“Konpetentziak ezin dira ebaluatu unibertsitatera sartzeko proba batean; ikasleen jarraipena behar da horretarako”

  • Unibertsitatera Sartzeko Probaren (USAP) eredu berriari egingo diote aurre Hego Euskal Herriko milaka ikaslek, ekainaren 3tik 5era. Batxilergoko bi irakasle elkarrizketatu ditu ARGIAk: “Azterketa berria konpetentzien araberakoa bihurtu nahi dute, baina memorian oinarritua izaten jarraitzen du”.

"Orain dauden konpetentzia guztiak hartzen baditugu, ezinezkoa da azterketa bakarraren bidez ebaluatzea".

2025eko maiatzaren 28an - 07:20
Azken eguneraketa: 09:59
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Oraindik ere hainbat desoreka gainditzeko gauza ez den hezkuntza sisteman, filtro lehiakorra eta baztertzailea da Unibertsitatera Sartzeko Proba, ahots kritikoen ustez. Aurten, azterketa eredua aldatzeko lehen urratsa eman dute, eta aldaketa horiez hitz egiteko elkarrizketatu ditugu Gasteizko Ekialdea institutuko Batxilergoko azken urteko bi irakasle: Peio Salazar (Matematika) eta Itsaso Zamaioa (Historia).

Ikasturtea aldrebes hasi zenuten. Azterketa berriko ereduak berandu iritsi ziren eta urduri zegoen hezkuntza komunitatea.

Peio Salazar: Bai, aurreikusten zelako aldaketa sakonak etor zitezkeela, eta itsuan aritu ginen hasieran.

Itsaso Zamaioa: Esan ziguten Gabonen bueltan aterako zituztela azterketa ereduak, eta Batxilergoko bigarren mailako ikasleen urduritasuna irailetik hasten da, askok nota ona behar duelako; horri gehitzen badiogu ez genekiela etsamina mota berrien eredua nolakoa izango zen, ikasturte zati bat joan zitzaigun ezinegon horrekin.

Irailetik urduri, diozu. Badirudi Batxilergoko bigarren maila osoa bideratuta dagoela proba hau prestatzera.

Salazar: Batzuk ez dira joango unibertsitatera, batzuek Lanbide Heziketa hautatuko dute, baina zoritxarrez, oraindik ere unibertsitatera oso bideratutako ikasturtea da, bai. Halere, aitortu behar da proban sartzen dena eta bigarren mailako curriculumean agertzen dena ia berdina dela, eta hortaz, uztargarriak direla.

Zein dira azterketa eredu berriko aldaketa nagusiak?

Salazar: Matematikan, aldaketa handiena da iaz egon zirela lauzpabost buruketa eta buruketa bakoitzean zeudela bi azpi-buruketa, horietako bat aukeratzeko, eta orain, horietako batean ezin izango dela aukeratu, buruketa itxia izango dela. Nolabait, aukera gutxiago dago nota oso ona ateratzeko, horretarako aukera bat kendu delako. Baina formatua, buruketa motak eta gainerako guztia, bidali zaigun zirriborroan, berdin mantendu da.

Zamaioa: Historiako azterketari dagokionez, bi arlotan banatuko nituzke aldaketak. Batetik, orain arte egin den selektibitate azterketan bi eredu zeuden, ikasleek aukeratu zezaketen bloke bat edo bestea egitea, gaitegi erdia ikas zezaketen. Orain, gaitegi osoa sartzen da. Guk beti landu dugu gaitegi osoa, beraz, guretzat erraza izan da eredu berrira egokitzea, irailetik ikasturteko plana hala genuelako aurreikusia, baina badakit beste institutu batzuetan ikasturtean zehar gaitegi erdia lantzen zutela lanen bidez, eta beste erdia ikasten zutela azterketara begira, horientzat aldaketa handiagoa izan da.

Bestetik, azterketa eredua nolabait nahi izan dute konpetentzietan oinarritutakoa bihurtu. Lehen, 12 gai eta 24 testu-iruzkin ikasten zituzten eta azterketan gai bat eta iruzkin bat sartzen ziren; orain, gaia ez da garatzen eta kausak eta ondorioak galdetzen dira. Ideia ez da txarra, baina galderak esan dizkigutenez, memorian oinarritutakoa izaten jarraitzen du, ikasleek badakitelako gai bakoitzaren zein epigraferi egingo dion erreferentzia galderak, eta beraz, badakitelako zein epigrafe ikasi behar duten. 1936ko gerraren inguruan adibidez “1936ko gerraren kausak” eta “1936ko gerraren ondorioak” ikasi dituzte.

Testu-iruzkina aurrekoetan bezala mantentzen da azterketan, eta hori ere memorian oinarritutakoa da, ez da aldatu.

Galdera berri bat dago, konpetentzien araberakoa izaten saiatzen dena, baina ez du guztiz lortzen: ikasi beharreko 24 testu-iruzkinen bildumatik testu-iruzkin bat jarriko dute bost akatsekin, eta bost akatsak aurkitu behar dituzte.

"Ezin dugu ahaztu azterketa honen emaitza dela nota numeriko bat, eta inon ez dago ezarrita konpetentzia bakoitzak zenbat balio duen"

Beste ikasgaietan, Matematikan bezala, aldaketa nagusia da hautatzeko aukera murrizten dela, ezta?

Salazar: Ekonomian, Fisikan, Kimikan… behintzat, halaxe gertatu da. Aukerak apur bat txikitu dira.

Pixkanaka, konpetentzietarako biraketa egin nahi du azterketak, nola ikusten duzue?

Salazar: Konpetentziak ebaluatzeko jarraitutasuna behar da, ikasleen segimendua egin behar da. Egun bateko azterketa batean ezin dira konpetentziak ebaluatu, guztiz ilogikoa da. Gaur egun, eta teorian, Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino, baita sarri unibertsitatean ere, konpetentziaka ebaluatzen da, horretarako daude lanak, aurkezpenak eta beste. Baina bat-batean ebaluatu nahi da ordu eta erdiko azterketa batean ikasleak urte osoan bereganatu duen jakinduria, konpetentziaka. Ez du zentzurik eta ezinezkoa da, ez dute lortuko.

Zamaioa: Orain dauden konpetentzia guztiak hartzen baditugu, ezinezkoa da azterketa bakarraren bidez ebaluatzea. Konpetentziak partzialki agian bai, osotasunean ez.

Salazar: Hori da, oso prozesu luzea da.

Baina hori da azterketa eredu berriak egin nahi duen bidea, ezta?

Salazar: Helburu bat izan daiteke, baina horretarako sistema osoa aldatu behar duzu. Zientzien kasuan, konpetentzia zientifikoa egin daiteke buruketen bidez, baina beste konpetentzia batzuk ere ebaluatzen dira Matematikan, adibidez, konpetentzia soziala, digitala, idazketarena… Lehen aipatu bezala, agian konpetentzia batzuk bai ebaluatu ahal izango dituzu azterketa honen bidez, baina beste batzuk ez.

Zamaioa: Gainera, ezin dugu ahaztu azterketa honen emaitza dela nota numeriko bat, eta inon ez dago ezarrita konpetentzia bakoitzak zenbat balio duen. Tira, Batxilergoan ere, ikasturtean zehar konpetentzien araberako ebaluazioa egin arren, bukaeran zenbaki bihurtu behar duzu, batez besteko horiek kontuan hartuko direlako ondoren bai Lanbide Heziketan, bai unibertsitatean sartzeko.

Aurrera begira ereduan aldaketa handiagoak espero dira?

Zamaioa: Historiako ikasgaiaren kasuan, aurrekoan esan ziguten ereduak gero eta gehiago joango direla konpetentzietan oinarritzen. Asmoa hori da, baina ez dakigu nola. Berez, lantaldeak daude horretan lanean, baina nik zaila ikusten dut.

Eta esandakoa, inon ez dago ezarrita konpetentzia bakoitzak duen balioa, eta unibertsitatera sartzeko probak nota bat behar duen heinean, bakoitzaren pisua zehaztu behar duzu, zeren nota horrek emango baitizu gradu batzuetarako sarbidea edo ez.

Ze punturaino uzten die azterketa eredu berriak autonomia nahikoa erkidegoei, eduki propioak lantzeko?

Salazar: Erkidego bakoitzeko unibertsitate publikoak prestatzen du azterketa, eta askatasuna du, salbu zehaztuta datozen curriculum zatietan. Matematikan, esate baterako, curriculumaren %60 estatuak zehazten du eta %40 erkidegoak, baina beste erkidego batzuetako azterketak ikusi izan ditudanean, ia berdinak dira guztiak, Matematikan behintzat ez dago apenas alderik.

Zamaioa: Historian bai, baditugulako gaiak Euskal Herriari lotuak, baina lantzen da “Frankismoa Euskal Herrian”, “Espainiako gerra zibila Euskal Herrian”… Muga hori ez da aldatu oraingoz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Eskolako patioa eraldatzeko bi proiektu hautatu eta finantzatuko ditu Iruñeko Udalak

Ikastetxean nolako jolastokia nahi duten gogoetatu eta proposatu dezakete Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola publikoek. Horietako bi proiektu hautatu eta martxan jarriko ditu udalak datorren ikasturtean bertan, profesionalek lagunduta. Hainbat eskolak “ez du ez... [+]


Eskola-segregazioaren aurka, Eskola Publikoa lehenetsi

Eusko Jaurlaritzak "Eskola inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren aldeko mahai" berria osatu duten gizarte-eragileei Euskadiko eskola-segregazioaren hasierako diagnostikoa eta erantzuna izeneko txostena banatu die, eztabaidatu eta adostasunak lortzeko. Debateak, beraz,... [+]


2025-10-03 | Gedar
Milaka ikaslek egin dute greba, Israelgo Estatuaren eta bere konplizeen aurka

"Ikasleok ez dugu genozidioa onartzen; ikasleok Flotilla babesten dugu; ikasleok ez dugu Trumpen planean sinesten, eta Palestina askatu nahi badugu, Israelen aurka borrokatu eta Israel suntsitu behar dugu", azaldu du IAk.


2025-10-02 | Gedar
Urriaren 2ko ikasle-greba: gaurko mobilizazio deialdiak

Hemeretzi herritan izango dira IAk antolatutako mobilizazioak, "Israelgo Estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatzeko".


Innovamat, batzuek maitatzen eta besteek mesfidati begiratzen duten matematika metodologia

Batzuentzat, erakargarria, motibagarria, parte-hartzailea eta dinamikoa; besteentzat, nahasgarria, konplexua, zentzu pedagogiko argirik gabeko jolasa. Matematika ikasteko Euskal Herriko gero eta ikastetxe gehiagotan sartzen ari den Innovamat metodologiak iritzi kontrajarriak,... [+]


Ez, 3 urteko ikasgela guztietan ez dute egokitzapena egin

Oso orokortuta dagoen praktika apurtu duten kasu bakan batzuen berri izan du ARGIAk: 3 urteko ikasgeletako irakasleek eurek erabakita, aurten ez dute egokitzapenik egin gela horietan. Non da egokitzapena borondatezkoa, zer dio legeak eta zer adituek? "Beti eman behar da... [+]


3 urteko 24 haur tutore bakarrekin, Irurtzungo eskolako errealitatea

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 3 urteko geletako ratioa 20 umera jaistea hitzartu berri duenean, bestelako errealitatea salatu dute Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko gurasoek: tutore bakarrak behar ugari dituzten 24 umeren aniztasunari erantzun eta akonpainamendu egoki eta... [+]


Salatu dute ia bi ordu behar dituztela egunero Aiaraldeko EHUko ikasleek Leioako Kanpusera heltzeko

Ikasleen gurasoek salatu dute garraio publiko zuzenik ez dagoela eskualdetik Kanpusera heltzeko eta Renferen zerbitzuak luzatzen duela egunero bidaia, ia lau ordura heldu arte.


2025-09-26 | David Lindemann
EHU: IKT zerbitzu etikoago baterantz

Palestinan gertatzen ari diren gizadiaren aurkako krimenak “berariaz gaitzesten ez dituzten” Israelgo erakundeekin harremanik ez izateko 2024ko apirilean EHUko Gobernu Kontseiluak hartu zuen konpromisoaz gain, beste urrats bat eman du euskal unibertsitate publikoak... [+]


2025-09-24 | Jon Torner Zabala
Lorea Etxeberria (KEA Kirola Euskara Ahoan)
"Kirolaren bidez, umeek euskara plazerarekin lotzea nahi dugu"

Orain arte ez dugu aipatu, baina bada 6-12 urte arteko umeen kirol jarduerari –aisialdiari, oro har– lotuta dagoen eta azpimarratzea merezi duen beste osagai bat: hizkuntza erabilera. Zentzu horretan, euskararen arnasgune dira Eskola Kiroleko programak, lekuan lekuko... [+]


2025-09-24 | Jon Torner Zabala
Eskola kirola
Ziaboga, korronte nagusiak eraman ez dezan

Aurrerantzean, Gipuzkoako klub batean jokatu nahi duen 8-12 urteko umeak ez du derrigorrez Eskola Kirolean parte hartu beharrik izango, EAEko Auzitegi Nagusiak hala ebatzita. Multikirol ereduaren kontrako errekurtsoa jarri duen familiaren hitzetan, ez da bidezkoa erakundeek... [+]


Haur eta gazteekin genozidioa lantzea, ikastetxe gero eta gehiagoren hautua

Palestinan gertatzen ari denarekiko haurrak ekidistantzian heztea ezinezko bihurtu da ikastetxe (eta etxe) gero eta gehiagotan. Adinaren arabera zer eta nola kontatu konplexua izan badaiteke ere, giza eskubideak, heriotza, injustizia… mintzagai dira ikasgela gero eta... [+]


2025-09-23 | Gedar
Ikasle-greba urriaren 2an, "Israelgo Estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatzeko"

IAk egin du deialdia, eta aurreratu du, Askatasunaren Ontzidiari erasotzen badiote, egunez aldatuko duela greba. "Estatu sionistarekin konplizeak diren instituzio zein enpresak irmoki seinalatzeko" baliatuko dute eguna. 


2025-09-19 | Haritz Arabaolaza
Kritikoak edo kritikariak

Aurrekoan idatzitako Irakasleon figura artikuluaren harira, kontu esanguratsu bat landu nahiko nuke. Artikulu horretan aipatu bezala, jende askoren ahotan dabil irakasleon lan karga baxua dela (gehienbat hezkuntza publikokoena), eta ditugun pribilegioak gehiegizkoak direla. Ez... [+]


Eguneraketa berriak daude