Paul Bilbao

"Esaten da Euskal Herria aro berri batean sartu dela, baina euskararena denek ahaztu dute"

  • Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia da. Donostiako manifestazioa igaro berri,  eta José Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak lege proiektua aurkeztu eta segituan elkarrizketatu dugu. Werten “zartakoak” esnatuko ote gaituen galdetzen du, hots,  euskarak behar duen zentralitatea hartuko ote duen behingoz."

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2012ko abenduaren 30a
Espainiako Hezkuntzak aurkeztu duen lege proiektua dela eta:
Espainiako Hezkuntzak aurkeztu duen lege proiektua dela eta: "Gure egoera hauskorra da, kanpo faktore bortitzen batek eragiten badigu ez daukagu eusteko aukerarik. Noiz eraikiko dugu honi guztiari aurre egiteko harresia?".Dani Blanco

Martxoan Deiadar manifestazioa Baionan, abenduaren 1ean Donostian. Kalera atera beharra al dago?

Hirugarrena erantsiko nuke: duela bi urte Iruñean egin genuena. Beharra? Manifestazio bakoitzak bere ezaugarri berezitua izan du. Donostian, gehienbat, euskaraz bizi nahi duen herria badagoela erakutsi nahi genuen, ez zen ezeren kontrako edo ezer salatzeko manifestazioa, autoafirmaziorako baizik. Euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarrak badaudela azaldu nahi genuen, euskaraz bizi nahi duenaren harrotasuna irudikatu. Herritarrak haien hautuaz harro daude, pozik.

Salaketa baino, bizi nahia. Beste bi manifestazioetan zer zen bereizgarri?

Iruñakoak egoera zehatzari erantzun zion. Denok ezagutzen dugu Nafarroako Gobernuak daraman hizkuntza politika glotozida. 2009ko abendu inguruan Gobernuak hainbat diru-laguntza kentzea erabaki zuen eta Kontseiluko hainbat bazkidek irmo erantzuteko momentua zela esan zigun.

Baionakoan ere “Euskaraz bizi nahi dut” agertu nahi genuen. Uste dugu herritarrek oso ondo ulertu dutela mezua. Hitz egin dezakegu hizkuntza politikaz, normalizazioaz (eta hitz egin behar da, hizkuntza ere politika da eta), baina herritarrei esaten badiezu: “Euskaraz bizi nahi dut”, jarraian ulertzen dute.

Mezuarekin asmatu duzuela uste duzu?

Nik uste dut baietz. Donostiako manifestazioari begira, kanpaina komunikatiboa hor kokatu genuen gehienbat. Euskaraz bizitzeko hautua egin duten herritarrak izan dira protagonista. Euskaraz bizitzeko oztopoak partekatu dituzte gurekin, baina hala ere, mezu positiboa bidali dute: “[Oztopoak oztopo] Guk, hala ere, euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugu”. Normalizazio prozesuan baldintza sozial egokiak lortzeko herri gogo indartsua behar dugu. Azken finean, nork egin ahal dio uko euskaraz bizitzeko nahiari? Duintasunez bizitzea euskaraz bizitzea da guretzat. Muturrera eramatea da, baina nork ukatuko digu bizitzea? Horregatik, saiatzen gara hori adieraziko dutenak herritarrak izaten. Paul Bilbaok, edo bere garaian Xabier Mendigurenek, hitz egitea... Mesiasik ez dugu behar. Herritarrak enpatia lortzen du bere egoera bizi duen beste batek kontatzen dionarekin.

Azken urteetan, zein mezurekin eta nori zuzentzen gatzaizkion, ez dugu erreparatu behar bezala. Badirudi instituzioei zuzentzen gatzaizkiela. Norabidea apur bat aldatzea erabaki dugu. Herritarrei erantzungo diegu, haiek daudelako erabakiguneetan, sindikatuetan, alderdi politikoetan... Kontseilua makroan dabil, alderdi politikoekin, sindikatuekin bilduz… baina eraginkorragoa izan daiteke herritarrek beraien erabakiguneetan eragiten badute.

Denetariko mezuak entzuten ditugu herritarrok: batzuetan apokaliptikoak, besteetan euskarak salbatuta dagoela dirudi.

Apokaliptikoarena guri leporatu izan zaigu. Denbora guztian esaten baduzu, “hau txarto doa”, tipularen azal urrunenean dagoen sektorea (euskara lehentasunen artean hamaikagarren jarria duena) ez duzu erakarriko. Kontrakoa ere gertatzen da: “Gure hizkuntza berreskuratu dugu”. Horrek zer esan nahi du? Erlaxazioa. Horregatik, “Euskaraz bizi nahi dut” horretan kokatuta, herritarrak berak hartzen dio tenperatura. Zeraingo edo Lapuebla de Labarcako euskaldunak, euskaraz bizitzetik bere ondorioak atera ahal izango ditu.

Zergatik esango du herritarrak euskaraz bizi nahi duela? Identitatearekiko atxikimenduak ez du lehen bezainbesteko indarrik jendea euskara ikastera eta erabiltzera bultzatzeko.

Identitatearekin lotutako jendeak euskaldundu al du bere burua? Neurri handi batean bai. Seguruenik errazagoa da motibazio identitarioa duena euskalduntzea, eta ez Badajozetik edo Pernambukotik etorri dena. Tipularen muinetik hasi behar dugu eta gero etorriko dira azalak. Norbait kanpotik badator eta ikusten badu herri horretan normaltasunean bizitzeko nahia dagoela, sartuko da, ez da diskurtso politiko maiestatikorik behar. Hezkuntzan adibidez, normaltzat hartuko dute ikastetxean euskaraz ikastea.

Inkesta soziolinguistikoaren eta kale erabileraren datuak jaso ditugu aurten. Zein da zure balorazioa?

Datuek erakusten dute bagoazela, eta datuek erakusten dute gabeziak daudela. Betiko mataza dago, ezagutza eta erabilera. Kale erabilerako datuek emandakoa azpimarratu nahiko nuke. Ez nago ados “euskalduna da euskaraz ez egitearen erantzule” mezuarekin. Ez dut ukatuko euskaldun batzuek ez dutenik erabiltzen, baina hortik esatera euskaldunak direla egoeraren erantzule jauzia dago. Askotan euskara ez da erabiltzen ezin delako erabili. Mezu hori oso arriskutsua da, zeren administrazioak neurriak hartzeko mezu hori har dezake kontuan.

Zergatik ez dute erabiltzen euskara? Ezagutza tasak baldintzatzen du; zer egin hiru euskaldun eta erdaldun bat elkartzen direnean, liskarrean hasi euskara gailendu dadin... Jauziak eman behar dira ezagutza tasan eta espazioak euskalduntzeko neurriak hartu, bestela zaila ikusten dut erabilerari buelta ematea. Ez gara bizi gure lagunekin pote bat hartzen edo kartetan bakarrik, gizarte batean bizi gara eta gauza asko egiten ditugu. Azken urteotako akatsa izan da ezagutzan fokalizatzea. Espazioak ahaztu ditugu; eremu sozioekonomikoa eta aisialdia, adibidez.

Baldintza politikoak nolakoak dira erabakiak, neurriak hartzeko?

Baldintza politikoak egokiak dira erabaki ausartak hartzeko. Azken Jaurlaritzak askozaz babes gutxiagorekin nahi izan dituen erabakiak hartu ditu, besteak beste, kontsumitzaileen dekretuarena eta marko hiru eledunarena. Haiek baliatu dute aukera. Dena dela, boterea baliatu behar da, baina etikoki. Ezin duzu boterea erabili inoren kontra egiteko, baina Jaurlaritzak erabili du euskaldunon kontra egiteko. Jaurlaritza berriak boterea erabili behar du ez inoren kontra egiteko, baizik eta euskaraz bizitzeko nahia dutenak asetzeko.

Zer daukazu esateko Wert ministroaren lege proiektuaz?

Astakeria da, atzerapauso ikaragarria. Zer itzuli behar dugu, orain dela 40 urteko errealitatera? Oso garbi daukat lege hori egonda ere, herrigintzak eutsiko diola murgiltze ereduari. Garai makurragoetan eutsi izan zaio eta orain ere herri gogoak eutsiko dio erasoari.

Beti esaten dugu mezu apokaliptikorik ez dela eman behar, baina gure egoera hauskorra da, kanpo faktore bortitzen batek eragiten badigu ez daukagu eusteko aukerarik. Noiz eraikiko dugu honi guztiari aurre egiteko harresia? Irakaskuntzako eragileekin egon naiz eta inork ez zuen espero. Curriculumarena bai, erlijioarena bai, baina hizkuntzarena ez. Sustoa izan da.

Nire kezka da, hau ez ote den gaztelaniaren aldeko lege baten aurrekaria. Seguru nago badatorrela gaztelaniaren legea. Horrek autonomia erkidegoetako eskumenak eta ofizialtasuna apurtzen ditu. A ereduaz gain B eredu moduko bat nahi dute. Auzitegi Konstituzionalak dotrina jarrita dauka: sistema batek ez badu hizkuntza ofizialaren ezagutza bermatzen legez kanpokoa dela. Ea behingoz euskarak zentralitatea hartzen duen.

Zer esan nahi duzu?

Hau gertatu behar da jendea ohartzeko? Euskarak ez du inon inolako zentralitaterik. Azken urteetan, Kataluniak erabaki ausarta hartu duen bakoitzean zartakoa etorri zaio Estatutik: estatutua dela, hainbeste urtez indarrean egon den hezkuntza sistema dela... Zer uste dugu, gurekin ez dutela berdin jokatuko? Beraz, jar dezagun euskara behar den tokian.

Hemen esaten da Euskal Herria aro berri batean sartu dela eta tar, tar, tar, oso polita, baina euskararena jende guztiak dauka ahaztuta.

Badirudi euskararena zer edo zer abstraktua dela. Hizkuntza eskubideak etxebizitza eskubidea bezala dela dirudi, eta sentitzen dut, baina ez da hala. Hizkuntzak, lehen eta orain (Katalunian) jasandakoak ez dira gertatu etxebizitzarekin edo beste oinarrizko eskubideekin.

Beste hainbat gatazka egoera ikertu duzu.

Hegoafrikan zer gertatu zen?  Gatazkaren konponbidea pil-pilean zegoenean, prozesua ia pikutara joateko arrazoietako bat hizkuntza izan zen. Zortzi hizkuntza dira orain ofizial. Gogor egin zuten ama hizkuntzan hezkuntza jasotzeko eskubidearen alde, nahiz eta kolonizatzaileek ez zuten onartu nahi.

Indonesia, Sudan, eta beste hainbat herrialdetako adibideak ikertzen aritu naiz eta aditu denek gauza bera diote, alegia, hizkuntzarena ez dela inon azaleratzen.

Europako erakundeetan geure etxeko erakundeek hizkuntza eskubideak ez dituztela errespetatzen esateak zertarako balio digu?

Gure hizkuntzaren berreskuratzea Euskal Herrian jokatzen dugu. Europara joan behar da? Nazio Batuen Erakundera (NBE) salatzera joan behar da? Bai, baina han ez digute konponduko. Zergatik da ona hara joatea? Batetik, inongo estaturi ez zaio gustatzen Europako kontseiluak edo NBEak belarritik tira egitea: “E, txo, hau ez da horrela”. Beste gauza bat da egiten dizkieten gomendioak betetzen dituzten. Ikusi dugu zer gertatu den Eurokartarekin. Euskalerria Irratia da horren adibidea. Bestetik, eskubidea daukagu halako instituzioetan benetako egoera zein den azaltzeko, bestela badakigu estatuek zelako astakeriak botatzen dituzten. n

Euskaltegiak ez daude beteta

“Kezka ez da aurtengoa bakarrik, baina aurten argi gorria piztu da. Gure herrian oraindik berezko hizkuntza ikasteko ordaindu egin behar da. Hori ezin da onartu. Nazioarteko instituzioetan esan dudanean Euskal Herrian euskara  ikasteagatik ordaindu egiten dela, jendea harritu egiten da. 

Bestalde, ez dago euskara ikasteko beharrik. Zein motibazio izan dezake pertsona batek euskara ikasteko? Orain, oso modu perbertsoan ari dira saltzen diskurtsoa: ingelesa ikasi behar duzu, zeren hemendik gutxira alde egin beharko duzu herri honetatik.  Gurasoei esaten diote: “Zure alabak ikas dezala ingelesa edo alemaniera”. Guk kontrako diskurtsoa egin beharko genuke: Zure semeak edo alabak euskara ikasten badu eta euskalduna bada, aukera gehiago izango ditu Euskal Herrian geratzeko. Euskaltegiek hauxe pairatu dute: “Ez duzu euskara behar administrazio publikoan lan egiteko, ez duzu behar euskara…”.

Administrazioarentzat helduak euskalduntzea inoiz ez da izan estrategikoa. Ez da inoiz planteatu zer egin behar den 20 urtetik 60 urte artekoak euskalduntzeko. Eta helduak euskaldundu egin behar dira”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Hizkuntza politika  |  Frantzia  |  Hizkuntza politika  |  Espainia  |  ETB

Hizkuntza politika kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude