Josean Bengoetxea

"Probokazioa da jendea nahi duzun bidetik eramatea"

  • Bolada ona hartu du Josean Bengoetxea aktoreak (Donostia, 1964). Telebista eta antzerkia baztertu gabe, protagonista rolak harilkatu ditu zineman, Ander filmeko baserritar homosexualaren antzezpen ederraz geroztik: Camera obscura-n, errodatu berri duen Telmo Esnalen Urteberri on, amona!-n eta laster, Los tontos y los estúpidos komedian.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2011ko maiatzaren 08a
Maleta alboan, Madril eta Donostia artean bizi da Bengoetxea: 
Maleta alboan, Madril eta Donostia artean bizi da Bengoetxea: "Beti nabil hemendik hara eta handik hona, ez naiz leku berean denbora asko egotekoa".Dani Blanco

Protagonistak egokitzen ari zaizkizu azkenaldian, baina aurretik bigarren mailako pertsonaia asko egin dituzu. Oso ezberdina al da?

Askoz ere lan intentsuagoa da protagonistarena, nekezagoa, baina prestatzeko unean ez dago diferentziarik, erronka bera da niretzat: bizitza eman behar diezun pertsonaiak dira eta maitasun eta pasio berarekin hartzen dituzu.

Antzerkian, telesail ugaritan eta zineman aritzen zara. Erraza da hiru arloak uztartzea?

Aktoreoi gehien erakartzen gaituena bat-bateko lana da eta bat-bateko lana antzerkiak ematen dizu, ikuslea hor daukazulako eta prozesu guztia momentukoa delako: pertsonaia hartu, bota eta ikuslearen erantzuna ikusi; guretzat hori da borobilena. Ausartuko nintzateke esatera artearen munduan beste ezerk ez daukala magia hori. Ikus-entzunezkoetan, zinematik telebistara alde handia dago. Zinemak asko erakarri nau betitik eta nik esango nuke gehienok zinema zaleak garela, zeinek ez du inoiz pelikularen batekin amets egin, barruan egotearekin, pertsonaiaren bat izatearekin? Baina beldurra ere ematen zidan zinemak, antzerkiak eta eszenatokiak ematen dizun askatasun eta espazio hori guztia mugatu egiten dizulako, planoekin-eta. Gero konturatu naiz teknika eta arlo bakoitzera egokitzea dela oinarria, baina lana bera dela, eta gozatzen hasi naiz zinemarekin, maiteminduta nauka mundu honek, txoratuta: kamera non dagoen, enkoadrea, soinua, raccord-a… Beldurra ematen zidaten izen horiek guztiek orain plazera sortzen didate. Eta telebistan, denek (teknikariek, gidoilariek, zuzendariak, artistok…) dena ematen dugu, baina berez makineria guztia prestatuta dago txurroak egiteko. Bakoitzaren potentzialtasun guztia ateratzeko telebistak ematen dizun ahalmena mugatua da.

Antzerkian Polvo-rekin ari zarete. Bitxia da sinopsia: gizon bihurtzen doazen bi ahizpa zarete.

Bi ahizpak iraultzaile eta ezkertiar izan dira gaztetan, munduari bira eman nahi zioten, eta gaur egun etxezulotik atera gabe bizi dira, etxeko hautsak jaten dituen bitartean eta armamentuarekin, kanpoan dagoenarekiko beldur, denak direlako etsai. Gure herrian nola bizi garen, horri buruzko metafora da. Kanpoko ekosistemak, krisiak eta denak eragina du beraien gorputzetan eta pixkanaka gizon bihurtzen ari dira. Gainbehera hori islatzen da eta horregatik, komedia izan arren, badu drama ukitua, tristura izugarrian murgilduta bizi dira, eta gogoetara bultzatzen du ikuslea. Estetika aldetik nahiko sinplea da, baina transgresio puntu bat badauka. Pentsa, nire gorputzarekin emakumearena egiten… Trabestismoa hor dago.

Gustuko dituzun gaiak eta rolak jorratzeko askatasuna ematen dizu antzerkiak?

Azken urteotan ez diot utzi antzerkia egiteari, baina zinema gehiago egin dut, eta nire kasuan, gizaki bezala zinemak gehiago aberastu nau, oso pertsonaia potenteak egin ditudalako: Anderrekin adibidez beste kondizio batzuk ezagutzeko aukera izan dut, hor daudenak, baina agian aukerarik izan ez dudalako edo ausartzen ez nintzelako, lehenago ezagutu ez ditudanak.

Kontuak kontu, niretzat orokorrean interpretazioa da betiko galderei erantzunak bilatzeko biderik aberatsena (gu nor garen, nondik gatozen, nora goazen…). Askotan, erantzunak baino galdera gehiago aurkitzen dituzu, eta ez da txarra. Bizitzeko behar dudan dirua-eta emateaz gain, niretzat interpretatzea da beste ezerekin ez bezala gizakia bera ezagutzeko aukera, gizakion bertute eta miseriak ezagutzeko, beste gizakiekin harremanetan jartzeko aukera, pertsonaia oso ezberdinak jorratzen ditudalako, eta horrek guztiak, dudarik gabe, aberastu egiten zaitu pertsona gisa.

Zuri irakurria: artea arma boteretsua da probokaziorako eta kontzientziak mugitzeko.

Bai, maite dut probokazioa, iraultza bat sortzen duen heinean. Ideologikoki, iraultzatxoak sortzearen aldekoa naiz, lehenbizi neure baitan. Ni naiz geldirik egon nahi ez duen lehenengoa, beti nabil hemendik hara eta handik hona, ez naiz leku berean denbora askoan egotekoa, eta hori bilatzen dut nire lanean ere, mugimendua: ikuslearengan probokazio bat sortzea, ez zaidalako gustatzen gauzak nola dauden. Inkonformista behar da izan eta arteak aukera ematen du horretarako. Beste ezerk ez bezala gainera, kulturalki ematen direlako iraultza handienak gizarte guztietan. Krisialditan beti kulturari egiten zaizkio murrizketa handienak eta horrek pobretzen gaituela uste dut.

Probokatzea gustuko duzula-eta, ETAko kidea izan zara hainbat filmetan: Yoyes, Celda 211, Todos los días son tuyos.

TV-movietan ere izan naiz gehiagotan, eta beste askotan ezetz esan diot rol hori antzezteari. Errespetu handia diot herri honen historiari eta historia hurbilena gatazka politiko-militar hori da; horregatik uste dut kontatu, kontatu behar dela gatazka, baina sakonki, eta proiektuei ez badiet errespetu hori ikusten, ez ditut onartzen. Batik bat guk kontatu beharko genukeela uste dut gainera, Espainian ikuspuntu kutsatuagoa dutelako. Gidoia irakurri eta zirrara eragiten badizu, eta ikusten baduzu galderak daudela gehiago eta ez erantzunak, seinale ona da. Ikusten badut erantzunak ematen dizkizutela, zerbait itxia… Nik ez daukat ezer argi mundu honetan, erantzunak ematen hasteko moduan. Telebistak joera handiagoa dauka horretarako.

Polizia ere izan zara telesail ugaritan. Hori ere probokazioa da?

Bai, Ertzaintzako buru ere izan naiz, eta horrek ni ere probokatzen nau, asko maite ez dudan lanbidea delako. Baina ez dira bereizi behar onak eta txarrak; uniforme horien azpian ere gizakiak daude, askotan ikustea kostatzen bazaigu ere. Berdin gaizkile handienaren atzean ere; Hitler antzeztea izugarri gustatuko litzaidake, adibidez. Der untergang (Hondoratzea) filmean Bruno Ganz aktoreak sekulako gizatasuna eman zion Hilterri; hori da gure lana, gizakiaren eremu guztiak ukitzea, ahalik eta pertsonaia ezberdinenak antzeztea. Gizaki bezala ekarpenik egiten ez dizuten rolei esan behar zaie ezetz. Dena den, bada antzeztea beldurra ematen didan pertsonaia bat, noizbait eskainiko balidate: pederastarena. Semetxoa daukat gainera… Baina bestela, gaiztoarena egiten gozatu egiten dut, denok dugulako kartzela txiki bat zenbait muga gainditzeko, eta interpretazioaren bidez aukera hori daukazu.

Zein neurritan baldintzatu zaitu fisikoak? Rol oso ezberdinak antzeztu dituzu eta ez dirudi enkasillatuta geratu zarenik.

Horrelakoak entzutea pozgarria da, batek beti daukalako gauza antzekoak egiten dituen ideia, eta toki batzuetan esaten dizutelako pertsonaia konkretu batzuk egiteko fisikoa duzula, azentua… eta ideia hori buruan izateak asko mugatzen gaitu aktore gisa, baina galaiarena egiteko fisikoa ez badut ere, esparru zabala daukat antzezteko eta egia da pertsonaia ezberdinak egin ditudala.

Zineman Urteberri on, amona! errodatu berri duzue, alzheimerrari buruzko komedia beltza. Ez da erraza izango rol komikoa baina aldi berean sakona eta ñabardura dramatikoak dituena antzeztea…

Ez, ez da erraza, baina niri asko gustatzen zaizkit horrelako istorioak, umorea dramarekin edo tragediarekin nahasten denean. Askotan muga non dagoen ez dakizu eta hori ere probokazioa da. Probokazioa da jendea nahi duzun bidetik eramatea: etor zaitez nirekin, orain barrez ari zara, baina segi nirekin eta bizitzaren beste aldea erakutsiko dizut… Teknikoki bere zailtasunak ditu eta horrek ere asko erakartzen nau. Zuzendariak bideratu egiten zaitu, zuzen joateko oharrak ematen dizkizu, baina autoa zerorrek daramazu. Urteberri on-en hustu egin gara, lan talde guztia, eta egun batzuk behar ditugu egin duguna baloratzeko, baina oso-oso intentsua izan da eta ez daukat zalantzarik zeresana emango duen pelikula izango dela.

Ander filmarekin aktore onenaren sari ugari jaso dituzu, bere sexualitatea deskubritzen duen baserritarraren rola antzeztuz. Nola izan da Ander antzeztea?

Gidoia irakurtzerakoan jada irudi oso potenteak zeudela ikusi nuen eta horrek iraultza txiki bat sortu zidan barruan; nire burua biluztu beharrak, ez fisikoki bakarrik, beldur pittin bat ematen zidan. Baina gidoia nolako maitasunarekin idatzita dagoen ikusteak zirrara piztu zidan; aurreiritziak baztertu, istorioan murgildu eta sufritzen ari den pertsonaia horrekin maitemindu nintzen.

Filmeko baserria herriaren metafora gisa ikusten dut nik: leihoak itxita dituena, kanpokoaren beldur garelako, eta azkenerako ireki egiten dituena. Egia da hainbeste maite dudan herri honek ito ere egiten nauela batzuetan; aukera zein da: alde egitea ala leihatila horiek irekitzen hastea? Herria bera aberasteko garrantzitsua da ateak munduari irekitzea, pelikulako baserriak egiten duen moduan: beste sexu kondizioei, etorkinei, familia eredu berriei, emakumearen askatasunari…

Horren haritik esan izan duzu Ander-eko zuzendaria (Roberto Castón galiziarra) euskalduna ez izateak lagundu zuela begirada irekiagoa ematen, ez hain endogamikoa.

Gure kontuez guk hitz egin behar dugu, baina kanpoko laguntza izatea ere garrantzitsua da, tarteka aldentzeko, perspektiba hartzeko; osasuntsua da. Castón ez da euskalduna baina baserri mundua ezaguna du eta sentsibilitate handiko pertsona da, ikusten dakiena, aurreiritzirik gabe. Guk askotan ez dugu ikusten, iritziak aurrez finkatuta ditugulako.

Distribuzio arazoak izan ditu hasieratik pelikulak. Castón kexatu da bi faktore nagusi daudela atzean: gaia (homosexualitatea) eta hizkuntza (euskara). Hala uste duzu zuk ere, ala merkatuaren politika izan da erruduna?

Denak dauka eragina: merkatuak, hizkuntzak, gaiak, pelikularen estiloak berak, baserrian kokaturiko istorioa izateak, zorte txarrak… Gaur egun ez digu gehiegi arduratzen horrek, hemendik kanpo ikusi ahal izan delako, sariak jaso ditu, ikusteko aukera izan duen asko txunditurik geratu da… Helburua zen, printzipioz, kontzientziak pixka bat astintzea eta lortu du kasu ugaritan. Mutiko baten e-posta jaso genuen, adibidez, oso emozionatuta, kontatuz bere bizitza aldatu zuela filmak. Horregatik bakarrik, lortu du bere helburua Ander-ek.

Roberto Castónekin beste lan bat egin duzu ondoren: Errudun sentitzen naiz film laburra. Eta Los tontos y los estúpidos filmatuko duzu berarekin Euskal Herrian hemendik gutxira. Ondo moldatzen zarete elkarrekin.

Bai, berak esaten du bere musa naizela, eta niri txoratuta naukate bere gidoiek, istorioak kontatzeko duen sentsibilitateak eta gaitasunak. Zientoka zuzendari izan dut eta nik zuzendariaren lana errespetatzen dudan moduan atsegin dut hark nirea errespetatzea, aktorea delako pertsonaia hoberen ezagutzen duena, eta zuzendariak ere nik dudan umiltasuna izatea gustatzen zait. Elkarlana eta elkar ezagutza izan daiteke gakoa, eta zentzu horretan esperientzia onak izan ditut azken urteotan.

Jose Mari Goenagaren Sintonia film laburrarekin ere aktore onenaren hainbat sari jaso zenuen. Bi filmetan bakardadea eta bakardadeari diogun beldurra oso presente daude. Zaila al da bakardadea antzeztea?

Bakardadea eta gainean daramagun erru sentimendua presente daude beti Castónen filmografian. Eta diozunaren harira, agian badut erraztasuna bakardadetik atera nahi duten pertsonaiak antzezteko, duela gutxira arte bakardadetik irteten saiatu naizelako beti. Ondo ezagutu dut bakardadearen leku hori eta horregatik agian ulertzen ditut halako pertsonaiak. Beti bizi izan naiz bakarrik, eta haurtzaroko eta gaztaroko momenturik magiko eta intimoenak bakarrik bizi izan ditut. Gaur egun, asko maite dut nire bakardadea, eta uste dut bakardadetik irten nahi hori ahulezia dela, bertutea dela bakarrik bizitzen jakitea, baina beldurra ematen digu, gure mamu eta munstro guztiekin bizi behar dugulako. Unerik latzenak gauean bizi ditugu, ohean bueltaka, bakarrik baldin bagaude…

Fernando Bengoetxea Pernando Amezketarra bertsolari eta plaza gizon ezagunaren oinordekoa omen zara!

Bai, nik hori familian entzuna neukan, jakin-mina piztu zitzaidan eta seminariora joan nintzen zuhaitz genealogikoa osatzera. Dena egitea lortu nuenean, ikusi nuen baietz, semearen, semearen, semearen… semea naizela, bide zuzenean. Inguruko jendeak esaten dit, hortik datozkidala izan ohi ditudan ateraldiak, baina bertsolaritik ez daukat ezer, zer egingo diogu ba.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Zinema

Zinema kanaletik interesatuko zaizu...
"Film sendagaitzak"

Bilboko kaleetara zinea, antzerkia eta hamaika kultur jarduera eraman ditu Zinegoak jaialdiak. Horietako bat Asier Altunaren azken laburmetraia izan da: Han izanik hona naiz. Joseba Sarrionandiaren liburuaren izenburu bereko ipuin bat oinarri hartuta osatu du zuzendari bergararrak 5 minutuko lana. 12 zuzendarik abiatutako Gure oroitzapenak film kolektiboaren piezetako bat da. Filma bere osotasunean Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta labur bakoitzak bere ibilbidea hartu du ordutik... [+]


2019-03-17 | Mikel Asurmendi
Pierre Prouvèze
"Oraindik ere sentitzen dugu kriminalizazioa, bai etorkinekiko bai herri gutxituekiko"

Camarade curé filma euskal preso politikoei eskainia da, Kanboko Lorentxa Beyrie presoari bereziki. Urtarrilean estreinatu zen Donibane Lohizuneko Le Sélect zinematokian. Martxoan, Donapaleu, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Kanbo eta Maulen emanen dute berriz ere. Pierre Prouvèze egilea elkarrizketatu dugu kari horretara.


Woody eta Juanmi

Woody Allen Donostiara etortzekoa omen da filma errodatzera. Berri on-ona dela esan du alkateak. Gure artean, baina, aspaldi izandakoa da. Orain berrogeita piku urte ikastetxe batean irakasle nengoela, jada gure artean zegoen artista: Allenen obrak irakurtzen genituen eta antzezten gazteekin, filmak ere ikusten genituen eta zine forum apalak antolatzen. Ez ginen bakarrak izango.

Woody Allen Donostiara etortzekoa omen da filma errodatzera. Berri on-ona dela esan du alkateak.
Juan Miguel... [+]

2019-03-05 | Arrosa Sarea
Emakumeek historian zehar egindako borrokei buruzko hiru film

Martxoaren 8ko greba feministarako motorrak berotzen goazen honetan, zinema eta telesail mundura begira jarri gara, Pikarako Maria Castejonen eskutik.


2019-02-27 | Gaizka Izagirre
"Gorakada Euskal Herrian errodatutako proiektu kopuruetan". Eta zer?

Zinea.eus atariak eman zuen albistea: “Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu berri duenez, azken lau urteetako joera gorakorrari eutsi zion iaz ere Bizkaian egindako errodaje kopuruak. Hala erakutsi dute zabaldutako datuek: orotara, 128 grabaketa egin dira 2018an”.


Afrikar emakume gerrariak Oscar sarietan

Dahomey erresuma (Egungo Benin), 1724. Emakumez osatutako ejertzitoak Alladaren aurkako gerran parte hartu zuen.


2019-02-22 | dantzan.eus
Dantza filmaren arrakasta zinemetan: 10 aste, 40.000 ikusle, kritikak eta erreakzioak

Fenomeno berezia gertatzen ari da Dantza filmarekin zineetan. Hamar aste daramatza Telmo Esnalen pelikulak zinematan: hamar aste, 56 herri eta 40.000 ikusle. Irailaren 24an aurre-estreinatu zen Donostiako Zinemaldiko sekzio ofizialean eta abenduaren 21etik Hego Euskal Herriko aretoetan da Dantza pelikula. Ikusleen aldetik erantzun ezin hobea izaten ari da; hilabete hauetan oihartzun zabala izan du pelikulak, bai aretoetan, bai komunikabideetan, baita sare... [+]


Zer egin Hitlerrekin meme digitalen garaian

Antzezpena apartekoa zen, uste dut mundu guztia egon zela ados: 2004an Der Untergang (Hondoratzea) filmean Adolf Hitlerren larruan sartu zenean, Bruno Ganzek goia jo zuen. Baita polemika eragin ere, pelikulak lider naziaren azken egunak erakusten baitzituen Berlingo bunker batetik ia atera gabe, zaharkitua, bere onetik aterea, amildua, lider sendo gisa agertu nahi eta ezin, sortu gura izan zuen inperioa pikutara joaten ari zelako bere azken maniobra militar inpotenteak gorabehera. Hitler... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude