Ostikada matxismoari

  • Sistema patriarkala mantentzeko eta emakumeak kontrolpean izateko modua da emakumeen aurkako indarkeria. Izututa bizi da biztanleriaren erdia, eta “ez itzuli etxera bakarrik” gisako mezuek biktima ahul, pasibo eta menpeko bihurtzen ditu neskak, eurak bakarrik euren bizitza garatzeko gai ez bailiran. Diskurtso horri aurre eginez, norbere buruan segurtasuna hartu eta emakumeen jabekunde indibidual eta kolektiborako tresna da autodefentsa feminista.

Maitena Monroy erdian, Mujer Crecer ekimenaren baitan Nikaraguan emandako ikastaroko parte-hartzaileez inguratuta. Autodefentsako prestatzailearen arabera,
Maitena Monroy erdian, Mujer Crecer ekimenaren baitan Nikaraguan emandako ikastaroko parte-hartzaileez inguratuta. Autodefentsako prestatzailearen arabera, "gutxirako balio dute irakatsitako baliabideek, lehenengo ez bagara gauza ikusteko maitasuntzat hartzen dugun hori ez dela maitasuna, kontrola baizik".
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Auzoan bizpahiru emakumek erasoak jasan zituzten denbora gutxian eta konturatzen zara ez dela soilik irratian entzuten duzun zerbait, inguruan gertatzen dela. Neguan adibidez, iluntzen duenean, oinez baino nahiago dut autoan joan, edo ordu batetik aurrera leku jakinetatik ez dut paseatzen. Beldurrak nire askatasuna baldintzatzen zuela ikusita, autodefentsa saio batera joatea baliagarria iruditu zitzaidan”, kontatu digu Pili Vergarak, 37 urteko irundarrak. Izu horri aurre egiten laguntzeko, autodefentsa feminista ikastaroak eskaintzen ditu Maitena Monroy bilbotarrak. Emakumeenganako diskriminazioan oinarritzen den sistema betikotzen du indarkeria sexistak eta horretaz gogoetatzen dute ikastaroek, herritar guztientzat izan beharko luketen eskubide batzuk gizonenak baino ez diren pribilegio bilakatzen direlako, kalean lasai ibiltzea, esaterako. Monroyren hitzetan, “autodefentsa feminista munduan egoteko modua da, bizitzeko jarrera bat, ‘hemen nago ni, eta inork ez dizkit nire eskubideak kenduko, nire kabuz eta nire gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea daukat’. Horrekin batera, beharrezkoa da sistemak eskubide horiek bermatzea eta urratzen direnean neurriak hartzea, arazoa ez baita pertsonala, estrukturala baizik, egiturazkoa, eta egin beharreko bidean neurri bat da autodefentsa, baina azken buruan lortu behar duguna da jarrera matxistak eta biolentoak deslegitimatzea. Horretarako ere balio dute ikastarook, gure ingurua zalantzan jartzeko eta gogoetatzeko; emakumeek probokatzen dugula esaten denean zertaz ari garen, gizonek zer egin dezaketen… Honen guztiaren aurrean gizonak ez direlako besoak gurutzatuta geratu behar, baina emakumeari galdetzea eta erabakitzen uztea da lehenengo urratsa, ezin du mundu guztiak emakumeon izenean erabaki”.

Teoria…

Autoestimua, segurtasuna eta autonomia indartzen eta norbere burua defendatzen ikasteko, aproposak dira autodefentsa saioak. Vergarak bere herriko Udalak antolatutako bi eguneko ikastaroan hartu zuen parte eta bete egin zen, guztira hogei bat emakume. “Lehenengo egunean teoria landu genuen eta interesgarria izan zen ohartzeko egunerokoan jarrera eta egoera sexistez inguratuta gaudela, sarri barneratuak ditugunez konturatu ere egiten ez garen arren. Edo jakiteko, adibidez, bortxaketa gehienak ez direla gauez gertatzen, egun argiz baizik”, dio Vergarak.

Hain juxtu, sexu indarkeriaren mehatxuak leku eta ordu jakinak saihestera daramatza emakume ugari, nahiko eszenario irrealak saihestera, eraso gehienak eguneroko leku eta egoeratan gertatzen direlako, pertsona ezagunengandik. “Kontua da, bestearen desioak betetzeko eta norberaren desio eta eskubideei uko egiteko rola barneratua duen emakumeari zaila egingo zaiola konfiantzazko giroan emandako eraso jakin batzuei erantzutea. Xantaia emozionala edo biolentzia egoera batzuk ez ditu biolentziatzat hartuko, intentsitate baxuko biolentzia mota asko normaltzat jotzen baititu gure gizarteak, normala dela sinetsarazi nahi digute, baina biolentzia ez da batere naturala”, dio Monroyk. Horretaz guztiaz eztabaidatzen dute bere ikastaroetan, saioen %70 teoria baita, eta beste %30 praktika. Alde teorikoan jarrera sexistak deslegitimatu beharraz mintzatzen dira, besteak beste. “Emakumeen gorputzak objektu bihurtuta ikusi ditugu Sanferminetan, festen parte bailiran, eta badirudi jaiek eta alkoholak biolentzia legitimatu ez, baina justifikatu egiten dutela –gaineratu du Monroyk–, ‘mozkor zegoen gizajoa…’ diote; edaten duzunean biolentoa bazara, ez ezazu edan, eta kito”. Are gehiago, “begira nola doazen jantzita, gero kexatu egingo dira” gisako esaldiek emakumeari berari egozten diote erasoen errua, beste behin ere biolentzia justifikatuz. Nagore Laffageren erailketaren epaiketan, adibidez, abokatuak haren amari galdetu zion ea Nagore “oso promiskuoa” ote zen. Ondorio zuzena zein da? Sexu indarkeria jasan duen makina bat emakumek ez duela salaketarik jartzen, oraindik ere emakumeentzat estigma modukoa delako, erasoa eragin duen zerbait egin balute bezala.

Maitena Monroyk ikastaroa ematen daraman 25 urteetan, 12 eta 88 urte arteko 15.000 emakume inguruk hartu dute parte, profil anitzekoak. Seguruago sentitzeko xedez gerturatu ohi dira, edo bikote harremanetan bestearen esanetara errendituta bizitzea nola moztu daitekeen jakin nahian. “Euskal Herriko herri txiki batean, 16 eta 50 urte arteko hamalau emakume etorri ziren saiora; horietatik hamabik indarkeria psikologiko eta fisiko gogorrak jasanak zituzten. Autodefentsa ikastaroetan kontatzen dituztenak mundua lotsarazteko modukoak dira”.

… Eta praktika

Bortxatzen edo erasotzen saiatzen badira, nola jokatu? Hori ere lantzen dute autodefentsa saioetan. Gorputza nola jarri eta zein jarrera hartu ikasi zuen Pili Vergarak. “Irakasleak esaten zigun ez genuela indarrik egiten, eta arrazoi zuen, kostatu egiten zaigu indarra kanporatzea, ez gaude ohituta, baina pixkanaka konfiantza hartzen zoaz, barne indarra ateratzen”. Biolentziari aurre egiteko, biolentzia da irtenbidea? “Defendatzeko aukera beharrezkoa da. Jo edo hil egin behar bazaituzte, defendatzea zilegi da, eta horretarako irakasten ditugu baliabide fisikoak”, argudiatu du autodefentsako prestatzaileak. Joka hasi aurretik, halere, baliabide ugari daude muturreko erasoak saihesteko, ‘sua!’ oihukatzea adibidez, jendearen arreta deitzeko. Solaskideek ez dute baliabide gehiago jakinarazi nahi izan, erasotzaileen belarrietara ez iristeko ahalik eta gutxien zabaltzea baita asmoa.

Egunerokoan, muturreko indarkeria baino ugariagoak dira intentsitate baxuko eraso sexistak. Horiei aurre egiteko tresnak ere ematen ditu autodefentsak, biolentzia fisikoaz baliatu behar izan gabe. Nola erantzun min egiten duten komentario matxistei? Afarian izterra laztandu dizun mahaikideari? Trenean bularretara begira adi-adi duzun pareko bidaiariari? Tabernan komunera bidean ipurdia ukitu dizunari?... “Irainaren aurrean, esaterako, mugak jarri behar dira, pentsatu beharrean zergatik iraindu ote nauen edo zer esan ote diodan nik lehenago. ‘Oso harro egongo zara egin duzunaz’ esan eta alde egitea izan daiteke aukera bat”, bistaratu digu Monroyk.

Prestatzaileak bost urratsetan oinarritzen du autodefentsa: lehenengo, gertatzen ari dena definitu (norberaren irizpidean konfiantza izanez); gero, eskubidedun subjektu naizela sentitu, eta ez objektu; norberaren burua maitatu eta baloratu; eskubideak ditudala barneratu (nahi dudan lekuan egoteko eskubidea, biolentziarik ez sufritzekoa…); eta azkenik, eskubide horiek praktikan jarri (nahiz eta horretarako beharrezkoa litzatekeen sistemak berak ere bermatzea emakumeen eskubideak). “Hortik abiatuta –azaldu du Monroyk–, egoera jakinen aurrean nola jokatu lantzen dugu, baina gutxirako balio dute baliabideek, lehenengo ez bagara gauza ikusteko maitasuntzat hartzen dugun hori ez dela maitasuna, kontrola baizik. Errespetua eskatzen dugu, ez besterik”.

Beldurra vs. izua

Normaltzat jotzen ditugun hainbat egoera gaitzesgarriak direla ohartzeko balio izan dio ikastaroak irundarrari. Baliabideak bereganatu ditu eta ikastaroa urtero errepikatzea pentsatzen ari da, jarrera praktikoak birgogoratzeko. “Pertsona bezala, segurtasuna irabazi dut, baina inoiz ez dakizu unea iristen denean nola jokatuko duzun… Beldurra ez dut guztiz galdu, nahiz eta prestatuago ikusten dudan nire burua, batez ere intentsitate baxuko indarkeria kasuei aurre egiteko”. Hain zuzen, prestatzaileak argitu digunez beldurra ez da inoiz galdu behar, “izua da galdu behar dena. Beldurrak erne jartzen gaitu arrisku egoeren aurrean, baina izua ez da ona, blokeatu egiten gaituelako. Eta nik uste autodefentsa saioekin lortzen dela izua galtzea, kasu zehatzak aztertuz ikasten dugulako horiei zein modutan egin diezaiekegun aurre”.

Autodefentsa ez da aski, ordea. Solaskide biek bat egin dute: hezkuntza funtsezkoa da, txikitatik. Neskei autodefentsa irakastea, bai, baina batez ere neska nahiz mutilak balore ez sexistetan heztea. “Gazteak oso matxistak omen dira, sinesgaitza! Horrek esan nahi du heziketan zerbaitek huts egiten duela, umeak barneratzen duelako etxean ikusten duena, eskolan, telebistan… eta hori guztia zaintzen ez bada, gerora ondorio kezkagarriak izan ditzake”, uste du Vergarak.

Instituzioetatik lan asko dagoela egiteke gaineratu du Monroyk. “Kasu jakinetan sorospena ongi dago, baina emakumeen aurkako indarkeriari modu orokorrean egin nahi badiogu aurre, ikuspegi globala behar dugu, jatorria emakume eta gizonen arteko ezberdintasunean dagoela ulertu, eta ezberdintasun horiek ezabatzeko neurriak bultzatu”. Biktima ahul eta pasiboaren estigma ere kendu beharko litzaieke emakume hauei. Tratu txarrak daudenean, esaterako, zergatik jarri bizkartzaina emakumeari? Zergatik jasan behar du biktimak kontrola, eta ez delitua egiten duenak? “Ez dut uste emakumeak biktimizatzen direnik –dio prestatzaileak–, emakumeak biolentziaren biktima baitira, baina beste biktima politikoentzat egiten den kategorizazioa ez da hauekin egiten, eta indarkeria sexistaren biktimak ere biktima politikoak dira. Instituzioetatik utzi egin beharko liokete emakumeak biolentziaren aurrean objektu pasibo gisa erakusteari. Emakume hauek ezereztu beharrean, euren jabekunderako bidea erraztu”. Eta duela gutxiko adibidea jarri digu Maitena Monroyk: Ertzaintzak 2012ko txostenean dio biolentzia matxista dela bigarren deliturik salatuena, eta ematen duen gomendioa da parranda baten ostean neskak ez daitezela inoiz etxera bakarrik itzuli. “Emakumeok ezin garela bakarrik egon, horrek arriskuan jartzen gaituela, horra helarazten den mezua, baina izua sortzea ez da irtenbidea, espazioak seguruago bilakatzeko neurriak hartu beharko lituzke Ertzaintzak, eta indarkeria kasuak daudenean esku hartu. Gizonek eskubidea dute kalean bakarrik ibiltzeko eta beldurrik ez izateko, emakumeok ez dugu eskubide hori”.

Izuagatik, gauza asko bizitzeari uko egiten dio emakume ugarik, eta ukorik ez egitea, bizitzari uko ez egitea da matxismoari eman dakiokeen erantzunik ozenena. Hala diosku Maitena Monroyk, Boliviako emakumeen lema gogoan: “Gure zoriontasuna izango da gure mendekua”. 

Hiri Debekatua

Hiriko puntu arriskutsuak adierazten dituzten mapak egin dituzte hainbat udalek, “eta diagnostikoa egitea beharrezkoa da –dio Maitena Monroyk–, baina diagnostikoan geratuz gero ez du ezertarako balio, leku horietan emakumeek gizonarekiko berdintasunean lasai ibiltzeko aukera izan dezaten neurriak hartzeko tresna izan behar dute, aldaketak bideratzeko eta espazioak herritar guztientzat seguru bihurtzeko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Sexu-indarkeria Antartikako ikerketa-base estatubatuarretan

AEBko Zientzia Fundazioaren Antartikako Programak (USAP) jakitera eman duenez, Antartikako ikerketa-baseetan 2022-2024an egin duten galdeketan, parte-hartzaileen % 41k adierazi du sexu-erasoa edo sexu-jazarpena jasan duela.


Zizur Nagusian emaztea hil zuen gizonak behin-behineko espetxealdia etxean beteko du

85 urteko gizonak bere emaztea hil zuen uztailean, eta Poliziaren ikerketaren ondoren behin-behineko espetxealdian zegoen. Orain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak esan du gizonak "ageriko narriadura kognitiboa" daukala eta "zaurgarria" dela.


Hainbat pertsona atxilotu dituzte eraso sexistak leporatuta Bilboko Aste Nagusiko lehenengo bi egunetan

Bilboko Aste Nagusian hainbat pertsona atxilotu ditu Poliziak eraso sexistak leporatuta. Egoera horren aurrean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan du Polizia "eraginkorra" dela eta Bilbon "inoiz baino polizia gehiago dagoela".


Getariako Salbatore jaietan emakume baten aurkako “eraso larri” bat salatu, eta egitaraua bertan behera utzi dute

Getariako txosnagunean eta Aian egin dute elkarretaratze isila. Jai batzordeak txosnak itxi zituen.


“Intentsitate altuko” bi sexu eraso salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak ostegun gauean

Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak. 


Bakioko jaietako gau bateko egitaraua bertan behera utzi dute, sexu erasoen eta borroken gorakadagatik

Abuztuaren 29ko gaueko egitaraua bertan behera utzi dute, iazko jaietan gau horretan izan baitziren indarkeria kasuak: sumisio kimiko bidezko sexu erasoak eta borrokak "nabarmen" areagotu zirela azaldu du Amets Jauregizar herriko alkateak. Abuztuaren 28tik 31ra bitarte... [+]


Indarkeria matxista gisa ikertzen ari dira 78 urteko emakumearen hilketa, Zizur Nagusian

Emakumea hilda aurkitu dute bere etxean. Senarrak, 85 urteko gizonak, emakumearen heriotzaren berri eman du, Polizia bertaratu denean diskurtso inkoherentea zuela ohartu eta atxilotu egin dute. 


71 urteko espetxe zigorra ezarri diote Hondarribiko surf irakasle bati, 11 adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita

2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta... [+]


Algortan izandako taldeko sexu-eraso baten ustezko egileetako bat atxilotzeko agindua eman dute

Getxoko 3. Instrukzio Epaitegiak atxilotze-agindua eman du 2023ko urrian Algortan jazotako talde sexu-eraso batean ustez parte hartu zuen egileetako baten aurka. Kasua sexu-eraso larri gisa sailkatu du magistratuak eta poliziari eskatu dio, gaztea aurkitzen dutenean, epaitegira... [+]


Nagusikeria

Berriz gertatu da. Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari batzuek (emakumeak) salatu dituzte beren nagusiarengandik (gizona) jasandako sexu erasoak eta nagusikeria edo botere-gehiegikeria. Eta berriz ere, ospe handiko gizonaren aldeko adierazpena bultzatu dute, baita... [+]


Laura Macaya
“Indarkerian esku hartzeko marko hegemonikoek ez diete onik egiten emakumeak suspertzeko prozesuei”

Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]


“Intentsitate handiko” bi sexu eraso erregistratu dituzte Iruñeko sanferminetan

Gutxienez hamahiru sexu eraso salatu dituzte hainbat emakumek, horietatik bi "intentsitate handikoak", eta besteak "arinagoak". Mugimendu Feministak gogorarazi du salatutakoez gain "sexu eraso gehiago" egon daitezkeela, eta lanean jarraituko duela... [+]


2025-07-14 | ARGIA
Sanferminak “nahi bezala gozatzeko eskubidea” aldarrikatu dute Iruñean, ostiraleko sexu erasoa eta gero

Mugimendu Feministak deituta, ehunka herritar, ordezkari politiko eta jaietako talde bildu dira uztailaren 13an Iruñeko Gaztelu Plazan. Intentsitate handiko eraso baten eta intentsitate txikiko beste hainbat erasoren testuinguruan egin dute elkarretaratzea. Eraso sexistarik... [+]


Zartako eta Radiocrimen taldeek baxu jotzailea kanporatu dute indarkeria matxista leporatuta

Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuak publikatu ditu hainbat salatzaileren mezuak. Horietan salatu dute bi talde horien baxu jotzaileak haren bikotekide ohiak fisikoki eta psikologikoki eraso izana


Eguneraketa berriak daude