Hondorik gabeko krisia

  • Michel Hussonen ustez kapitalismoak ezin izango du jada berdin aritu, sistema amildegiaren ertzean ikusten du. Hemen bere artikulu luzeagoaren bi atal itzuli ditugu: lehenean Europako burgesiak krisiaren baitan dituen kontraesanei buruz dihardu eta, bigarrenean, kapitalismoak krisi honetatik ateratzeko dituen oztopoei buruz.


2012ko urtarrilaren 29an
Angela Merkelek, batez ere, eta Nicolas Sarkozyk zuzentzen dituzte EBko gobernuetako krisiaren hariak.
Angela Merkelek, batez ere, eta Nicolas Sarkozyk zuzentzen dituzte EBko gobernuetako krisiaren hariak.

* Michel Husson, ekonomialaria da eta Frantziako Estatistika eta Ikasketa ekonomikoen Institutu Nazionalean ari da lanean. LCRko zuzendaritzakoa izandakoa.

Europako gobernatze burgesaren krisialdia

Logikari segituz, kapitalismoaren aurkakoek beren ideia politikoak aurrera eramateko erabili behar lukete krisialdia. Errealitatea, zoritxarrez, arras bestelakoa da: ezker erradikalak ez du benetan aurrera egiten; sozialdemokrazia eta eskuina, bozketaz bozketa, txandakatzen dira boterean; eskuin nazionalistaren gorakada nonahi agertzen da. Egoera horren jatorria ulertzeko, jakin behar da krisialdiaren izaera sistemikoa dela eta Europan eraikuntza zapuztu baten kontraesan espezifikoekin konbinatzen dela.

Esan daiteke Europa eraikitzeko erabili den molde neoliberalak eta moneta bakarraren hautuak bumeran-efektu bat sortu dutela. Hori, nagusiki, soldaten diziplinarako tresna gisa pentsatua zen: Truke-tasarekin jokatu ezin zenez, soldata zenbait nazioren ekonomiak monetagune berean elkarrekin bizi ahal izateko doikuntza-aldagai bakar bilakatu zen. Baina sistema ez zen koherentea, eta iheserako bi aldagai bazituen. Moneta bakarra izateak ekartzen du interes-tasen bat-etortzea nominala izatea, kasu horretan, beheranzkoa. Efektu gaiztoa honako hau zen orduan: bere prezioak gaizki kontrolatzen dituen herrialde batek interes-tasa erreala are apalagoa du, eta horrek zorpetzean oinarritua den hazkunde bati egiten dio mesede. Horrez gain, moneta bakarrak, definizioz, merkataritza-defizitak herrialde bateko monetaren gain duen itzulaldi-efektua desagerrarazten du. Espainia bi efektu horiez baliatu zen, eta hazkunde azkarra izan zuen, eta, horren ondorioz, langabeziaren atzerakada ikusgarria lortu zen. Baina hazkunde hori “boom” ekonomiko batean eta merkataritza-defizit izugarri batean oinarritua zen.

Horrek guztiak ahal bezala funtziona zezakeen, baina krisiak agerian utzi zituen, bortizki, modelo neoliberal europarraren inkoherentzia horiek. Egunez eguneko konponketetatik harago, Europa bidegurutze handi batean dago: edo urrats bat aurrera, zorren mutualizazioa berehala ahalbidetuko lukeen federalismorantz, edo eurogunearen leherketa gerta liteke. Europako burgesiak ez direnez bi aterabide horiek onartzeko prest, krisia oso sakona da, hainbesteraino non ez daitekeen Europako burgesia batua denik esan ere, ez baita Europako kapitalik existitzen, ez eta Europako Estaturik ere.

Lau “aktore” bereiztekoak dira, sinpleki azaltzeko: multinazional handiak, bankuak, finantza-mundua eta klase menderatzaileetako gobernuetako ordezkariak. Gai askotan erabat ados daude, beren funtsezko klase-interesak tartean badaude: oraingo egoeran, guztien ikusmoldea da egoera uzkailtzeko krisiaz baliatuz xok-terapia bat aplikatzea. Krisia atzerakada soziala urrunago eramateko aukera da: gastu publikoak apaltzea, soldatak izoztea, erretiroen kontraerreformak egitea, eta abar.

Baina interesezko komunitate hori ez dago krisiak areagotzen dituen barne-kontraesanetatik at. Elkarri buru egiten dioten bi ardatzen arabera azter daitezke; alde batetik, Estatuak eta kapitalak eta, bestetik, finantza-mundua, kapitalismoaren beste zatien aurkaria. Klase menderatzaileen ikuspegiaren arabera, oraingo egoerak kontraesan horiek kudeatzeko gero eta ezintasun handiagoa du ezaugarri.

Zor burujabeen krisia lehen kontraesanaren erakusle da. Kapitala, orokorki, ez da jada herri bateko edo besteko egoeraz kezkatzen, bere errentagarritasuna eta merkatu-partaidetzak baizik ez ditu kezka nagusitzat. Alabaina, ez salbideek ez eta ere ekoizpen-kateek ez dituzte multinazionalak lurralde jakin bati lotzen, baina, zailtasun-egoerak agertzean, beren erreferentziazko Estatuei buruz itzultzen dira. Kapitalismo mundializatuan, Estatuaren kontrola errentagarritasunerako baldintza orokorrak segurtatzera mugatzen da, gero eta gehiagotan. Hala, Carlos Ghosnek, Renault enpresako lehendakari eta zuzendari nagusiak, hauxe zioen Financial Times-i egindako adierazpenean (2010eko ekainaren 2an): “Renault ez da dagoeneko frantses ekoizlea”; “Renault frantsesa da; Renaultek bere oinarria Frantzian du” (Europe 1, 2010eko ekainaren 13an). Hain zuzen ere, zailtasunetan zirenean, frantses Estatuak auto-ekoizleei aurreratu zizkien behar bezainbeste funts. Ez gara, jada, Boukharinek duela kasik mende bat deskribatzen zuen kapitalismo mundializatu batean, hau da, Estatuak eta kapitalak gainezar zitezkeeneko garaian.

Berritasun handia da multinazionalen zerumuga mundiala dela eta ez dela eremu nazionalera mugatua, ez eta Europakora ere. Boukharinek, garai hartan, “goi-protekzionismo” bat aipatzen zuen, harentzat “kartelen ekonomia-politikaren estatu mailako formula” zena. Gauzak aldatu egin dira, eta ez daiteke haren kontra kexatu kapitalismoaren eraldaketak aurreikusi ez zituelako. “Desmundializazioaren” aldarrikatzaileek ez dute hark bezalako iritzirik; izan ere, merkataritza-protekzionismoa proposatzen dute, produkzioa mundu osoan hedatua izango ez balitz bezala. Egoera berri horrek asimetria sakona sortzen du: Estatuak “beren” kapitalen zerbitzuko dira, baina horiek barne-merkataritza dinamikotik libratu dira. Bizkitartean, Estatuek, hala ere, herrialde bakoitzaren barruan, klaseen arteko harremanak kudeatzen segitu behar dute. Beren eginkizuna da, besteak beste, krisia haien herritarrei ordainaraztea.

Bigarren kontraesana da finantza-munduak, bankuek eta Estatuak elkarri aurka egiten diotela. Hori indar berezi batez agertzen da gaur egun, finantza-mundua herrialdeetako zorren kontra espekulatzen ari baita, zeharka, eta, horren ondorioz, bankuen porrot egiteko arriskua eragiten dute, horiek zorren zati handi bat daukatelako. Hiru aktoreen arteko mugak (bankuenak, finantza-munduarenak, Estatuenak), bistan denez, zehaztugabeak dira eta, batez ere, lausotasun handikoak. Baina interes-gatazka horiek berak daude izugarri ezegonkorra den egoeraren oinarrian. Europako burgesien baitan gertatzen diren eztabaidak burgesiaren “gobernatze”-krisi sakonaren erakusle dira. Eztabaida horiek Greziako zorraren balizko makur baten ondorioek sortzen duten kezkan (ez bada izuan) dute funtsa. Gobernuak, senari jarraituz, aurrera doaz, bi helbururekin: krisiaren ordainagiria beren herritarrei pagaraztea, baina, halaber, beren bankuek porrot egitea saihestea.

Arriskua eztanda bikoitza da. Greziako zorraren makur saihestezinengatik, bankuak galerak izateko mehatxupean dira, eta, galera horiek berak neurtzeko, zailtasunak dituzte. Gaur egun, bankuetako ekonomisten zati handi bat barneko estres-testak lantzen ari da, eta eder egiteko baizik balio ez duten simulazio ofizialak baino errealistagoak izaten dira test horiek. Emaitzak aski kezkagarriak dira, hainbesteraino non banku zenbaitek, txokea aurrez ikusita, Greziako zorraren kontrolpeko berregituraketa bat onartu duten hurrengo ordaintze-eperaino. Baina Europako Banku Zentralak defendatzen duen ikusmoldeak erabat ukatzen du ikuspegi hori. Horren kezka da beste herrialde ahuldu batzuetara heda dadin, Greziako zorra baino ondorio askoz larriagoekin. Aburu dogmatikoaren helburua, batez ere, denbora irabaztea da, “finantza-merkatuak lasaitzeko”, zailtasunetan diren herrialdeetan egoera hobetuko delakoan.

Gauza bat seguru da, hain zuzen: inork ez dezake inolaz ere pentsatu Greziak bere zorra ordaintzeko ahalmena izan lezakeenik. Bloomberg-eko editorial-egileak honela dio: “Greziak beste salbamendu-plan bat lortuko balu eta bere ekonomia berriz abiatuko balitz ere, gobernuak, hiru hamarkadaz, Barne Produktu Gordinaren %5eko soberakin primarioa libratu behar luke –zorraren zerbitzutik kanpo– euroguneko arauek baimentzen duten BPGaren %60ko hein maximora apaltzeko. Horrelako balentria fiskala oso arraroa da, baita 5 urteko epean ere, are gehiago Greziaren kasuan”. Azken salbamendu-planak oharpen hori bazter batean baizik ere du erakusten.

(…)

Etorkizun buxatua

Atzeraldi guztiek tentsioak eta kontraesanak sortzen dituzte, eta horiek agerian gelditzen dira hazkundea berrabiaraztea xede duen ekonomia-politika gidatzeko moduan. Berrikitan gertatutako “atzerapen handiaren” kasuan egia da, bereziki, baina azken hori krisialdi sistemiko baten sintoma da: Kapitalismoak ezin izango du inoiz lehen bezala funtzionatu. Ezinezkoa da business as usual-era edo “Hogeita hamar oparoetako” kapitalismo oparora itzultzea.

Krisialdiak ekarritako garaiak ezjakintasun sakonak ditu ezaugarri. Bere erara hortik ateratzeko proiektuan, kapitalismoak lau oztopori egin behar die aurre; aurreko artikulu batean, “dilema” izena eman zitzaien oztopo horiei:

1. banaketa-dilema: Etekina berrezartzeak hazkundeari aurka egiten dio, eta aberastasunen banaketa desorekatua eragin lezake, berriz, eta, hala ere, hori krisialdiaren arrazoi sakon bat da.

2. aurrekontu-dilema: Defizit publikoen murrizteak gastu publikoen apaltzea dakar ondoriotzat, jendartearenganako efektuak aipatu gabe, atzeraldi-joerak areagotuko baititu. “Zuhurtasun-neurriek susperraldiaren abiadura gutxitu lezakete”, Nazio Batuen Erakundeak berrikitan plazaratutako txosten batek dioenez...

3. Europako dilema: Arbuio hirukoitza hori dela eta —zor publikoen mutualizazioarena, bankuen benetako ekarpen batena eta finantza-munduari eustearena—, eurogunearen leherketa-arriskua ez da baztertu behar, bata bestearen ondoko akatsen ondotik.

4. mundializazio-dilema: Desoreken murriztea ez daiteke munduko hazkundearen abiadura gutxitzekotan baizik lortu. Nazio Batuen Erakundearen txostenean, jadanik esaten da “munduaren susperraldia ekonomia garatuek balaztatu dutela”, eta azpimarratzen da badela arriskua “koordinaziorik gabeko munduko ekonomiaren berrorekatzeko”.

Lau dilemak elkarri estuki lotuta daude; kapitalismoaren “erregulazio kaotikoa” erakustera ematen dute, kapitalismoak ez baitu gaitasunik kontraesan handiko interesekin bateragarria litzatekeen ibilbide iraunkor bat marrazteko krisialditik ateratzeko. Mobilizazio soziala modu bakarra da kapitalismoa aterabiderik gabeko egoera horretarik aterarazteko saiakerari oztopo egiteko, non gizartearen erregresioa are gehiago handitzen ari baita eta herrialdeen arteko tentsioak muturreraino eramaten ari baitira. Baina horrek ere badakar mobilizazioak ikusmolde alternatiboetan oinarritu behar izatea. Borroka-maila handia da mobilizazio horietarako baldintza. Beraz, eginkizun historikoa, gaur egun, ezker erradikaleko indarrak batzean datza, austeritatearen kontrako erresistentziaren eta noraezean dabilen sistema baten logikarekin apurtuko luketen helburuen arteko zaldaina izan beharko duen programa baten inguruan.


Azkenak
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-05 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude