Palmaresa, familia-bazkari gisa ulertua

'Los pasos dobles' filmeko taldea, Urrezko Maskorrarekin.
'Los pasos dobles' filmeko taldea, Urrezko Maskorrarekin.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Izebak, osabak, lehengusuak, arrebak, anaiak, koinatak, suiak, errainak eta amona, eta baita, seguru, ahaztu dudan beste baten bat; denak ikusi ditugu astebetean pantailatik pasatzen eta postreen ordua iritsita, tarta nahikorik ez guztientzat. Familia beti da injustua. Zinemaldia ere bai: Adikos kosmos eta Los pasos dobles larregi mimatu ditu eta beste zenbait berriz, gutxiegi edo batere ez.

Zer da ba familia, tautologia besterik? Familia familia da eta familia familia delako, nola utziko diozu Greziako lehengusuari etxera esku-hutsik itzultzen, han gauzak nola dauden jakinda, ia hegazkina pagatzeko ere ez zeukan eta. Tori, tori, zuzendari onenaren saria eta gizonezko aktore onenarena eta ez esan ezetz niri, e!

Festibal honetako ume mimatua Isaki Lacuesta izan da, dena den: esperimentutik harago gauza handirik eskaintzen ez zuen Los pasos doblesek maskor handiena irentsi du eta bost kilo gizenduta itzuliko da etxera. Mimotik baino, merezitakotik dute gehiago Maria Leónen sariak –Sail Ofizialeko emakumezko aktore onena ez bada izan, onenen artean egon da, sindudarik gabe, La voz dormidan jokatu duen neskame andaluziar xaloa–, baita Kisekik eta Le Skylabek eraman dituztenek ere. Baina sari txikiak dira, besteen aldean.

Hemendik aurrera pelikulak bakarrik geratuko direnez, nik azken hori, Le Skylab, gomendatuko nioke edozein ikusleri: Julie Delpyk egin du Sail Ofizialean ikusi dugun film onenetakoa, bazkari familiarra aitzakia, garai oso bat erretratatuz; eta trofeo handiagorik eraman ez duenez, merezi zuen, gutxienez, artikulu honi eman diogun senitarteko kutsua, ezta?


Donostiako Zinemaldia kanalean gehiago
2025eko irailaren 27
Jay Kelly
Aktore bakartia

2025eko irailaren 27
Winter of the Crow
Zikina

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...