Zi, ezkur, kuzkur

landareak
Ezkurra, Quercus ilex.Phil Sellens-CC By Sa

Intxaur eta gingil-hur bezala hur hitzetik etorriko da, noski edo, ezkur. Zi edo kuzkur ere deitzen den ezkurra. Hurra bezala ezkurra ere berebiziko jatena zen garai batean. Txerria, etxeko animalia gustukoena izateaz gain, gure aurrekoak gozo eta gori mantendu dituen lauhankakoa da. Harizti ederrik mantentzen duen Ultzama eta inguruetako bailaretan ezkurrari “pasto” deitzen diote, bazka alegia. Txerria bitarteko, ezkurra urdai bihurtuta gure bazkaren gozagarria egiten zen, urte osorako! Ezkur guztia ez zen, ordea, txerriaren urdailean ehotzen.

Erromatarrak Iberiara iritsi ziren garaiko errotetan aurkitutako irin arrastoak aztertu dituzte. Analision arabera irinaren %44 Quercus generoko ezkurrena da, eta %33 besterik ez laboreena. Quercus generoan haritza (Q. robur) eta artea (Q. ilex) aipatzen dira, batik bat, baina geurean ametza (Q. pyrenaica), abaritza (Q. coccifera), artelatza (Q. suber), haritz kandugabea (Q. petraea), ametz ilaunduna (Q. humilis) eta erkametza (Q. faginea) ezkur emaileak ezin ahantzi.

Euskaldunon urdailak ere ezkurra beratu eta ehotzea zer den badaki. Asiatik abiatu eta Mediterraneotik barrena lurra lantzen erakutsi zigun Neolitoa iristerako ezkurretik ederki tirako zuten euskaldunon haginek. Hemen baba eta ezkurrarekin egindako ogia jango zen garaian, garia eta beste laboreak mizkinzale mainatsuenen gutizia garestia izango ziren. Jende txiroarena zen, baita ere, zekalearekin egindako otasa eta, erromatarren bisitaren ondoren, gaztaina-irinezko ogia. Ameriketako bueltara arte ere ohikoa izango zen artatxiki-irinezko ogia. Joan-etorri honen ondorengoa artoa, arto-irinezko artoa edo opila.

Ezkurrera bueltatuz, Estrabonek duela 2.000 urte idatzi zuen hemen urtearen hiru laurdenetarako nahikoa jaki izaten zutela ezkurrarekin, eta haren irinez iraupen luzeko ogia egiten zutela. Garai bertsuan, Pliniok ere hemengo ezkur irinezko gozokiak aipatzen ditu. Espainian barrena oraindik ezkur ogia topatu daiteke, baita ezkur likorea ere. Hemen jakintza hori erabat galdu dugulakoan nago. Garai batean ezkurren artean gozoak, mikatzak, gaziak, eta abar ederki bereiziko genituen. Arteen artean, adibidez, mikatza da Quercus ilex subsp ilex azpiespeziearen alea, gozoa aldiz Quercus ilex subsp ballota azpiespeziearena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fruitu arbolak
2023-09-04 | Jakoba Errekondo
Ahuakateondoa eta xenofobia

Ahuakateondoak ondo emango al du hemen? Ezin konta ahala alditan luzatu didate galdera hori azken urte hauetan. Gure etxean ahuakate arbola (Persea americana) ederki bizi dela erantzuten diet eta Mutrikuko kaian hantxe dago arbola bikaina, eta urte asko da aleak ematen dituela... [+]


2023-05-29 | Garazi Zabaleta
Errota
Hur-olioa eta beste hainbat produktu, Senpereko lurretan sortuak

Vincent Trebessesek sortutako ekimena da Errota, Senperen hurrak ekoizten eta eraldatzen dituen proiektu berezia. 2008an jarri zuen martxan hur-olioa egiteko errota, hasiera hartan Ziburuko bere etxean. Hurrak kanpotik erosten zituen, baina pixkanaka proiektuan sakontzen joan... [+]


2022-11-13 | ARGIA
Gaztainondoaren garrantzia aldarrikatuko dute Oñatin azaroaren 16tik 23ra

Euskal Herriko isuri atlantiarrean gaztainondoak eta gaztainadiek berebiziko garrantzia eduki zuten nekazarien elikaduran, hemengo paisaiaren elementu nagusi ere izanez. Ez da kasik haien arrastorik geratu, ez behintzat Gipuzkoa eta Bizkaian, batetik gaixotasunek ahuldu eta... [+]


Eguneraketa berriak daude