Lance

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Lokatzetan habil berriz ere, Beloki erori zeneko hartan bezala, La Rochetten behera, Gaperako bidean. Baina oraingo honetan satorren batek bota hau, erori egin haiz, aurpegia lohiturik dakark kameren aurrera, eta aitortu duk, beherakoan bakarrik ez gora ere bide zidorretatik joaten hintzela.

Lokaztuta datoz txirrindulariak, gizarteak Zolderreko zirkuitu bat prestatu die, eta  ziklokrosekoak bezala buztindurik datoz, gorputz osoa zipriztinduriko lur bat, ez zaie aurpegirik ere bereizten, eta jendeak txistua botatzen die muturrera, edo lokatza.

Ez dut esaten irteeran perfume usaina zerienik, beren errua ere ez denik fabrika hola usteldu izana, baina helmugaren eta harako bidearen arteko debatea zaharra da. Makiabelo ez zen ziklista italiar bat, politikaria zen, izan zitekeen bankari.

Denek izaten dugu lokatz pixka bat esku artean eta norbaitek pentsatu du ziklistek dutela sudurrik luzeena, han itsatsiko dela ongi. Ibiliko da Frantzia Malin gas bila, eta Bartzelona Qatarreko putzu beltzetan igeri, Armstrong pasako da gure aurretik, eta lokatz pixka hori harturik atzamar puntetan, oihu egingo diogu garai batean bezala elkarri, “allez, lance!”.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude