"Weyler bezalakorik guti Kubako Independentzia gerran"

  • Berezi idazten du Urrutia Capeauk, urruneko munduak ekartzen dizkigu etxera, noiz Ekialdea, noiz Karibea. Berezi idazten du Urrutia Capeauk, etxekoak ekartzen dizkigu gogora, Iparraldeko klasikoak eta Barkoxeko eleketa iturri. Kubako Independentzia gerra garaian Espainiaren kapitain nagusi izan zen Weyler militarra harturik dator oraingo liburuan, Weylerren itzala.

Jose Enrike Urrutia Capeau idazlea. (Arg: Zaldi Ero)
Jose Enrike Urrutia Capeau idazlea. (Arg: Zaldi Ero)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zeuk erakutsi zenidan lehenbiziko galdera egiten, Ernst Jungerren hura gogoan. Zein izan duzu Weylerren itzala liburu honen xedea?

Lehenbizi, euskaraz idaztea dut helburu. Beti ari naiz horretan. Inon naizelarik, iraganari buruzkoak irakurtzen hasten naiz, zerk ekarri duen herrialde bat oraingo egoerara. Kuban, ezinbestekoa da ariketa, beti ari baitira Marti, Cespedes, Maceo eta gainerakoak aipatzen. Kubara joan den edonork ikusi du, esaterako, Independentzia garaiko gerra guztiz presente dagoela. Hari horietatik tiraka, nahitaezkoa da irakurtzeari lotzea. Eta irakurtzen hasi eta han non ageri diren heroikotasunak. Espainolek diote Napoleonen kontra egindako borroka guztiz heroikoa izan zela. Bada, are heroikoagoa izan zen kubatarren Independentzia borroka, bitarteko gutxirekin –eta ingelesen laguntzarik gabe, esaterako–, gauza izan baitziren espainolak mendean hartzeko.

Valeriano Weyler Nicolau (1838-1930) militar espainola hartu duzu ardatz.

Gero etorri zen Weyler. Ni gerrako kronikak irakurtzen hasi nintzen. Valdez Dominguezen egunkaria, esate baterako. Maximo Gomezen idazkari izan zen, eta, honenbestez, ez du gogoak agintzen diona idazten, dokumentu ofizialak baizik, halako koronel batek igorritako idazkia, bestearen erantzuna… Hainbat testu, beraz. Lau liburuki! Kuban bizi den zenbait adituk ere ez du lan hori ezagutzen! “Hemen gauza asko agertzen dira”, esan zidaten. Jakina, gauza asko agertzen direna, askok nahi baino gehiago! Oraingo gobernuak ere ez du lan horren zabalpena laguntzen. Jose Martiren gerrako kronika, edo Maximo Gomezena, erraz aurkituko dituzu. Aldiz, Valdez Dominguezen lana ezkutuan inguratu behar da, eta garesti saltzen da. Edizio txiki bat egin zuten, eta harrezkero ez dute berrargitaratu.

Zergatik?

Kontraesan asko eta handiak ageri direlako. Weylerren itzala liburuko ipuinetan batzuk agertzera jo dut. Arrazismoa, adibidez, arrazakeria indarrean baitzegoen manbisen [Independentziaren alde borrokatu ziren kubatarrak, arraza beltzekoak gehienak] garaian. Gerra irabazi zuten, eta bakea galdu. Zergatik? Beste ipuin batean azaltzen saiatu naiz zer gertatu zen beltz arrazako jendearekin.

Espainolen kontrako ezinikusia nabarmen ageri da liburuan.

Ondo da. Ageri dadila! Hala ere, jakin behar zenuke nik ez dudala liburuan neurritik kanpo doan ezer ipini. Alderantziz egin dut. Ez dut jarri, esate baterako, zer nolako triskantzak egin zituzten, zer tortura egin zituzten. Batere ez. Horiek gainditzen saiatu naiz, eta gaitz metafisikoago bat agertzen: Weylerren itzala iragaten delarik, loreak zimeltzen direla idatzi dut. Gisa horretakoak.

Historia oinarri, literatura egin duzu.

Nik banituen gerrari buruzko ipuinak. Idazten ari eta gauza berriak bururatzen zitzaizkidan. Batzuetan, erdi idatziak nituelarik, bide berriak zabaltzen zitzaizkidan. Behin, kontzentrazio-eremuen historiari buruzko liburua erosi nuen, ingeles batek egina. Zabaldu dut liburua eta zerrendan lehenengoa, Valeriano Weyler eta Nicolau! Arraioa! Espainola, beraz. Historian jendea akabatzeko modu “zoragarri” hori asmatu zuena, Weyler! Gero irakurri nuen ingelesek Hegoafrikan berdin egin zutela boerren kontrako gerlan. Dakigunez, “arte” hori hobetuz joan da, errausketa-labeak egin arte. Baina horra Weyler, horra espainolak, zientziaren aitzindari bikainak! Hortik etorri zen liburuak Weyler ardatz hartzea. Baina, errana, lehenago ere ipuinak idazten ari nintzen ni. Egia da Weylerren berri izan nuenetik zenbait ipuin egokitu ere egin ditudala, Weyler lehenbiziko lerroan ipinita.

Zenbat Weyler dira Kubako historian, Independentzia gerrako sasoi horretan?

Weyler bezalakorik, guti. Batzuk izango ziren, baina denak ez dira berdinak.

Krudelkeria ageri da ipuin gehienetan.

Arraioa! Gerla da! Ni ez naiz inon izan, baina hori du gerlak, ezta? Krudelkeria ez beste zer du, bada, gerlak?... Nik ez dakit batere. Horretaz hitz egiteko bertan egon behar da eta badiotsut, ni ez naiz inon izan… Napoleonen gerlen kronikak irakurtzen ditudalarik, ikusten dut paparrean dominak zeramatzatela, eta, lepotik zintzilik, katilu txiki bat. Zertarako zen katilu txiki hori? Ginebra edateko, bataila baino lehen! Gerla beti gerla!

Weylerren gerizpean, euskaldunak ere ageri dituzu zure ipuinetan…

Bai, euskaldun asko, espainolekin batera Kubara joandakoak gehienak. Hala ere, badira zenbait –bikainak, horratik!–, beste aldera igaro zirenak. Ez dakit inoiz kontatu dizudan. Bada liburu txiki bat, Guerra izeneko manbisak idatzitakoa. Zeren eta, han, manbis askok idatzi egin zituzten beren oroitzak. Guerrak liburuaren amaieran kontatzen duenez, gerran gertaturiko pertsonaiarik interesgarrienetarikoa euskalduna izan zuen. Kontatzen du zelan espainoletatik aldaratu eta batu zitzaien. Morroi ausarta zela zioen. Eta dio erran delako Guerrak: “Gogoratzen naiz, egun batean, kaparrategi batean, biok bakarrik ginela, konpainia oso baten kontra borrokatu behar izan genuela. Euskaldun honek esaten zien aurreko espainolei: ‘Ea potrorik duzuen! Ezetz hona etorri! Denak akabatuko zaituztet, nire umeen izenean!’. Eta espainolek ez zuten erasorik jo! Nik barre egiten nuen, beldurrak akabatzen geu geunden-eta, ez espainolak!”. Amaieran, berriz, kontua biribiltzen du: “Nik uste euskaldun hura abenturazale hutsa zela. Egun batean, espainoletara eman zuen bere burua, eta fusilatu egin zuten!”. Eta, Guerraz landa, nire galdera: Nor ote zen euskaldun hura? Menturaz, Goiuri gain honetako baserri bateko semea! Eta zelan jakin?

Narrazio labur zale zaitugu. Hortik ari zara beti, aurreko lanetan ere, Izar beltzaren urtea, Ergelen nonbrea, Assilah-ko eroa…

Sobera ez nekatzeko, labur! Nobela gutxi irakurtzen dut. Krimena eta Zigorra, hura bai, baina nobelak irakurtzeko grinarik ez dut. Bada autore bat, Hugo Ball, dadaismoa sortu zuen mugimendukoa –gero kristau egin zena, bestalde–, zeinak esaten baitu nobelari buruz: “Nobela! Bost orrialde, herrialdea nolakoa den kontatzeko. Amaiera, berriz, luzatu, luzatu eta luzatu egiten da. Ez dut aguantatzen ahal!”. Bada, berdin gertatzen zait niri. Edo hartu Ana Karenina. Bost liburuki, Uralak deskribatzeko! Ez adarrik jo! Piztu internet, eta hantxe Ural mendiak ageri! Lehen beharrezkoa izango zen, baina gaur egun, inguruaren ezagutza handi hau dugularik, ez dago dena esan beharrik, zuzenean ideia nagusira joan gaitezke. Nik Borgesek dioena egiten dut.

Eta zer dio Borgesek?

“Nobela bat irakurri dudala pentsatzen dut, eta, gero, haren laburpena idazten dut!”. Kar, kar, kar…

Nobelarik irakurtzen ez, ipuinik ere hain gutxi! Historia eta saiakera liburuak dira zure aztarna.

Nik istorioa kontatu nahi dut, eta ipuina izan dadila jakin-min, izan dadila zalantza.

Egia osoa kontatzeke…

Egiarik ez dago batere. “Non ez baita halakorik!”, klasikoen moduan esatera. Egiarik ez dago. Eta egia izan daitekeena leku batean, ez da egia ondokoan. Kar, kar, kar…

Kuban biziko ez bazina, izango zen Weylerren itzala?

Bai zera! Niri gauza asko aldatu zaizkit barnean Kuban bizi naizenetik. Badakit adinaren kontua ere badela. Badakit, halaber, joan den hamabost urteak hemen igaro izan banitu bestela izango zirela gauzak. Kubara joan eta zabaldu egin zait barneko mundua. Margolari batek zioen leihoa interesatzen zitzaiola, zer ikusten ahal zen bertatik. Niri ere hori gertatzen zait. Bestalde, konturatu naiz Kubako, edo beste edonongo, gauzarik hona ekartzea, ulergarri egitea, zein zaila den. Horrek ere lana ematen dit, eta, beharbada horregatik, hizkuntzak ez nau lehen bezainbat lotzen.

Baliatzen duzun euskara moduaz ari zara, zeure berezitasunetarik bat, dudarik gabe…

Bazter utzi dut auzi hori, hein batean. Ez zait denbora guztian zuzentzen ibiltzea gustatzen, ordenagailuko zuzentzaileak dena behin eta berriz gorriz azpimarraturik ikustea. Ez dut lasaitasunik nahi dudan bezala idazteko, eta, horrek zehatzago idaztera behartzen nau. Ulertzeko ezintasun txiki bat edo zailtasun moduko bat ere badakar horrek askotan, baina, azken finean, irakurleak ematen dio amaiera ipuinari. Niri, ahal dudan ongien idaztea dagokit. Behin, Jose Julian Bakedano gidoi baten inguruan mintzatu zitzaidan. Nik Hemingway Kuban proposatu nion. Ipuina idatzi eta eman nion. Zoragarri iritzi zion testuari, baina filma ezin egin zuela esan zidan. “Nola egingo dut, bada, filma, txalupa bat itsasoan noragabe ageri? Ezinezko zait!”. Baina testua asko gustatu zitzaion. Nik, irakurle gutxi ditudalarik, Bakedano batek nire ipuina ederrestea, on da. “Ez nabilek guztiz oker, ez nabilek esperantoz idazten!”.

Hamahiru urte daramatzazu Kuban, gugandik aparte. Zu han zinela, Obabakoak lanak 25 urte bete dituela ospatu dugu…

Hara! Hogeita bost urte!

Bernardo Atxagaren hasiera eta Pott banda gogora ekartzeko ere baliatu da urteurrena. Pott, tartean zinen zu...

Batzuetan nintzen han. Bakedanoren laguna nintzen, Joseba Sarrionandia ere ezagutzen nuen. Sasoi hartan marrazten eta margotzen ibiltzen nintzen, eta Bakedanok bilera haietara joateko esan zidan. Egun batean agertu nintzen, han zer zen ikusi nuen, eta batzuetan haietara bildu nintzen. Ez oso konbentziturik, egia esan. Kontraesanak ikusten nituen. Euskara ikasteko prozesuan nintzen ni, eta hara joan eta Bakedano, erdaldun. Jon Juaristi, erdaldun… Atxagarekin, aldiz, oso ondo. Berak zuzentzen zuen hura: “Hurrengo aldizkarian zertaz ariko gara? Nork zer idatziko du?...”. Beste batzuekin, aldiz, nahiko dezepzio izan nuen. Euskara eta gaztelania nahaste hura. Kontuan hartu behar da zein zen sasoia, eta nire momentua, euskaraz ikasten ari bainintzen. Baina orduan eta orain, berdin pentsatzen dut: euskaraz egin behar baldin badugu, egin dezagun euskaraz. Gaztelaniaz nahi badugu, gaztelaniaz. Baina hainbat orrialdeko produkzioan lauzpabost euskaraz jartzeak ez du piperrik balio. Edo hogeita lau orduko telebista produkzioan hogei minutuko saio bat euskaraz egiteak ere ez. Horiek folklorekeriak dira. Nahaste horri ez diot koherentziarik ikusten, herrian halako nahasterik ez denean. Argindarraren faktura bezala, ez al dugu beti gaztelaniaz irakurtzen?

Zertan zen Pott banda garaiko Urrutia Capeau?

Nik sasoi hartan ez nuen neure burua euskaraz idazteko gai ikusten. Uste nuen euskararik ez nekiela, estandarra besterik ez bainuen ezagutzen. Zozokeria hori. Gero, Zuberoara joaten hasi nintzen, eta han ikusi nuen euskara bazela. Ordu arte, Xabier Peñaren irratiko metodoarekin ikasitako bizkaiera eta Ondarroan egindako egonaldia nituen… Zuberoara joan arte ez nuen kolpea jaso. “Euskara bada!”. Horretan, eskerrak eman behar dizkiot Santurtziko Andolini [Eguzkitza], ordurako Juan Tartasen Onsa hilceco bidia-ren edizioa egina baitzuen, balio handikoa enetako! Hura aurkitu nuelarik, irakurri nuen, eta Barkoxen, konturatu nintzen jendeak berdin esaten zituela gauzak! “Hirurehun urte igaroak dira, eta gauzak berdin esaten jendeak? ‘Hain da eder non liluratzen bainuzu!’. Nola da posible, ordea?”. Zer da, beraz, politago, nik hemen ikasitako “Ederra haiz, harako arrosa baino!” –hemengo aldean zakar esanik beti–, edo Barkoxen, edozein baserritarrek duen literatura? Horrek harrapatu ninduen, edertasunak. Barkoxeko hizkera jo nuen lehenbizi, eta lapurtera gero. Axular jo nuenean, hura baino ederragorik ez nuen aurkitu. Hala ere, niri, bestea gustatzen zitzaidan, Leizarraga, baina ezin esan! Nire ustez, hura izan behar zen bidea, baina horretarako zabala izan behar zen, ez motza, eta inongo espanturik gabe onartu behar ziren gaur egun Iparraldean, oraindik, bizirik diren hitz eta forma asko. Hemen, garbizale, estu jokatu zuten. Iparraldekoek arrazoia zuten, eta dute, hizkuntza aditza, deklinabidea eta sintaxia delako. Lexikoa ere bai, baina lexikoa mugikor eta aldakor da, ez da funtsa, azala da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Hitzak mailu

SIMULAKRO BAT
Leire Ugadi
Elkar, 2025

---------------------------------------------------------------------

Hitzak hautsi egin dezake, kolpatu, arrakalatu eta apurtu. Simulakro bat (Elkar, 2025) izendatu du Leire Ugadik (Urduña, 1996) simulakro hutsetik harago... [+]


2025-07-09 | Jon Alonso
Nobelak idazteko artea

Atzo jakin dut euskal prentsatik Jean Reno aktoreak lehen nobela idatzi duela. Berri hori euskaraz jasotzeak munduko hiritar edo paleto global bihurtzen ote nauen oso ongi jakin gabe, nobelak idazteko arteaz egin dut gogoeta.

Tokitan dago “nobelaren heriotza”... [+]


Beste liburu denda bat galzorian, alokairuaren garestitzeagatik: Hendaiako La Grande Illusion

Bikote batek duela kasik hiru urte zabaldu zuen denda Hendaia erdigunean, Errepublika plazan, proiektu independente bat abiatzearen ilusio handiz.


Joxe Azurmendi idazle eta pentsalaria hil da

Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak... [+]


Igeri ala ito

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Elkar, 2024

------------------------------------------------------------------

Helduentzat bigarren liburua du Karmele Mitxelenak. Lehenengoa ipuin liburua izan zen, eta honetan ere nabari zaio ipuingile eskua; izan ere,... [+]


Arlote alprojak edo langabe arruntak?

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Igela, 2025

------------------------------------------------------------

George Orwell Abereen etxaldea (Animal farm, 1945) eta 1984 (1949) eleberriengatik ezagutzen dugu, euskarara itzuliak biak. Baina horien aurretik Down... [+]


2025-06-25 | Castillo Suárez
Alferrikako bidaia

Lehengoan batera elkarrizketatu gintuzten Gonzalo Hermo poeta galiziarra eta neu. Kontatzen nion niri ere gustatuko litzaidakeela esatea nire aurrekoak marinelak izan zirela, baina nire familian denak dira galdatzaileak. Gainera, eremu industrial batean bizi naiz, itsasotik... [+]


Oraindik gara mitiko

Antzinako berri-berriak
Kae Tempest
Igela, 2022

-----------------------------------------------------------------

This poem was written to read aloud / Poema hau ozen irakurtzeko idatzi zen.

Horrela hasten da Kae Tempesten Antzinako berri-berriak liburua, lehen... [+]


“Ezin dugu prekaritateaz hitz egin metafora ulertezinekin”

Ane Zubeldiak (Hondarribia, 1994) eta Eider Adeletxek (Pasaia, 1995) osatzen dute Mejillon Tigre kolektiboa. 2016tik 2019ra Autobiographikal saioa egin zuten, hainbat emakume poeten lanak biltzen zituen zuzenekoa; eta ordutik beste hainbat proiektu ere egin dituzte bakarka... [+]


Libra zaitez beti azal zurien eraginetik

Txori Gorri. Andre siux baten  idazlanak
Zitkala- Sa
Testu zaharrak, 2022

-------------------------------------------------------------

Zitkala-Sa hegoaldeko Dakoten erreserban (AEB) jaio zen 1876an. Eskolan asimilazioan oinarritutako hezkuntza jaso zuen, eta horren... [+]


Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

Bidaide eta gogaide XVII. mendeko Arnaud Oihenarteren Atsotitzak eta neurtitzak liburuan kausitu dezakezu, eta bidean kausitu eta gustura ondoan harturiko bidai-lagunari erraten zitzaion "gogaide". Aurelia Arkotxak ekarri zuen gurera, Zubiburu solasaldian, hain justu... [+]


Euskal sorkuntza patxadaz aurkezten dizun plaza

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragan da ekainaren 7an, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkarturik herriko plazan. Euskaraz bagara lelopean iragandako seigarren edizio horren balorapen baikorra egin dute Baltsan eta ARGIA antolatzaileek: euskara... [+]


Eguneraketa berriak daude