Bakearen ondoren, politika

  • ‘Loiolako Hegiak’ liburuaren egileak, balizko bake prozesu batean jorratu beharreko gaiak aztertu ditu. Aurrekoaren prismatik begiratuta, bere ustez, eskemak zeharo aldatu ditu ETAk negoziazioa hasi aurretik armak uztean, hori izaten baita askoren amaierako helburua.

Ezker abertzaleak Iruñean egindako agerraldia
Ezker abertzaleak Iruñean egindako agerraldia "Ondorioetatik, bidea eta urratsak, Ezker Abertzale, Abian" dokumentuaren berri emateko. alderdiko ordezkaritza zabalak hartu zuen parte aurkezpenean.Argazki Press / Jagoba Manterola

Gehienok ados gaude: ETAren indarkeria bukatu da. Honetan ere bat gatoz asko: ETAren indarkeriaren amaiera ez da gatazka politikoaren amaiera. Baina hortik aurrera, baieztapenak beharrean galderak datoz: behin ETAren indarkeria amaituta, nola jarri gatazka politikoa konponbidean? Zer dator, edo zerk etorri beharko luke, Batasunaren eta ETAren alde bakarreko erabakien ondoren?

2005-2007ko prozesuan ezer baldin bazegoen garbi, metodologia zen:

• Prozesuan engaiatzeko aldebiko konpromisoa su-etenaren aurretik.

• Su-etena, konpromiso horien ondorioz.

• Bi mahaiko edo bi erraileko bake prozesua, su-eten iragarpenaren ondoren.

• Auzi teknikoen negoziazioa ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean.

• Auzi politikoei buruzko negoziazioa alderdi politikoen artean.

• Eta, behin alderdien artean joko arau berriei buruzko adostasuna lortuz gero, akordioa instituzioetan eta legerian gauzatzeko bidea.

Ezer ez da berdin izango. Orain arteko prozesuetan, ETAk armak utz ditzan lortzea izan da negoziazio politikoetan engaiatzeko motibazio nagusia, ezker abertzalea ez beste eragile esanguratsu gehienentzat. Orain, ETAk bere kabuz hartu badu alde bakarreko erabakia, ez da zaila PSOEko buruzagien eta EAJko batzuen galdera imajinatzea: zertarako negoziatu?

Brian Currinek Nazioarteko Harreman Taldearen izen-abizenak aurkeztu aurretik egin zuen agerraldian, iazko azaroaren 12an, talde honen lehentasuna euskal alderdien arteko negoziazioak bultzatzea izango zela adierazi zuen, ez bat-bateko adierazpenetan, Harreman Taldearen “mandatuari” buruz propio prestatutako agirian baizik:

«[Nazioarteko Harreman Taldearen egitekoa da] Alde askotako elkarrizketa eta negoziazioa bultzatu, erraztu eta ahalbidetzea, inongo baldintzarik gabe eta emaitza aurretik zehaztu gabe, Mitchellen Printzipioen menpe. Gatazka politikoa gainditzeko akordio barneratzaile bat lortzea litzateke alderdi askotako elkarrizketa eta negoziazioaren helburua».

Handik hiru hilabetera taldea bera aurkeztu zuenean, nazioarteko eragile hauen lehentasuna Sortu-ren legeztatzean eragitea izango dela adierazi zuen, alderdien arteko elkarrizketarena bigarren maila batean utzita. Zer gertatu zen tarte horretan? Alderdien mahaietan ezer negoziatzen hasteko oraindik baldintzarik ez dagoela konturatu dira nonbait: PP kontra dago, PSE-EEk kontra dagoela dio eta EAJko buruzagitzak ez du orain horren premiarik ikusten.

Gernikako akordioaren sinatzaileen bide orrian, baina, alderdien arteko negoziazioak geltoki garrantzitsua dira. Baina horretan hasi aurretik baldintza batzuk bete behar dira, hitzartutako idatziaren arabera: aurrena indarkeriarik gabeko jokalekua eta alderdi guztien legeztatzea, eta ondoren “ezinbestekoa” izango da “elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea, gatazkaren zioak eta ondorioak osotasunean aztertzeko”. Gernikako adierazpenak aurrerago zehazten du zeri buruzko akordioa bilatu beharko litzatekeen mahai horretan edo horietan: “Elkarrizketa politikoaren edukiek Euskal Herriko kultura politiko guztiak barne hartuko dituen akordioa izango dute helburu: euskal errealitate nazionalaren eta erabakitze ahalmenaren onarpenari buruz; barne eredu juridiko-instituzionalari eta, estatuekiko lotura motari dagokionez, independentzia barne; eta herriak duen borondate demokratikoa errespetatzeari buruz”.

Zutik Euskal Herria agirian ezker abertzaleak azaldutako eskema zehatzagoa, jakina, bat dator Gernikakoarekin: aurrena “gutxieneko oinarri demokratikoak” (legalizazioa), gero “akordio demokratikoa” (joko arauei buruzko negoziazioa), eta ondoren “marko demokratikoa” (hitzartutako joko arau berriekin esparru politikoa berritzea eta herritarren berrestea).

Beraz, Gernikako akordioaren sinatzaileen bide orriaren arabera, EAJk, PSE-EEk eta Batasunak Loiolako mahaiko eduki politikoei buruzko negoziazioak lekua du prozesu berri honetan ere. Loiolako mahaian negoziazio gaiak gehiago izan ziren, baina, funtsean, erabakitzeko eskubidea eta lurraldea egituratzea izan ziren gako nagusiak. Lehen puntuan formulazioa hitzartzera iritsi ziren: proiektu politiko guztiak defendagarriak ez ezik gauzagarriak ere izan behar dutela eta Madrilek euskal gizarteak erabakitakoa errespetatu beharko lukeela idatzi zuten, hiru aldeek onartutako hitzekin. Baina beste korapilo nagusian, azkenean, ezinezkoa izan zen adostasuna: lau herrialdeko autonomia bateratua osatzeko egitasmoa bultzatzeari uko egin zion PSE-EEk, eta alderdi sozialistari hori exijitzearen aurka egin zuen EAJk.

Hurrengo negoziazio mahaian, ezker abertzaleak “akordioa demokratikoa” esaten dion fasean, ez da auzi bera modu berean egongo. Edo ez luke egon beharko, behintzat. Zutik Euskal Herria agiriak berak ondo bereizten ditu auziak eta eremuak: “akordio demokratikoa”, hitzez hitz dioenez, “azken negoziazio prozesuan landutako eduki politikoen baitako akordio garatua litzateke”, hau da, “Euskal Herriaren nazio izaera aitortuz, proiektu politiko guztiak gauzagarri bilakatzea bermatuz eta euskal lurraldeek –euren artean eta Estatuarekin– harremanak finkatzeko bide juridiko-politikoak egituratuz”. Alegia, negoziazioaren bidez joko arauak hitzartzen dira, ez proiektu politiko konkretuak. Hori ondoren dator, “marko demokratikoa” esaten dion fasean: “Herri borondateari esker osatuko litzateke. (…) Hortxe kokatuko luke Ezker Abertzaleak erabakitzeko eskubidea jasoko lukeen lau herrialdeetako autonomia lortzeko ahalegina”. Ondo ulertu badut, joko arauei buruzko negoziazio mahaitik atera du ezker abertzaleak Hegoaldean autonomia bateratua osatzearen gaia, eta hurrengo fasera eraman du, erabakiak gehiengoen jokoaren arabera hartzen diren borroka eremura, alegia.

Baina negoziazio politikoa, bultzatu nahi dutenen ikuspegian ere, gero dator. Aurrena bakea, eta gero politika. Gogoratzen? Josu Jon Imazek eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok hainbeste aldiz errepikatu zuten esaldiak erroak orain bota ditu beste alderdietan. Gernikako akordioaren sinatzaileek ere aurrena bake jokalekua bermatu behar dela diote, eta ondoren etorri behar duela joko arauei buruzko negoziazioak.

Ezker abertzalea ere eskema horrekin ari da. Aurreko prozesu guztietan, auzi politikoa konponbidean jarri arte ez zen bidezkoa “auzi teknikoei” buruzko negoziazioari heltzea, presoen auzia barne. Orain, ordea, presoen auziak lehentasuna hartu du ezker abertzalearen ibilbide orrian. Eta negoziazio gaien banaketari dagokionez, Anoetako Adierazpeneko irizpideek indarrean jarraitzen dute: ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean hitz egin beharrekoa litzateke presoen auzia, gainerako “auzi teknikoekin” batera.

Abiapuntuko arazora itzuli gara. Espainiako Gobernuak dio ez duela ETArekin zer negoziatu, eta Eusko Jaurlaritzak eta PSE-EEk diote ez dagoela euskal alderdien artean elkarrizketa mahai bat zertan osatu. ETA gelditu dela egia bada, horren beharrik ez dutela pentsa dezakete. Eta, adierazpen publikoetan diotena egia baldin bada, hala pentsatzen dute.

Atentatu kanpainen bidez etsaia negoziazio mahaian eserarazteko garaiak zorionez joanak direnez, indar metaketaren garaiak dira hauek, indar korrelazioak joko politikoaren bidez aldatzen saiatzeko garaiak: irtenbide negoziatuaren aldekoen artean indarrak bildu, esparru politikoa aldatzearen aldekoen eremua indartu eta, gehiengoak aldatzearen eta irabaztearen poderioz, negoziazioa eragin; negoziazio mahaira iritsi, baina indartsu iristekotan. Prozesu hau bultzatzen ari direnen estrategiak eta jokamoldeak aztertuta, halako bidea egin nahi dutela susmatzen da. Sinple esanda: aurrena Lizarra-Garazi, ondoren Loiolara iristeko.


Eguneraketa berriak daude