Munduan gertatzen diren gatazkak jarraitzen ditugu, denok, uneoro, edozein lekutan. Zapaltzeko senak gidatuta, gatazkak sortzen duenik bada. Gainontzekoek, zapalduek, zapalkuntza salatzeko manifestatzea dute baliabide, askotan, bakarra.
Palestinako genozidioari loturiko manifestaldi batean, arreta eman zidan ikustea Japoniako komiki (manga) bati loturiko banderak eramaten zituela zenbaitek. Banderek marrazki bizidun horietako logotipoa zuten: pirata burezurra. Hasieran, arraroa iruditu zitzaidan. Zelan liteke beste kultura bateko produktua manifestazio honetan egotea? Beharbada, pentsatu nuen, pertsona horiek piratei loturiko errebeldia kutsu hori transmititzeko eraman dute, besterik gabe. Baina oker nenbilen, telebista eta internet bidez ikusi nuen bandera berdina zerabiltela munduko beste manifestazio ugaritan ere: Nepalen, Ekuadorren, Marokon, Bolivian...
Borroka horietako bakoitzean haien aldarrikapenak ikusarazteko sinboloak izanik, zergatik komiki horren irudia erabili? Komiki horrek munduan hainbeste jarraitzaile izanda, ez al da izango euren borrokatik urrun dauden belaunaldi bereko parekoei mezua helarazteko bidetzat hartu dutela? Euren borrokatik kulturalki eta geografikoki urrun daudenei euren aldarrikapenak ulerrarazteko? Kontzienteki edo inkontzienteki egin dute? Balioko ote du beren herrietako eta beste herri batzuetako parekoak haien borrokara mobilizatzeko? Ala komiki horien salmentak handitzea baino ez du ekarriko?
Batzuetan, istorioen kontaketak mobilizaziorako palanka izan daitezkeela pentsatzen dut: pelikula, telesail, komiki nahiz joko, edozein forma hartuta pentsamendu kritikoa hauspotu dezaketela. Beste batzuetan, aldiz, errealitateatik urrundu gaitzaketela. Kasu honetan, zenbait pertsonak kalera ateratzeko eta euren herrikideekin aldarrikapen bati loturiko hartu-emana errazteko balio izan badu, ongi etorria.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.