Ausardia kontua

  • “Porrot egitea esperientziaren isla da AEBetan. Erortzen badira altxatu eta aurrera egiten dute, baina Euskal Herrian beldurra diogu porrotari. Altxatu eta atzera begiratzen dugu lehenengo, norbaitek ikusi ote gaituen jakiteko. Arriskatzeak beldurra ematen digu, eroriz gero esango dutenagatik”. Hala mintzatu zaigu Nagore Urreta 23 urteko gazte ekintzailea.

Mondragon Unibertsiteko ikasketen baitan Ta zeba ez? enpresa sortu zuten bederatzi ikaslek, elkarlanean. Kooperatibak izaera
ofiziala lortu berri du, lau urteko lanaren ostean.
Mondragon Unibertsiteko ikasketen baitan Ta zeba ez? enpresa sortu zuten bederatzi ikaslek, elkarlanean. Kooperatibak izaera ofiziala lortu berri du, lau urteko lanaren ostean.
German Urretak bizitza osoa pasatu du arriskatzen. 87 urte ditu eta garai hartako beharrei erantzunez izan du beti ekintzaile jarrera, ez da inoiz zain egon, ikusi dituen aukera guztiekin egin du saiakera. Urte haiekin alderatuta, beharrak asko aldatu badira ere, helburua bera da gaur egungo gazte askorentzat: zain ez egotea eta ausardiaz jokatzea. Aldaketa nabarmena dago bi garaien artean: gaur egun haurrek ikastetxeetan lantzen dute ekintzailetza. Belaunaldi ezberdinek nabarmendu digutenez, izaera kontua da, eta ausarta izaten eta helburuak betetzeko saiakerak egiten ikasi egiten da.
 
Hala, Andoaingo Aita Larramendi Ikastolan, adibidez, hainbat programaren bitartez lantzen dute ekintzailetza. “Betiere ikasleak motibatzea eta parte hartzea bilatzen dugu, ikasleei zer egin behar duten esan ordez testuingurua ematea. Testuinguru horren barnean beraiek pausoak eman ditzaten, erabaki dezaten”, adierazi du Gorka Matute irakasleak. June Minerrek 11 urte ditu, eta ikaskideekin batera gelatik kanpo ekintzak eginez ere ikasten duela adierazi du: “Ibaiko ura aztertzera joaten gara, zuhaitzak landatu eta ondoren nola handitzen diren ikustera, eta bigarren eskuko azokan ere parte hartzen dugu, behar ez ditugun gauzak saltzen ditugu han”. 6 urte zituenetik egiten ditu halakoak eta, horregatik, ohituta dago. Haur txikiei gauza txikiak egitea eskatzen diete. Marrazkiak egiten ari direnean edo abesten ari direnean, hots, sormena lantzen ari direnean, lantzen dute ekintzailetza. Gidatuta egiten dute, baina modu irekian. “Goazen paisaia bat marraztera” esaten diete. “Zer egin behar duten ez diegu esaten. Eguzkia eta belarra egin behar dituztela ez diegu esaten, hartara bakoitzak bere irudia marrazten du eta aurrera ateratzen du”, zehaztu du Matutek.
 
Horrez gain, herrian haurren iritziak garrantzia izatea ere sustatzen du ikastolak. Bi haur, gainerakoen izenean, Udaleko ordezkariekin biltzen dira urtero, eta urtean zehar gertatutakoaren arabera konpromiso batzuk hartzen dituzte. Herria hobetzeko aldaketak ere proposatzen dituzte. Azken batean, Udala beraiekin elkartzeak balioa ematen die egindako proposamenei.
Ikastola berean ikasten du Alejandro Ugaldek ere. 16 urte ditu. Iaz Parisen egon zen gelakideekin, eta ez zen nolanahiko bidaia izan, aurretik Frantziako gertakariak landu zituen ikastolan, eta gero han bertatik bertara garatu zuten ikasitakoa. “Ezberdina da han ikustea edo liburuan irakurtzea. Ikusita gehiago ikasten dela pentsatzen dut, oroitzapen mardulagoak dira”. Ikastolan lantzen dituzten proiektuek ekintzaile izaten laguntzen diotela nabarmendu du: “Mugiarazten laguntzen du, Kosmodisea lehiaketak esaterako hori lortzen du. Ez zara zain egoten, zuk bilatzen dituzu gauzak”. Ekintzailetza sustatzea helburu duen Kosmodisea lehiaketan, proiektu bat pentsatu eta aurrera eraman behar dute gazteek. “Iaz bideo bat egin genuen eta horretarako jendea elkarrizketatu. Askotan halakoak egiteko gai ez garela pentsatzen dugu, baina bagara, dena jarrera kontua da, eta baliabide kontua, jakina”.
 
Elkarri laguntzeari berebiziko garrantzia ematen diote ikastetxean. “Txikitatik bultzatzen dugu elkarri lagundu behar diotela, iniziatiba izan behar dutela eta pentsatzen dituzten proiektu horiek aurrera eramateko gai direla, ez dagoela trabarik. Haien esku dagoela”. Halako programek ideiak sortzen dituztela nabarmendu du Matutek: “Motibazioa handitzen da halako egitasmoekin eta parte-hartzea ere hobea izaten da. Klaseko jarduera arruntetan gehiago kostatzen zaie, aspergarriagoa egiten zaie. Halako proiektuetan, aldiz, irudimena eta esku-hartzea bultzatzen da”. Gainera, ikastolak halako ekintzak baliatzen ditu natura zaintzearen aldeko kontzientzia sustatzeko. Ekosistemari lotutako gaiak lantzen dituzte; hondakinen kudeaketa, besteak beste.
 
Etxean transmititu daitekeen zerbait da ekintzailetza eta horregatik, gurasoen inplikazioa bilatzen du ikas-komunitateak. Aitak eta amak egiten badute, errazagoa izango da seme-alabek ere egitea.
 
Batxilergoa egin ostean ere, ekintzaile
Lanbide Heziketan eta unibertsitatean nahi adina aukera daude ekintzailetza lantzeko. Lanbide Heziketan, duela hamar urte hasi ziren, batez ere, ekintzailetza sustatzen, bi helburu garbirekin: ikasleek ekintzaile jarrera barneratzea eta enpresak sortzea. Lehenengo helburua betetzeko, Ikasenpresa programa jarri zuten martxan: eskola orduetan enpresa txiki bat eratzean datza. Ikasleek, euren artean harremanetan jarri, eginkizunak banatu, sortutako produktua komertzializatu eta merkaturatu behar izaten dute. “Enpresa bat martxan jartzeko zer egin behar den lantzen dute eta ekintzailetasun gaitasunak garatzen dituzte”, adierazi du Ramon Martinez de Murgia Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako zuzendariak. Azken urteotan 6.000 ikaslek parte hartu dute programa horretan. “Ekintzaile izateko ohiturak ez ditugu oso barneratuak eta horretarako egiten dugu”, gaineratu du.
 
Hortik aurrera nahi dutenei benetako enpresa bat sortzeko aukera ematen diete Urrats bat egitasmoaren bitartez. Egitasmo horri esker, hainbat enpresa sortu dituzte, txikiak normalean. Hastapenetan, irakasleen laguntza izaten dute eta lehenengo urtean ikastetxeak leku bat uzten die egoitza bat izan dezaten. “Oso emaitza onak ematen ari da programa eta ikasleak gustura daude. Orain arte 376 enpresa sortu dituzte, eta horien %76a matendu egin da”, azaldu du Martinez de Murgiak. Enpresen %70a zerbitzu arloko enpresak dira eta gainerako ia %30a industria eremukoak.
 
2013an 59 enpresa abiatu dituzte. “Egoera ekonomikoa kaskarra da, eta sortutako enpresa kopurua oso ona. Gure asmoa honekin jarraitzea da, eta ahal bada gehiago sortzea. Martxan dagoen proiektu batekin ateratzen dira gazteak eskolatik, eta ez dute inoren menpe egon behar. Egoera ekonomikoa dagoen bezala, irtenbide ona da. Gazteek gizartearekiko hartzen duten konpromisoa ere nabarmendu nahiko nuke, gizarteari ekarpen bat egiten diote eta hori oso positiboa da, beraientzat eta guztiontzat”.
 
Unibertsitateak ere ematen du ekintzailetza lantzeko aukera. Markel Gilbertek 23 urte ditu eta ikaskideekin sortu duen kooperatibak izaera ofiziala lortu berri du. Ta zeba ez? enpresa bederatzi ikasleren artean sortutako ekimena da. Gilberten ikasketak ere ekintzailetzara erabat bideratuta egon dira, argi zuen ohiko ikasketetatik aparteko zerbait nahiago zuela, eta hala, artikulu batean irakurri zuenean Finlandiako metodologian oinarrituriko ikasketak jarriko zituztela martxan Mondragon Unibertsitatean, ez zuen bitan pentsatu. “Kontatzen zuten ohiko ikasketetan lantzen ez ziren gauzak landuko zirela, oso praktikoa zela”, eta izena eman zuen.
 
“Lehenengo egunetik enpresa bat sortzen duzu talde batekin eta zuk kudeatzen duzu. Enpresak zehaztutako helburuak betetzen badituzu ikasketak gainditzen dituzu. Ikasketa erabat praktikoa da, kaosa”. Sartzeko, ez da eskatzen batez besteko notarik, casting bat egiten dute eta “bestelako jarrera duen jendea bilatzen dute, test baten arabera egiten dituzte taldeak, eta talde horren bidez enpresa sortzen dugu. Egia da hasieran harritu egiten zaituela, ez gaude ohituta”, aitortu du Gilbertek.
 
Uztailean amaitu zituen ikasketak. “Gure asmoa gure enpresarekin jarraitzea izan da beti”. Unibertsitatean eratu zuten enpresa hori, eta lau urte hauen ostean, kooperatiba izaera ofiziala lortzea pauso naturala izan da. “Gauza oso ezberdinak egin ditugu, baina gurea den zerbait sortu nahi genuen”. Estrategikoki lan handia egin dutela azpimarratu du: zer egin nahi zuten zehaztu dute, azken batean. Bederatzien asmoa hezkuntzan lan egitea da, Finlandiako metodologia ezagutaraztea, eta horrez gain, enpresekin lan egiten ari dira, enpresen berrikuntza prozesuetan. “Azkenean merkatuak esaten dizu guztia, berak bideratzen zaitu. Beraz, aurrerago ikusiko dugu orain zehaztutakoa betetzen dugun ala ez”.
 
Honekin guztiarekin zer ikasi duen? “Iniziatiba izateko eta arriskatzeko gogoa”. Beste ikasketa batzuetan lantzen dituzten gai asko jorratzeke ditu oraindik, “baina erabakitzeko adorea badut eta helburuak markatu eta ikasten jarraitu dezaket. Edukiak baino gehiago, jarrera bat eman didate ikasketek, eta hori baliagarriagoa da”, ziurtatu du Gilbertek.
 
Hiru belaunaldi, ikuspegi bera
Nagore Urretak ere 23 urte beteko ditu laster, ekintzailetzari lotutako masterra amaitu berria du, baina ez da unibertsitatean ikasitakotik soilik datorkion grina: “Madrilen aritu naiz ikasten, eta ekintzailea zer den azaltzen zuten bakoitzean aita eta aitona etortzen zitzaizkidan burura. Ordura arte jabetu gabea nintzen, horrekin hazi naizelako, baina pentsatzen jarriz gero izugarria da egin dutena, ez diote ezeri beldurrik izan eta hori iruditzen zait garrantzitsuena”. Hemendik aurrera zer egin pentsatzen ari da Urreta. Baserri batean bizi da eta hori baliatu nahi du etorkizunerako, ez du proiektu definiturik oraingoz, baina ideia badu: ezinduentzako gunea sortzea, eta animaliekin ere izango luke lotura ekimenak.
 
Nagoreren aita Esteban da. Bizitza osoa darama batetik bestera, eta berak ere jokamolde hori etxean ikasi duela dio. “7 urterekin oporrak genituenean lagunak jolasten egoten ziren eta ni aitarekin lanean aritzen nintzen, txikitatik izan dut ikasteko eta erronkei heltzeko ilusioa”. Orain, alabak masterraren amaierako proiektuan landutako ideia martxan jartzea gustatuko litzaioke. Barkuak norberak konpontzeko gunea sortu nahi dute aita-alabak, autoen sektorean egiten den bezala. Aukerak badaudela uste dute, eta senideen arteko bazkari eta afarietan proiektuaz hitz egitean bideragarria dela argiago ikusi dute. Horrez gain, dagoeneko produktu bat patentatu du Estebanek, beste hainbat hobetu ditu, eta gehiago ere baditu buruan.
 
Azken finean, Nagoreren eta Estebanen izaeran Germanek eragin handia izan du. Ezintasun batekin jaio zen, oinak barrurantz zituen. Ebakuntzari esker berriro oinez ibiltzea lortu zuen eta horrek edozer gauzari aurre egiteko indarra eman zion, baita ausardia ere. Orkestra bat sortu du, botoi fabrika bat izan du, produktuak asmatu ditu, behar zituen makinak egin ditu, eginda zeudenak ikusi eta hobetu ditu, jendeari galdetu eta probak eginda, besteen proiektuak bere helburuetara egokitzeko gaitasuna izan du…  Ez da inoiz geldirik egon. Garai bateko gosearekin lotzen du geldirik ez egote hori, baita pasioarekin ere, desio duzun proiektua gauzatzeko gogoarekin. “Gaztetxoa nintzela, 13 urte ingururekin, trenbidera joaten ginen dinamitarekin errailak apurtzera, gero piezak hartu, saldu eta etxera dirua eramateko”.
 
Baserria erostean ere, aukera bat ikusi zuten, eta landetxea egitea erabaki zuten. “Esperientzia izugarria izan zen”, nabarmendu dute guztiek. Txikitatik etxeko haurrek ere lagundu dute etxean, eta ohitura horri helduta aita eta aitonaren bidea jarraitu nahiko luke Nagorek. Gazteenari miresmenez begiratzen diote helduenek, etorkizunari eta bidean akatsak egiteari beldurrik ez diolako, etorkizunari ausardiaz begiratzen diolako.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Aritz Colio (HTX)
“Hatortxu amaituko da, baina elkartasuna eta auzolanaren bidean gure aletxoa jartzen jarraituko dugu”

Bi edizio baino ez zaizkio geratzen elkartasun jaialdiari. Antolakuntzak iragarri bezala, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an, eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten ostean, agur esateko une gazi-gozoa helduko da. Aritz Colio Hatortxuko antolakuntzako... [+]


2024-06-11 | ARGIA
Hatortxu Rock behin betiko agurtuko da 2025ean, 30. edizioarekin

2024ko abenduan eta 2025eko uztailean egingo dituzte euskal preso politiko, iheslari eta deportatuekiko elkartasuna ardatz duen musika jaialdiaren azken bi edizioak. “Hatortxu badoa, baina erreminta berriei bide emateko”.


2024-05-29 | Nekane Txapartegi
Zenbat lo?

Palestinako umeek ere galdera hori buruan ote duten pentsatu dut gure liburua eskuartean dudala. Zenbat lo falta ote diren genozidioa amaitzeko. Zenbat haur hil ote behar dituen oraindik Israel estatu sionistak munduko estatuen konplizitatearekin.
Beraien amei luzatuko ote... [+]


'Bi arnas' proiektuaren ziklo amaiera ospatu dute
“Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak”

Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une... [+]


54 urteko espetxe eskaera sei pertsonarentzat presoen ongi etorriak antolatzea egotzita

Espetxe eskaera AVT biktimen elkarteak egin du eta, horren bidez, presoen ongi-etorriak antolatzeaz akusatutako sei pertsonari bederatzi urteko espetxe zigorra eskatzen zaie.


Eguneraketa berriak daude