Evergreen unibertsitate aurrerakoitik Euskal Herrira

  • Olympyan, AEBetako Washington Estatuan, The Evergreen State Collegue unibertsitateko Basque Country study abroad programaren arduraduna da Amaia Martiartu arrasatearra. Programa horren bitartez, 18 eta 22 urte arteko bederatzi gazte Euskal Herrian izan dira hiru astez, bertako politika, kultura eta ohiturak ezagutzeko asmoz.

Ikasle amerikarrak Goi eskola Politeknikoan.
Ikasle amerikarrak Goi eskola Politeknikoan. Eskuman, Amaia Martiartu arduraduna, Geoff Bates programako irakasleetako bat eta Mondragon Taldeko Nazioarteko bisiten arduradun Mikel Lezamiz.Stephano Garfield.

Bederatzi gazte horien artean bada euskal jatorria duenik, baina gehienek jakin-min hutsez eman zuten izena, eta guztiak ezagutu eta aurkitutakoaz txundituta bueltatu dira Washingtonera. Euskal Herrira gehiago ikastera itzultzeko asmoa azaldu du batek baino gehiagok. Udan izan dira gurean eta ez dute ia atsedenik hartu. Etorri aurretik, Mark Kurlanskyren Basque history of the world irakurri zuten eta AEBetara bueltatu aurretik, Bernardo Atxagaren Obabakoak. Izan ere, bi liburu horietan oinarritu dituzte programaren nondik norakoak. Astean bitan Arrasateko AEKn euskara eskolak hartu dituzte (guztira 12 ordu) eta Mondragon Taldeko hainbat kooperatiba eta bi fakultate bisitatu dituzte. Egoera politikoaz ere mintzatu dira, Euskal Herria ondo ezagutzeaz gain AEBetan ezker sindikalgintzan diharduen Geoff Bates-ekin, Igor Letona preso politiko ohiarekin eta Amaiur alderdiko senatari Urko Aiertzarekin. Gernikako Bakearen Museoan izan dira, bestalde.

Nekazaritza ekologikoa eta baserrien ondarea ere landu dituzte. Hala, Debagoienako hainbat baserri eta azoka bisitatzeaz gain, Arrasateko Bioso baserrian gazta nola egiten den ikasi dute. Ondare artistikora gerturatzeko helburuz, besteak beste Arantzazuko santutegian, Olleriasko Euskal Zeramikaren Museoan eta Eskoriatzan kokatua dagoen Ibarraundi museo etnografikoan izan dira, baserrietako lanabesak eta musika tresna zaharrak ezagutzen. Zugarramurdin ere egon dira, Inkisizioaz solastatzen.

Bestetik, Bilboko Guggenheim museora joan eta hiriak izan duen eraldaketa bere horretan ikusi ahal izan dute eta Urbia eta antzeko ingurune naturaletara urreratu dira. Asier Altuna zuzendaria gidari, Bertsolari filmaz gozatzeko eta bertsolaritzaren inguruan mintzatzeko parada izan dute. Eta nola ez, herrietako jaietan murgiltzeko aukera paregabea izan dute ikasle estatubatuarrek.

Hemen ikasitakoa AEBetan zabaldu

Amaia Martiartu oso pozik dago programak izan duen harrerarekin eta baikor azaldu da hurrengo urteetan izan dezakeen bilakaerarekin: “Behin baino gehiagotan, Evergreen unibertsitatean Euskal Herriko kooperatiben esperientziaz, hemengo ohitura, egoera politiko eta hizkuntzaz jardun dut, eta banuen gogoa ikasleei hori erakusteko. Gainera, oso gustura nago ekarri dudan taldeaz. Hemengoa ezagutu eta ikasteko oso irekita egon dira eta ez, batzuetan euskaldunok kanpoan aritzen garen moduan, norbere zilborrari begira”. Irakasle arrasatearrak balio handia ematen dio atzerriko jendea ekarri eta ahalik eta modu osatuenean gure herria erakusteari: “Hemen ikasitakoa bueltan AEBetan modu aktiboan zabaltzen badute, hedabide handiek sortutako aurreiritziak apurtzen joan gaitezke”.

Guk ere badugu haiengandik zer ikasia

Evergreen State Collegue, dena den, ez da ohiko unibertsitate bat. 70eko hamarkadan AEBetako hainbat irakaslek irakaskuntza eredu orokorretik at egongo zen unibertsitatea sortzeko ahalegina egin eta indarrak batuta Olympyan dagoen hau sortu zuten. Ordutik dago zutik eta ikasleen neurrira egindako eskaintza du oinarri. Arte Liberalak deritzon multzoa da eskaintza nagusia eta ikasleek hautatzen dute ikasi nahi dutena, ez baitago ikasgai zehatzik, diziplina askotariko programak baizik. “Adibidez, 16 kredituko programa batean Indiako filosofia, Pazifikoko itsas biologia eta Frantses literatura uztartzen dira. Hortaz, irakasleek beraiek sortzen dituzte programak, beste inoren menpe egon gabe. Are gehiago, unibertsitateko arduradunek ikasleak behartzen dituzte lehen urtean ahalik eta gai anitzenak har ditzaten, ikasketak euren gustura kustomizatu ditzaten”, azaldu digu Martiartuk.

Evergreenen ez da azterketarik egiten eta ikasleren batek ikasgai oso zehatz batean interesa badu eta oniritzia emango dion tutore bat lortzen badu, aukera dauka gai hori bere kabuz landuta hainbat kreditu lortzeko. Inguruko presondegietan ere laguntzen dute ikasleek, baita errefuxiatuekin ere. Bitxikeria gisa, bertan ikasiak dira, adibidez, Los Simpson marrazki bizidun arrakastatsuen egile Matt Groening eta Macklemore hip-hop abeslari eta musikari ezaguna.

Halako ikastetxe ireki eta anitzak aurkako erreakzioak jaso ditu Washington inguruko alderdi tradizionalenen aldetik. “Lesbianen, punkyen eta hippyen unibertsitatea dela dio zenbaitek, baina AEBetako leku askotatik espresuki etortzen da jendea bertara ikastera, parekorik ez duelako. Askatasuna daukagu nahi ditugun alorrak aukeratzeko, eta hori modu aproposean egiten baduzu, zure heziketa ezin hobea izango da”, kontatu digu Euskal Herria ezagutzeko programan parte hartu duen eta Evergreeneko ikasle den Laura Humpreyk. Martiarturen aburuz, oso interesgarria litzateke Evergreenen hezkuntza sistema zertan datzan Euskal Herrian ezagutzera ematea.

Laura Humprey eta Stephano Garfield, ikasle estatubatuarrak
"Alor guztietan daukazuen komunitate zentzua harrigarria da"

Basque Country study abroad programan parte hartu duten ikasleetako bi elkarrizketatu ditugu eta herrialde batek eta besteak eskaintzeko duenaz aritu gara.


Zer da Euskal Herritik gehien harritu zaituztena?

Laura Humprey: Harremanetan oinarritutako baloreak dituzuela: negozioetan, familian... Eta sozialki duzuen bizitza handia. Gehiena izan da ona, bi gauza ezik: jendea zaborra lurrera botatzen ikusteak min handia egin dit, eta sumatu dut atzerritarrekiko aurreiritziak dituela jendeak. Beharbada hemen AEBetan baino kultura dibertsitate txikiagoa dagoelako.
Stephano Garfield: Hemengo komunitate zentzuak zur eta lur utzi nau. Amaia [Martiartu] behin baino gehiagotan saiatu zen hori azaltzen, eta hona etorri arte ez dut ulertu. Jendeak Olympyan beste modu batean egiten du bizitza publikoa.


Ez da oso ohikoa hain egonaldi motza egitera etorri eta euskara ikasten ahalegintzea.

S.G.: Hizkuntza zaila da, baina ez nik uste nuen beste. Eta, zinez, ikasten jarraitzeko asmoa dut.
L.H.: Nik ere sorpresa hartu dut, zailagoa izango zela uste nuelako. Areago, esango nuke ingelesa dakigunok erraztasun handiagoa dugula euskara ikasteko, soinuak gurearen antzekoak direlako; gaztelaniarekin aldiz, alderantziz gertatu zitzaidan.


Zer iritzi daukazue Mondragoneko kooperatibei buruz? Egingarria ikusten duzue halakorik AEBetan?

S.G.: AEBetan ere badira kooperatibak, baina ez hemengoen tamainakoak, ezta hain esparru zabaletan ere. Sinesgaitza da nazioarteko merkatuan lehiatzen diren enpresek pertsonen harremanak zaintzea eta gaizki dabilen enpresetako bati guztiek laguntzea.
L.H.: Ni gehien harritu nauena da taldearen barruan langileak enpresa batetik bestera mugitzeko aukera izatea; eta bestea, soldaten ratioarena: kooperatibetan 1 eta 8 artekoa da, eta AEBetan 1 eta 300 artekoa izan daiteke. Evergreenen inguruan halakorik sor liteke, baina hortik kanpo zaila ikusten dut. Behar handiko egoera bat izan behar du jendea elkartu eta halako apustua egiteko, Cleveland-en bezala.


Zer ikasi duzue gugandik?

S.G.: Gauza asko! Guk bizi izandakoarekin alderatuta hain da ezberdina guztia: kooperatiben zentzua eta indarra, harremanen aldeko baloreak, hizkuntza baten aldeko lana... Adibidez, Emun enpresaren esperientziak eta elkarte gastronomikoek txundituta utzi naute.
L.H.: Stephanorekin bat egiten dut. Gauza bereziena hemen dituzuen baloreak dira. Eta oro har alderdi sozialak harrituta utzi nau: jendearekin aurrez aurre egotea, telefono edo internet bidez izan beharrean, oso arraroa da niretzat, baina oso gustuko dut. Ez dut etxera bueltatu nahi, han isolatuta bizi naizelako. AEBetan jendearekin denbora pasatzen dut, baina ez da kalitatezko denbora. Denbora hori hemen kalitate handikoa da.


Euskal Herrira itzultzeko asmorik baduzue?

S.G.: Bai, linguistikan interes handia daukat eta euskarari buruzko ikasketak sakondu nahi ditut. Izan ere, euskararena oso hizkuntza-egoera interesgarria da, kultura eta hizkuntza indartsuak dira eta oso lotuta daude. Datorren ikasturtean kontratu baten bidez bertsolaritzari buruzko ikerketa egiteko asmoa daukat Euskal Herrian.
L.H.: Hiru aste oso denbora gutxi da, baina niri balio izan dit Euskal Herriaz gehiago ikasi nahi dudala jakiteko. Jakina errepikatzea gustatuko litzaidakeela.


ASTEKARIA
2013ko urriaren 13a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Unibertsitatea
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-03 | Sustatu
Matematikari eta Hizkuntzalari euskaldunen topaketetarako deialdiak

Tira, izenburuan batu ditugu, baina Matemarikari Euskaldunen Topaketak dira alde batetik, eta Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak bestetik. Baina Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) udan bere udako ikastaroen barruan antolatuko dituen biltzar hauetarako deialdiak orain... [+]


Eguneraketa berriak daude