Euskara gutxi entzungo da; irakurri, gehixeago

  • Laugarren edizioan polemika ezagutu du Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailak: bost euskal presori buruzko Barrura begiratzeko leihoak dokumentala Euskal Herriko ekoizpenari eskainitako sailetik kanpo utzi dute eta zeresana eragin du. Txintik atera gabe pasa da aldiz, ondoko hau: estreinaldien atalean film bakarra izango dela euskaraz.

Zinemira sailaren aurtengo edizioa abuztuaren amaieran aurkeztu zuten.
Zinemira sailaren aurtengo edizioa abuztuaren amaieran aurkeztu zuten.

“Euskal zinemak garrantzia handiagoa izango du orain Zinemaldiaren barnean, beste edozein zinematografiak adinakoa” esan zuen Mikel Olaziregik, artean festibaleko zuzendari, 2009an Zinemira saila aurkezteko prentsaurrekoan. Aurrerapausoa zen. Beste bat. Aurreko edizioan, 2008an, Euskal Herrian egindako filmek egun bakarrean zapaldu zuten alfonbra gorria eta hura izan zen bertako produkzioak Zinemaldiko programa ofizialean tokia izan zuen lehengo aldia, hamar urtez Euskal Zinemaren Egun paraleloa antolatu ondoren. Nola ez ikusi begi onez, beraz, sail propioa edukitzea.

Hiru edizio eta lau urte pasa dira iragarpen hartatik eta 2012ko Zinemirak aurrekoek baino burrunba mediatiko handiagoa izan du inguruan, hasi aurretik ere. Ez euskal filmek berez hedabideen arreta piztu dutelako, bost euskal presori buruzko Barrura begiratzeko leihoak dokumentala sailetik kanpo geratu delako baizik.

Atzeragotik dator kontua: ekainaren amaieran Espainiako Barne Ministerioak Bildu legez kanporatzeko mehatxua egin zuen, alderdi horrek gobernatzen duen Donostiako Udalak filma diruz lagundu zuelako. Zinemaldia hasi aurretik proiektatu da bost zuzendarik egindako dokumentala Victoria Eugenia antzokiko bi pase pribatutan eta horiek eragozteko ahaleginean ere aritu da Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritza, Carlos Urquijo artillero. Lerrook idazten ari garen unean Espainiako Auzitegi Nazionalak filmaren kopia eskatu duela jakinarazi du Zinez ekoiztetxeak.

Gauzak horrela, Jose Luis Rebordinosek aurtengo Zinemira aurkeztean Barrura begiratzeko leihoak ez egoteari buruz emandako azalpenek –“Zinemaldiak 1.800 pelikula ikusten ditu, asko dira hautatzen ez direnak eta argi utzi nahi dut festibalak ez duela inolako presiorik jasan”– ez dute sinesgarritasun handirik; areago, kontuan izanda kazetari bakar batek ere ez ziola hutsune horren zergatiaz galderarik egin. Presioak ez dira zertan zuzenak izan, filmaren kontra sortu den giro mediatikoa nahikoa da. Eta gainera, excusatio non petita…   

Estreinaldi bakarra euskaraz

Pasako da kapitulu polemiko hori –zentzugabekeria gehiago gertatu gabe, espero–, baina balio beharko luke Zinemiraren orain arteko ibilbidea balantzan jartzeko, baita euskarazko zinemari dagokionez bete duen paperaz pentsatzeko ere. Film zehatz bat edo batzuk faltatzeaz gain –Jon Maiaren Gazta zati bat ere ez da sartu–, aurten euskal zinemari eskainitako saila inoiz baino erdaldunagoa izango baita. Joxeanjel Arbelaitzen Leku hutsak, hitz beteak da estreinaldien atalean proiektatuko den euskarazko lan bakarra.

Inongo zinema jaialdik ez du aukeraketa irizpide linguistikoa bakarrik erabiliz egiten; balio artistikoak izan beharko luke kriterio printzipala. Baina kasu honetan ez da hala izan: Barrura begiratzeko leihoak baino askoz gauza eskasagoak –gauza nahita aukeratutako hitza da– ikusiak ditugu sail honetan eta besteetan. Eta gainera, inor gutxiri irudituko zaio zentzuzkoa euskal zinemari sail bat eskaintzea, ondoren euskarazko ekoizpenak baztertzeko.

Beharbada, problema jaiotzatik izan du Zinemirak. Goazen berriro artikuluaren hasierako prentsaurrekora, Mikel Olaziregiren ondoan eseri zen Blanca Urgellen adierazpenak gogoratzeko. “Euskal” hitza “adierarik zabalenean” ulertu behar dela esan zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak. Alegia, irizpide geografikoa lehenetsiko zutela eta ez hizkuntza. Ez zen euskarazko lanen gutxieneko kuotarik jarri eta horrek aurtengoa bezalako desorekak eragin ditzake.

24 filmen azpidatziak Interneten

Gabezia ez da Zinemiran bakarrik ikusten; euskaraz sortutako film gehiago egoteak ez du guztia konponduko; nazioarteko zinema ere bere hizkuntzan nahi du ikusle euskaldunak, baina gainontzeko sailetatik pasatzen diren atzerriko pelikulen azpidatzi gehienak gaztelaniaz eta ingelesez bakarrik aurkitu izan ditu urte askoan. Alde horretatik Zinemaldia ari da, astiro bada ere, pausoak ematen. Aurten 24 pelikulak edukiko dituzte euskarazko testuak pantailaren oinean.

Ekimen garrantzitsua da, azpidatzi horiek ez baitira Zinemaldian bakarrik ikusteko. Eusko Jaurlaritzak iaz martxan jarri zuen Filmazpit webgunearen bidez (www.filmazpit.eu), Donostiako hiru jaialdietan (Zinemaldia, Giza Eskubideen Zinemaldia eta Beldurrezko Zinema Astea) erabilitako azpidatziak Internetetik deskargatzeko aukera dago, baita Animabasauri, Zinebi eta Mendi Zinema jaialdietakoak ere. P2P bidez filmak eta telesailak deskargatu dituen edonork ezagutzen duen SRT formatuan eskaini dituzte, erabiltzeko eta partekatzeko erraz.

Interneti esker geroz eta ikusle gehiagoren aukera da pelikulak jatorrizko bertsioan azpidatziekin ikustea. Askotan ordea, ez da euskarazko azpititulurik egoten eta hiztun komunitatea bakarrik arduratu da horiek sortzeaz eta banatzeaz –gaur egun, Luistxo Fernandezek bere kabuz sortutako Azpitituluak.com atariak biltzen ditu euskarazko azpititulu gehienak–. 

Ikus-entzuleen joera hori egonkortzen doan heinean –jadanik egonkortu samarra ez badago–, norbanakoen ahaleginaz gain, erakunde publikoek ere izango dute esateko, baina batez ere, egiteko zerbait.
 


ASTEKARIA
2012ko irailaren 23a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako Zinemaldia
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


Eguneraketa berriak daude