Oinarrizko elikagai ugarik glutena du osagaietan, eta produktu horiek glutenik gabe erostea garestiagoa da askoz –besteak beste BEZ altuagoa ezartzen zaielako–. Ondorioa? Glutenik gabeko dieta jarraitu behar duten zeliakoen poltsikoak xahututa daudela, inongo diru-laguntzarik jaso gabe, administrazioak ez baitu dieta berezia tratamendutzat onartzen.
Maria gaileta kiloak 1,91 euro balio du, baina glutenik gabe 11,40 euro; urdaiazpiko egosi kiloak 8,19 euro, glutenik gabe 10,04; ogi kiloak 2,51, glutenik gabe 12,56; makarroi kiloak 1,44, glutenik gabe 7,36… Luzea da zerrenda, eta handia prezioen arteko aldea. Espainiako zeliakoen federazioak kaleratu dituen 2011ko elikagai-zerrendaren emaitzak dira, supermerkatu handietako batez bestekoak erkatuz.
Glutenari –zehazki glutenaren gliadina proteinei– intolerantzia diote zeliakoek eta berau duten produktuak janez gero, digestioa oztopatu eta ondorio kaltegarriak sortzeko arriskua dute. Glutena dute gariak, garagarrak, zekaleek, tritikaleak, kamutak, espeltak eta oloak, eta beraz zeliakoek debekatuta dituzte ogia, irina, pasta, zopa, gailetak, txokolatea edo garagardoa bezalako produktuak. Horrez gain, elikagai askoren ekoizpen industrialean glutena gehitzen da loditzeko edo gelifikagarri, eta kontserba-latek, pateak, gozoek, kafeak edota txerrikiek glutena dute maiz.
Ondorioz, horiek guztiak glutenik gabe prestatuak erosi behar dituzte, garesti ordainduta. Aurten, oinarrizko elikagaiei %6ko BEZa ezarri zaie Espainiako Estatuan, baina produktu horiek berak, glutenik gabe direnean, %9ko BEZa dute, elikagai berezitzat hartzen baitira. “Ez zaigu bidezkoa iruditzen, eta helegitea aurkeztu izan dugu, baina legeak hala dioela esan digute. Bada, alda dezatela! Ez dute halakorik planteatu ere egiten, eta hiru puntuko aldea dago!”, kexu da Mireia Apraiz, Euskadiko Zeliakoen Elkarteko zuzendaria. Arazoa da oinarrizko elikagaiei eragiten diela garestitzeak, eta okindegi produktuetan, pasta elikagaietan daude prezio alde handienak.
Zeliakoen elkarteek eskatu izan dute glutenik gabeko elikagaiak dietoterapikoen baitan sartzea, dieta bera zeliakoen tratamendua delako, gaur egun ez dago beste tratamendurik gaitzari aurre egiteko eta beharrezko produktuak dituzte, “baina esan digute nahi izanez gero zeliakoek badituztela produktu alternatiboak, arroz-opilak jan ditzaketela adibidez ogia jan beharrean… Ez dira konturatzen zeliakoen normalizazioa bilatzen dugula eta haurra ikaskideekin txango bat egitera doanean ez dela gauza bera bokadiloa eramatea edo arroz-opilekin egindako otartekoa, umeek ez dute desberdin sentitu nahi, integratu egin nahi dute”, dio Apraizek. Hain zuzen, Frantziako Estatuan, Erresuma Batuan edo Italian, besteak beste, zeliakoek diru-laguntzak jasotzen dituzte; produktu asko errezeta bidez eros ditzakete, beherapenekin.
Apraizek azaldu du Espainiako Estatuko hainbat erkidegotan dirua ematen zaiela zeliako elkarteei, beraiek erabaki dezaten dirua zeinen artean eta nola banatu, baina ez zaio egokia iruditzen, hori administrazioaren lana delako: “Ez dugu horrelako laguntzarik nahi, behar duguna da produktuei eragingo dieten neurriak hartzea, dauden desberdintasun ekonomikoak txikitzeko. Esan bezala, elikagai horiek zeliakoaren tratamenduaren baitakoak dira, ez dira apetazko produktuak: beraz, glutena duten oinarrizko produktuen tratu bera eskatzen dugu, %6ko BEZa, eta erosketa tiketak erabiliz Ogasunean desgrabatu ahal izatea, kontsumoaren arabera –lehen egiten zen moduan–”.
Aizpea Gonzalezek ere beharrezkoak ikusten ditu laguntzak, eguneroko gastua handia delako: “Medikuaren idatzia baldin badaukazu esanez zeliakoa zarela, laguntzaren bat eman beharko lizukete, edo bestela produktuak gainerakoen prezio berean jarri”. Zestoarra da Gonzalez, eta 7 urteko alaba zeliakoa du, Saioa. Urte eta erdirekin diagnostikatu zioten, biberoia zerealekin ematen ziotenean kalte egiten ziola ikusi ostean. Euskadiko Zeliakoen Elkartera jo zuten orduan, kide berrientzat egiten dituzten informazio bileretako batera, eta liburuxka eman zieten Saioak jan zitzakeen produktu eta markekin. “Etxean jan ohi genuena zerrendarekin konparatu eta glutena zuten elikagaiak glutenik gabeko zerrendako marketara egokitu genituen. Gosaltzeko gailetak adibidez Saioak bereak dauzka eta guk gureak, baina gehiena glutenik gabe jaten dugu familiako denok: babei glutenik gabeko txorizoa botatzen diet eta kito”. Salneurria da arazoa: “Dezente garestiagoak dira glutenik gabeko produktuak eta gastua bikoiztu egiten zaigu, eguneroko elikagaietan gainera. Irina adibidez, egunero erabiltzen duzun zerbait da, bada, kilo bateko poltsak 3,5 euro balio du eta ogi arraspatua adibidez oso garestia da. Guk orain murriztu egin dugu kontsumoa eta gutxiago erabiltzen ditugu irina eta halakoak”, adierazi du Aizpea Gonzalezek.
Gainerakoan, glutenik gabeko jakiak aurkitzeko ez du buruhauste handirik; supermerkatuan ez bada, Zestoako belar-dendan topatzen ditu behar dituenak. Etiketarekin, ordea, kontu izan behar da.
Glutenik gabeko produktua dela adierazteko, gari-buru ezabatuaren sinboloa orokortua dago etiketetan. Ordea, sinbolo hori kontrolik gabe erabili dela eta beraz kontuan hartu beharreko irizpidea Federazioak urtero kaleratzen duen zerrenda dela ohartarazi du Mireia Apraizek, glutenik gabe ziurtatuta dituzten markekin. Zerrenda horretako elikagaiek kontrol analitikoak gainditu eta egiteko prozesuari eta osagaiei buruzko datuak ematen dituzte. Aldiz, zuzendariarentzat gari-buru ezabatua eramatea soilik ez da berme, administrazioak ez dituelako kontrolatzen aurretik salaketarik ez bada egon: “Frogatu egin behar da benetan glutenik gabea dela, zeren hainbat enpresek sinboloa jartzen diete eta gero Federaziotik informazioa eskatzen diegunean, ez digute bidali nahi. Hori guretzat ez da fidagarria”. Besteak beste, kutsadura nahastua deiturikoa hartu behar da kontuan: nahiz eta osagaien artean glutenik ez izan, prozesu industrialak eraginda gluten arrastoak egon daitezke –glutendun ogia egin ostean gabekoa egiterakoan, esaterako, arrastoak gera daitezke makinan–.
Ehun herritarretik bat zeliakoa da. Hots, digestio arazo kaltegarriak ditu. Heste meharrean ditugun biloak lagungarri dira digestioan, baina glutenak (gliadinek) bilo horiek suntsitzen dizkie zeliakoei eta digestio txarraren ondorioz diarrea, goragalea, jateko gogoa galtzea, dermatitisa, sabeleko mina, nekea, desnutrizioa… eman daitezke. Gaixotasun kronikoa da, eta oraingoz, glutenik gabeko dieta da gaitza kontrolpean izateko, osasuntsu mantentzeko eta heste-biloak birsortzeko dagoen tratamendu bakarra. Williem Kare Dicke pediatra holandarra konturatu zen horretaz, 1950ean, ohartu zenean II. Mundu Gudan gariaren deribatuen gabezia egon zenean gaixoen egoerak hobera egin zuela nabarmen.
Edozein adinetan ager daiteke zeliakia, ume nahiz heldu izan, eta infekzio biriko batek eragin dezake. Frogatua dago faktore genetikoak zerikusia duela, baina ez dago argi nola heredatzen den. Diagnostikatzeko, funtsezkoa da hesteetako biopsia egitea, eta behin gaixotasuna egiaztatuta, ezinbestekoa da glutenik gabeko dieta beti mantentzea, nahiz eta sintomak desagertu, gluten arrastoek ondorio kaltegarriak ekar ditzaketelako.
Dieta jarraitzeak esan nahi du Europar Batasunean merkaturatzen diren produktuen %70 saihestea. Dena den, glutena ez da nahitaezko proteina gizakiarentzat eta zeliakoek dieta osasuntsu eta orekatu askoa eraman dezakete. Finean, zeliako elkarteek argi utzi dutenez, beste bat da afera: administrazioaren babesik ezean, tratamendua jarraitzeak uzten dien zulo ekonomikoa.
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.
25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude.
The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa batek eman du datua eta ohartarazi du plastikoaren ekoizpenak osasunean eragina duela bere ekoizpen prozesu osoan eta gazte zein helduei eragiten diela. Gehitu du 1950tik 200 aldiz biderkatu dela plastikoen ekoizpena.
Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]
GIBarekiko esposizio aurreko profilaxia da Prep botika. Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariaren arabera, farmazietan eskuratzeak itxaron-zerrendak gutxitu ditzake. Alabaina, arriskuez ere ohartarazi du.
Bihotzak eztanda egin arte biziko da Aloña Erauskin (Berrobi, 1999), beste guztiok bezala. Besteon aldean, ordea, presente dauka aukera hori.
Kargua hartu eta urtebetera, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak lantaldean aldaketa batzuk egin dituela iragarri du, "etorkizuneko osasun sistema publikoaren eraldaketari" ekiteko: besteak beste, Gontzal Tamayo Medel sailburuorde berria... [+]
Demagun zure laneko giroa kaxkarra dela. Lan gehiegi dago, baina ez da kontratazio berririk egiten edo, egiten bada, eskasa. Lankideen arteko harremanak ez dira batere osasuntsuak, eta mobbing horizontala eta bertikala edozein momentuan hedatu daiteke. Oso estres maila handia... [+]
Osakidetza lanean ari da Asisa aseguru-etxe pribatuaren filial baten Quantus Skin sistema osasun-zentroetan ezartzeko, 1,6 milioi euroko inbertsioa eginda. Adituek kritikatu egin dute adimen artifizialeko sistema hori, emaitza "eskasak" eta "arriskutsuak"... [+]
Euskal dantzak, pilates, bilobekin egon, gurutzegramak egin eta beste zaletasun asko ditu Grego Idiakez Kortak (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1950). 62 urterekin iktus bat izan zuen, eta ordutik, ezin ditu nahi beste gauza egin. Iktusaren ondorioz, begi baten ikusmena galdu du, eta... [+]
Langileak amiantoak eragiten duen minbizi mota bat dauka eta 376.305 euroko kalte ordaina eman beharko diote, EAEko Auzitegi Gorenak zigorra berretsi baitu.
Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua, eta hortxe batez ere hasten zaigu irakasleoi korapiloa. Nola lagundu nerabeari? Ikastetxean ordu asko... [+]
Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.
Azkenaldian osasun publikoaren egoera kaxkarra justifikatzeko erakunde publikoek gero eta sarriago aipatzen dute mediku eta espezialisten premia dagoela. Ez omen dago eskaria asetzeko nahikoa langilerik. Eusko Jaurlaritzak ardura osoa Espainiako Osasun Ministerioari egozten dio,... [+]