"Arabako Errioxan ez dago Txapeldunen Liga jokatzen ari den ardorik"

  • Remellurik definitzen du, partez, Amaia Rodriguez Hernandorena. Gurasoek ireki zuten bideari seme-alabek eusten diote, leku guztiz berezian. X. mendetik hona giza aztarnak izan dira bertan, monje jeronimoak etxaldean kokatu zirenetik. Nekropolia, kapera, Toloñoko monasterioaren aztarna, mahatsez eta mahastiz, zoragarri. Ez alferrik, paradisua margotu zuen Remellurin Bixente Ameztoyk.

Irun aldean dituzu sustraiak, baina Arabako Errioxan, Bastidan, familiarena duzue Remelluri.

1968an etorri ziren gure gurasoak hona. Beste hainbat euskaldunek bezala, etxetxoren bat nahi zuten, udarako, beren seme-alabak hartuta. Lekuaren edertasuna ederretsi zuten, altueran eta, aldi berean, babestua, naturak gainezka egiten zuen tokia iruditu zitzaien. Gainera, antzinako aztarnak ageri ziren bertan. Eta, hala ere, abandonatuta zegoen lekua! Mahastiak berriz, bereziak zitzaizkien. Jendea hirietara joaten ari zen garaia zen, exodo hura, Gasteizera-eta. Eta utzita zegoen han. Horrela, gurasoek Remelluri honetako etxea erosi zuten lehenengo, lur zati batekin, eta harrezkero, lekua babesteko helburua hartu zuten, zibilizazioaren eta mundu modernoaren presioaren kontra. Garaiari aurreratu zitzaizkion, nolabait, gaur egun jendea hiritik alde egiteko amorratzen dago-eta.

Hona etorri ziren garaian, mahastietarako zaletasunik bazuten zure gurasoek?

Batere ez! Baina horixe gertatzen da Europako leku askotan, eta AEBetan ere. Ardogintzari lotutako goi mailako proiektu asko, hirietatik joandako gazte intelektualek abiarazi dituzte. Nekazari kulturatik kanpoko jendea da. Gure gurasoak ere zer ziren, bada, jende kultua, irakurria, historia zaleak. Eta ez nekazari ez ardogile izanagatik ere, Frantziako ardo onenak ezagutzen zituzten. Proiektua egin eta beren enteleguaren laguntzaz, oraingo Remelluri hau egin zuten.

Eta bertan ari zara zu orain. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailean zuzendari kargua bete zenuen garai batean.

Bai, egin genuen zer edo zer. Mari Karmen Garmendia zen sailburu garai hartan. Niri Txato Agirrerekin lan egitea gertatu zitzaidan, lan polita egin genuela uste dut, baina nire bizitzan oso lan txikia izan da. Politikan ari nintzen, kudeaketan, ez nintzen artista ez sortzaile, haiei laguntzea zen nire lana. Diru-sail handiena konprometituta zegoen –agian, gure gustukoak ez ziren proiektuetan–, eta gainerako diru apurra sortzaileen artean banatzen ibiltzea izugarrizko frustrazioa zitzaigun. Ahal genuena egin genuen. Sentsazio mikatza! Herri honetan hainbeste sortzaile lanean ari zela ikusi, eta politikariak hain galduta ibiltzea, erabaki okerrak hartzen askotan… Izugarria!

Gestio publikoan jardun zenuen, enpresa pribatuan ari zara…

Biek ere koskak dituzte. Bakoitzak bereak. Gure egoeran, enpresa pribatuek ondo funtzionatzeko ahalegina egiten dute, bidea aurkitzen dute. Kultur munduko enpresa eta proiektu publiko askok berriz, porrot egin dute, eta porrot egiten ari dira behin eta berriro, gainera. Politikarien artean sortzen diren tentsio eta adostasun eza izango da arrazoia, edo ez dakit, bada, nik!

Alderdien interesak?

Baina zer da “alderdiaren interesa”? Zer da hori? Beren lagunei laguntzeko lauzpabost eroren interesa? Ez dira konturatzen zerbitzu publikoa ematen ari direla, eman behar dutela? Alderdiaren interesak ez du balio! Oraindik horrela ibili beharrak harrigarria irudi du, baina horrela gabiltza.

Pentsamendua hori duzula, ulertzekoa da zuk lau urte besterik ez egitea politikan.

Lau urte politikan, bota egin gintuztelako. Guk ez genuen esan: “Nahikoa egin dugu, bagoaz!”. Ez, ez. Garai hartan nahiko tentsio sortu genuen goi mailan. Txato Agirrek garai hartan esaten eta egiten zituen zenbait gauza alderdiak ez zituen begi onez ikusten. Ez genuen jakin zer gertatu zen guk segitzeko aukerarik ez izateko, baina seguru nago baten batek behatzez seinalatu gintuela, eta kanpora! Nola izan zen ez dut inoiz seguru jakin… Dena dela, niretzat ohore handia izan zen kargu hura betetzeko aukera ematea niri, eta ohore ikaragarria, ezagutu nuen jende hura ezagutzea, sortzaile jende autentikoa, benetakoa. Altxorra! Alde horretatik, pribilegiatua sentitu nintzen. Artistekin egotea, haien lana ezagutzea… Euskal Herrian batera eta bestera asko mugitu nintzen, eta hori dena oso aberasgarria izan zitzaidan, eta hala ere, frustrazioa: “Egin dugu, ibili gara, baina zer lortu dugu? Zertan lagundu diogu artista jende honi?”. Pena horixe!

Politikan –edo administrazioan, nahiago baduzu– egindako sartu-irten hura hor da, baina zu, izatez, Biologia ikasketak egina zara. Batere lagundu dizu horrek Remelluriko lanean?

Lagungarria izan da, zalantzarik gabe. Biologia ikasketak egin nituelako nago hemen, neurri batean behintzat. Lurra, ura, klimatologia… ez zaizkit gai arrotzak. Ingalaterran egin nuen doktoregoa, baina aurreko bederatzi urteak Remellurin bertan eman nituen, biologo teknikari, anaia Telmorekin batera. Lurra, nekazaritza, mahastien prozesuak aztertzen genituen. Biologia ikasketei esker izan nintzen horretarako gai, bestela ezin izango nuen lan hura egin. Egia esan, asko ikasi nuen garai hartan.

Baliabide naturalak erabiltzen dituzue Remellurin, berealdiko garrantzia ematen diozue horri.

70eko hamarkadan zenbait ekoizlek gai kimikoak bazter uztea erabaki zuten. Bide naturalagoak, ekologikoagoak nahi zituzten. Berrogei urte joan dira harrezkero, eta gaur egun, baliabideak eta metodologiak lagun ditugula, ez daukagu aitzakiarik bide horri ez segitzeko. Zorionez, gure gurasoek –ardogintzan aditu ez izanagatik ere– ez zuten mahastietan zikinkeriarik sartu nahi, lehengo tradizio zaharrari lotu zitzaizkion, modu intuitiboan, eta guri dagokigunez, bigarren belaunaldikoak garenoi, era kontziente, profesional eta zientifikoan aritzea dagokigu. Lan ekologikoa egiten dugu, guztiz. Dagozkigun kontrolak betetzen ditugu, ziurtagiriak eta gainerakoak. Harrigarria da, hala ere, Arabako Errioxan zein gutxi garen ardoaren produkzio ekologikoan ari garenok. Hiruzpalau besterik ez gara, eta harrigarria zait.

Horrek are bereziago egiten du Remelluri…

Balio erantsia ematen dio gure proiektuari. Gure bezeroak ordaintzen du egiten dugun lana, badaki lan egiteko modu hau garestiagoa dela, baina prest dago ordaintzeko. Hemen, nekazari gehienek upategi handiei saltzen diete mahatsa, ez dute ardoa egiteko prozesua kontrolatzen, balio erantsirik ez du haien lanak eta, nire ustez, salduta daude, galduta, merkatuak ezartzen dien prezioaren menpe bizi dira, eta prezioa gero eta baxuagoa denean, ezinezkoa da nekazaritza garbia egitea, bide ekologikoa ezinezkoa da. Zer egiten dute, orduan? Kimikaren bidetik, intentsibotik jotzen dute, gero eta gehiago produzitzen dute, gero eta merkeago…

Badago era horretara ardo ona egiterik?

Ez, ez da posible. Oraindik jendea ez da konturatu, baina konturatuko da. Urteak igaroko dira, ordea, eta jendeak ulertuko du, informatuko da, gai kimikoak erabiltzea ez dela ona, zapore aldetik ez ezik, osasunari dagokionez ere. Norberak nahi duena jan eta edan lezake, norberak ikusiko du, baina guk ikusten dugunez, jendea ez dago informatuta, eta, horregatik, gure lana hori ere badela uste dugu, jendeak jakin dezan, jaten eta edaten duguna ez ezik, gure inguruko zuhaitzak eta intsektuak ere gure bizitzaren parte direla, eta gai kimikoak erabiltzen ditugunean inguruari kalte egiten ari garela. Horretaz ere pentsatu behar dugu, eta bezeroak ere pentsa dezan, jakin dezan, saiatzen gara gu.

Zer esango ote luke zuen aitona Teodoro Hernandorenak ikusiko balu euskara ez dela ageri Remelluriren gainean egina duzuen museoan?

Hura bizi balitz, dagoeneko etiketak euskaraz izango genituen. Gainditu gabeko ikasgai horietako bat da. Aitonak arrazoi izango zuen. Bestalde, bisitari euskaldun askorik ez dugu jasotzen hemen, eta datozenek ere ez dute presio aski egiten. Esku-orriak bai, euskaraz ere baditugu. Weba ere bai, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Hori gustatuko zitzaion aitona Teodorori. Baina esaten dizut, aitona bizi balitz, museoan ere euskaraz izango genituzke azalpenak. Oso euskaltzalea zen, burugogorra eta ausardia handikoa. Urtero etortzen zen hona, ahal zuenean. Udan, udazkenean, egun batzuk ematen zituen hemen, Toloñora pare bat aldiz igoko zen, ibilaldiak egingo zituen mahastietan barrena… Ardoa egiteari, berriz, ez zion askorik erreparatzen, gauzarik normalena iruditzen zitzaion. Naturari begira bizi zen hura hemen.

Zer du Remellurik horren deigarri izateko?

“Deigarri” da, bai, zoritxarrez.

Zoritxarrez?

Bai, leku berezitzat duelako jendeak. Eta azken finean, natura da bertan nagusi, leku garbia da, isila, ibilgailurik ez dabil… “Zoritxarrez” esan dut, inguru honetan era honetako askoz leku gehiago izan beharko genituzkeelako. Hemen dagoen joera beste bat da, ordea: pretentsio handiko lanak nahi izaten dira, industrialagoak. Guk geure honetan jarraitzeko asmoa eta nahia ditugu, hauxe da gure estiloa, gure lana, horrela mantendu nahi dugu hau.

Eltziegon Frank Gehryk diseinatutako upategia zeharo bestelakoa da.

Zer esango dizut, bada? Guk ez genukeen sekula horrelakorik egingo. Ez genuke horrela denda handirik, ez hotel aberatsik. Ez dago gure lehentasunen artean. Gainera, ez dugu horretarako denborarik ere. Nahiko lan badugu gure ehun hektareak zaintzen, landare eta animaliak begiratzen, ardoa egiten eta saltzen, bisitariak hartzen…

Gehry aipatu dudanez gero, galdera: Jaurlaritzan zinen garaian Gehryren beste lan bat, ez nolanahikoa, egiten ari ziren: Bilboko Guggenheim Museoa.

Bai.

Horrek eramaten zituen diruak.

Bai. Mari Karmen Garmendia sailburu izan aurretik, Joseba Arregi izan zen karguan, eta gu iritsi ginenerako konpromiso guztiak sinatuta zeuden. Joseba Zulaika antropologoak lan handia egin zuen haren inguruan. Erreferente bat.

Jaurlaritzan ez zuten gogo onez hartu Zulaikaren Crónica de una seducción – El museo Guggenheim de Bilbao (Sedukzio baten kronika), Bilboko Guggenheimen inguruko lana.

Ez…

Laster da mahats-bilketa…

Laster, bai. Biltzen hasi aurreko hilabetean, mahatsari jarraipena egiten hasten gara, azukrea kontrolatzen, haren ondutasun maila. Egunak hurbildu ahala, gero eta neurketa zehatzagoak egin behar izaten ditugu, ez azukrea kontrolatzeko, mahatsaren azala aztertzeko baizik. Izan ere, gurean, Bordeleko sistemaren barruan, ardoaren kalitatea erabakitzen duten elementu guztiak azalean daude. Barrukoa, azukrea eta ura besterik ez da, ez du halako garrantzirik. Benetako garrantzia azalak du, azalak gordetzen duena.

“Bordeleko sistema”…

Ardoa egiteko modua, metodoa. Hemen eta munduan, Italian, Kalifornian eta beste lekuetan, Bordeleko sistema da bakarra, ardo gaztea ardo konplexu egiten laguntzen duena, oxigenoa upelen artean sartzea eta beste. Sistema ez da aldatuko, ez dagoelako besterik, hala izan behar du, eta hala da… Oraingoz, Bordelekoak, Borgoñakoak eta horiek ari dira Txapeldunen Liga jokatzen, ez gu. Arabako Errioxan ez dago Txapeldunen Liga jokatzen ari den ardorik. Beharbada, frantziarrek bezala egiten badugu –berrehun urte, hirurehun urte itxaron–, eta gauzak ondo egiten baditugu, Txapeldunen Liga jokatuko dugu, agian! Momentuz, ez. Denbora behar dugu.

Berrehun, hirurehun urte, horratik!

Mahatsondoak adina behar du; norberaren jakituriak berriz, bizpahiru belaunaldiren jakintza. Denbora da. Teknikaririk buruargiena etorrita ere, proiekturik bikainena eginda ere, dirua eta etnologorik onena… Eta zer? Deus ez. Denbora behar da. Berrogei, berrogeita hamar urte behar dituzu, gutxienez, ardo on bat egiten hasteko. Ardo ona, ez Txapeldunen Ligakoa.

Hemen ordea, bada mahatsondo zaharrik, bai Remellurin, bai Arabako Errioxan, oro har.

Bada, baina gutxi. 60 eta 70eko hamarkadetan sekulako astakeriak egin ziren. Modernizazioa zen orduan ere, eta mahasti zaharrak kendu zituzten, eta terrazak, eta garnatxa, eta… Modernizatu egin behar omen zen, era intentsiboan jardun. Baina mahats horrekin ez dago ardo ona egiterik, pentsatu ere ez. Eta horregatik, guk atzera berriz hasi behar izan dugu. Horregatik, gure garaiko proiektu enblematikoak –izan Artadi, izan Benjamin Romea, izan gu…– gazteen eskutik etorri dira, 40, 50 urteko jendea da, bestelako sentsibilitatea duena. n Horiek dakarte kalitatea. Tristea da, hemen denbora asko galdu dugu alferrik. Baina, tira, berreskuratuko dugu!
 

Nortasun agiria
Amaia Rodriguez Hernandorena (Irun, 1958).

Biologia ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Sorbonan eta Oxforden. Utzia du garai hartan ireki zuen bidea, hitzaldi, liburu eta ikerketa. Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko Kultura Sortu eta Zabaltzeko zuzendari kargua bete zuen 1995etik 1999ra, eta Remelluriko etxaldea zuzentzen du joan den aspaldian, bertan diren elementu guztiak koordinatzen ditu, eta dena delako lekutik –Oiartzundik nahiz Bilbotik, Madriletik edo Hong-Kongetik– etortzen direnei atea ireki eta kasu egiten die: “Gure egia transmititzeko”. Jaime Rodriguez Salis eta Amaia Hernandorenaren alaba da. Liberalak, batere ez abertzaleak aitaren familian. Abertzale peto-petoak amaren aldetik, Teodoro Hernandorena politikari eta kultur eragile ezagunaren alabaren adarretik. Xabier Goena du senarra, eta Amaia eta Martin seme-alabak. Irun eta Bastida artean bizi dira.

Kolore eztanda

“Gero eta gehiago dator jendea Errioxa alde honetara uzta garaian, kolore bila. Batzuk irailean etorri ohi dira, kolore gorri, gorrixka, okreen bila, baina iraila goizegi da horretarako. Urriaren amaieratik azaro amaiera bitartea da kolore festa hori ikusteko garaia, mahatsa bilduta dagoenean, hostoen oxidazio prozesua hasten denean. Orduantxe bai, kolorea hemen! Zoragarria”.
 

Bixente

“Bixentek Haron zuen anaia, Luis, upategi batean saltzaile lanean. Haren bidez heldu zen Bixente hona, Luis eta Rosita –beraren emaztea– oso etxekoak genituen-eta. Bixenteri asko gustatu zitzaion Remelluriko paisaia. Gure gurasoek halako ideia bota zioten, zer edo zer bertan margotzeko, eta Bixentek baietz: ‘Baina presiorik gabe!’. Eta halaxe utzi zuten, askatasun osoan, nahi zuena egin zezan. Eta Remelluriko saindutegia eta paradisua egin zituen bertako kaperan. Liburua egin zen eta jendea ikustera etorri ohi da. Hileko lehenengo larunbatetan, eliza irekitzen dugu, eguerdian”.

Azken hitza
Santa Sabina

Erremelluriko sainduak margotu zituen Bixente Ameztoyk. Etxekoen aurpegiak eman zizkien delako sainduei. Amaiaren aurpegi irudia eman zion Santa Sabinari. “Neu naiz, bai. Bat dator nire izateko moduarekin. Kalkutako Sor Teresa esaten didate etxean. ‘Beti lanean, beti lanean’. Santa Sabina bi bizitza egiten zituen emakumea zen: egunez, etxean, erromatarrekin bizi zen; gauez, gaixoak zaintzera joan ohi zen. Bi mundu ditu pertsonaia horrek, eta guztiz identifikatzen naiz berarekin”.

Ardoaren atzean

“Momentu bakoitzak bere edaria du. Batean, garagardo hotza hartuko duzu. Bestean, urteko ardoa Arabako Errioxako herri bateko terrazan. Beste batean, erreserba, halako ospakizun berezian. Kontua da jakitea nor dagoen produktuaren atzean, eta hura erosten dugunean, nor ari garen saritzen. Mota bateko edo besteko botila aukeratu, kontziente izan behar dugu zertan oinarritzen garen ekoizle baten edo beste baten alde egiteko”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Grezia
Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


Oxala

Ez naiz Greziako Lesbosetik itzuli zaharra. Bertan, Mitilene-n, Zaporeak Elkarte euskaldunak 2.700  asilo eskatzaile ingururi egunean otordu bat eskaintzen die: arroza eta potajea, pita ogia eta fruta ale bana. Duintasunaren muga, 150 gramo errazioko. Arazoa da Kara-Tepeko... [+]


2023-09-26 | Gedar
78 orduko lan astea legeztatu dute Grezian

Egunean hamahiru ordurainoko lanaldiak eta sei eguneko lan asteak; alegia, 78 ordurainoko lan asteak. Horiexek dira Greziako Gobernuak, azken lan erreformaren barruan, legeztatu dituen gehienezko lan orduak. Aurreko ostiralean onartu zuten Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak... [+]


Eguneraketa berriak daude