emateko proposamen bat aurkeztu du, eta itun soziopolitiko berri baterako deia egin du, irailaren 26an, Batuz Aldatuko Sinatzaileen II. Batzarrean... [+]


Euskararen jauziaren premia: uda eskolatik etorkizunerako gogoeta

Telesforo Monzon laborategiak antolatutako uda eskolak euskararen etorkizunaz gogoeta egiteko plaza beroa ekarri zuen Bergarara. Hasieran, Garikoitz Goikoetxeak eta Olatz Altunak euskararen egungo egoera eta etorkizuneko joerak marraztu zituzten, eta horren gainean aritu ziren... [+]


2025-09-24 | Jon Torner Zabala
Lorea Etxeberria (KEA Kirola Euskara Ahoan)
"Kirolaren bidez, umeek euskara plazerarekin lotzea nahi dugu"

Orain arte ez dugu aipatu, baina bada 6-12 urte arteko umeen kirol jarduerari –aisialdiari, oro har– lotuta dagoen eta azpimarratzea merezi duen beste osagai bat: hizkuntza erabilera. Zentzu horretan, euskararen arnasgune dira Eskola Kiroleko programak, lekuan lekuko... [+]


Yasmine Khris (Ongi etorri Iruñera): “Elkar ezagutzaren bidez euskal-kultura zabaltzea da gure helburua”

"Ongi etorri Iruñera" zikloa bueltan da. Urriaren 30ean hasiko da migrante eta errefuxiatuekin euskarara hurbiltzeko topaketen bigarren edizioa eta izena emateko epea irekia dago.


Euskararen etorkizuna "jokoan" dagoela ohartarazi dute Donostian

Mugikortasun agenteen euskara eskakizunaren sententzia salatzeko, Egiako Justizia jauregiaren aurrean elkarretaratu dira Donostian.


2025-09-16 | Jon Torner Zabala
On.eus ataria sortu dute Ipar Euskal Herriko eragileek, euskararekin laguntzeko

"Ez da izango hainbeste iritziz beteriko webgunea, laguntzarako baliabideen bilduma baizik", azaldu digu Arantza Egigurenek, On.eus webgunearen arduradunetako batek. Astearte goizean aurkeztu dute Baiona Ttipian, On! sorgunean. Erabiltzaileak lau multzotan banatu... [+]


Eguneraketa berriak daude