ARGIA.eus

2021eko urriaren 25a
Bernat Etxepare Lizeoko barnetegia

Euskaraz ikasi nahi dutenen bizilekua

  • Urtero legez, Herri Urrats antolatu du Seaskak, hilaren 12rako. Seaskaren lorpenen artean dago Baionako Bernat Etxepare ikastetxea, Ipar Euskal Herrian ikasketak euskaraz ematen dituen lizeo bakarra. Urrun bizi diren ikasleengan pentsatuz, lizeotik gertu barnetegi bat sortzea erabaki zen eta astelehenetik ostiralera gazte ugari bizi da bertan, hezitzaileen ardurapean. Barnetegira hurbildu gara, euren egunerokoa ezagutu asmoz.

Lide Hernando @lidehernando
2013ko maiatzaren 05a
Dani Blanco

Eguzkiak irri egin digu gaurkoan. Pribilegioa, azken egunotako eguraldia kontuan hartuta. Baionatik 6 bat kilometrora dagoen Tarnosera abiatu gara, Bernat Etxepare Lizeoak barnealdeko 15-17 urte arteko ikasleentzat duen barnetegia ezagutzera. Landetako paisaia tipikoaren isla, hareazko zorua duen barruti batean sartu gara, pisu bakarreko hainbat eraikin, zuhaitzak eta aisialdirako guneak dituena (hala nola, futbol zelaia, pilotalekua, barbakoa, saskibaloi kantxa, tenis pista eta igerilekua). Centre de vacances jartzen duen kartelak egin digu harrera.

Etxepare lizeoko barnetegia orain 15 urte sortu zen. Zuberoako eta Nafarroa Behereko zenbait gurasok hartu zuten erabakia, seme-alabak lizeora egunero eramateak denbora asko eskatzen ziela ikusita. Hasiera batean, Kanboko kolegioan bizi ziren ikasleak, baina kolegioa txikia gelditu zenez, horretarako propio erabiliko zen barnetegia sortu zuten beste eraikin batean. Ordudanik hona, ikasle kopurua handitu egin da, eta horrek eraikin batetik bestera eraman ditu.

Barnetegia ez da ikasleen lotarako erresidentzia soila. Ikasleek, lizeotik ateratzen direnetik hurrengo goizean klasera joaten diren arte, zaintza eta heziketan jarraipena eduki dezaten ziurtatzeko lekua ere bada. Hiru hezitzaile arduratzen dira horretaz, eta gu haietako birekin egon gara, Imanol Larrañaga eta Peio Mentarekin. Mentak, barnetegia sortu zenetik bertan lanean ari den baionarrak, hezitzaileen eginbeharrez hitz egin digu: “Taldea lizeora eramaten dugu goizean herriko autobusean, eta arratsaldean hartzen du gutako batek, berriz ere barnetegira ekartzeko. Behin hemen, haiekin egoten gara biharamuna arte. Zainketa, segurtasuna, ikasketak, loa, kezkak… Denetarik egiten dugu haiekin, ez gara bakarrik behatzaile”.

“Lizeoan dauden maila bakoitzarekin (bigarrena, lehena eta terminala, ordena horretan) lan ezberdina egiten dugu” dio Larrañagak, hezitzaile beratarrak. “Lehenengo urtea dutenekin, etxetik kanpo bizi diren lehen aldia izan ohi denez, hemen seguru senti daitezen arduratzen gara. Ikasketen jarraipena ere egiten diegu, arratsaldero ordu bateko ikastordu zaindua egiten baitugu haiekin. Leheneko ikasleei askeago uzten zaie, baina behar dutenean laguntzen saiatzen gara. Terminalekoei lana eta bizitza era autonomoagoan egiten uzten diegu”. Maila bakoitzeko ikasleei ematen zaien trataera ezberdindua ere nabaria da baimentzen zaizkien irtenaldietan. Bigarreneko eta leheneko ikasleei asteazkenean bakarrik uzten zaie barnetegitik kanpo egoten afalordura arte. Terminalekoei, aldiz, egunero irteten uzten zaie, gurasoek hala baimentzen badute. Ikasleek barnetegiaren zainketan kolabora dezaten, hainbat taldetan banatu ohi dituzte, maila ezberdinekoak nahastuz elkarrekin harremana egin dezaten. Egutegi bat zehazten da eta talde bakoitzari noizbehinka gauza bat egokitzen zaio: afalostean baxera egin, jangela edo eraikinak barrutik garbitu…

43 ikasle daude aurten barnetegian, lehengo urtean baino apur bat gutxiago. “Iaz terminalekoak 25 ziren, eta aurten hamabost. 45-50 artean eduki ohi ditugu normalean, 60 izatera ere iritsi gara inoiz” azaldu digu Mentak. “Hegoaldekorik aurten ez dugu, baina izan da baten bat aurreko urteren batean” gaineratu du Larrañagak. Gehienak zuberotarrak eta baxenafarrak dira, eta gutxi batzuk hendaiarrak.

Ikasleen euskararen erabileraz galdetuta, kezka azaldu dute. “Nahiko nukeena baino frantses gehiago entzuten dut haien artean hitz egiten dutenean, horretara ohituak daude. Orain lauzpabost urte euskara gehiago entzuten zela esango nuke –dio Mentak–, baina handitzen doazen heinean gero eta kontzienteago dira euskara zaindu beharreko hizkuntza dela”. Hala ere, euskararen inguruan komunitate moduko bat sortu dela diote: “Ez dakigu ikasle bakoitzak bere herrian zein hizkuntzatan egiten duen, baina argi daukaguna da gurekin behintzat dena euskaraz egiten dutela. Hori behintzat zerbait bada”.

Egunerokoa barnetegian

Maiana Etxegoinberri eta Maider Okhi Bernat Etxepare lizeoko bi ikasle zuberotar dira, lehena Urdiñarbekoa eta bigarrena Zalgizekoa. Lehen mailakoak dira; gizarte eta ekonomiako ildotik doa bata eta zientzietakotik bestea, eta lizeoko barnetegian egiten dute bizitza aste barruan. Hiruko gelak dituzte barnetegian, eta batera egiten dute lo. Goizeko 6:30ean jaikitzen dira egunero, eta oraindik nagiak atera ez dituztela, herriko autobusa hartzen dute goizeko 7:20ean, lizeora iristeko 6 kilometroak egiteko. 8:15ean sartzen dira klasean, egun berri bati aurre egiteko prest. Bertan bazkaltzen dute, eta arratsaldeko eskolen ostean, 16:30ean ateratzen dira.

Lizeoko atarian egoten da hiru hezitzaileetako bat haien zain, eta ikasleekin batera herriko autobusa hartu eta barnetegira itzultzen dira. Askaria egiten dute, eta ostean arratsaldea libre dute lanak egin eta lagunekin egoteko. “Normalean ganberetan egoten gara lagunekin solasean edo lanak egiten, gehiago gustatzen zaigu egongela baino” dio Maianak. “Egongelan telebista dugu, baina DVDak ikusteko bakarrik; baita ordenagailua ere. Ona egiten duenean, bada jende asko pilotan, saskibaloian, futbolean… aritzen dena”. Hezitzaileen laguntza ere izan ohi dute, lanak egiteko. “Oso ikasle arduratsuak dira gehienak” azaldu digu Berako hezitzaileak.

19:30ean dute afaria, eta ikasle guztiak elkartzen dira jangelako eraikinean. Gaueko hamarrak baino lehenago dute dutxatzeko aukera, eta 22:30ean barnetegiko argiak itzaltzen dira. “Berehala lo hartzen dugu… kar, kar” dio irri artean Maiderrek. Noizbehinka, batez ere eguraldi ona egiten duenean, arratsaldeko irtenaldiak egin ohi dituzte hezitzaileekin. “Iaz Itsasura joan ginen arratsalde pasa. Raftinga ere egin dugu, eta boloetan jolastera ere joan gara”, dio Maiderrek.

Barnetegian eta lizeoan biltzen den euskal komunitateaz mintzatu zaizkigu. Hortik at, “lizeotik kanpoko lagun gehienekin frantsesez egiten dugu, askok ez baitaki ongi euskaraz –azaldu digu Maianak–. Beste batzuen kasuan, etxean euskaraz mintzo diren arren, haien gurasoek lizeo frantsesetara eramaten dituzte”. Hala ere, biek euren herrietan, batik bat familiarekin, ia dena euskaraz egiten dute. Euskalkien trukaketa aberasgarria ere ematen da barnetegian. “Bertako lagunekin eta hezitzaileekin ia beti mintzatzen gara zuberotarrez, eta baxenafarrek ere hala egiten dute; bakoitzak bere euskalkian hitz egiten du” diosku Maiderrek. Lizeoan, aldiz, batuan aritzen saiatzen dira.

Astean zehar etxetik kanpo bizitzeak, kezka baino, irrika eragin die hasiera-hasietarik. “Oso gustura gaude hemen –dio Maianak–. Gainera, ikastetxe beretik etorri gara gutariko asko, eta lehendik elkar ezagutzen genuen”. “Hezitzaileak ere oso jatorrak dira” gaineratu digu Maiderrek.

Hurrengo urtean egingo duten Baxoa frogaz haien kezkak azaldu dituzte. “Lizeoan sortu zen plataformak gauza batzuk lortu ditu dagoeneko: Matematikako eta Historia eta Geografiako azterketak euskaraz egin ditzakegu –dio Maianak–. Lorpen handiagoak egingo diren esperantza dut, baina ez dut uste guk froga egin behar dugunerako ezer gehiago lortuko denik”.

Etorkizunerako plan zehatzik ez dute oraindik. Maianak irakasle izan nahi duela dio; Maiderrek ez daki oraindik zer nahi duen. Iparraldean ikasketak euskaraz egiteko dagoen zailtasunak ere arduratzen ditu. Hegoaldera joan litezke, baina horretarako, terminala egin ostean, Baxoaren ordez Selektibitatea egin beharko lukete. “Ikasi nahi duguna zer den argi daukagunean, ikasketa horiek eskaintzen dituen zentroa ona den ala ez begiratuko dugu lehenbizi, eta ez hainbeste euskaraz ala frantsesez den”.

Nomaden pare

Kanboko barnetegia txikia gelditzen ari zela-eta, beste eraikin batera aldatu ziren orain hainbat urte bertako ikasleak. Ordudanik, barnetegi nomada bihurtu da. “Aurtengoa ere ez da oraindik leku finkoa”, diote atsekabeturik Peio Mentak eta Imanol Larrañagak, nahiz paradisu txiki batean bezala sentitu bertan.

Lizeoaren etorkizuneko asmoa Biarritzen ikastetxea eraikitzea da, eta horrekin batera, 120 leku izango lituzkeen barnetegia, lizeoaren ondoan egongo dena. “Horrela ikasleek ez dute egunero alde batetik bestera joan beharrik izango”, azaldu du Mentak. “Iragarpen zehatzak ez ditugun arren, uste dugu 2015 hasierarako eraikia egongo dela, dena ondo badoa”, dio Larrañagak. Etorkizun hurbilak nora eramango dituen, ordea, ez dakite. “Hurrengo urterako lekua oraindik ez daukagu lotua”, dio Mentak. Soluzio azkarren bila dabiltza urtero, aurtengo hau bezalako soluzio egoki eta prezioz zentzuzkoak non aurkitu. Alde batetik bestera saltoka dabiltza, baina badirudi gero eta hurbilago dagoela leku finko eta egonkorra lortzeko unea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Seaska

Seaska kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2013ko maiatzaren 05a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude