Nafarroan atzera goaz

Krisiaren aitzaki erraza erabiliz, euskaraz lan egiten dugun hedabide bakanon egunerokoa oztopatzeko eta gure animoa mikazteko hainbat erabaki politiko hartu ditu UPNren gobernuak azken urteotan. Gure diru laguntzak erabat desagerraraztea izan da oraingoz azkena. Euskarabidea-Instituto Navarro del Vascuenceren aurrekontuetan 2012tik aitzinera ez da gehiago diru laguntzarik izanen “Nafarroako hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko”. Aurretik Topagunean biltzen garen hedabideok lau urte emanak genituen Euskarabidearekin harremanetan gaia onbideratzeko. Alferrik. Mahai gaineran jarritako proposamen eta argudio guztiek ez zuten deusetarako balio izan.

Baina UPNren gobernuak aipatzen duen krisiaren ondorioa ez da bera hedabide guztientzat. Iaz arte, gaztelaniaz ziharduten hiru telebista pribatuek (Canal 4, Canal 6 eta Popular Televisión) 3 milioi euro inguru jasotzen zuten hiruren artean. Gobernuko publizitate iragarkien eta bertzelako zerbitzu prestazioen bitartez jasotzen dutena kontatu gabe, aurten bertan, otsailaren 29an, Nafarroako Gobernuaren prentsa ohar batean jakinarazi zen Canal 6 eta Popular Televisión-i 2 milioi euro eman zaizkiela “lurraldeko ikus-entzunezko programazioa bermatzeko”. Hara, euskarazko komunikabideok sekula ez dugu “programazioa bermatzeko” diru laguntzarik izan. Dirua jaso dugun urteetan (240.000 euro urterik onenean 21 hedabideren artean banatzeko) “komunikabideetan euskararen erabilera sustatzeko” izan da, Euskararen Legeak hala aginduta, eta betiere erdarazko medioekin (Diario de Navarra, Diario de Noticias...) konpartituta. Kontzeptuen nondik norakoa hutsala dela iritziko dio norbaitek. Nik ez dut uste.

Uneotan euskarazko komunikabideok 50 lanpostu inguru ditugu sortuak, Navarra Televisión maiatzean sortu aitzinetik Canal 6 eta Popular Televisión-ek zuten adina lanpostu. Ez dakit kate bakarrean daudenetik lanpostu kopuruari eutsi ote dioten. Argi dagoena da gainerakook bai murriztu behar izan dugula, halabeharrez, lanpostu kopurua eta baita ekoizpena ere. Ttipi-Ttapa Telebista 2009an itzali zen, Xaloa Telebista enplegu-erregulazioko espedientearekin dago 2011z geroztik, Esan-Erran eta Beleixe irratiak ia erabat mututu dira aurten. Lanpostuak galtzen ari gara baina jakin badakigu gobernuaren aldetik bertze politika batekin, lanpostu horiek egonkortu eta handitzeko aukera izan badugula. Horretarako zera eskatzen dugu: diru laguntzak doitzea eta duintzea batetik eta publizitate instituzionala sartzea bestetik.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Zainduta

Umea gelan eranzten utzi, eta ni lau minutuan jantzi naiz, bi pasa behar izan ditudalako pulamentuzko kulerorik ez dudala ohartzeko, eta souvenir moduan gordeta nituen norbaiten kaltzontziloak janzteko. Nik bakarrik jakingo dut galtzen azpian Spiderman daramadala. Hogeita bost... [+]


2024-05-12 | Diana Franco
Teknologia
Norbera izatea ahaztu

Oso gogoko dut zientzia fikzioa, genero honetan istorioak oso modu aldrebesean kontatuak izaten badira ere. Fikzioa erabiliz, dugun errealitate konplexua azaltzeko edota eraldatzeko modu berriak lantzen dira. Ocativa E. Butler zientzia fikziozko idazleak, elkarrizketa batean,... [+]


Israel ahulduta eta Iran boterea hartuta

Azkeneko hamarkadan Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek Siria inbaditu zuten nazioarteko legedia hautsita. 2024an oraindik Washingtonek Siria okupatzeko dozena bat base militar inguru ditu eta herrialdearen petrolioaren zati handia lapurtzen du. Israelek Siriako eta Palestinako... [+]


Hamaika

Ez dakit zure herrira helduko den Hamaika diziplina anitzeko proiektu artistikoaren erakusketa.

Artelanekin batera, hamaika lekukotasun. Bertan denetarik dago: beldurra, mina, amorrua, esperantza, etsipena, indarra... Maitasunez idatzitako testigantzak. Garondoan mehatxuaren... [+]


Eguneraketa berriak daude