Lehen Mundu Gerra beranduegi amaitu zen

Frantziar soldadu taldea, Gouraud jenerala buru eta metrailadoreak prest, Marne inguruko eliza baten hautsikinetan, 1918an.
Frantziar soldadu taldea, Gouraud jenerala buru eta metrailadoreak prest, Marne inguruko eliza baten hautsikinetan, 1918an.

Vrigne-sur-Meuse (Frantzia), 1918ko azaroaren 11ko goiza. Henri Gouraud jeneralaren aginduak betez, frantziar armadako 163. infanteria dibisioak Meuse ibaia zeharkatu zuen, Hanneton alemaniarren elite unitateari erasotzeko prest. Egun hezea, hotza eta lainotsua zen eta lehen bajak ibaian itota hil ziren. Laino itsua barreiatzen hasi zenean, alemaniarrak izan ziren metrailadoreei eragiten lehenak. Berehala erantzun zuen frantziar artilleriak, eta Lehen Mundu Gerra etenaraziko zuen armistizioa indarrean jarri  bitartean luzatu zen gatazka, goiz hartako 11ak arte, hain zuzen. Frantziarren bandoan 91 hildako eragin zituen azken orduko gatazka hark eta denetan azkena Augustin Trébuchon izan zen, 40 urteko artzain eta soinujolea.

Iturri batzuek diote 10:45ean hil zutela, besteek 10:55ean izan zela. Kontua da Gerra Handia ofizialki amaitu baino minutu gutxi lehenago jo ziotela tiroa buruan. Gainera, mezularia izanik, Trébuchonek bere unitateko gainerako kideak baino lehen jakin zuen bakea sinatuta zegoela eta gerra, praktikan, amaitua zela. Izan ere, hil zutenean, mezu bat zeraman soinean bere kapitainari emateko. Rassemblement à 11h 30 pour le ravitaillement zioen paper zatiak, ordu horretan jan-edanak hartzeko bildu behar zutela, alegia. Aginteak, su-etena ospatzeko, soldaduen artean zopa beroa banatuko zuen. Baina Trébuchonek ez zuen lortu arma-lagunen barrenak zopaz eta pozez berotuko zituen mezua helaraztea.

Trébuchonen hilarrian jartzen du soldadua azaroaren 10ean hil zela. Dirudienez, egun hartan hildako beste hainbat soldaduren heriotza data ere egun bat aurreratu zuten. Agintari militarrak ez omen zeuden oso harro, su-etena adostu eta gero ere soldaduak gatazkara bidali izanaz. Armistizioa egun hartan bertan sinatu zen, goizaldeko 5ak inguruan, baina bi egun lehenago alemaniarrek amore eman zuten negoziazioetan eta, praktikan, erabakia hartuta zegoen.

Azken baja militar frantziarra izanda ere, Trébuchon ez zen izan eroritako azkena. George Lawrence Price kanadarra 10:58ean hil omen zen, eta Henry Gunther estatubatuarra 10:59ean. Galtzaileen alderdiko  azken hildakoaren izenik ez dakigu, baina britainiar kapitain baten oharren arabera, 11:15ean soldadu aleman bat hil zuten metrailadorearekin tiro egiten jarraitzen zuelako.  1918ko azaroaren 11 hartan, Lehen Mundu Gerraren azken orduetan, 8.206 zauritu eta 2.738 hildako izan ziren ofizialki, baina frantziarrak behintzat azken hildako kopurua estaltzen saiatu zirela kontuan izanik, pentsatzekoa da benetako zifra handiagoa izan zela.

Zenbat milaka bizitza salbatuko zatekeen menia adostu zuten une berean sua eten izan balute? Huskeria, gerrako lau urteetan hildako milioika pertsonarekin alderatuta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: I. Mundu Gerra
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Gaztainak Israelgo estatuaren alde

Londres, 1917ko azaroaren 2a. Arthur James Balfour Britainia Handiko kanpo harremanetarako idazkariak gutun bat idatzi zion Lionel Wakter Rothschild juduen komunitateko buruzagiari, hark Federazio Sionistari bidal ziezaion. Balfour adierazpena esan zitzaion idatzi horri, eta... [+]


Ehun urteren ondoren, arma kimikoen mehatxuak jarraitzen du

Duela mende bat, 1923ko uztailean, espainiarrek lehen aldiz erabili zuten iperita edo ziape-gasa deiturikoa Arrifeko populazio zibilaren kontra. Aurretik, Lehen Mundu Gerrako potentziek soldaduen aurka ondo probatuta zuten arma kimikoa. Erabilera horren ondorioak gaur nabari... [+]


Interesez puztutako globoak

Lisboa, 1709ko abuztua. Bartolome de Gusmão apaizak erakustaldi berritzailea egin zuen Indietako Etxean, Joan V.a Portugalgoaren eta bere gortearen aurrean: aire berozko globo baten aireratzea.


Eguneraketa berriak daude