2002ko abuztuaren 17an,
Ismael Berasategi presoak ihes egin zuen Parisko La Santé espetxetik, antz fisiko handia duen Joxean anaiak haren lekua hartuta. Asteburuko bisita baliatuz, ileorde eta betaurreko batzuen laguntzarekin, anaia urretxuarrek trukea egin zuten. Ismaelek 33 urte zituen, eta Joxeanek 34.
Bost egunera Joxeanek berak esan zien espetxezainei bera ez zela barruan egon behar zukeena, ez baitzen inor ezertaz ohartu. Segurtasun goreneko espetxe gisa kontsideratzen da Parisko hori.

Joxean atxilotu eta espetxeratu zuten, anaiari ihes egiten laguntzea leporatuta. Hiru urte egin zituen preso horregatik.
Iturria:
Eneko Bidegain Ihesa La Santé espetxean: Ismael Berasategik Parisko espetxetik ihes egin du, anaiak bere lekua hartuta (Euskaldunon Egunkaria, 2002ko abuztuaren 23).