ARGIA.eus

2020ko irailaren 24a

Ageriko eta ezkutuko eskuin muturra


Asier Blas Mendoza @AxiBM
2013ko urriaren 27a

Inkestek diotenaren arabera, Frantzian 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetako garailea izan daiteke Fronte Nazionala (FN), botoen %24arekin. Berriak dimentsio handiagoa hartu du Brignoles-eko hauteskunde kantonaletako bigarren itzulian FNk garaipena lortu duelako botoen %53,90arekin. Halere, hau ez da kontu berria, eskuin muturra Europako hainbat herrialdetako parlamentuetan eta gobernuetan egon da, eta badago.

Eskuin muturraren diskurtsoa eta estrategia politikoa ezaguna da. Arazo sozial bat detektatu eta horretan oinarritzen dira beraien ideologia atzerakoia eta autoritarioa zabaltzeko. Adibide sinple batekin esplikatuko dut funtzionamendua. Auzo batean lapurreta asko badaude, hori arazo soziala da. Arazo soziologikoa izango litzateke motiboa: zerk eragiten du hainbeste lapurreta egotea? Ordea, eskuin muturrak ez du interesik arazo soziologikoan, bere asmoa arazo sozialek sortzen duten beldurra ustiatzea da erantzun sinpleak eskainiz: kaleetako delinkuentzian gorakada egon bada eta erasotzaileen artean etorkinak gain ordezkatuak baldin badaude, orduan gutxiengo hori estigmatizatu eta guztiak kanporatzea proposatuko du arazo soziala konpontzeko. Modu berean, krisi egoeran gaudenez gero, inoiz baino garrantzitsuagoa da laguntza sozialak areagotzea, baina politika neoliberalak tarteko kontrakoa gertatzen ari da, laguntza sozialak gutxitu baitira. Horrek diru laguntza horiengatik konpetentzia sortzen du, eta oro har, etorkinak egoera ekonomiko ahulena dutenen artean gain ordezkatuak daudenez gero, ondorioz gain ordezkatuak egongo dira ere bai laguntza hauek jasotzen dituztenen artean. Beste behin eskuin muturrak soluzio erraza proposatuko du: “Lehenengo bertakoak”. Erraza da ulertzen eta eraginkorra ere bada beraien estrategia, izan ere, horrela delinkuentziaren arazo soziologikoa sakontzeko egur gehiago botatzen zaio suari eta horrek gaitzespen handiagoa sortzen du etorkinekiko.

Arazo sozialek sor dezaketen itsukeria arazo soziologikoa diagnostikatuz eta honi aurre egiteko politikak martxan jarriz gailentzen da. Baina, Europako gobernuek politika egiteko duten gaitasuna eta borondatea eskasak dira, nahiago dute sektore finantzario eta ideologo neoliberalen esanetara jartzea. Horregatik, alderdi konbentzionalak geroz eta gehiago ari dira beren programetan eta diskurtsoetan barneratzen eskuin muturrak aireratu dituen mezuak. Orain dela bost urte pasatxo Italiako zentro-ezkerreko liderra zen Walter Veltronik Frantziako FNeko edozein buruzagik egin ditzakeen mailako adierazpenak egin zituen Balkanetako ijitoen aurka. Azkeneko asteetan antzeko adierazpenak entzun ditugu Frantziako sozialisten ahotan ijito bulgariarren eta errumaniarren asentamenduak suntsitzeko erabakiak defendatzeko. Manuel Vallsek, barne ministro sozialistak, zuzenean ijitoak delinkuentziarekin lotu ditu eta hauen inguruan hazi den arazo sozialaren irtenbidea Frantziatik kanporatzea dela adierazi du.

Diskurtso horiek elikatzen dute eskuin muturra, arazo sozialean zentratuz eta arazo soziologikoa ahantziz. Baina noski, ulergarria da, izan ere, gutxiengoak estigmatizatzea pobreak izateagatik edota kultura desberdina izateagatik oso erraza eta erabilgarria da, batez ere, zure ezintasun politikoa estali nahi baduzu edota diru publikoarekin aberasten diren banketxe eta gizon zuri guzti horietaz hitz egiterik nahi ez baduzu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Iritzia  |  Frantzia  |  Eliza Katolikoa

Iritzia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2013ko urriaren 27a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude