Deslokalizazioaren urratua Arabako lautadan

  • Daewoo Electronics-eko 147 langileak kalean geratu dira oporretatik bueltan. Krisiak deslokalizazioak larriagotu ditu; enpresa korearrak Gasteizko lantegiarekin egindako sarraskiak iragartzen du lan gatazka odoltsuen garaiak hasi direla.

Daewooko langileak kalera atera dira behin eta berriz azken asteotanArgazki Press/ Juanan Ruiz
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gasteizko Jundizeko poligono erraldoian bada etorbide madarikatu bat. Lehenik Saunier Duvalen txanda izan zen; faktoria galdaragileak 67 lagun despeditu zituen 2010eko amaieran. Ondoren etorri dira Esmaltaciones San Ignacio eta Daewoo. Horrela, 7 milioi metro koadroko azalera duen poligonoaren erdi-erdian orbain sakona ikus daiteke orain. Hiru enpresok deslokalizazioaren biktima izan dira: Vaillant multinazional alemaniarrak eraman zuen Saunier Duvalen produkzioa Eslovakiara, Esmaltaciones San Ignaciok eraman du berea Marokora eta Daewook Hego Koreara.

Deslokalizazioa ez da gauza berria Euskal Herrian. Espainiako Funcas aurrezki kutxen fundazioak egindako ikerketa baten arabera, 1999tik 2006ra enpresa multinazionalen %60k alde egin zuen EAEtik. Baina badirudi egungo krisiak deslokalizazio olatu handiagoa ekarri duela: iraileko aste bakarrean, 600 lagunetik gora geratu dira lan-kontratua desegin dien enplegu-erregulazio espediente (EEE) baten pean, tartean Ezkirotzeko BSHko 178 langileak eta Beasaingo Indar lantegiko 140 behargin –multinazionalen esku, biak ala biak–. Lanik gabe geratutakoen perspektiba, gainera, ez da behi lodien urteetakoa: abuztuan 182.136 lagun zeuden Hego Euskal Herrian lanik gabe, eta horietatik ia erdiak ez du jadanik langabezia saririk jasotzen.

Daewoo eta urrutiko intxaurrak

Daewooren itxierak lurrikara sortu du jendartean, multinazional horren kasua paradigmatikoa baita. 1997an ezarri zen Araban eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa funtsezkoa izan zen horretarako. Aberastasuna eta lanpostuak ekarriko zituela ziurtatu zuten; 72 milioi euroko inbertsioa eta 412 lanpostu hitz eman zuen Daewook hozkailuak egiteko. Industria sailak 18 milioi euroko diru laguntzak eman zizkion eta horrez gain pizgarriak jaso zituen zerga hobarien eta lur subentzionatuen bidez. Baina txakurrarena egin zuen. Inbertsioa eta lanpostuak ez ziren erdira ere iritsi, eta lan prekarioa besterik ez zuen sortu; hiru hilabeteko greba bat izan zen ordaina. Ondorioz, 1,8 milioi euro itzultzeko eskatu zion Jaurlaritzak Daewoori. Bestalde, etxetresna elektronikoen sektoreko patronalak gogor egin zuen Daewook izan zituen laguntza publikoen kontra eta Europar Batzordean salatu zuen kontua. Europak “Estatu laguntza” gisa hartu zituen subentzioak eta horrez gain opor fiskalak ikertzeari ekin zion; horiek ere legez kanpokotzat jo ditu.

Daewooren itxiera EAJk 90eko hamarkadan erakundeetatik bultzatutako politika industrialaren porrot gisa hartu dute zenbaitek, laguntzen bidez artifizialki eraikitako gaztelua bailitzan. Aitzitik, atzerriko inbertsioa erakartzea gobernu guztien grina izan da. Lopezen exekutiboak, esaterako, Invest in the Basque Country agentzia jarri du martxan aurten SPRIren bidez, atzerriko kapitalak EAEn inbertitu dezan sustatzeko.

Atzerriko inbertsioarena aho biko labana da ordea. Dirua eta lanpostuak eraman ditzake ekarri dituen moduan: “Ez zaizkigu interesatzen erosi eta eraman egiten duten enpresak”, zioen SPRIko presidente Tomas Orbeak berriki. Euskal Herrian industria autoktonoaren pisua handia da beste herrialde batzuekin konparatuta, baina badaude zenbait eskualde multinazionalen dependentzia dutenak, batez ere Lapurdin, Nafarroan eta Araban. Araban, Merkatal Ganberak 2007an zioen industriako hiru langiletik batek gisa horretako enpresetan egiten zuela lan, Michelin eta Mercedes Benz tarteko. Geroztik itxi dira Newell, Cegasa, Kennametal, Kemen, BH, Ceplastik, Thaiser… Horietako gehienetan deslokalizazioaren eta atzerriko esku beltzen itzala egon da atzean. 2011ko lehen seihilekoan Eusko Jaurlaritzak 76 EEE onartu ditu Arabako lautadan; erkidegoko kopururik altuenetakoa du eskualdeak.

Opor osteko ezustekoa: egunez ikusi eta gauez…

Gasteizko Plaza Berrian Daewooko langileak kamisetak probatzen ari dira. Kartelak eta bozgorailuak prest dituzte, enpresa batzordeko kideek Javier Maroto alkatearekin hitz egiten duten bitartean kontzentratzeko. Abuztuaren 22an Jundizeko fabrikara lanera itzuli zirenean ateak itxita aurkitu zituzten, makina batzuk desmuntatuta zeuden eta 10.000 hozkailuko stocka egun gutxitan handik eramanda.

“Duela urtebete hasi ziren lehenengo EEEak eta hasierako pentsamendua izan zen, ‘ostras parora noa’, baina beste batzuk ere horrela zeuden. Hala ere, enpresak ez zuen inbertitzen eta sumatzen genuen zerbait bazetorrela, horregatik hasi ginen uztailean mobilizatzen”. Estibaliz Azpitarte, 36 urteko gasteiztarra, Daewoo Jundizen ezarri zenetik aritu da bertan lanean. Uda honetan ez da oporretan inora joan: “Oporrak ondo izorratuta pasatu ditugu. Nik nahiago izan dut hemen geratu, zer etorriko zain”.

Daewook “merkatuari dagozkion arrazoiak” labur batekin kitatu nahi ditu langileak, baina Eusko Jaurlaritzak ez dio behin betiko EEEa onartu, dokumentazioa falta dela esanez. Enpresak lantegia “hiltzen” utzi dutela diote Daewooren Gasteizko langileek, Europan laster derrigorrezkoa izango den A+ eta AA+ zigiluko hozkailuak egiteko inbertsiorik ez duelako egin. Aldiz, Hego Koreako Incheon hiriko fabrikan zigilu horietako hozkailuak produzitzen hasi dira.

Egiaz, enpresa aspalditik dabil bere negozioa saldu nahirik, 1999an Daewoo talde-munstroak kiebra jo zuen Asiako finantza krisiak eraginda, bere filial ugari banandu egin ziren, tartean Daewoo Electronics, besteak beste Jundizeko plantaren jabea. Daewoo Electronics hartzekodun batzuen menpe dago egun eta Enthekap firma irandarrarekin eta Electrolux suediarrarekin negoziazioetan ibili da azken hilabeteotan enpresa saltzeko, 529 milioi euro daude mahai gainean, baina ez dute arrakastarik izan.

Gurasoak eta hipotekadunak

Gasteiztarrek ondo dakite langileen borrokak nola diren. Memorian dituzte trantsizio garaiko gatazkak edota Caballitorena bezalako greba luzeak. Hainbat lagun sinadurak biltzen ari da kaleetan: “Babes eta animo asko jaso dugu, baina denetarik dago, batzuek uste dute diru eske goazela”, dio Idoia Tejedorrek. Duela lau urte Daewoon hasi zenean, ez zitzaiokeen burutik pasa ere egingo sinadura biltzen amaituko zuela. “Etxean esaten nuenean bota egin nahi gintuztela ez zidaten sinesten. Baina tira, beste batzuk ni baino okerrago daude, seme-alabekin eta abar”. Lantalde gaztea da eta gehienak hipoteka batean sartuta daude, asko seme-alaba txikiekin, eta badago kalean geratu den bikoterik ere.

Etorkizunari begira, enpresako zuzendaritzarekin izan beharreko negoziazioak dituzte buruan. Badakite prozesu luzea izango dela, bi asteko epean apenas mugitu baita ezer tramiteetan, baina presioa egiten utziko dute errestoa: “Ezin duzu beste ezertan zentratu –dio Estibaliz Azpitartek–, nik estudiatzen hastea pentsatu nuen, baina ezin izan dut, hau konpondu arte behintzat, ez”.

Jose de Miguel: "Enpresak bezeroei telefonoa eskegi die, lantegia hiltzen utzi dute"

Oporretatik bueltan lantegia itxita eta stocka eramanda aurkitu duzue, ez al zarete mugimenduez ohartu?

Bai noski, uztailean hasi ziren, hautsa hartzen urteak zeramatzaten molde zaharrak txatartegian saldu zituzten.

Uztailean salatu zenuten lantegia “hiltzen” uzten ari zirela. Irailean hasi den kaleratze prozesuan aurkitu al duzue beste frogarik hori baieztatzeko?

Detaile oso adierazgarria ikusi dugu. Eusko Jaurlaritzara joan ginenean esan ziguten enpresa ez zitzaiela laguntza eskatzera joan, lantegia aurrera ateratzeko edo langileei irtenbidea emateko. EEEa entregatu zuten eta alde egin zuten. Lehenengo aldia omen da horrelako zerbait pasatzen dela. Ez duzu sikiera laguntza eskatzen? Ez, ez zuten horrelakorik behar, lantegia hiltzen utzi nahi zutelako.

EEEa “txapuza” bat izan dela esan duzue, Eusko Jaurlaritzak dokumentazio gehiago eskatu behar izan du.

Hor ikusten da EEEa aurkezteko argumenturik ez dutela, bestela ez lukete horrelako arazorik izango. Baina sinatu gabeko paper batzuk aurkeztu dituzte, inork ikuskatu gabekoak, zigilurik ere ez dute.

Enpresak esan du edozer dela ere itxi egingo duela.

Mehatxua egin dute, besterik da hori egin dezaketen.

Eusko Jaurlaritzak EEEa atzera botaz gero, negoziazioa hasiko litzateke zuzendaritzaren eta langileen artean. Zer lehenetsiko duzue? Hasi zarete indemnizazioetan pentsatzen?

Ez dugu indemnizazioez hitz egin nahi, gure lanpostua mantendu nahi dugu. Indemnizazioa segituan amaitzen da, denok dugu familia bat edo hipotekaren bat; etorkizun bat nahi dugu.

Zeinena da ardura?

Enpresarena. Oso gaizki kudeatu du kontua eta utzikeriaz jokatu du. Baina erakundeek ere badute zer esanik, Eusko Jaurlaritzak 6 milioi euro eman zizkion baina gero ez zituzten planak konplitu.

Daewoo bere negozioa saldu nahian ibili da, zergatik baina?

Beste nonbait inbertitu nahi dutelako agian. Arraroa da, EEEan ez dute arrazoi ekonomikorik azaltzen, produktiboak eta teknikoak baizik. Baina arazoa ez da produkzioa, badakigu bezeroek ez dutela eskaerarik atzera bota; aldiz, enpresak zuzenean telefonoa eskegi die askotan.

Urte hauetan lan baldintzek zer bilakaera izan dute?

360 euro kobratzen hasi ginen eta grebara jo behar izan genuen jasanezina zelako, gazteak ginen baina ez tuntunak. Gero, soldatak igotzen joan dira, baina 2008an, berriz ere, greba egin behar izan genuen. Topera produzitzen ari ginen, 900 hozkailu eguneko, eta hala ere, ez zituzten gure baldintzak hobetu nahi, krisia aitzaki hartuta. Aberastasuna eta garapena ekarri beharko lituzkeen enpresa batek, hamalau urtetan gatazkak besterik ez ditu sortu.

Zer babes jaso duzue erakundeetatik?

Eusko Jaurlaritzak EEEa eten zuen, egin behar zuena egin zuen. Babes handia izaten ari gara, baina eduki genezake gehiago. Askotan ahoa betetzen zaie enpleguaren alde. Esmaltaciones San Ignaciokoak ere greban dira. Enplegua defendatzeko aukera paregabea dute orain.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enplegua
Ikasleen osasun emozionalak hartu du eskola

Eskolak gero eta arazo psiko-sozial eta emozional gehiago antzematen dituen garaiotan, zein dira ikasleek azaleratzen dituzten korapilo nagusiak? Nola kudeatzen dute hezitzaileek hori guztia eta noraino iristen da eskola? “Hainbat kasuk gainezka egiten digu, baina ezin... [+]


2025-10-07 | Jon Torner Zabala
Sei hilabeteko grebari amaiera eman diote Gasteizko lorezainek, lan baldintzak "nabarmen hobetzea" lortuta

Araban izan den grebarik luzeenetakoa izan da Gasteizko lorezainek egindakoa. Asteartean amaitu da, udalak azpikontratatutako Enviser enpresak eta langileen ordezkariek (LAB, ELA eta ESK) akordioa lortuta. Martxoaren 26an hasi zuten greba lorezainek, soldata duinak... [+]


2025-09-16 | Jon Torner Zabala
Gasteizko lorezainek Olarizun ere agertu dute haserrea, greban ia urte erdi daramatenean

Ohiturari jarraituta, astelehenean Olarizuko zelaietan agurtu dute uda gasteiztarrek. Aurtengoa, ordea, desberdina izan da, egunak argitu duenetik presente izan baitira lorezainen aldarrikapenak, greba hasi zutenetik ia urte erdia bete denean.


2025-09-11 | Gedar
Kaleratzeen kontra, lanuzteak egingo dituzte Maderas de Llodioko langileek

Laudioko fabrikako jardunaren zati bat tokialdatu nahi du zuzendaritzak, 39 behargin kaleratuz.


2025-08-28 | LAB sindikatua
38 urteko garraiolari bat hil da Erriberrin

LABek jakin ahal izan duenez, Iruñeko garraiolari bat hil da asteazken goizaldean Erriberrin, lanerako zerabilen kamioia bidetik atera eta irauli ostean.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Bi langile hil dira lan istripuetan pasa den astean

Abuztuaren 13an, 54 urteko Nafarroako garraiolari bat hil zen Bartzelonan deskarga lanak egiten zituen bitartean. Hurrengo egunean, Errenteriako Merkaoiartzunen 58 urteko langilea hil zen istripu ez-traumatiko baten ondorioz.


2025-07-15 | ARGIA
Sanferminak amaituta, Iruñerriko autobusek greba utzi dute, irailera arte

Zerbitzu minimoek eragin handia izan dute Iruñerrian jaietan. Negoziazioan aritu dira, baina ez dute akordiorik erdietsi. Normaltasunez jardungo dute udan, eta irailean berrartuko dituzte lanuzteak.


Trapagarango Amazon zigortu dute, langileen osasunerako eskubidea urratzeagatik

Hainbat irregulartasun egitea egotzi dio Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak: batetik, istripuei buruzko dokumentuak ezin direla bateratu, eta bestetik, istripuaren izaera lanekoa den ala ez erabakitzea ez dagokiola Amazoni.


2025-07-03 | Leire Artola Arin
Marbellako zerbitzari baten egunerokoa: prekaritatea, gehiegikeria eta turismoaren mendekotasuna

Udako opor hauetan ez dira gutxi izango Andaluziako eguzki eta ur epel bila doazen euskal herritarrak. Kontrako bidea egin zuen Ana Geranios (San Pedro Alcántara, Andaluzia, Espainia, 1988) kazetari eta idazleak martxo amaieran, Euskal Herrira etorri baitzen Costa del... [+]


2025-07-01 | Uriola.eus
BBK Live jaialdiak langileak esplotatzen dituela salatu du LASek

Bilboko Bilboko Kontseilu Sozialistaren Laneko Autodefentsa Sareak BBK Live jaialdiko lan-baldintza prekarioak argitara atera nahi ditu, baira horien erantzuleak seinalatu. Horretarako, solasaldia antolatu du uztailaren 2an.


Galdakao-Usansoloko eta Gernika-Lumoko ospitaleetako “prekaritatea” salatu du ESK-k

Sindikatuak adierazi du bi ospitale horietan behin-behinekotasunean daudela langile gehienak, eta ordezkapenak ez direla bermatzen; ondorioz, langileen lan-karga areagotzen dela. Gehitu du larrialdi zerbitzuetan “gainkarga” dagoela.


Sergio Ayucar (BSH): "Prozesuari eustea oso gogorra izaten ari da; mediku-bajak bikoiztu egin dira"

Eskirozko BSH lantokia ixteko asmoa plazaratu zutenetik lan taldearen mediku-bajak bikoiztu baino gehiago egin direla salatu dute gaur: "Abenduan prozesua hasi zenean lan taldearen %4 zegoEn bajan, orain %13 baino gehiago dago", adierazi du Sergio Ayucar BSHko langile... [+]


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


Eguneraketa berriak daude