Naziak eta goi-mailako jostunak uste baino lagunago dira

  • John Galliano diseinatzaile britainiarrak istilua eragin du Parisen, alkohol gehiegi edan eta bikote baten kontrako irain antisemitak esan dituelako (“Judu aurpegi zikin horrekin, hilda egon beharko zenuke” oihukatu omen zuen, besteak beste); eskandalua medio, Dior etxeak kale gorrian utzi du martxoa hastearekin. Beranduegi: gertakaria probestuz, moda frantsesak nazismoarekin izan duen harremanari begiratu bat botatzeko tartea hartu baitugu.

John Galliano diseinatzailea irain antisemita batzuen kariaz bota dute Dior etxetik. Baina, zein da moda marka horren sortzailearen eta nazien arteko harremana?
John Galliano diseinatzailea irain antisemita batzuen kariaz bota dute Dior etxetik. Baina, zein da moda marka horren sortzailearen eta nazien arteko harremana?

“Okupazio garaian, naziek eta euren aliatu frantsesek Frantziako moda-industriaren indarra eta prestigio nazionala ikusi zituzten, eta erabilera bilatu zioten. (...) Naziak hain zeuden maiteminduta modak Frantziako kulturan zeukan lekuarekin, gerra osteko Europarako zeuzkaten planetan erabaki zutela, beste industriak ez bezala, modaren sektoreak Frantzian jarraituko zuela”. Rhonda Garelick Nebraska-Lincoln unibertsitateko irakaslearen hitzak dira, martxoaren 7an The New York Times egunkarian publikatuak.

Garelickek High fascism (Goi mailako faxismoa) artikuluan dioenez, asko izan ziren nazien aldeko diseinatzaileak, eta ez da kasualitate hutsa, kontuan izanda paralelismo batzuk behintzat badaudela moda-industriaren eta faxismoaren “estetika antidemokratikoaren” artean: biak ala biak fidatzen dira esku bateko atzamarrekin zenbatu daitezkeen lider karismatikoekin; lider horiek dira gero masei euren proklamak zabaltzen dizkietenak; eta bai faxismoak, bai moda-industriak, Garelicken esanetan, identitate mitiko bat eskaintzen diete jarraitzaileei –arraza arioa aurrenekoak; betiko gaztetasun eta edertasuna bigarrenak–. “Eta modaren gaur egungo estandarrek arraza-dibertsitatea azpimarratzen badute ere, faxisten gorputz-ideala mantendu da, baita zabaldu ere Europatik askoz harago. Estetika naziaren zigiluak –begi urdinak, ile horia, gaitasun atletikoa eta angelu zorrotzeko ezaugarriak– dira oraindik itxura erabat amerikar gisa definitzen dugunaren elementu nagusiak”.

Nazien emazteentzat jostun

Teorizazio hutsala, iritziko dio norbaitek, eta beharbada Garelicken interpretazioa funambulismo hutsa irudituko zaio, soka meharregiaren gainean orekari eutsi nahian egindako argudiatzea. “Nazi”, azken finean, hitz gogorra da garai hauetan hola-hala esaten ibiltzeko. Eta gainera, Gallianori garesti atera zaio gehiegikeria, lana galdu baitu. Berez Dior etxearen izena salbatuko luke kaleratze horrek, ez da hala?

Goi-mailako modak nazismoarekin harremana (izan) duela frogatzeko sakonago eta atzerago begiratu beharko da; eta horretarako, ariketa mamitsua da Christian Dior zenaren historia arakatzea. 1942an, 37 urterekin, Dior Lucien Lelong-en jostundegian hasiko da lanean. Vichyko gobernu kolaborazionistaren garaiak dira eta Lelong agintarien ator berarekin bezti da. “Gure zeregina Frantziari sosegu aurpegia ematea da. Zenbat eta dotoreago izan emakume frantsesak, orduan eta gehiago erakutsiko dio gure herrialdeak munduari ez garela beldur”. Eta beldur barik aritze horretan, ez Lelongi, ez bere taldeko lankideei, ez zien eskuak dar-dar egin ofizial nazien emazteentzat eta kolaborazionista frantsesentzat soineko eta traje dotoreak josten hasterako orduan.

Sosegua, dotoretasuna, naziak altrastetu direnean Lelongek problemarik gabe egingo du aurrera negozioarekin, Greta Garbo, la Rochefoucauld-eko dukesa, Rose Kennedy jantziko ditu eta bihotzekoak jota hilko da Angelun 1958an. Dior urtebete lehenago joan zen sator artera, baina 46an martxan jarri zuen markak gaur egun ere sona handia du eta ez da komeni naziekin izandako loturak haizatzea. Horregatik izango da, Galliano afera lehertu eta hainbat hedabidek Diorren trapu zikinen artean svastikak azaldu direnean, korrika abiatu dela enpresa osoa, Sidney Toledano presidentea buru, argibideak ematera. Christian Diorrentzat II. Mundu Gerra oso garai traumatikoa izan zela azaldu dio The New York Timesi, arreba kontzentrazio esparrura bidali ziotelako. “Dior etxearen bihotza” esan du Toledanok “ikusten ez bada ere taupaka ari dena, lan taldeek eta estudioek osatzen dute, jostunek eta eskulangileek; eta horiek gogor lan egiten dute egunero, ez dituzte inoiz orduak zenbatzen”. “Arbeit macht frei” hura akordura etorriko zitzaion azken hori leituta, beharbada, buru gaiztoren bati.

Françoise Dior, nazi petoa

Edonola, irakurlearen esku dago Christian Diorrek nazismoarekin izan zituen harremanak zenbaterainokoak iruditzen zaizkion jujatzea. Zer edo zer izan zela azaleratzea komeni da ordea, hainbatetan berariaz ezkutatzen den datua baita: Frantsesezko Wikipediak, berbarako, bizpahiru lerrotan kontatzen ditu 1941etik 1945era bitarteko Diorren munduko ibilerak, norentzat josten aritu zen aipatu gabe.
Askoz garbiago dago diseinatzailearen ilobak, Françoise Diorrek, nazional sozialismoaren alde hartu zuen jarrera. 1960ko hamarkadako ultra-eskuinaren historiako kapitulu ahaztua da, baina ez da zaila hari horri jarraitzea Martin Walkerren The national front liburua aurkituz gero. Begira nola kontatzen duen Colin Jordan nazi britainiarrarekin ezkondu zenekoa: “Okasiorako, diamanteak txertatuta zeuzkan svastika formako lepokoa jantzi zuen. Ezti-ura edan zuten, topa egin zuten mugimendu nazi britainiarrarekin Horst Wessel Lieden doinuaz, eta svastika-trapuz estaliriko mahai baten gainean, zin egin zuten orbanik gabeko odol ariokoak zirela, atzamarrak ebaki zituzten eta beraien odola erortzen utzi zuten Adolf Hitlerren Mein Kampfen kopia birjin baten orrialde irekiaren gainera”. Bai, egia, diseinatzaileak eta ilobak ez zuten harreman handirik eduki. Baina esan: kasualitate batzuk ez al dira kasualosoegiak?


ASTEKARIA
2011ko martxoaren 20a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
2024-04-08 | ARGIA
Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu dituzte, tartean 6.000 euskaldun

Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Eguneraketa berriak daude