Malasiako palma-olio ekoizle erraldoiak Afrika ekialdean lurrak erosten. Wall Streeteko banku-buruak Brasilgo etxaldeetan sartuta. Saudi Arabiako printzeak Filipinetan alor zabalak berenganatzen. Suitzarrak, Txinako oligarkak... Kalkulatu da Asia, Afrika eta Amerikan 10 milioi hektarea lur berenganatu dutela kanpoko kapitalistek.
Espainia, Frantzia, Alemania, Britainia Handia eta Italia... denen zabalera batu eta horixe da hamar urte laburretan munduko aberatsek berenganatu duten lur azalera. Bertan bizi zirenei kenduta, noski.
Hektarea kopuruak izugarriak dira. Konparazioa egin duena Fred Pearce kazetaria da, The Land Grabbers (“Lurren harrapatzaileak” esango genuke edo “Lur lapurrak”) liburuaren egilea. Lerroburu nagusiaren azpian, txikiagoek diote: “Munduaren jabe egiteko borroka berria. Nola ari diren pilatzen lurrak Wall Street, aberats txinatarrak, petrolioaren jekeak eta agro-industriak, gosez eta jendez gainezka dagoen munduan”.
Iazko maiatzean elkarrizketatu zuen The Guardian egunkariak Pearce. “Eskola zaharreko kazetaria naiz” aitortu zuen. Maite duela gertakizunak bertatik kontatzea. Lur ebasketaz behin eta berriro aditzen zuenez, dozena bat herrialdetara joan zen lapurreta hurbiletik ikustera, nola berenganatzen dituzten milioidunek Brasilgo sabana, Indonesiako oihanak edo Malin Niger ibaiak sortutako padurak.
Ugazaba berrien zama edozertan nabaritzen omen da haietan, Pearcek kontatu duenez. “Zu bazoaz Tanzaniako paraje batetik eta sakelako telefonoak esango dizu ‘ongi etorria Arabiar Emirerrien Batasunera’. Estatu honetako jeneral batek erosi ditu Tanzaniako parke nazional baten 400.000 hektareetan ehizan aritzeko eskubide guztiak. Bertakoek esaten dute gauez argi handiak piztuta ibiltzen direla, bazterrak sutu eta ihesi doazen leopardoak AK47ekin akabatzen. Bitartean Tanzaniako Gobernuaren eliteko paramilitarrek Masai jendea handik urrun daukatela”.
Amerikan baina batez ere Afrikan, edonon aurkituko duzu jendea batetik bestera mugimenduan, beren betiko lurretatik kanporatu dituztelako. Ez da begirunerik inoren eskubide ez historiko eta ez kulturazkorentzako. Lurren arpilatzaileek eremu handiak nahi dituzte, 50.000 hektarea edo handiagokoak, eta ezin da horrelakorik eskuratu baldin eta ez bada antzinatik bertan ehizan edo abeltzaintzan aritzeko usadioa dutenak fueratuta.
Munduko oligarken kirol berria bilakatu da ingelesez Land Grabbing eta frantsesez Accaparement des terres deitua. XXI. mendean gatazka, matxinada eta gerra ugariren ama izango denaz zerbait ikasi nahi baduzu, GRAIN gunera jo behar duzu tarteka.
GRAIN webgunea baino gehiago da, irabazi asmorik gabeko nazioarteko erakunde txiki bat da, munduko laborariei bezala mugimendu sozialei lagundu nahi diena lekuko komunitateek kontrolatutako eta bioaniztasunean oinarritutako elikadura sistemak atxiki edo garatzen.
Bi euskaldun bederen badira GRAINen: Paul Nicholson da presidentea eta Aitor Urkiolak dauzka administrazio eta finantzen ardurak. Berrikitan GRAINek plazaratu du -ingeles, gaztelania eta frantsesez- agiri txit baliosa munduko lurjabe berriak zeintzuk diren ezagutzeko: “Nortzuk daude lur lapurretaren atzean?”. Izen, abizen, diru, botere eta tragediaz beterik dago.
Afrikara edo Hego Amerikara alor zabalak erosi edo alokatzera hurbiltzen den dirudunaren irrika laburbildu du Susan Paynek: “Haurra goxoki denda batean bezala. Izugarrizko oportunitateak dauzkazu eta arriskuak jendeak uste duena baino askoz txikiagoak dira”. Payne buru daukan Emergent Asset Management inbertsio konpainia kanadarrak Afrikan lur kopuru handiak bereganatu ditu.
GRAINek lursailen espekulatzaileen eredutzat hautatu dituen 15etatik batzuk munduaren Ipar eta Mendebaldekoak dira, baina badira Hego eta Ekialdean suspertzen ari diren herrialdeetakoak ere, Indiakoak, Txinakoak... Hego Afrikakoa da Theo de Jagger, bere sozioekin inbertsioak egin dituena Kongon: “Munduko lur eta uren %45 gutxi probesten dira. Guk ez baditugu baliatzen oportunitateak, beste norbaitek eginen du”.
Txinako telekomunikazio konpainia handiena den ZTEren presidente Hou Weigui muturra sartzen hasi berria da Kongon eta Sudanen, baina aurretik Laosen 100.000 hektarea, beste milaka batzuk Indonesian.
Afrikan besteren artean bi indiarren izenak egin dira famatu: Siva Sivasankaran eta Sai Ramakrishna Karuturi. Honen deitura hartu du Karuturi Global Ltd. konpainiak. Ikusi eskuratu dituen eremuen neurriok: 311.700 hektarea Etiopian, Tanzanian negoziatzen ari da 370.000, granja erraldoi gehiago Kongon, Sudanen, Mozambiken eta Ghanan.
Karuturiren operazioen berri asko entzun da Afrikan, batez ere Gambela eskualdeako gatazkagatik. Human Rights Watch erakundeak 2012an salatu du Etiopiako Gobernuak indarrez lekualdatu dituela hango 70.000 biztanle, belaunaldiz belaunaldi bertan bizi zirenak, txabolategi berrietan haiek pilatzeko. Anuak etniako jendeei alorretan zeuzkan landare eta zuhaitzak erauzi dizkiete jabe berriek.
Etiopian 2002ko abuztuan hil zen arte lehen ministro izandako Meles Zenawiren izena ere jarri du GRAINek bere liburu berdean. Lekuko politikarien elkarlana funtsezkoa baita atzerriko oligarkek lurra berenganatu dezaten. Zenawik Etiopiako hegoaldean lau milioi hektarea jarri zituen alokagai; 2011rako 800.000 emanak zeuden. XXI. mendeko kolonizatzaileak heldu aurretik armada etiopiarrak indarrez atera zituen bertako milaka biztanle, eta azpiegitura berriak urratzeko oztopo egiten zuten oihanak suntsitu.
Eduardo Elsztain oligarka argentinarrak honela laburbildu du diruak lurrotan zer bilatzen duen: “Aktibo errealak [lurrak] babeslekua dira inbertsiogileentzako. Urrea eta laborantzarako lurrak dira gaur eskaini daitezkeen aktibo onenak, eta gu ahalik eta ondoen ari gara horretan”.
Oligarkia zaharberrituaren abanikoa osatzeko, herrialde txiroen balizko laguntzaile instituzionalak ezin falta: Munduko Bankua. Afrikan eta Amerikan baserritarrak beren etxaldeetatik kanporatu eta hiri handietako txabolategietara bidaliz astakeriak egin direla entzun dute Munduko Bankuan, baina garapenari ordaindu behar zaio bere prezioa. Hala zuritu du Munduko Bankuaren lana lurrarekiko negozioen ataleko buru John Lambek: “Kalifornian [XIX. mendean] urrearen beroaldiarekin bezala gertatzen da orain. Lehenbizi iristen diren inbertsiogileak ez dira munduko itxurazkoenak”. Alegia, lapurreta handia hasi besterik ez dela egin.
Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak.
Poliziak Palestine Action ekintzaileen taldea babestea leporatzen dio, Erresuma Batuko Gobernuak uztailean erakunde terrorista izendatu zuena. Bizpahiru orduz atxilo egon ondoren aske geratu da, baina epailearen aurrean deklaratu beharko du irailaren 18an.
IFOP institutuak eginiko ikerketa ezaguratarazi du Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioak Korsikan, eta ondorioztatu dute Frantziako Estatuan biztanleen erdiak nahiko lukeela bere eskualdeak autonomia handiagoa izatea.
Global Sumud Flotillak deituta, dozenaka ontzi itsasoz ahaleginduko dira Israelek ezarritako blokeoa hausten. Ekimenera mundu osoko aktibistak batu dira, tartean lau euskal herritar. Deialdiari babesa adierazteko, Gazarako Mugimendu Globaleko Euskal Herriko delegazioak hainbat... [+]
Logikoena zen, uztailaren 26ko lehen zaplazteko argiaren ondoren. Baina abuztuaren 23ko bigarrenak ihesbide politiko ia guztiak itxi dizkio Lairen gobernu taiwandarrari. “Gogorarazpen bozketan” beren hautetsi-tasuna gal zezaketen oposizioko Kuomintageko zazpi... [+]
Jeffrey Kruse buru zen Defentsa Departamentuko inteligentzia zerbitzuek eginiko txosten baten arabera, AEBek Irango gune nuklearrei eginiko erasoek ez zuten Teheranen gaitasun nuklearra "guztiz suntsitu", bizpahiru hilabetez atzeratu baizik. Trumpek, ordea, adierazi zuen... [+]
Ontzidia abuztuaren 31n irtengo da Bartzelonatik. Euskal Herriko lau kide joango dira bertan, munduko beste 40 herrialdeetako solidarioekin batera.
Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]
AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]
Martxan daude okzitanieran jatorria duen hizkuntza berpizteko hainbat ekimen. Ipar Euskal Herrian galzorian dagoen hizkuntza da gaskoia; aurreko mende hasieran galdu zen Hego Euskal Herrian.
Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]
Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.
Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.