Norekin hitz egingo dut euskaraz? (Osakidetzako langile baten galdera)

Mari Karmen Osakidetzako langilea da. Behin baino gehiagotan saiatu da euskara ikasten (bere kabuz eta Osakidetzak lagunduta) eta ez dago gustura egin duen bidearekin (edo egin ez duenarekin). Hizkuntzarekiko gorabeherak kontatu dizkit berriketan ari ginela. Oso argigarria iruditu zait gogoeta.

Euskara ikasten ari zara? 

Bai. Egia esan, ez da euskara ikasten hasten naizen lehenengo aldia. Seme-alabak txikiak zirenean ere aritu nintzen. Baina ezin nuen segi, egunean bi orduz joan behar nuen euskaltegira eta ez neukan denborarik. Lana, familia, euskaltegia… Zenbat aldiz esan ote nien euskaltegikoei egunean bi ordu gehiegi zela, ezin genuela hortara jarri!

Hizkuntza ikasteko denbora behar da.

Bai, baina ezin baduzu ezin duzu. Eta beste kontu bat: euskara zenbat ikasi behar da? Bazirudien euskaltzainak izan behar genuela! Hainbeste gramatika eta kontu! Nik euskaraz elkarrizketa arruntak izateko maila nahi nuen, ez besterik!

Eta orain hobeto moldatzen al zara euskaltegian?

Gauzak asko aldatu dira euskaltegietan. Ez daukazu derrigorrez astean ordu mordoa sartu beharrik eta irakasteko metodoa ere aldatu da. Online aritzen naiz eta gero mintzapraktikan nabil. Dakidan gutxi hori erabili egiten dut! Nik ez dut euskaltzaina izan nahi, dakidana erabili eta gehiago ikasi nahi dut.

Osakidetzako lankideekin ari al zara praktikatzen?

Oso gutxi. Euskaldun zaharrek ez daukate pazientziarik normalean eta euskaldun berriek ez dute hitz egiten euskaraz. EGA ateratako lankideak dauzkat eta titulua atera zutenetik ez dute hitzik ere egin euskaraz. Nik Gasteizen egiten dut lan, eta esan behar da Arrasaten eta beste hainbat tokitan euskaraz asko egiten dutela lankideen artean.

Askotan gertatzen da euskara ikasten ari dena enbarazu gisa ikustea, pazientzia behar baita laguntzeko.

Nik ez dut euskara titulurik nahi eta behar, nik euskaraz egin nahi dut lanean, eta kalean ere bai. Saiatu naiz seme-alabak konbentzitzen euskaraz egiteko baina ez… Kuadrilla honetan ere (15 bat lagun gaude bi-hiru ezik beste guztiak euskaldunak) erdaraz egiten da.
 
Mari Karmenek aipatutako kuadrilla kolpera ezagutu nuen eta “lehenengo hitza euskaraz” proba egin nien denei. Ia denekin egiten dut euskaraz bakarrik gaudenean, taldean dena erdaraz. Proba hartan kale egin zidan Mari Karmenek, ez zen ausartu euskaraz dakien apurra egiten. Erdara hutsean izan dugun berriketaldi honetatik aurrera hizkuntza aldatu du eta euskaraz hasi zait. Gure arteko hizkuntza harremana aldatu dugu di-da batean. Poza nabari zaio euskaraz botatzen duen esaldi bakoitzean. Ea lankideekin eta lagunekin beste hainbeste lortzen duen.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Eguneraketa berriak daude