"Azken unean guraso ugari ez zen gauza izan seme-alabak Habana barkuan sartzeko"

  • 1937an, gerra betean, Euskal Herriko 4.000 haur Habana itsasontzian sartu eta Britainia Handira erbesteratu zituzten, erasoetatik babesteko. Gerra bukatu ostean, 250 haur inguruk ez zuen itzultzerik izan eta gaur egun 80 eta 90 urte artean dituzten ume haien bizipenak berreskuratu dituzte Agur esatea dokumentalean (REC eta Izar Films). Matt Richards britainiarrak zuzendu du filma eta Izaskun Arandia tolosarra aritu da gidoilari eta ekoizle.

Off ahotsak dira filmeko protagonistak, gerrako haurren hamalau ahots denera, garai hartako bizipenak kontatzen. Nolako esperientzia izan zen haiekin biltzea?

Southampton Unibertsitatean aurkitu genituen grabaketak, hamalau baino askoz gehiago, eta ingelesezkoak eta hunkigarrienak hautatu genituen. Grabazioak erabiltzeko baimena eskatu genion unibertsitateari, baina baita haur bakoitzari ere, banan-banan, eta Erresuma Batuko izkina batetik bestera mugitu nintzen, hasieratik argi neukalako beraien bizitzan horrela sartu behar bagenuen beharrezkoa zela proiektua aurkeztea eta elkar ezagutzea. Faserik interesgarriena izan zen, pertsona bezala gehien bete nauena. Paco Robles izan zen ezagutu nuen lehen haurra, 2011n, Londres kanpoaldean, eta esan zidan: “Gutaz ahaztu dira”. Hitzez adierazi zuen haietako askok duten sentimendua, itzuli zirenek omenaldiren bat edo beste jaso dutela, baina han geratu zirenek ez. Pacori zin egin nion ahal nuen guztia egingo nuela historia ahaztu ez zedin.

Eta haientzat, nolako esperientzia izan zen oroitzapen horietan murgiltzea?

Gogorra. 75 urte baino gehiago pasa dira, baina xehetasun ugari lehen aldiz kontatu zituzten, familiek eurek ez zituzten kontu asko ezagutzen. Ez dakit lotsa puntu bat egongo zen, edo familia ez arduratzeko kezka, baina estoizismo hori oso british da, eta nolabait barneratu egin zutela esango nuke: gainerakoei kontatu ordez norberarentzako gorde eta aurrera segitzea. Horietako baten semeak esan zidan hark baino gehiago nekiela nik haren aitari buruz. Batzuek, hala ere, ez dituzte hainbat gauza gogoratzen, itsasontzian sartzeko gutxieneko adina 7 urte izan arren gazteagoak ere joan zirelako, faltsututako dokumentuekin. Eta beste hainbatek blokeatuta ditu oroitzapenak, bada Ingalaterrara iritsi aurreko ezer oroitzen ez duenik ere, eta esanguratsua da hori, historia traumatikoak daudelako; biziraupen senarekin lotura du, nolabait.

4.000 haur asko dira, seme-alabengandik banantzeko prest dauden guraso asko. Testuinguruan kokatu eta ulertu beharreko erabakia da?

Bai, oso erabaki azkarra izan zen, muturrekoa, pentsatzeko denborarik gabe hartua. Eusko Jaurlaritzak egin zuen deia, haurrak bonbardaketetatik babesteko, eta berehala egin zen ebakuazioa. Zerrendan 4.200dik gora ziren izena emandakoak eta barkuan azkenean ia 3.900 joan ziren, beraz azken momentuan guraso ugari ez zen gauza izan semea edo alaba uzteko. Oro har, amak izan ziren erresistentzia handiena jarri zutenak, emozionalago erreakzionatu zuten, eta aitek praktikotasunera jo zuten, beharbada gizonak politikan aktiboagoak zirelako eta gertuagotik zekitelako zer zetorkien gainera. Josefina Stubbs-ek pasarte batean kontatzen du bere bizitzan egin duen gauzarik gogorrena gurasoak agurtzea izan dela. Batzuek urte askoren ondoren ikusi zituzten berriz aita eta ama, beste batzuei Ingalaterran zeuden bitartean hil zitzaizkien gurasoak.

Agurraren momentuaz gain, beste batzuk ere bereziki gogoan dituzte filmean. Agurraren aurretik, adibidez, gerra bera.

Haurtzaro zoriontsua gogoratzen dute, eta hori nola bat-batean moztu zen, gerrarekin. Askok komentatzen dute aita gauean bilera klandestinoetara joaten zela, bonbardaketak gogoratzen dituzte edota nazionalak sartu heinean lekuz mugitu beharra zeukatela. Maria Luisa Toole-k azaltzen du Donostiatik Zumaiara joan zirela, amonaren etxera, ijitoen moduan gurdira igota, eta ondoren Zumaiatik Bilbora, gero eta setiatuago zeudelako.

Barkuko bi eguneko bidaia ere nabarmentzen dute. Ez zen xamurra izan…

Traumatikoa egin zitzaien. 800 lagunentzako barku batean 4.000 joan ziren, estu-estu, eta itsasoa biziki harro zegoen, denak zorabiatuta eta goitika egiten. Francok La Cervera barkua bidali zuen, Habana bueltan ekartzeko, baina haurrak ez ziren jabetu. Konturatu ziren barkuak bira eman zuela bat-batean, baina ez zehazki zer gertatu zen. Kapitainak SOS deia bidali zuen Britainia Handira eta bi barku ingeles etorri ziren, Habana babestu eta La Cevera uxatzeko.

Harrera ona egin zieten herritar britainiarrek, ez hainbeste Gobernuak. Deigarria da herritarren beraien grina.

Bai, Gobernu britainiarrak ez zituen haurrak nahi, baina lobby herritarraren presioa izugarria izan zen, karitateko eta bestelako elkarteen bitartez. Bilbora begiraleak bidali zituzten eta bertako kontsul britainiarraren bitartekari rola garrantzitsua izan zen. Azkenean, Gobernuak esan zuen, “ados, ekarri haurrak, baina ez dugu sosik jarriko”, eta herriak berak hartu zituen haurrak; pentsa, 4.000 haur, oso ingelesa da charity kontzeptu hori, okerrago daudenak laguntzeko premia, oso barneratuta dute haien kulturan eta ohituta daude atzerriko jendea hartzen.

Euskal Umeen Kanpalekua ezarri zuten eta han izan ziren lehen hiru hilabeteetan.

Bai, euskal dantza taldeak, abesbatzak… sortu eta ingeleseko ikastaroak hartu zituzten, baita gainerako ikasgaienak ere. Maiatza izan arren, euri-jasa izugarriak pairatu zituzten eta kanpadenden inguruan hobiak egin zituzten, ura barrura sar ez zedin. Une dramatikoena, dena den, Bilbo erortzea izan zen. Oso era hotzean eman zieten berria, bozgorailuetatik, eta denek gogoratzen dute histeria kolektibo modukoa piztu zela kanpalekuan, pentsatu zutelako senitartekoak hil zizkietela. Kanpalekuan lehen aldiz sentitu zuten benetan bakarrik zeudela, familiatik urrun, eta euren kabuz aurrera ateratzen ikasi behar izan zuten. Ondoren, herrialdeko kolonietan sakabanatu zituztenean, kontziente izan ziren hasieran pentsatzen zuten hiru hilabeteetatik harago, luzerako iraungo zuela egonaldiak.

Gehienak itzuli egin ziren gerra bukatutakoan, baina 250 bat han geratu ziren, tartean pelikulako protagonistak. Batzuek ez zituzten gurasoak berriz ikusi.

Bai, Euskal Herrira bueltatzeko, haurrak norbaitek galdegin behar zituen, baina gurasoak gerran hil zirelako, erbestera alde egin zutelako edo familiak erabaki zuelako hobe zela haurra han geratzea, 250 ez zituzten galdegin. Hori ere erabaki oso gogorra da, familia asko apurtu ziren horrela. Momentu hartan, abandonatu egin zituztela sentitu zuten askok, minduta eman zituzten urteak, nahiz eta gero adinarekin gurasoen erabakia arrazionalizatzeko gauza izan diren. Hala ere, batzuek argi esan didate: “Nire seme-alabekin ez nuke halakorik egingo”. Baina egoera horretara iritsita zer egingo genukeen jakitea ez da erraza…

Eta zein iritzi dute orain: zorioneko izan zirela, hainbatek esan izan dien moduan, ala zoritxarreko, aberritik eta familiagandik urrun?

Bizitzan aurrera ateratzeko borrokatu duen jendea da, segituan Bigarren Mundu Gerra pairatu behar izan zuten Britainia Handian bertan, baina denak oso baikorrak dira, eta ez dut garraztasunik sumatu euren hitzetan, orokorrean gustura daude izan duten bizitzarekin eta sortutako familiekin. Denborarekin ikusi dute Euskal Herrian geratu izan balira, errepublikar izateagatik agian asko sufritu beharko zuketela. Hori bai, euskal sentimenduari eutsi diote. Identitate arazoak aipatu dituzte, ez direlako sentitzen ez hango eta ez hemengo, baina kasu gehienetan euskal kulturarekiko maitasuna transmititu diete ondorengo belaunaldiei.

Bitxia da protagonisten aurpegiak ez agertzea filmean. Artxiboko irudi errealak eta animazioa uztartu dituzue.

Hainbat arrazoirengatik erabaki genuen animaziora jotzea: protagonistak orain oso helduak dira eta grabaketa ordu asko dira, gainera ez da bidezkoa berriz horretatik guztitik pasaraztea. Halaber, haien haurtzaroaz hitz egiten du lanak. Eta bestalde, gaztetxoei interesgarri zaien zerbait eskaini nahi genuen, beraien lengoaiara eta bideo-jokoen look-era gerturatuz, teknika aldetik Waltz with Bashir animazio filma oinarri hartuta.

Iñaki Salvadorren musika ongi uztartzen da kontakizunarekin.

Bai, berak sortu zuen musika guztia eta ametsetako kolaborazioa izan da. Iñakiri historia erakutsi genion –urduri nengoen zer esango ote zuen– eta ikusi bezain pronto pianoa eskatu zuen segituan. Bi egunera zerbait bidali zigun jada, proiektua hasieratik ulertu zuen eta oso gustura gaude emaitzarekin.

Erakunde publikoen aldetik ez duzue proiekturako babesik aurkitu. Harrituta?

Egia esan bai, nahiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diru pixka bat jarri duen, harritu eta nahigabetu egin nau instituzioek interesik ez izatea, nazioartean zabaltzeko proiektu erakargarria delako. Baina aurrera begira jarri nintzen eta hala egin dut lan hiru urtez, beti aurrera.

Crowdfunding eredua erabili duzue pelikula finantzatzeko; badirudi bogan dagoela krisi garaiotan. Zergatik eman behar dio dirua herritarrak egitasmo jakin bati?

Garai zailetan, jipoitua zaudenean piztu egiten da sormena, nahi duzuna egiteko molde berriak aurkitu behar dituzu. Nik neuk ere finantzatu ditut besteen proiektuak, oso gustuko proiektua denean, gertuko jendearena batez ere. Ekarpen txiki bat aski da, baina jende askok lotsa sentitzen du, 5 euro emateko adibidez, gutxi delakoan; 100 lagunek hori ematen badute 500 euro dituzu, ordea. Kontuan hartu behar da baita ere zer eskaintzen diozun ekarpenaren truke (posterra, DVDa…). Guk hiru kanpaina egin genituen, hiru plataformaren bidez: Kickstarter, Indiegogo eta Verkami. Dirua azken biekin lortu genuen batik bat, baina lehenengoarekin proiektua munduko bazter guztietara zabaldu zen eta babesa eman zigun horrek, jende pila batek idatzi zigulako. Azken finean, filmak konexio lana egin du: Facebooken talde bat sortu genuen hasieratik eta horren bidez jende andanak hartu du parte, euren aitona-amonen esperientzia kontatuz, loturak eta harremanak eginez… Leku askotatik idatzi dute eta proiektuak pelikula gainditu du.

Ikusgai

“Gernikan izango da estreinaldia, otsailaren 8an, eta beste herri batzuetan ere eskatu digute (Elorrio, Arrasate…). Interesa badago, herritarrek ikusi nahi dute, baina aretoetako arduradunentzat ez da lan salgarria. Orain, eskaini ahal izatea, jendeak ikustea eta komentatzea da garrantzitsuena, ahoz ahoko propaganda da gakoa”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude