Pipa hartzia lizentzi

  • Atea zeharkatu orduko kamareroak zeure gustuen berri dakien lokal zaharrera sartzea da zinema beltza ikustea: eskatu gabe ateratzen dizute edatekoa, bete beharreko arauak ezagunak direlako bezero zein zerbitzariarentzat. Plazer parekagarri gutxi. American Way Of Death zikloan, azken hogei urteotako zinema beltz amerikarrari errepasoa egingo dio Zinemaldiak. Zer aldatu da, ordea, genero beltzean?


2011ko irailaren 18an
George Clooney, Anton Corbijn-ek zuzendutako 'The American' filmean. Zikloko beste zenbait lanetan legez, hiltzaile bakartia da pelikulako protagonista.

Gauza bat, nagusiki: Deabruak zirrikitu bat irabazi duela. Geure baitan dugun borrero sadikoaren kontzientzia hartu dugula. Hilketen arrazoia desarrazoirantz eta plazer psikotikorantz hurbiltzen dela gero eta gehiago. Garai bateko dama-joko aurrikusgarria gidoi konplexuagoetan gauzatzen dela orain. Gutxitan izan arren, gaiztoak irabazle direla. Barkatzen zaiela hiltzaile izatea, baldin eta krimena modu sortzailean gauzatzen badute –lapurrekin enpatizatzen aspaldi hasi ginen–.

Jenio txar horiek utzi

Zinema beltza, konbentzionala baino eskuzabalagoa da gizonezko aktoreen fisonomiarekin; emakumezkoenarekin ez hainbeste. Geure inkontzienteak bikotea aurkitzeko orduan simetria bilatzen duela diote, eta Hollywoodeko ekoizleak ere simetriaren alde lerratzen dira eskuarki: Cruise, Pitt, Clooney, Damon... Edertasun mota hori hobesten da. Suhi zintzoarena. Zinema beltzak, ordea, arauak hautsi eta pipa hartzia lizentzi duenez (crack pipa zein automatikoa), asimetria baimendu eta saritzen du, sudur eta hortz okerrak, ile eskastua edo kalpar moldagaitza: Steve Buscemi, Nicholas Cage, Adrien Brody, Michael Imperioli edo Tim Roth bezalako aktoreen ibilbidea beste bat litzateke zinema beltzak eman dizkien aukerarik gabe. Tormentua, jenioa, neurosia eta patu alkoholiko-kriminala adierazteko ildokatuta dute bisajea. Ondo baliatu zuten hori Coen anaiek Fargon Buscemirekin edo eta John Dahlek Nicholas Cage-ekin, Red Rock West filmean. Gomendagarria izan liteke bi filmok elkarren segidan ikustea, akabuko ironia parekatzeko: filmeko motorra den diruarekin zer gertatzen den batean eta bestean.

Alde ilunaren deia boteretsua da, ordea, eta zinema beltz amerikarraren karietara euren burua gaiztoen larruan jarri eta hiltzen ere utzi dute zenbait aktore “simetrikok”. Anton Corbijnen The Americanen, esate baterako, hiltzaile bakartiaren larruan sartuko da George Clooney, armagintza artesautzarekin parekatzen den istorio batean. Tom Cruisek ere Collateralen hiltzaile eskrupulorik gabekoa jokatuko du, eta berdintsu Denzel Washingtonek Training Day filmean, polizia ustelarena eginez –polizia ustel gehiago nahi duenak, ikus dezala Pride and Glory–. Kinka morala gertu da beti: film noir interesgarrietako ikertzaile mesfidatiak badaki legea hautsiz justizia egin edo legea errespetatu eta justiziarik ez erdiestearen artean dagoela sarri hautua. Zein da erabaki zuzena? Etengabeko ataka horrek ematen die indarra film askori.

Bestela hezurrak hautsi

Biolentziaren sublimazioa egiteko modua aldatu da zinema beltz klasikoarekiko? Pistola kalibreei buruz hitz egitea eguraldiari buruz hitz egitea bezala izan dadin ohitu gara. Aurki ikasi dugu Los Angeleseko poliziak 9 mmko Beretta erabiltzen duela eta harako serie-hiltzaileak .44 kalibrea duela nahiago. Odolaren agerpena esplizitatu egin da. Behialako porno basatiaren eta snuff movie estetikaren irakaspenak jaso dira, bi hauei neurri jasangarri bat eman eta B sailari etekinak ateraz, nahiz eta nabarmena den AEBetan muga gehiago dituztela sexu eszenak grabatzeko orduan, bortxazkoak grabatzerakoan baino –Europan, aldiz, alderantziz da–. Bi adibide: Michael Madsen Reservoir Dogsen belarri moztuari hizketan, edo Robert Downey Juniorren hatz ebakia izotzetan Kiss Kiss Bang Bang umore beltzeko film autoerreferentzialean –sail honetako hainbaten arazo berbera du azken honek: hain goian hasten da, zaila baitu gero mailari eustea–.

Film gehienetan, ez gaitezela engaina, zenbait muga igarotzen dituen pertsonaia zigortu egingo da amaieran. Ez beti, jakina, eta hor dago agian azken hogei urteotako gaizto askoren xarma eta ekarpena. Gogoratu Basic Instinct filmean ohepean agertzen den izotz-sastakaia, edo, oroz gain, Bryan Singerren The Usual Suspects gogoangarrian Kevin Spaceyren ahotan entzun genuen esaldia: “berau existitzen ez dela sinestaraztea da Deabruaren trikimailurik onena”.

Eta neska mainontziak, zer?

Gizonezkoen mundu honetan, Sharon Stone eta Kathryn Bigelow apartatu beharko genituzke. Lehena, 90etako mito sexual bilakatu zelako Basic Instinct filmari esker, Uma Thurmanek erreleboa hartu zion arte gaizto fatalen ligan. Mikel Garmendia zenak lelo zaharberritu polita utzi zigun hari buruz: “El hombre propone y Sharon Stone”. Bigelow zuzendaria berriz, anbizio handiko Strange Days filmagatik aipatu behar dugu hemen. James Cameronek bultzatutako egitasmoa izanagatik, aldendu egiten da topikoetatik, milurtekoaren amaieran kokatutako proposamen batekin: errealitate birtuala, ustelkeria poliziala eta giro apokaliptikoa nahasten dira LAko gau suburbial sutsuan. Luzeegia izatea, pena bakarra.

Tentsio sexualaz harago, saihestezina da taldeen arteko borrokak aipatzea ere: poliziek zein gaizkileek dituzten barne gatazkez eta haien arteko aurrez aurrekoez gain, komunitate beltz, latino eta italiarren artekoak, kasu. Hizkuntza nagusia ingelesa da, nola ez, baina bikotekideari gazteleraz egiten zaio errietan eta mesedeak italieraz edo errusieraz eskatzen dira. “Gazteleraz ez badakizu hilda zaude hemen” diotsa Denzel Washingtonek Training Day filmean Ethan Hawkeri.

Boogie Nights

Aipagarria da 1970eko hamarkadak zuzendari hauetako askoren filmografian duen pisua, haietako gehienen gaztaroarekin bat datorrelako, ziurrenik. 1960ko hamarkada amaierako protesta arrazialak, New Yorkeko blackout ospetsua eta garaiko egunkariek aipatutakoak sarri dira paisajearen parte. Garaian borborrean zegoen musika ere primeran txertatzen da film hauetako giroan: disco musikak eta groovie edo funk doinuek ezin hobeto laguntzen diote erritmoari. Lorpen hau Tarantinori atxiki zaion arren, ez da bera bakarra izan, Summer of Sam bikainean Spike Leek egiten duen errepaso musikala itzela baita: Roy Ayers, Heatwave, Thelma Houston, Chic, First Choice, Marvin Gaye... Horiek guztiak gidoiaren parte dira ia, gatazkan sartuko baitira Adrien Brodyren pertsonaiaren bizimolde punkarekin.

Eszenatokiak, bestalde, Amerika Sakonaren hutsune sentipena –dela basamortukoa, dela izotzezkoa– erakutsi nahi diguten salbuespenak albora utzita, LA eta New York dira ia beti, lehena freeway edo zirkunbalazio laberintikoen hezurmamitze gisara, eta bigarrena, erlauntza-labirintu edo infernuaren sukurtsal den heinean. Infernuaren bertsio agorafobikoa (LA) eta infernu beraren aldagai klaustrofobikoa (NYC), funtsean. Amerika aukeraz betetako lurraldea baita. Baita gaizkileentzat ere.

Aparkatzea ere lizentzi

Nekez ulertuko genuke zinema hau autoetan erreparatu gabe: taxiak, low-rider amortiguadoredun Chevrolet Monte Carloak, Cadillacak, Corvette gorri marradunak, Lexus tuneatuak, enkarguz lapurtutako Nissan autoak... Gai dira maletategiei benetako etekina ateratzeko. Autoko kristalen gainera isurtzen ditu hiriak bere neoiak, tiroak eta hilotzak. Autoetan bizi dira pertsonaiak. Erabakiak hartzeko eta konfesatzeko lekuak dira. Diner gurpildunak. Autoetan jotzen dute larrua, autoetan hiltzen dira. Zodiac eta The Zodiac gogoratu besterik ez dago: benetako gertaera inkietagarri baten bi bertsio ezberdin, autoetan bikote gazteak akabatzen dituen serie-hiltzailea tarteko.

Finean, denetik aurkituko dugu American Way Of Death zikloan: pitzadurarik gabeko klasikoak (Goodfellas, Miller’s Crossing, Mystic River), bere garaian arrakastatsuak izan ziren film komertzialak (LA Confidential, Se7en –kreditu tituluen mundua irauli eta haietan erreparatzen hasi ginen Kyle Cooperrek egindako lanari esker–), kultuzko film eskuragaitzak (Suture), baita film lehor bezain eraginkor askoak ere (Little Odessa, Brighton Beacheko mafia ukraniarren inguruan mamitzen dena, Brooklyn gordin, negutiar eta sinesgarri baten baitan). Gaizki samar zahartu diren filmak ere badira: New Jack City, 80etako Bronxeko crackaren loraldia aletzen duen film kitscha kasu, Wesley Snipes protagonista duena (aukeran, giro berean, irensgarriagoa da Menace II Society); baina film biribilak ere barra-barra ditugu: Memento, Ghost Dog, Before the Devil Knows You’re Dead...

Zinema beltzeko arauak gustatzen zaizkionak gozatuko du gehien. Araurik nagusiena: batzuetan ia edozer dela zilegi, horrek hurrengo goizera bizirik ailegatzea ahalbidetzen badizu. Baina kontuz, gauza gero eta konplikatuagoa da... Polizia ustelak rookie gazteari diotsan bezala: “Hau xakea da, ez dama-jokoa”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako Zinemaldia
2023-10-02 | Ixone Santamaria
Donostia Zinemaldiak eman duena
Oroituko dugunaz


Sail Ofiziala. 9.eguna | Lehiatu ez diren bi lan
Dantza egiteko unea


Eguneraketa berriak daude