Irakasleen prestakuntza

Irakasle gogoetatsuaren premia

  • Aldatzen ari da ikaskuntza-irakaskuntza prozesua, hein batean teknologia berriek eraginda, baina batez ere helburu eta metodologia berriek bultzatuta. Irakasleek jakin behar dute ikaslea motibatzen, bizitzarako prestatzen, konpetentzietan hezten, eta hori guztia kalitate oneko euskaraz transmititzen. Maisu-maistren artean, belaunaldi aldaketa handia aurreikusten da datozen urteetan, eta erronkaz betetako hezitzaileak izango dira. Zertan eta nola formatu egungo eta etorkizuneko irakaslegaiak? Zein oinarri barneratu beharko lituzkete? Nola jakin zeinek balio duen irakasle izateko? Galdera horiei eta beste hainbati erantzuteko, mahaiaren bueltan elkartu ditugu Abel Ariznabarreta, Mariam Bilbatua eta Irene Lopez Goñi, irakaslegaiak eta irakasleak prestatzen diharduten hezitzaileak. Bestalde, irakasleak formatzeko sistema propioa du Seaskak eta horri buruz mintzatu zaigu Jean Mixel Etxegarai Seaskako arduradun pedagogikoa.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2012ko urriaren 28a
Ezker-eskuin: Mariam Bilbatua, Abel Ariznabarreta eta Irene Lopez Goñi mahaikideak.
Ezker-eskuin: Mariam Bilbatua, Abel Ariznabarreta eta Irene Lopez Goñi mahaikideak.Dani Blanco

Zein irakasle mota behar dugu? Nolako profila izan behar du eta zein funtzio dagokio egungo eta etorkizuneko irakasleari?

Irene Lopez: Nahi dugun gizartea irudikatu behar dugu eta horren araberako irakasleria prestatuko dugu, parametro jakinetara egokituta. Zein gizarte mota nahi dugu? Hor dago koska. Manuel Castells soziologoak gizarte bikoitiaz hitz egiten du: batetik esaten du uniformeagoa eta globalagoa den gizarterantz goazela (geroz eta ezberdintasun gutxiago daude hemengo eta Alemaniako ikastetxe baten artean, adibidez), eta bestetik, tentsio bat badela, dibertsifikatzearen, bakoitzak bere ezaugarriak aldarrikatzearen eta sustatzearen alde. Bi joera horiek kontuan hartu beharko ditugu, nolako irakasleak hezi nahi ditugun erabakitzeko garaian.

Mariam Bilbatua: Zer gizarte nahi dugun, eta nik gaineratuko nuke, zer gizarte daukagun. XXI. mendeko irakasleak formatzen ari gara eta bi ildo ikusten ditut: alde batetik, gizarteak dituen berezitasunei erantzun behar die irakasleak, eta irakasleek izugarrizko aniztasuna aurkituko dute ikasgelan, aniztasun soziala, kulturala, etnikoa. Bestetik, informazioaren gizartean arituko dira eta oso inportantea da informazioa eskuratzeko eta tratatzeko gaitasuna, eta gai izatea eskuratzen eta tratatzen laguntzeko. Bestalde, eskolan neurri batean heziko ditugu gizarte hobea edo okerragoa garatuko duten pertsonak eta erantzukizun hori aintzat hartzea oso garrantzitsua da. Euskal Herrian, gainera, beste erronka bat ere badaukagu: gure kulturaren eta hizkuntzaren transmisioa. Irakasleak rol oso garrantzitsua du hor, eta beraien formazioan zaindu eta landu egin behar dugu.

Abel Ariznabarreta: Irakasle eskoletan askotan irakaskuntzaren aspektu teknikoak edo profesionalak azpimarratzen ditugu, abstraktuan, baina esan den bezala, kontuan izan behar dugu zein gizartetan aritzea egokitu zaigun eta gizarte horrek zer eskatuko dion eskolari. Egungo irakasleak hezitzaile, tutore eta kudeatzaile funtzioak betetzen ditu, horretarako prestatu behar ditugu, baina Mariamek aipaturiko funtzio soziala ahaztu barik, kultur transmisioa bermatzea. Gizarte tradizionalean beste eragile sozial batzuek izan dute hori bermatzeko ardura (familiak adibidez), baina etena eman da gure belaunaldian eta gizarteak eskolari esaten dio: “Badaukazu zuk zer esanik horretan”; ez guk bakarrik, baina geuri dagokiguna bete behar dugu, eta horretarako prestatu behar ditugu hurrengo irakasle belaunaldiak.

Zeintzuk dira gaur egun irakasleen prestakuntzan zehazturik dauden eskakizun edo oinarriak, eta zein hutsune antzematen duzue?

I. Lopez: Boloniari begira plangintza egin zenean gauza askotan hurbildu ginen unibertsitate ezberdinak. Hainbat arlo eta herrialdetatik proposatzen zen irakasle tipologiaz aritu ginen, konpetentziak oinarri (ikuspegi pedagogikotik nahiago dugu “konpetentzia” hitza erabili, euskaratu den “gaitasun” hitza baino, azken hau lotuago baitago psikologiarekin, abstraktuagoa da). Europako unibertsitateetan asko landu den gaia da irakasleen profila. Guk, ikerketa anitz aztertu ondoren, Holandako irakasle talde batek (Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako irakasleentzat) egina zuena jo genuen proposamenik interesgarrienetakoa, esparru guztiak kontuan hartzen baititu: pertsonekin arituko den profesionalak pertsonen arteko eremua garatu behar du; baita eremu pedagogikoa ere, bereziki tutoretzarekin lotuta; irakaskuntza metodologiak menperatu behar ditu; aditu izan behar du bere gaietan; eta ikasgelan eta gainerako erabakitze organoetan antolatzen eta kudeatzen jakin behar du. Hori guztia, ikasleekin batetik, gainerako irakasle eta gurasoekin bestetik, eta norbere buruarekin azkenik.

M. Bilbatua: Profil integralaz hitz egiten dugu guk. Pertsona gisa formatu behar direla uste dugu eta zentzu horretan izan behar dituzten konpetentziak landu, gurasoekiko harremanak bideratzeko, ikasleekin komunikazio ona lortzeko… Gizarteko partaide gisa konpetentzia batzuk garatzea ere beharrezkoa ikusten dugu: gizartearekiko konpromisoa, harremanak… Ezin da pentsatu eskola eremu itxia denik, geroz eta gehiago hitz egiten dugu bizitza osorako hezkuntzaz eta hezkuntza komunitateaz; irakasleen lana hor kokatzen da eta inplikazioa inportantea da. Irenek aipatu moduan, formazio profesionala ere beharrezkoa da, gobernatu behar dituzte tresna zehatzak beraien jarduerak dinamizatzeko, diseinatzeko, eta abar.

Bestalde, formatzeko modua azpimarratu nahiko nuke: irakasle gogoetatsuaren irudia indartu nahi dugu. Gure urtetako esperientziari errepasoa eginez, jarraitu dugun eredua izan da teoriatik praktikara bideratzea, eta konturatu gara horrek maiz sekulako frustrazioa eragiten duela, irakaslegaiek ikusten dutelako ez direla gai teorian ikasitakoa praktikara eramateko, baina ez daukate aukerarik praktikan zer gertatu zaien hausnartzeko. Gakoa ez da hainbeste zein eta zenbat arlotan hezi nahi ditugun irakasleak, baizik eta zein irakasle profil nahi dugun, ezagutzen ez dituzten arloetan ere bidea egiteko gai izan daitezen: horretarako, garrantzitsua da hausnartzeko gaitasuna garatzea, aurkitzen dituzten zailtasunez eta dituzten irtenbideez hausnartzeko gaitasuna.

A. Ariznabarreta: Bai, eta praktika hori garatzeko, guk geuk, Irakasle eskoletako irakasleok, gure irakasle lana horrela planteatzea beharrezkoa da, eginaz transmititzen direlako ereduak eta balioak. Horrez gain, praktikaldiaren birplanteamendua inportantea izan da eta batzuk dagoeneko ari zarete emaitzak ikusten. Irakaslegaiek barneratu beharreko oinarriei dagokienez, ezagutzazkoak eta teknikoak beharrezkoak dira, baina baita metodologikoak eta pedagogikoak ere, eta inportantea dena, taldean lan egiteko, elkarlanerako eta harremanetarako ahalmena, ez bakarrik gainerako irakasleekin, hezkuntza komunitate osoarekin baizik, inguruko beste eragile hezitzaileekin eta bereziki gurasoekin, azken batean taldean egingo duelako bere jardun profesionala. Konpetentzia pertsonalak ere landu behar dira, noski, eta azkenik ezinbestekoa: hizkuntza konpetentziak ondo menperatuta ateratzea Irakasle eskolatik. Oraindik ez dugu lortu guztiak euskaraz konpetente ateratzea, eta beldurra ematen dit Eusko Jaurlaritzak hartutako azken erabakiak: irakaskuntza prozesua euskaraz jarraitu duten guztiei irakaskuntzan aritzeko titulazioa aitortzea, egiaztatze probarik egin behar izan gabe. Oso arriskutsua da hori. Izan ere, gaur egun eskola euskaraz emateko gaitasuna aitortzen zaionean irakaslegai bati, oinarri-oinarrizko gaitasuna onartzen zaio, eta oinarrizko gaitasun horretatik ehuneko handi batek ez du aurrera egiten, tartean hainbat arrazoi soziologikorengatik, baina kontua da tresna horrekin ari garela garatzen heziketaren funtzio garrantzitsu bat, eta nik behintzat argi daukat irakaskuntza arautuaren bidez transmititzen ari garen hizkuntza eredua oso-oso pobrea dela, euskarari dagokionez. Eta irakasleak duen hizkuntza mailak eragina dauka ez bakarrik ikasleen hizkuntza gaitasunean, baita bere lorpen akademiko eta garapen osoan ere. Kate bat da, azken finean.

Arazo horri aurre egiteko eta hizkuntza gaitasuna bermatzeko, zein neurri jarri beharko lirateke martxan Irakasle eskoletan?

M. Bilbatua: Gure kasuan ikusten dudana da izugarrizko aniztasuna dagoela irakaslegaien artean: batzuek euskara maila altua daukate eta beste batzuek nahiko kaskarra, eta horrek zailtasunak sortzen ditu, teorian denek maila bera lortu behar dutelako. Nire ustez, ibilbide pertsonalak egitea da bide bakarra. Aldi berean, hizkuntzak irakasteko metodologietan eta erabileran sakondu beharra dago. Azkeneko datu soziolinguistikoek erakusten dute gaitasunetan aurrera egin dugula baina erabileran ez, eta irakasleen funtzioa da ikasleak motibatzea. Hizkuntza irakasteaz gain, gogoa piztu eta erabilera sustatzea dagokio, zentzua ematea. Egoera soziolinguistikoak eragina badu ere, eskoletan planteatzen ditugun ariketek eta jarduerek ez dute komunikazioa bultzatzen; ohitu ditugu ikasleak galdera zehatzak erantzutera, gutxi idaztera… Nekez garatuko dugu hizkuntza gaitasun altua horrelako metodologiekin.

I. Lopez: Eskoletan eta prestakuntza jarraituan, konpetentzia linguistikoa garatzeko irakasleek ahalegin handia egin dutela azpimarratu nahiko nuke nik. Ezin dugu hori ahaztu, eta gainera prestakuntza eredugarria izan dute gure irakasleek arlo horretan, baina ez da eremu indibiduala, faktore sozialek izugarrizko eragina dute. Hemeretzi urte daramatzat Magisteritza Eskolan irakasle, eta irakaslegaiak asko aldatu dira, nabaria da erdararako dagoen joera. Bizi dugun gizartean, neurri asko hartzen ez badira (administratiboak tartean), konplexua ikusten dut egoera aldatzea.

M. Bilbatua: Ados nago, handia da egin den ahalegina, baina hala ere, orokorrean oraindik asko daukagu egiteko, eta irakasle izan nahi dutenekin honetaz hitz egiten dugunean, konturatzen gara adibidez hutsune handiak dituztela euskal kulturaz. “Ez al duzue hau ikasi?”, eta erantzuna: “Bai, baina azterketarako ikasi genuen, eta gero ahaztu egin dugu”. Horregatik da inportantea akademikoki motibatzea eta ikasketa sakonak bultzatzea, irakaslegaiek ezagutza hauek integratu ditzaten. Nik ez dut pentsatzen daukagun eskola eredu onena denik kultur transmisioa bermatzeko ezta hizkuntza gaitasunak garatzeko ere.

Ingelesari egungo hezkuntza sistemak ematen dion garrantziak eraginik al du honetan guztian?

A. Ariznabarreta: Jaurlaritzak duela bi urte hartutako azken erabakiak, marko hirueledunerako egin den planteamenduak, baditu ezaugarri positiboak, baina arriskua ere badu: ez bakarrik euskarari denbora gutxiago eskainiko zaiolako (Mariamek dioen moduan denbora baino garrantzitsuagoa baita denbora horretan zer eta nola lantzen dugun), baita horrelako planteamendu bat ezin delako kolpez orokortu eta gutxiago dekretu bidez. Oraindik ez da esperientziaren ebaluaziorik egin, baina horrelako esperientzia baten ebaluaziotik abiatuta hurrengo urtean hezkuntza sistema osora orokortzea arriskutsua iruditzen zait. Gainera, orokortzeak eskatzen du oraingoz ez dauden bestelako baliabideak izatea, esaterako ingelesezko gaitasun maila egokia orokortzeko baliabideak.

Motibazioaren garrantzia aipatu duzu, Mariam. Nola irakasten zaio irakasle bati ikaslea motibatzen? Nola deseraiki “ikasle on” eta “ikasle txar” gisako rolak?

M. Bilbatua: Alde batetik, kontziente izan behar dugu ikasleak norantz motibatzen ditugun, horren arabera emaitza ezberdinak izango ditugula. Hau da, emaitzetara motibatzen baditugu, ez dira oso motibatuak egongo, nahikoa izango dute emaitza onak ateratzearekin, eta ez badituzte emaitza onak lortzen, beharbada jarrera ezkorrak sortuko ditugu ikastearekiko. Baina bestelako ondorioak jasoko ditugu ikasleak motibatzen baditugu benetan ikastera, ezagutzera, ikasitakoari zentzua ematera… Nola egiten da hori? Esanez bakarrik ez, Abelek zioen moduan, baita eginez ere, Irakasle eskoletan horren eredu izan beharko dugu. Edukiak eta metodologia aldatzean datza, egiten dugunaz eta egiten dugunaren emaitzez hausnartzean.

Ikasle “on” eta “txar” gisako rolen harira, funtsezkoa da gure diskurtsoak aztertzea, nola adierazten ditugun espektatibak, ikasleengandik espero duguna; horren guztiaren kontziente izan behar dugu. Motibazioarekin edo ikasten ikastearekin dago lotuta: ikaslea motibatuta egoteko, autoestimua behar du, bidea ezagutu behar du; ikasteaz gain, ikasketa prozesuaz hausnartu behar du, zer egiten duen ondo eta zer gaizki, non eta nola hobetu dezakeen prozesua… Gauza horiek guztiak eduki bihurtu behar ditugu. Iruditzen zait gure eskoletan eduki kontzeptualak lehenetsi direla eta gutxi lantzen direla beste eduki mota batzuk, hausnarketarekin lotutakoak, metakognitiboak.

I. Lopez: Filosofoen harria da motibazioaren gaia, zoragarria litzateke irakaslegaientzat eta baita guretzat ere. Irauten duen motibazio bakarra da barrutik irteten dena, ez kanpotik irakasleak edo dena delakoak une jakin batean ezarritakoa. Haurrak benetan motibatzen dira haien interesa kontuan hartzen denean, baina jarraitzen dugu motibazioa kanpotik bultzatzen, eta ez barruko hori lantzen. Ez da erraza lortzen eta bakoitzak mekanismo ezberdinak izan ditzake motibazio hori aurkitzeko, baina argi dagoena da bere burua txartzat duen ikasleak ez duela inongo motibaziorik izango ikasteko. Horregatik, oso garrantzitsua da irakaslegaiek jakitea zenbaterainoko eragina dugun, irakasleok askotan betetzen den espektatiba egiten dugulako ontzat eta txartzat jotzen ditugun ikasleekin. Magia dirudi, baina egiaztatuta dago irakasleak ikaslearenganako espektatiba onak baldin baditu, bete egingo direla, eta berdin espektatiba txarrekin.

A. Ariznabarreta: Emaitza onak lortzen dituzten hezkuntza sistemek oso kontuan hartzen dute aspektu hau, ikasle bakoitzaren eta guztien arrakasta bermatzea, eta arrakasta dago bakoitzarengan jartzen duzun espektatibaren baitan. Espektatiba altuak jartzeak eskatzen du aldi berean jarraipen hurbila egitea, taldearena eta indibidualizatua, eta ebaluazioa koherenteki planteatzea: ez da koherentea planteatzea espektatibak prozesuari, autoestimuari eta abar lotuta, eta gero aspektu kontzeptualak baino ez ebaluatzea, horrek frustratzea dakarrelako. Espektatiben langa igo eta tartea murriztu behar da, “onek” bakarrik ez, guztiok egin dezagun aurrera.

M. Bilbatua: Zentzua ematea inportantea da. Eskolan sarri gauzak egiten ditugu irakasleak eskatzen dituelako, eta zergatik egiten diren jakitea oinarrizkoa da, ikasitakoari zentzua ematea, zertarako balio didan ikustea. Gogoa pizteko eta ahalegina egiteko funtsezkoa da.

Egungo gizarterako irakasleak prestatu behar direla-eta, ikasleei transmititu beharreko baloreetan nola hezi irakaslea?

A. Ariznabarreta: Zein balore transmititu behar diren garbi eduki eta curriculumean txertatzea da bidea, baina batez ere, beste behin, lantzeko moduan dago giltza. Baloreen irakaskuntza ez da esanez egiten, baizik eta norbera eredu izanez. Ikastetxean eskolak ematen hasten denean hasten da bat irakasle izaten, baina ez kolpean, heziketa prozesuan jarraituko du eta Irakasle eskolan jasotako ereduaz gain, garrantzizkoa izango da ikastetxean bertan dituzten balioak, oinarriak eta kultura barneratzea. Bere sozializazioa ikastetxe horretan garatzen bada, bertako balioez jabetzen joango da.

M. Bilbatua: Gure portaera ororen atzean baloreak daude. Gizarteak bere baloreak ditu eta kontziente edo inkontzienteki horiek islatzen ditugu, hartutako erabakietan. Bada, horren jakitun izatea eta kontzienteki egitea inportantea da. Bestalde, edozein hezkuntza proiektuk bere identitate ikurrak eta baloreak ditu eta garrantzitsua da koherenteak izatea, aipatzen ditugun baloreen eta gauzatzen ditugun jardueren arteko koherentzia mantentzea. Eskolan solidaritatea bultzatu nahi badugu, baina abiatutako ekimenak edo ikasteko modua oso indibidualistak baldin badira eta kooperazioa sustatzen ez badugu… Hausnarketa eta koherentzia beharrezkoak dira, eginez barneratzen direlako baloreak, diskurtsoen bidez baino gehiago.

I. Lopez: Curriculum ezkutua deitzen diogu esplizitua ez den eta izugarrizko garrantzia duen transmisio horri, baina egia da ez dela modu berezian jorratzen eta ez dugula kode deontologikorik. Maite Descok adibidez aipatzen zuen beharrezkoa izango litzatekeela medikuek egiten duten moduan irakasleek ere zin hipokratikoa egitea, gizarte justuago baten alde, ikasle guztiek duten ikasteko eskubidearen alde eta funtsezkoak diren beste konpromiso batzuen alde sinatuz.

Bizitza osorako ikaskuntza etengabea aldarrikatzen da egun. Arautua egon beharko luke ala norberaren esku utzi behar da?

I. Lopez: Euskal Herriko irakasleek behintzat oso garbi dute denek ere etengabeko prestakuntza derrigorrezkoa dela eta horretan ari dira. Irakasleari egokitu zaio Sites bat zer den jakitea, Dropbox nola erabiltzen den ikastea edo argazki digitalak nola antolatu asmatzea.

A. Ariznabarreta: Bai, baina instituzionalki begiratuta derrigorrezkoa da marko berri bat osatzea. Administrazio hezkuntzan daukagun eredua 80ko hamarkadakoa da, oso eskema klasikoa eta transmisiboa. Gerora egia da ebaluazio eta hobekuntza proiektuen baitan ikastetxean bertan egindako prestakuntzak bultzatu direla, baina oso modu azalekoan. Kasu batzuetan ikastetxeek eurek egin dute hobekuntzaren eta horretarako prestakuntzaren apustua, baina marko orokorra birdefinitzea beharrezkoa da irakasleen etengabeko prestakuntzaren esparruan. Curriculuma zeharo aldatu da, konpetentzietan oinarritutako curriculuma daukagu, eta hori gelara ez da eramaten esanez eta kontatuz, baizik eta inplantazio prozesuak eta horri lotutako benetako prestakuntza prozesuak martxan ipiniz. Horren barruan, aintzat hartzekoa da konpetentzien ebaluazioa, ez baita aski izena aldatu eta lehen “helburuak” jartzen genuen lekuan orain “konpetentziak” jartzea; lehengo moduan ebaluatzen jarraitu behar da? IKTen [Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien] erabileran ere, asko aurreratu den arren, azpiegiturak eta horiek erabiltzeko prestakuntza bultzatu da baina askoz gutxiago erabilera didaktikoa, hau da, IKTen erabilera jardun normalean nola txertatu. Azkenik, ikastetxeen kudeaketarako (eta horri lotuta ikastetxeen autonomia handiagoaren aldeko apustua egiteko), prestakuntza marko instituzionalean benetako lidergo pedagogiko eta instituzionala artikulatzea falta da. Legalki onartzen den arren, praktikan ikastetxeei uzten zaien autonomia esparrua oso mugatua da, batez ere ikastetxe publikoan.

M. Bilbatua: Bai, askotan formazio programak oso bideratuta egon dira politika instituzionalak eskolara eramatera, eredu bertikala da, goitik beherakoa, eta ez da bermatu ikastetxearen eta areago, irakaslearen autonomia. Behetik gorako prozesuak oso inportanteak dira, lehen aipaturiko ikasten ikastea ideiari helduz. Behetik gorako prozesuan, guk geuk identifikatzen ditugu zein diren ditugun hutsuneak eta beharrak, eta horregatik da garrantzitsua autonomia, erabakitzeko eta gogoetatzeko aukera ematea.

A. Ariznabarreta: Hala da, ondo dago administrazioak lehentasunezko ildoak markatzea, beharrak sumatzea eta horren araberako prestakuntza antolatzea, eta aldi berean behetik gorakoak jaso behar dira, baina kontuz ibili behar dugu behetik gorakoekin, ezin diegu soilik erantzun irakasleak sentitzen dituen beharrei, horrek askotan ekarri duelako aurreko estilo tradizionalak mantentzea. Hortik abiatu eta aurrerapausoak ematea garrantzizkoa da, eta bide horretan Berritzeguneek tresna baliagarria izan behar lukete. Ia-ia, ordea, administrazioaren beharren transmisio soka bihurtzen ari dira Berritzeguneak, neurri batean uko eginez planteamendu berritzaile eta aurrerakoiagoei; ildo berritzaileak jorratzen dituzte, bai, baina beti administrazioak planteatzen duen hezkuntza markoaren barruan. Autonomia handiagoa behar dute Berritzeguneek ere.

I. Lopez: Nafarroan, ezagutzen dudan eremuan, ikastoletan, bereziki ikastetxe barruan egiten dugu prestakuntza, eta pozik gaude horrekin, ez gara egoten administraziotik datorkigunaren zain, eta proiektu pila bat ditugu eskuartean.

A. Ariznabarreta: Bai, baina guk proposamenak egiten ditugu eta marko instituzionalak dituen lehentasunen arabera egiten da gure proposamenaren balorazioa, onartzen da prestakuntza edo ematen zaizkizu baliabideak. Marko hori berritzearen beharra ikusten dut nik.

Bizitza osorako ikaskuntza etengabeaz gain, irakaslearen etengabeko ebaluazioa ere beharrezkoa dela azpimarratu du Abelek.

M. Bilbatua: Autonomiaz ari garela, ebaluazio esparruan ere geroz eta gehiago hitz egiten da autorregulazioaz. Autoebaluaziorako tresnak sartzen ari dira ikastetxeetan, ikasleak jakin dezan non dagoen, zeintzuk diren adierazleak, zertan hobetu behar duen… eta hori nabarmenduko nuke. Bakoitzak jakin behar du zeintzuk diren helburuak eta zein den bidea, eman beharreko urratsak.

I. Lopez: Ikasleen autoebaluazioarekin ados nago, baina irakasleen ebaluazioari buruzkoa da galdera eta horretara ez gaude ohituta, ez dugu hain gustuko. Frantzian inspektorea joan ohi da ikastetxera eta ikuskaturiko jardueraren arabera, irakaslearen ordainsarian eragingo du, besteak beste. Ni neu, norbait sartzen bazait ikasgelan egiten ari naizena ikustera, urduritzen hasten naiz, baina garatu egin dugu irakasleon ebaluazioa, ia-ia garatuarazi egin digute, eta nazioarteko kanpo ebaluazioak adibidez hezkuntza politikak aldatzeko zio izan daitezke. Mariamek zioen moduan, autorregulazioa da gauzak aldatzeko oinarria, baina irakasleen ebaluaziorako programa berriak iristen joango zaizkigu. Ez dakit argazki horretan nola agertuko garen, baina ziurtatu dezaket ez zaigula gustatuko. Ebaluazioa ez dugu apenas kontuan hartu, ez irakasleon hasierako prestakuntzan, ez ondorengo prestakuntza jarraian ere.

A. Ariznabarreta: Irakasleen ebaluazioa gehiago ulertzen dut nik irakaslearen lanaren aitortza gisa, gaur egungo printzipio uniformizatzailearen aurka, badirudielako berdin duela ongi edo gaizki jokatu, plaza eta soldata finkoa dituzu eta kito. Hori gainditu egin behar da, baina sistema oso baten bidez, ez une eta aspektu jakinei begira. Nahiko gai tabua izaten jarraitzen du oraindik irakasleon ebaluazioak, baina ongi egindako praktika bai laboralki eta bai ekonomikoki aitortzeko neurriak hartu beharko liratekeela uste dut, beste hainbat lekutan egiten den moduan.

M. Bilbatua: Egia da ikasleen ebaluazioaz aritu naizela lehen, baina irakasleekin ere berdin jokatu behar da eta aipaturiko irakasle gogoetatsuaren irudiarekin lotzen dut. Bide horretan ari gara gu: gure klaseak grabatzen ditugu, gure artean aztertzeko, eta irakaslegaiei eskatzen diegu praktiketan daudenean eurek ere klaseak grabatu eta gurekin aztertzeko. Autokonfrontazioa deitzen diogu, zer egin nahi genuen eta praktikan zer eta zergatik egin dugun hausnartzea. Askotan, hor sartzen dira irakaslearen gaitasunekin zerikusia duten alderdiak, landu eta kontuan hartu behar ditugunak. Hau dena egiteko errespetu eta konfiantza guneak sortzea beharrezkoa da, ez abiatzeko negatibotasunetik, beti dago ondo egiten dugun zerbait. Ebaluazioa, finean, hausnarketarekin lotzen dugu, hobetzearekin, ez emaitzekin eta puntuaketekin.

A. Ariznabarreta: Pentsa zer nolako erronka litzatekeen egiten ari zareten hori ikastetxe bakoitzera zabaltzea. Horrek bakarrik, kultura hori zabaltzeak eskatzen du plangintza eta prestakuntza marko eta apustu sendo bat.

Denok ez dugu balio irakasle izateko, baina sistema klasikoak behintzat, irakasten dakiena baino, ikasten dakien irakaslea (azterketa gainditzen duena) saritzen du. Irakasle sena neurtu daiteke?

I. Lopez: Urte batzuk eman nituen Holandako Magisteritza eskola batekin elkarlanean Erasmus programa bat koordinatzen, eta berezi egiten zitzaidan beraiek kreditu bat gordetzen zutela lehenengo mailan, irakasle guztien artean erabakitzen zutena: irakaslegaien ebaluazio bateratua egiten zuten, ea zeinek jarraitu behar zuen eta zeinek ez, zeinek balio zuen irakasle izateko eta zeinek ez. Gaur goizean, irakasle izan nahi duten lehenengo mailako nire ikasleei galdetu diet, mahai-inguru honetako ildoetako bat hau izango zela-eta, ea zer irudituko litzaiekeen lehenengo mailan jada esatea irakasle izateko balio duten ala ez. Gure hezkuntza sisteman ez baita halakorik, beste herrialde batzuetan gainera kopuru mugatuak dituzte eta badakite ondoren lana lortuko dutela, zuzenean lanerako prestatzen dituzte, hemen ez. Bada, nire ikasleek oso garbi dute: baietz, hori esan egin behar dela erantzun didate, ohartarazi behar diegula, horretarako ez dutela balio konturatzen bagara.

A. Ariznabarreta: Datu bat daukagu: irakasle sena piztu egiten da demanda dagoenean… Begira EAEn azken zortzi urteetan zenbat irakasle sen piztu den 0-3 urteko haurren hezitzaile izateko, administrazioaren aldetik konpromisoa zegoelako haurreskolak sortu eta hainbeste urtetan hainbeste plaza eskainiko zirela. Eskaintza horrek izugarrizko demanda ekarri du. Orain, ordea, plaza gehiago ez dagoenean eten egin da, beraz…

M. Bilbatua: Tira, nik ez dakit oso ondo nondik datorren delako sen hori, baina konpetentziekin lotuko nuke, konpetentzia profesional eta pertsonalekin, eta azken horiek ere curriculumean egon behar dute: komunikatzeko konpetentzia, besteenganako enpatia izatea… Horietan formatuz gero, garatu daitezkeen ezaugarriak dira, sen kontua baino gehiago. Irakasle izatearen kontzientzia garatu daiteke, guk ikasgai bat daukagu irakaslearen funtzioaz eta profilaz hausnartzeko, eta mota horretako jarduera interesgarriak egin daitezke.

A. Ariznabarreta: Europako hainbat lekutan, irizpide batzuen arabera promozioko %10a hartzen dute, baina noiz egin hori, sarreran? Sen hori sarreran neurtuko dugu ala prozesuan eta karreran jarraipena egin behar zaio irakaslegaiari, amaieran hori lortuko duela bermatzeko? Hemen, behin irakaskuntza prozesuan sartuta baldintza batzuk dituzunean egiten da froga, oposaketak alegia, baina gaur egungo oposaketa sistemak ez du balio irakasle sena duzun ala ez neurtzeko.

M. Bilbatua: Dena den, Finlandian esaterako oso gogorra da Irakasle eskolan sartzeko egiten duten bahea, baina ez dira sartzen irakasle sena daukatela neurtu zaielako, aurretik eskoletan laguntzaile moduan-eta praktikak izaten dituztelako baizik. Gure irakaslegai asko aisialditik etortzen dira eta esango nuke gainerakoek baino sen handiagoa daukatela, hezkuntzarekin lotutako esperientziak izan dituztelako eta horrek bere gaitasunen garapenean eragiten du.

I. Lopez: Egia da ia-ia gauza guztiak garatu daitezkeela, baina segituan konturatzen zara badirela irakaslegai batzuk, hasieran oso portzentaje txikia izan arren, irakasle izateko balio ez dutenak. Haiekin hitz egitea eta benetan nahi dutena hori al den galdetzea da egin dezakeguna, baina ez askoz gehiago. Azken finean, daukagun hezkuntza sisteman, selektibitatearen edo unibertsitateak berak egindako aukeraketaren arabera bukatzen du hainbatek Magisteritzan (edo beste karreretan).

A. Ariznabarreta: Bai, eta honekin guztiarekin lotuta irakaskuntzaren prestigio sozialaz hitz egin beharko genuke, beste herrialde batzuekin konparatuz hemen irakasleoi ematen zaigun prestigioaz, baina baita barrutik eta gugandik hasita ere.

Nolakoa da prestakuntzatik ikastetxerako jauzia? Hemen hitz egin den guztia gauzatu ahal izateko, zein errealitate aurkitzen du irakasleak, ikastetxera iristen denean?

M. Bilbatua: Esango nuke gure irakaslegaiek sozializazio prozesu zaila dutela, karrera bukatzean ordezkapenak egiten hasi behar dutelako eta prozesu luze baten bukaeran baino ez dute egonkortzen beren lanbidea. Berriz ere irakasle gogoetatsuaren irudiari helduz, lortuko bagenu irakasle izango direnek profil hori izatea, gai izatea hausnartzeko, estrategia alternatiboak pentsatzeko eta abar, askoz prozesu errazagoa izango lukete. Baina gertatzen dena da formazio hori jaso ez dutenez, nolabait zalantzan jartzen dutela Irakasle eskolan ikasitakoa, ikusten dituztelako bestelako praktikak eta ikasi dutenak ez duela balio, utopia modukoa dela, errealitatearekin bat ez datorrena. Horri aurre egiteko, gure lana da pertsona kritikoak bultzatzea, ikusten dutenaz hausnartzeko gai izango direnak.

I. Lopez: Egia da bukatu berri duen irakaslegaia gelan sartu eta ez zaiola hasiko esperientzia duen irakasleari gauzak nola egin behar dituen esaten, baina benetako prestakuntza lortu nahiko bagenu, onena litzateke irakasle berri hori eredu egokiekin jartzea, eredu egokiak asko eta asko ditugulako. Kritiko izateko eta hobetzeko prestatu dugun irakaslearen osagarria izango litzateke esperientzia duen pertsona, kate osoa bermatzeko faltako litzatekeena, baina azken zati hori ez daukagu.

A. Ariznabarreta: Ez, ez daukagu, planifikatzea eta beste modu batera jokatzea eskatzen duelako horrek, eta ez hasierako ordezkapen fasearekin abiatzea irakaslearen profesionalizazioa. Baina baldintza soziologikoak onak dira, irakaskuntzan ari garenon batez besteko adina badakigulako zein den eta sei-zazpi urteren buruan irakasleen heren bat berria izango delako. Irenek esan duen moduan, eskarmentu handiko jendea daukagu, lehenengo aldiz ikastetxera datorren irakaslearen tutorizazioa eramateko oso egokia, baina horrek eskatzen du, besteak beste, tutorizazio hori aitortzea eta baloratzea bere funtzioen barruan.

M. Bilbatua: Bai, ez da halakorik egiten, baina egin daitekeena da, eta gu horretan ari gara, eredu egokia diren irakasle horien klaseak grabatzea. Gure klaseak bihurtzen ditugu esperientzia eredu on horien azterketa, eta irakasle horiek beraiek etorri egiten dira gero gure eskolara, euren esperientzia azaltzera. Hori behintzat ahal da, praktika onen inguruan hausnartzea eta praktika on horiek eskolara eramatea.

Mahaikideak

Abel Ariznabarreta, EHUko irakaslea eta Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna

Diman jaioa (Bizkaia), 1952an. Historia Moderno eta Garaikidean lizentziatua eta Psikodidaktikan aditu tituluduna. Irakaskuntza maila gehienetan aritu da irakasle, Lehen Hezkuntzatik unibertsitateraino, eta aholkulari pedagogiko. Besteak beste, Gasteizko Irakasleen Eskolako zuzendariorde eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendari, eta ondoren, Hezkuntzako sailburuorde izan da. Egun, EHUko Gizarte Zientzien Didaktika sailean irakasle eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna da.

Mariam Bilbatua Perez, Mondragon Unibertsitateko Irakasletza graduko irakaslea

Getxon jaioa (Bizkaia), 1950ean. Politika Zientzietan eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktorea. Mondragon Unibertsitateko Humanitateak eta Hezkuntza Zientzietako Fakultateko irakaslea da Irakasletza graduan. Irakaste eta Ikaste prozesuak ditu aztergai. Besteak beste, Ikaskidetza (Elkarrekin Ikastea) bultzatzeko ekimenaren koordinatzailea eta Berrikuntza Didaktiko Metodologikoko Proiektuen garapena eta Kudeaketa hezkuntza erakundeetan Unibertsitate Masterraren koordinatzailea.

Irene Lopez Goñi, NUPeko irakaslea eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko Pedagogia arduraduna

Iruñean jaioa, 1959an. Pedagogian doktorea da, orientazio eta irakasle lanetan aritu da hainbat ikastetxetan eta zuzendaritzan Herri Ikastolan (Iruñean) eta Salbatore Mitxelenan (Zarautzen). Duela 19 urtetik, Nafarroako Ikastolen Elkartean dabil eta Pedagogia arduradun da bertan; duela 18 urtetik, irakasle da NUPen. Besteak beste, International Association of Curriculum Studies elkarteko partaide eta Euskal Herriko ordezkaria da, eta hiru liburu eta artikulu ugari ditu argitaratuak hezkuntzaz.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Hezkuntza

Hezkuntza kanaletik interesatuko zaizu...
Okerrera doaz Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomikoak

Euskal Autonomi Erkidegoaren egoera ekonomikoa, Errendimenduaren gizartea saiakera eta eskola segregazioa aztergai aste honetako Lanaren Ekonomian. Berrikuntzekin dator ikasturtea BilboHiria eta Hordagoko elkarlanean.


Plastiko birziklatua duten jostailuek toxiko arriskutsuak dituzte

Europako ikertzaile talde batek, Ekologistak Martxanekin elkarlanean, jatorria hondakin elektronikoetan duten toxiko arriskutsuak aurkitu dituzte birziklaturiko plastikoetan, hala nola, jostailu edota kontsumorako saltzen diren beste hainbat produktutan.


2018-10-22 | Guaixe .eus
Nafarroa Oinez ospatu dute Altsasun

Iñigo Aritza ikastolak hartu du aurten Lesakako Tantirumairu ikastolak emandako lekukoa. Antolatzaileek eguna “zoragarria” izan dela esan dute “Nafarroa Oinez BIZItzeko”.


Legebiltzarrera iritsi da EAErako Hezkuntza Lege egitasmoa. Zer jasotzen du eta zer ez?

Heziberri famatua abiatu zuenetik Jaurlaritzak eskuartean duen EAErako Hezkuntza Legea Eusko Legebiltzarrera iritsi da azkenean; gaur eztabaidatuko dute alderdi politikoek. Egiatan, Legebiltzarrera eraman dutena oraindik ez da lege-proiektua ere, hausnarketarako dokumentu bat da, eragileen parte-hartze handiagoa behar zukeena eta uneotan mahai gainean dauden hainbat eztabaida inportante falta dituena.


Idoia Karrera eta Nerea Gomez, hezitzaileak
"Haurreskolak ezin du izan kontziliaziorako soluzio hutsa"

Irungo Iraun haurreskola publikoak hamargarren urteurrena ospatu du aurten eta urteotan bertatik pasa diren 200 familiatik gora, 700 bat lagun, hurbildu dira festara. Etapa berezia da 0-3 urte bitartekoa eta hezitzaileen eta familien artean sortzen den harremana ere ez da edonolakoa. Eguneroko jardunera itzuli direnean gerturatu gara gu, eta zaintzaz, ziklo honen oinarriez, umeak estimulatzeaz, haurreskolako lanari ematen zaion balioaz… hitz egin dugu Idoia Karrera Etxebeste eta Nerea... [+]


2018-10-21 | Garazi Zabaleta
Gentiana proiektua
Ingurumenari lotuta Pirinioetan lan eta bizi

Pirinioetan ohikoa den landare berezia da gentiana, euskaraz gentziana edo errosta. Abiatu zuen proiektuari izen hori jarri zion Silvia Erlanz Roda biologoak: “Ingurumenaren kudeaketan eta heziketan jarduteari ekin nion”. Azken aldian ingurumenaren kudeaketan zentratu da batez ere Erlanzen lana. Pirinioetako espezieen jarraipenak, flora eta faunaren inbentarioak edota mendi-bideen inguruko lanketak egiten dituzte Gentianan, besteak beste. “Aquila LIFE proiektu europarra ere... [+]


2018-10-19 | Iigo Igartua
Abaigarko euskal udalekuetako egoitza eraberritzeko abalisten bila ari dira

Proiektuko kideek bilera antolatu dute ostiral honetarako urriak 19, Hernaniko Biteri kultur etxean. Bertan, abalista berri posibleei eraberritze lanen inguruko informazioa eskainiko zaie.


2018-10-19 | Zebrabidea
'Hezkuntza salgai' dokumentala aurkeztuko dute urriaren 24an

Urriaren 24an, Steilas sindikatuak “Hezkuntza Salgai” dokumenatala aurkeztuko du. Segregazioa, aukera berdintasuna, ebaluazioa eta beste hainbat gai jorratu eta hezkuntza publikoak egun duen egoera aztertzen da, hainbat adituen iritziak jasota.


2018-10-18 | ARGIA
Hezkuntza sare publiko bakarrerantz joateko bide-orria aurkeztu du Steilasek

EAEko hezkuntzan sare publiko bakarreranzko bidea egiteko eta “aukera berdintasuna bermatzeko” sei urrats jasotzen dituen dokumentua aurkeztu du Steilas sindikatuak. Eskola publikoarentzat finantzaketa lege bat ere eskatu du.


Jatorri atzerritarreko ikasleen segregazioa gainditzeko Ikastolen Elkartearen proposamena

Jatorri atzerritarra duten ikasleengan fokua jarrita, horien gehiengoa eskola publikoan kontzentratu ez dadin eskolatze batzordeetan hezkuntza eragile guztiek parte hartzea, hizkuntza ereduak desagertzea (eta murgiltze eredua ezartzea), harrera plan integralak egitea eta itunpeko ikastetxeetara baliabide gehiago bideratzea proposatu dute ikastolek, besteak beste.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude