Tokikom 2009an sortu zen eta aurten enpresa izaera hartu du Topagunearen eta bertako 19 hedabide bazkideren eskutik. Tokiko hedabideen geroa elkarrekin diseinatu nahi dute. Etorkizuna usaintzen lagundu digu Tokikomeko zuzendari eta Goienako zuzendari Inazio Arregik.
Etorkizuna Interneten dagoela esaten da, baina Tokikomeko hedabideen kasuan ere, ez al da gaurkoz oinarria papera?
Momentu honetan nagusi papera da, askogatik. Asko hitz egiten da digitalaz. Duda barik etorkizuneko hedabidea izango da; erabilera anitzekoa delako, edozein momentutan kontsulta zenezakeelako telefono txiki bat baino behar ez duzula. Alabaina, guk egindako galdeketek esaten dute papera dela gehien irakurtzen dena etxeetan, digitala bigarren mailan dago. Bost urte barru digitala hedabide gisa non egongo den ez dakit.
Irakurleak kontuan hartuta diozu. Eta sostengu ekonomikoari begiratuz gero?
Paperak kostu handiagoak dauzka Internetek baino, edukiak jasotzeko, neurri batean, kostua erabiltzaileak bereganatzen duelako. Berak ordaintzen du ordenagailua, berak ordaintzen du kablea, kontsumoa. Hala ere, publizitatearen proportzioa ez da kostuaren arabera mantentzen paperean eta Interneten. Interneteko publizitatea gaur-gaurkoz oso murritza da. Nahiz eta paperak bere burua ordaintzeko nahikoa lan izan, bere burua ordaintzen duen hedabideen artean dago. Aldiz, Interneten webgune ona kaleratu nahi baduzu, horrek kostu batzuk dauzka eta itzulera ekonomiko gutxi.
Internetekoak ez al du bere burua sostengatzen?
Ez. Paperean badituzu kostuak, inprentakoak, banaketakoak, baina horren ordaina zuk jasotzen duzu, irakurleak zuri ordaintzen dizu. Interneten erabiltzaileak telefono operadoreari ordaintzen dio.
Praktikan paperak du indarra, teorian digitalera begira gaude.
Praktikan ere digitalean ari gara. Smartphone-ak, iPad-ak direla, mila euskarri dauzkazu nahi duzun informazioa jasotzeko eta nahi duzun momentuan, kioskoa etxean daukazu. Erosoa da eta Interneteko kontsumoak gora egingo du, beti ere jendea ohituz doan neurrian. Zeren gaur-gaurkoz diferentzia handiak daude adin tarteen arabera. Belaunaldi berriak etorri ahala hazi egingo da Interneteko kontsumoa. 5-10-15 urte barru duda barik…
Teknologiekin hezitako jendea izango da.
Jauzia ez da izango iragarri zaigun bezain bat-batekoa eta azkarra, baina tendentzia hori izango da.
Hausnarketa txostenean bi solairuko eraikina aipatzen duzue; informazio orokorreko hedabideak (publikoak eta bestelakoak) goian eta behean tokiko hedabideak, bi solairuak harremanetan. Azaldu gehiago, mesedez.
Bi solairuena beste modu batez azalduko dut. Egoera berrietara egokitu beharra edukiko dugu denok, tokiko prentsak, prentsa nazionalak, telebistak, eta abar. Egokitzapen horrek lau zutabetan oinarrituta egon behar du. Batetik, efizientzia gehiago bilatu beharko dugu bakoitzak bere esparruan, lantokian eta eginkizunetan. Efizientzia diodanean esan nahi dut gauzak ondo egitea baliabide gutxiagorekin. Bigarrenik, efizientzia lortzeko lana erraztuko diguten elementu teknologikoak beharko ditugu. Hirugarrenik, berrikuntza, berrasmatzea. Seguruenik atzo ondo zegoenak gaur ez du balio. Laugarrenik, amarauna, baina ez naiz ari Interneteko amaraunaz. Nahi duten hedabide guztiek harreman sare bat osatuko lukete. Amarauna ez dut ulertzen gauza simetriko bat bezala, nik hau ematen dut eta hau jasotzen dut, batzuek gehiago emateko aukera edukiko dute eta gutxiago jaso. Asimetriak egongo dira eta onartu beharko dugu bata bestea baino indartsuagoa izango dela. Baina jakin beharko dugu amaraun horretan jokatu beharko dugula denok, bakarka nekez egingo dugu aurrera.
Amarauna osatzen ari al da?
Gure asmoa tokiko hedabideen artean elkartrukerako ohitura batzuk sortzea da. Badaude iniziatiba batzuk, esate baterako, iragarkilaburrak.com, Berriak sortu zuen webgunea. Goienatik iragarki labur asko joaten dira horra. Berria.infok eta gure webguneak [Goiena.net] hitzartua daukagu informazio trukea. Tokiko hedabideen artean telebista programen trukea badago. Hobetuz joango da trukea, esate baterako telebisten esparruan, oso garestia delako tokiko telebista mantentzea eta egunean hamar orduko programazioa ematea.
Tokiko hedabideek eduki orokorragoak lantzeko aukera mahai gainean jarri duzue.
Beti errebisioan egon behar duen kontzeptua da tokikotasuna. Orain hogei urte tokikoa herrikoa zen, gaur egun tokikoa izan daiteke eskualde geografiko, administratibo edo soziologiko batekoa.
Bestalde, erabiltzaileak webgunera jo eta tokiko informazioa nahiko du, baina prezio berean zerbait gehiago ematen badiozu hobe. Adibidez, munduko albiste garrantzitsuenak ere ematen badizkizut zerbitzu gehigarria ari natzaizu eskaintzen. Bestela zera gertatuko zaio irakurleari: hedabide hau dauka eskualderako, beste hau Gipuzkoarako, beste hau Euskal Herrirako, eta mundukoak jakiteko beste hau.
Dagoeneko lantzen al da informazio orokorragoa tokiko hedabideetan?
Aldatu da tokikotasun kontzeptua, lehen oso zurruna zen. Dorre Bikiak erori eta han zegoen eskualdekoren bat [Debagoienakoa] aurkitu behar genuen Dorreen berri eman ahal izateko. Notizia ez da gure eskualdeko bat han egotea baizik eta Dorreak erori direla. Denbora behar da norabidea aldatzeko.
Tokikoak eskualdekakoak izatea ezinbestekoa al da?
Tokiko hedabideak herrikako ekimen xumeen bidez sortu eta garatu dira, baina horrek ere ekarri du desoreka. Eskualde batzuetan sortu dira, beste batzuetan ez, eta beste batzuetan ez dute asko iraun. Araban ez dago tokiko hedabide askorik, Bizkaiko Ezkerraldean ere apenas.
Zer esan Nafarroaz.
Gaur egun bizi dugun egoeran eta etorkizunean, Gipuzkoako eredua, herrikako hedabideak izatea, ez dakit Euskal Herri osora zabal daitekeen eta ez dakit efizientea den euskara biziberritzearen ikuspegitik. Irakurriko duzu debalde etortzen zaizun hori, baina hori baino garrantzitsuagoa da jendea euskaraz bizi izaten ohitzea. Horretarako hedabide indartsuak behar dira, Interneten informazioa une oro, telebista… Alde horretatik, herriko aldizkaritxoa mugatua da. Erabiltzaile euskaldunak ez dauka erdaldunak izan dezakeen montaje komunikatiboa eskura. Horretarako enpresa ikuspegia behar da, eta kopuruak, ekonomikoak eta erabiltzaileari dagozkionak.
Eskualdea da eredu?
Izan daiteke. Zerbaitetan ados jarri behar dugu eta esan dezagun eskualdea, baina agian Gipuzkoan era batera egin daiteke eta beste lurraldeetan beste era batera.
Tokiko hedabideak doan izateak zein alde on eta txar izan ditu?
Duda barik, ekarri ditu onurak. Bestela irakurtzen inoiz hasiko ez zen jendea irakurtzen hastea ahalbidetu du. Baina perbertsoa da pentsatzea erdarazkoak ordainekoa izan behar duela eta euskarazkoak beti dohainekoa. Truke kontzeptuak beharko luke: zuk egiten duzuna erakargarria bazait ni ordaintzeko prest nago. Beraz, baliabiderik ez baldin badaukazu eta egiten duzuna ez bada niretzat erakargarria, erdarazkoa ordainduko dut, eta euskarazkoa dohainik jasotzen segiko dut. Hori ez da abantaila euskararentzat.
Hamabostean behin etxeko buzoian lagatzen dizuten aldizkaria oso interesgarria izango da etxera iritsi zaizun ostiral horretan, baina beste hamabost egunetan nola elikatu zara? Joan beharko duzu kioskora eta erosi beharko duzu Gara, El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa edo Berria, eta zoritxarrez, euskaldun gehienek gaztelerazkoak hautatzen dituzte.
Politika hori aldizkari horrentzat balekoa da, baina hor geratzen da. 800.000 euskaldunak euskaraz bizi ahal izatea nahi baldin badugu, onartu beharko dugu lehenago edo geroago ordaindu egin beharko dela. Jauzia egiteko, beste diru sarrera batzuk beharko ditugu. Emailearen eta hartzailearen arteko dialektikak egon beharko du, nik zuri eskatu egingo dizut, baina orain baino gauza hobeak emango dizkizut. Hamabostean behin ordez astero emango dizut eta Interneten egunero izango duzu nire berri, esate baterako.
Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak murriztu dizkie tokikoei eta 2013rako hobekuntzarik ez duzue espero.
Jaurlaritza baino instituzio denak aipatuko ditut: Jaurlaritza bera, foru aldundiak eta udalak. Batetik, geroz eta diru gutxiago daukagu. Bestetik, ez dezagun ahaztu instituzioek alde administratibo-profesionalaz gain, alde politikoa dutela eta hor alderdiak daude. Alderdiek beste gauza batzuk dituzte agendan, euskarazko hedabideak ez. Ez dira lehentasun, ez da parlamentuan horretaz hitz egiten. Inertziaz jokatzen dute administrazioek eta alderdiek. Alderdi bat ailegatzen denean instituziora zer egiten du? “Zer ematen zuen aurrekoak? Hainbeste. Nik diru gutxiago daukat, bada gutxiago”.
Esaten dugu euskarak bizirauteko hezkuntza, administrazioa eta hedabideak behar dituela. Badakigu, gutxi gorabehera, zer pentsatzen duen edozein alderdik hezkuntzan eta administrazioan euskara kudeatzeari buruz, baina hedabideez zer uste duten ez dakigu ezer.
Horrela segiko al dugu?
Elkartea [euskarazko hedabideen sektorearena] ari gara sortzen. Urte aberasgarriak izan dira barrura begira eta administrazioarekin etorkizunean izan genezakeen solaskidetzari begira. Gure nahia, diru-laguntza kontzeptua hitzarmen kontzeptuaz ordezkatzea da. Lau urterako lasaitasun ekonomikoa emango lieke bide horrek hedabideei, eta egitasmo berri eta erakargarriagoak abiarazteko aukera.
Bertsolarien kasua da agerikoena: euskaraz eta erdaraz egiten duten hedabideetan, euskarazko bertsioan soilik dira ezagutarazten. Horrez gain, bistaratu da beste titular interesgarri hau ere: Euskal Herriko 11 hedabideren 2023ko lana aztertuta, Euskal Herrikoa ez den kanpoko... [+]
Duela hamabi urte sortu zen Naiz agerkaria, Gara egunkariaren atari digital moduan, eta denbora horretan Iñaki Altuna izan da zuzendaria. Aurrerantzean, Ane Urkiri (Mutriku, 1993) izango da Gara egunkariaren Naiz atari digitalaren zuzendari berria. Hedabide horretako... [+]
Ikusiker Ikusentzunezkoen Behategiaren txosten berrienak euskal gazteek informazioaren / albisteen kontsumoan duten interesa aztertu dute. Emaitzak interesgarriak dira; laburbilduta, informazioaren interesa egon badago, eta informazio-iturri fisa, sare sozialak dira gehienen... [+]
Sare sozial horretako hainbat erabiltzaileri zozketa bat irabazi dutela dioen mezua bidali diete kontu faltsutik, euskara txukunean idatzita. Mezua jasoz gero, ez klikatu esteka eta ez eman datu korronteari buruzko daturik, iruzur bat da eta. Euskalerria Irratiak kontu hori... [+]
Hemen eman ahal zaio atxikimendua manifestuari. Agerraldi herritarra egingo da ekainaren 21ean, 19:30ean Amurrioko Udaletxearen aurrean.
40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]
Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]
Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.
Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak
1988ko azaroaren 7an egin zuen lehen emisioa Iruñerriko irratiak. Urteurrena aitzaki hartuta, Zentral aretoan “musika eta hitza” uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute.