"Prentsako marrazkia muturrean jotako krotxeta da"

  • Erosi liteke egunkari bat marrazki batengatik soilik?

Michel Iturria
Michel IturriaDani Blanco

Behin batean, 1950eko hamarkada hastapenean...

14na urterekin Bordelera mudatu behar izan zuten guraso euskaldunen seme marrazkizale porrokatua nintzen. Haurtzaro ttipia da marrazkiaren urrezko adina. Haurrek ez dute artea egiteko marrazten, elkarri istorioak kontatzeko baizik. Gainera, pasadizo horiek zirrimarratu ahala bizi egiten dituzte. Horixe da marrazketaren esentzia. Ziur nago zinezko marrazkilariak, prentsakoak zein komikilariak, eboluzioaren fase horretan geratzen garela betiko. Gure etxean apenas zegoen libururik baina ez zen egunkaririk falta. Izugarri elikatu naiz Sempé eta Chaval bezalako maisuengandik. 10 urterekin garbi neukan marrazkilari izan nahi nuela. Cartoonist da ingelesez ikasi dudan lehen hitza. Egun osoa pasatzen nuen marrazten. Prentsako zein komikietako irudiak kopiatuz trebatzen nintzen. Lizeoko marrazketa irakasle gehienek baztertu egiten ninduten ordea, irudi klasiko eta konbentzionalagoak zor nizkielakoan. Hor konprenitu nuen Arte Ederrek ez nindutela asebeteko. Horrexegatik, Zuzenbidea ikasia eta marrazkilari autodidakta naiz.

Sud Ouesten nola sartu zinen ikusita, bokazioa baino gehiago zen zurea.

Garai gozoagoak ziren. Egunkari handietan ez zegoen alarmarik, ez seguratarik, eta sarrera eta erredakzio-buruaren artean filtro gutxi batzuk baino ez. Nagusiarekin hitzordu bat hartu, lizeotik atera, eta marrazkien arduradunaren aurrean plantatu nintzen. Ene marrazki afrusak erakutsi nizkion, baina ez ninduen bota. Alderantziz, armairua zabaldu, eta Chaval eta Sempé nire idoloen marrazketa prozesua nolakoa zen azaldu zidan. Zur eta lur utzi ninduen. Hamabost egun berantago hantxe nintzen berriz, ikasitakoa praktikan jartzen zuten irudiak karpetan. Sarri-sarri joaten nintzaien, ahuldade une batean marrazki bat argitaratu zidaten arte. Hortik landa, pixkanaka etorri da dena. Gaurko begiekin aztertuta zientzia fikzioa ematen du. Orain, inork ez du gaztetxo hasiberri batekin denborarik galtzen, eta egiari zor, egunkarietan ere marrazkientzat geroz eta toki txiki eta jakinagoa dago. Prentsako umorezko marrazkilariak desagertzear gauden espeziea gara. 1974an eskuratu nuen marrazkilari politikoaren karneta. Ordutik hona, kazetari kopurua laukoiztu egin da, eta sei marrazkilari politiko gehiago baizik ez gara. Ez da egon araberako garapenik.

Zein da zure marrazkien papera?

Kazetaritza egiteko beste modu bat da. Batzuek idatzi egiten dute, bestetzuek filmatu edo argazkiak hartu, eta nik marraztu. Napoleonek zioen krokis txiki bat diskurtso luze bat baino eraginkorragoa dela, eta ni sinetsita nago ideia bat pasarazteko ez dagoela prentsako marrazkia baino hoberik. Alabaina, kazetari konbentzionalak pentsaera arrazional bat garatu eta argumentu zerrenda bat harilkatu dezake, ados egon ala ez, ikuspegiaren jatorria agertzeko. Nik ez. Prentsako marrazkiak ez du ñabardurarik onartzen, muturrean jotako krotxeta da. Horrek babesik gabe uzten zaitu, zure burua defendatzeko askoz baliabide gutxiagorekin, eta ardura gorenera behartuta zaude. Edozer adieraz dezakezu marrazki bidez, baina etengabe neurtu behar duzu testuinguruaren hotz-beroa. Esaterako, Tolosako sarraskiaren ustezko egilea etxean inguratzen dutenean, hanka puntetan marraztea dagokizu, zuhurtzia arduratsuz. Inork ezer ez dakienean ezin dituzu hipotesietan oinarritutako lainoak sortu. Testuinguru hori aintzat hartzea da zure ideiak pasarazteko bide bakarra. Erreakzio kolektiboaren itzultzaileak gara.

Nekeza da noiznahi hanka sartu dezakezula onartzea?

Zuhurtziaren sena garatu egiten da, baina ez pentsa, oraindik ere zientzia politikoetako ikasle bat naizen irudipena dut. Egunkari anitz irakurtzen dut, artikulu andana mozten, artxibatzen... Ezinbestekoa zait kultura politiko zorrotz eta irizpideduna elikatzea. Ibilbide oso baten esperientziak eta eskarmentuak ere anitz leuntzen didate bidea. Tolosako hiltzailearen kasura itzuliz, adibidez. Orain hamar urte oso egoera berdintsuan nengoen nire marrazteko mahaiaren aitzinean ekintzaile zoro batek bilkura-areto batean zortzi zinegotzi erail zituenean. Pentsa, orduko marrazkia errepikatu nezakeen. Bertsolariaren oso antzeko mekanika eta funtzionamendua da nirea. Gaurkotasunak arazo bat pausatzen dit egunero, eta nik egun ona ala txarra izan, aldiro erantzun bat marraztu behar dut. Horregatik esaten dut nire lanaren zati handiena ideia atzematea dela, eta marraztea azken-burukoa. Ideia aski goiz otu zaidanean eta marrazkia fintzeko garaiz nabilenean, zoriontsua naiz, eta bestela ba... Horixe da generoaren legea, horixe dagokidana. Denbora gehiago izango banu aspertu egingo nintzateke, eta azkar sortzeko premiak esna eta bizirik mantentzen nau.

Zer harreman duzu politikarekin? Eta politikariekin?

Politikaren degradazioa, amerikanizazioa, hor dago. Egun, askoz gehiago da unean uneko erreakzioen kontrabandoa, ideien talka baino. Hori hala, iduri luke tarte estuagoa uzten diola marrazkilariari, baina dekadentzia hori altxor agortezina da satira grafikorako. Botereak edozein gertakariren aurrean lege berri bat sortzeko duen joerak, edo isilik ez egoteagatik egindako adierazpen erridikuluek, urre-gorri bila jartzen gaituzte etengabe. Politikariekiko harremanari dagokionez, lepoa jarriko nuke marrazkilari batek ez duela hurbilegi egon behar politikariengandik. Politikariak seduktoreak dira definizioz, limurtzaileak. Maila on samarreko agintari batekin bazkaltzen baduzu beti utziko dizu hausnarrerako esaldi parea, eta nahi ala ez, horrek asko baldintzatzen du zure lana. Egunero zirikatzeak –eta zikiratzeak– ez du esan nahi miresten ez ditudanik. Alderantziz. Horrexegatik nahiago dut ez hurbildu. Gainera, nire kazetari lagunen bidez iristen zaizkit euren komentario eta gorputzaldiak. Ez dut sekula ahantziko, Bordele bankarrotaren amildegian jaustear zegoen sasoian, Chaban-Delmas orduko alkate ospetsuak, nigatik botatakoa: “Esaiozue eltxoari utz nazala bakean, ziztatu dezala beste bat!”. Hori baino laudorio ederragorik!

Nahi duena nahi bezainbat ziztatu dezake eltxoak?

40 urte hauetan ene askatasuna handitzen joan da. 1974an, Pompidou lehendakaria hil eta kanpaina presidentzialean eguneroko kolaborazioari ekin nionean, mesfidantzak zeuden, nire marrazki guztiak zuzendariaren bulegotik pasatzen ziren. Pixkanaka, kazetari arduratsua nintzela ohartu ziren, eta zuzendariak erabaki beharrean erredakzioaren gainbegiratuarekin funtzionatzen hasi ginen, nire espazioa lortu eta nire eremu librea irabazi arte. Orain, arazo bat baldin badago baizik ez didate hots egiten eta nik argitaratzeko erantzuten diet. Zergatik? Eremu aske horren espiritua biziki ongi kontrolatzen dudalako. Arras ongi dakit ezin dudala ez-dakit-nor aita santua sodomizatzen marraztu. Charlie Hebdo da karikaturista eta probokazioaren kazeta, ez Sud Ouest. Nirea beste lan bat da, karikatura editoriala, eta ez naiz konbentzitu parrokia batentzat ari. Nik ezker muturretik hasi eta Marine Le Pen bozkatzen duten irakurleak dauzkat parean. Nire marrazkiak denei iradoki behar die zerbait, eta ariketa delikatu horretan, arrantzale bat baizik ez naiz. Amua botatzen dut, arraina harrapatzen saiatzen naiz, baina ezin dut arraina lehorreratu aurretik haririk puskatu. Hori hala, ez uste aita-santuaren sodomia ezin marraztuta autozentsuratzen naizenik. Bestelakoa da nire estiloa. Ez daukat Berlusconiri txilibitua, gezurteroei sudurra nola, luzatzen zaiola marraztu beharrik. Hori denok ikusten dugu marrazkian ageri ez arren.

Zure eremu librearen espirituaren jabe izanik, zure marrazkiek eragingo dutena aurreikusten duzu?

Bai eta ez. Esaterako, behin hartz zuri bat marraztu nuen iceberg baten puntan ontzi bateko marinelei “Pirinioetan lana kausitzen badidazue prest nago beltzez tindatzeko!” esaten. Klima aldaketaz hitz eta pitz ari ziren batean marraztu nuen, baina ez zitzaidanez bereziki gustatzen, karpetan gorde eta beste marrazki bat bidali nuen. Handik puska batera, klima aldaketak goiburuetan zirauen inspiraziorik gabeko egun gris batean, irudi hori igorri nuen beste erremediorik gabe. Gauzak zer diren, marrazki hori izango da jendearen laudorio gehien bueltan ekarri didanetako bat. Beste batzuetan, aldiz, badakizu irribarrea bermatuta daukazula. Strauss-Khan-en urkabea eskuentzako eta buruarentzako zuloez gain gerri-pareko zulo txikiago batekin marrazten dudanean, badakit biharamunean festa egongo dela tabernan. Bestalde, zorionez, kriki-krakak eragin ditzaketen tirak ere antzematen ditut. Adibidez, lehen aipaturiko Chaban-Delbasi buruzko pare bat neuk eraman nituen zuzenean erredakziora faxez igorri beharrean, ederki nekielako arantzatsuak zirela. Osterantzean, nire posizioa defendatzen eta zaintzen saiatzen naiz. Sarkozyri ez diot inolako maitasunik, eta egunero ebentu edo astakeria bat sortzen tematuta dagoen arren, ahalegintzen naiz egunero ez egurtzen. Hori egingo banu nire marrazkiak banalizatuko lirateke, eta nik nire sinesgarritasuna galduko nuke. Egunero ideia bakar bat besterik ez dut, bala bakar bat, eta ongi aukeratu behar dut nor jo.

Hauteskunde sasoian gaudenez, egin dezakezu kanpaina?

Oraingo kanpainan jokoan dagoenak ez nauenez bereziki kitzikatzen, kanpainari buruz marrazten dut kanpainarik egin gabe. Baina 2005ean, Europako konstituzioari buruzko erreferenduma zela eta, Frantziako editorialista ia guztiek baiezkoaren aldeko kanpaina sutsua egin zuten. Nik alderantziz. Oso irrigarria zen Sud Ouesten gertatzen zena. Editorialak baiezkoa goresten zuen irtenbide argi eta inteligenteena zela azpimarratuz, eta nire marrazkiek baiezkoa neurriz kanpoko zentzugabekeria zela agertzen zuten.

Ahantzi behar ez dena da, egungo prentsa orokor eta nagusia ez dela gehiago iritzi prentsa, iritzi aniztasuna islatzen saiatzen den prentsa baizik. Horregatik, zure burua non kokatzen duzun jakin behar duzu etengabe. Nik arau batzuk betetzen dituen eta umore kode bat duen herrialde batean egiten dut lan. Horrek ez du justifikatzen egungo Frantziako prentsako marrazkia eskasa eta tristea izatea oro har. Eskerrak El País-eko El Roto edo ingelesak fuerte dabiltzan. Hori bai, ingelesek oso umore eskatologikoa darabilte, eta kazeta serioenean ere kaka eta pisa dira nagusi. Nik ezingo nuke hori sekula hemen marraztu. Nahi ala ez, nik Akitanian egiten dut lan, Montaignen herrian, eta Montaignek neurria du ezaugarri. Horrek asko markatzen du.

Frantziaren zilborra Paris izanik, aldapatsuagoa da errekonozimenduaren bidea Akitanian gelditzea erabakitzen duenarentzat?

Bordele ez da existitzen paristarrentzat. Bakoitzak bere herrian lan eginez bere herria biziarazi behar duen logikan errotu nintzen ni ere, eta hautu hori larrutik ordaindu dut hastapenetan. Ez bazaude Parisen, ez zara inor, etengabe gutxiesten zaituzte, eta hori oso mingarria da gaztea zarenean. Oso gaitza da ulertzea zergatik ez zaren paristar bat baino onartuagoa eta ezagunagoa, bera baino hobea izanik ere. Baina zurean segitzen baduzu, tantaka-tantaka iristen zaizkizu onarpena eta ospea. Goiz ala berant, talentua gailentzen da. Gainera ni borrokalaria naiz, eta ez dut beldurrik izan Sud Ouestekoaz gain Parisko prentsa den legerik gabeko oihan horretan nire dohainak neurtzeko. Lan egin dut Le Monde-rentzat, Libération-entzat, edo Télérama-rentzat, eta gehienetan disgustura aritu banaiz ere, nor nintzela erakusteko balio izan dit. Behin hori eginik, haizea hartzera bidali ditut denak, ederki bainago Sud Ouesten, eta hemen dudan askatasunaren inbidiatan bizi baitira nire ofiziokide asko. 66 urte bete berria naiz alta, eta garbi daukat hauteskunde kanpaina bukatzean utzi egingo dudala nire eguneroko marrazkia. Egunkariko arduradunei ozen esan diet: “Nire gutiziazko lanetan eta bestelako proiektuetan segituko dut, baina Sarkozyrekin batera erretiratzen naiz!”. Bai, beti marraztuko dut baina bada garaia Damoclesen ezpata buru gainetik kentzeko.

Erretiratu aitzin aitorpen bat: erraza izan da zuretzat euskal gatazkari buruz marraztea?

Mingarria izan zait ETAri buruz marraztea. Bi fase izan ditut. 1987ko Hipercor-eko atentatura arte ETArekiko sinpatian dantzatzen nuen eskumuturra. Beste anitzi bezala, borroka noblea, zintzoa eta beharrezkoa iruditzen zitzaidan. Aitzitik, atentatu hura bihurgune erabakigarria izan zen niretzat. Indarkeriak ez ginderamatzala inora sentitu nuen, gaiarekiko ikuspuntua errotik aldatu zitzaidan, eta ez dakit Sud Ouesten argitaratu ditudan marrazki batzuk hegoaldean argitaratuko nituzkeen. Onartzen dut marrazki batzuk oso barrutik eta oso gogorrak atera zitzaizkidala, baina ez pentsa ondo pasatzen nuenik marrazten. Atentatu bat zegoenero jota gelditzen nintzen, eta katalanek urratutako bidetik zer irabazi askoz probetxugarriagoa genuela sentitzen nuen. Ez da samurra bihotza hainbeste korapilatzen dizunari buruz marraztea. Horrexegatik marraztu nuen gustura baino gusturago kaputxa erantzi eta ETAren pintada ezabatzen zuen ETAkidearen tira. Beste gauza askotarako bezala, hor ere damu naiz euskara ez ikasirik, marrazki horiek askoz eraginkorragoak eta sinesgarriagoak izango baitziren euskaraz eginik.

Nortasun agiria

Diasporako euskaldun hau 1946an sortu zen Bordelen. Marrazkilari iaio, eta prentsako marrazkiaren maisu, 1964an argitaratu zioten lehen marrazkia Sud-Ouest egunkarian, 1974tik gaur arte etengabeko kolaborazioan dihardu, eta orotara ia 13.000 marrazki argitaratu ditu. 1989an, Frantziako umore zitalaren eta Asanblea Nazionalak ematen duen umorearen saria irabazi zituen, eta garai hartako hauteskunde gauak zuzenean ilustratzen zituen Antenne 2-n. Horrez gain, Les Rubipèdes komiki bilduma ezagunaren egilea da, eta Bordeleko Akitaniako museoak bere ibilbide osoa zeharkatzen duen erakusketa zoragarria eskaintzen dio ekainaren 3ra bitartean. www.iturria.blogs.sudouest.fr-en daude bere marrazkiak ikusgai.

Azken Hitza
Mahomaren karikaturak

“Hastapenetik ikusi nuen zer zetorren. Jakin beharko litzateke Danimarkako egunkari horrek zergatik eta zertarako nahi zituen Mahomaren karikaturak, baina argi zegoen tximista erakartzen ari zirela. Marrazki batek, zilegitasuna izango badu, egoera batek justifikatu behar du. Nik asko marraztu dut burkari buruz, baina ez inor erasotzeko, gizartean pil-pilean zegoen eztabaidari erantzuteko baizik. Ez zait burutik pasatzen Mahoma edo beste inori buruz inolako motiborik gabe marraztea. Horrek ez du esan nahi krispazio handiko aroan bizi ez garenik. 1970ean, Cabu-k Mahoma karikaturizatu zuen, eta ez zen ezer pasa”.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude