Epaileak Estrasburgoko tribunalean (argazkia: EFE).
Epaileak Estrasburgoko tribunalean (argazkia: EFE).

ETA-k bere jarduera armatua bukatu zuela iragarri zuen 2011ko urriaren 20an, Euskal Herriko mende erdiko historiari amaiera emanez. Amaiera bat behintzat, bere jardunaren ondorioak bizi-bizi baitaude oraindik eta eragindako zaurien ondorioak erabat irekiak. Bi urte iragan direnean, ondorio batzuk behintzat atera litezke.

Bat, sufrimenduaren atala erabat zabalik dago oraindik. Zauri zaharrak konpondu barik dira, ETAk ez ditu biktima berriak sortzen eta Estatuak bai, funtsean “dena da ETA” bizi-bizirik mantentzen duelako. Pertsonen giza eskubideekin kezkarik duenak, arduratua beharko luke gai honekin, pertsonen minarekiko ardura zintzoa bada behintzat.

Bi, suposatzekoa zen bake prozesua eratzea gaitza izango zela, baina zerbait gehiago egingo zela ere bai, poliki bada ere. Urratsik ez denez ikusten, honek etsipena sortzen du, batez ere ezker abertzaleko eremuan eta, beste neurri batean, bakea oraindik gauzatu gabe ikusten duen euskal gizarte esparru zabalean ere bai. Irtenbide bakarra dago, ordea, bultzatzen jarraitzea, euskal gizartean bake nahia oso sustraituta dagoelako, eta handik edo hemendik nahi hori aterako delako, lehenago ere gertatu den moduan. Krisi ekonomikoak, gainera, bigarren plano batera eraman du gatazkaren konponbidearen gaia.

Hiru, egoera politikoa finkatu dela dirudi, baina oraindik ez guztiz. Mahaiaren lau hanka ospetsuak hor dira, gutxi gora-behera ohiko gizarte indarra ordezkatzen, baina abertzaletasunaren gorako joerarekin eta alderdi espainiar zaleen beherakadarekin, baita ideien esparruan ere. Ikusi behar ea joera hori mantentzen den edo ez. Seguruenik EH Bilduren garapenak markatuko du asko hori, azken bizpahiru urteetan bezala. Barne kohesioari eutsi eta ezkerreko soberanismoa XXI. mendeko parametroetara egokitzen asmatzen badu, lehia gogorrean jarraituko du EAJrekin.

Ohiko jardun instituzionalerako, ordea, badirudi alderdi tradizionalen pisua nagusituko dela, batez ere EAEn EAJk eta PSE-EEk egin duten itunarekin. Nafarroan alternatibak PSNren esku jarraitzen du oraingoz, baina dirudienez, gero eta gutxiago.
    Kataluniako bilakaerak ere eragin dezake euskal gizartean, bai mugimendu soberanistak har ditzakeen irakaspenengatik eta baita ere Estatuaren egituretan izan dezakeen eraginagatik.

Ezin da ahaztu, halaber, krisia dela sasoi honetako aldaketa akuilu nagusiena eta ikusi beharko dela horrek zein neurritan eragiten dion euskal gizartean oraindik garrantzi handia duen ohiko alderdien eskemari.

BAKE PROZESUA oso geldo badoa ere, geldo-azkar sentipen, zantzu eta gertaerak sarri tartekatzen dira. Eusko Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitzarako Lan Taldearen ezintasunak; Herriraren aurkako sarekada; Donostiako Bakearen Aldeko Alkateen Konferentzia emankorra; Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planak AEBetan izandako harrera ona; hirugarren Herri Harresia Iruñean Luis Goiñiren atxiloketa saihesteko; Segi eta Herriko Tabernen makroepaiketen hasiera Auzitegi Nazionalean...

Eta egoera borobiltzeko, datozen asteetan izar bilaka daitezkeen bi gai: kartzelak eta armak. Batetik, aipatzen da Parot doktrinaren ebazpena heltzear dela Estrasburgotik. Urriaren amaiera aldera etor liteke –21ean aipatu da– eta leku askotan zabaldu da Estrasburgok berretsi egingo duela doktrinaren aurkako bere epaia. Batzuen ustez, Estrasburgoko Auzitegia presionatzeko bultzatzen ditu filtrazioak PPk eta, besteen aburuz, kontrako epaia aurreikusiz, Espainiako sektore eskuindarren erreakzioa baretzeko.

Eta oraingoz azkenik, bake prozesuan azken bi urteetan ETAk eman lezakeen urratsik garrantzitsuena ere hor dago: armak entregatzen hasi litekeela bolo-bolo dabil udaraz geroztik. Hala bada, bultzada garrantzitsua eta beharrezkoa emango lioke bake prozesuari. Aitzakiak nahi dituenak, gero ere esango du armak ez direla nahiko, ETAk desagertu egin behar duela, bestela ez dagoela ezer egiterik. Baina armak entregatzearena eman beharreko urratsa da, sinbolikoki indar handia duelako eta desegite prozesu bati begira, ikusgarria eta esanguratsua ere badelako, bai euskal gizartean eta baita nazioartean ere. Nola eta abarrekoak garrantzitsuak dira, baina bigarren mailakoak. Nahi badu, ETAk topatuko bidea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 'Parot doktrina'
Grande Marlaska tortura salaketen inguruan: "Egia bakarra egia judiziala da"

Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskak, zalantzan jarri du Eusko Jaurlaritzako tortura salaketen gainean egindako txostena. Eta gaineratu du ez dagoela ebazpen judizialik 4.000 edo 5.000 tortura kasuak eman direla esaten duenik.


2015-01-13 | ARGIA
Etxeratek "Parot doktrina"-rekin alderatu du Gorenaren erabakia

Etxerat elkarteak "urgentziazko balorazioa" plazaratu du Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren ostean. Osorik eskaintzen dizuegu jarraian:


Carmen Gisasola aske utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Carmen Gisasola aske geratu da astelehenean, kartzelan 24 urte eman ondoren. 1990. urtean atxilotu zuten Gaskoiniako Landetan (Okzitania) eta azken urteetan Zaballako (Araba) kartzelan zegoen preso. Langraitz bideari helduta, hirugarren graduan zegoen Gisasola.


ETAko presoen kondenak "gehiegizkoak" direla dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek

Jose Ricardo de Prada epaileak “neurriz kanpokotzat” jo ditu ETAko presoei ezartzen zaizkien kondenak. ETAkoak ez diren presoek betetzen dituzten zigorrekin alderatuta, aldea “handiegia” dela adierazi du.


2014-04-29 | Iera Aranburu
Euskal presoen kondenak luzatzeko doktrina berri bat eratu dute Espainiako epaileek

Presoen espetxeratzea urtebete edo bi luzatu ahalko dute neurri berriaren ondorioz. “Parot doktrina” delakoarekin alderatu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko bi magistratuk.


Eguneraketa berriak daude