Pasaia eta Lezoren borondatea errespetatu

Beste behin ere, Pasaiako kanpo portuaren inguruan eztabaida piztu da. Eta eztabaida piztu da, hiru aste lehenago sinatutako akordio baten bidez demostratu nahi izan denean proiektua “atzera bueltarik gabea” dela eta “batasuna” dagoela Sustapen Ministerioaren, Lakuaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Pasaiako Portu Agintaritzaren artean. Espainiako Ingurumen Ministerioak txostena egin du esanez proiektua “ekonomikoki sostengaezina” dela eta kalteak itzulezinak direla. Erreakzioak berehalakoak izan dira. Alde batetik, Portu Agintaritzak esan du egungo proiektua ezin dela oraingo terminoetan mantendu. Bestetik, Aldundiak, EAJk, dio “planaren osasuna inoiz baino indartsuagoa” dela.

Dena den, badaude beste eragile batzuk (udaletakoak, politikoak, sindikalak, sozialak...) herri borondatea ordezkatzen dutenak, eta Portu Agintaritzatik, nahiz Aldunditik eta Lakuatik ez zaie kasurik egin. Pasaia eta Lezoko udalek, talde politikoek eta sindikatu abertzaleek, elkarte sozialek eta ekologistek... urteak daramatzate plan horien kontra egiten, ekonomiaren, ekologiaren eta gizartearen ikuspuntutik sostengaezinak direlako. Ministerioaren txostenak arrazoi eman die horiei guztiei. Are gehiago, irtenbide alternatiboak proposatu ditu, horietako batzuk Pasaia eta Lezoko herri eragileek lehendik aurreikusitakoak. Ikuspuntu ekologikotik garbi dago kanpo portuaren proiektua ez dela bideragarria. Eta ikuspuntu ekonomikoari dagokionez, Euskal Herriak Bilbo eta Baiona bezalako bi portu estrategiko baditu, ez dago inolako justifikazio ekonomikorik Pasaian beste portu bat eraikitzeko. Eta gutxiago krisi garaietan. Larria da EAJk modu irmoan apustu hori mantentzea. Pasaia eta Lezoko herri borondatea errespetatzea, horrexek izan behar luke guztion apustua.


ASTEKARIA
2011ko maiatzaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude