Lau kontakizun istorioen hiritik

  • Euskal Herria atzean utzi eta helburu argirik gabe baina zerbaiten bila abiatu ziren New Yorkera, munduko hiririk ezagunenera, filmatuenera. Hasierako abentura bizimodu egonkor bilakatu da jada, alde on eta txarrekin, eta herriminak bihotzeko atea jotzen du tarteka.

Amaia Apellaniz
Ezker-eskuin: Alex Raij, Mikel Urmeneta (Kukuxumusu) eta Eder Montero, Txikito jatetxean. Igor Susaeta

Amaia Apellaniz: "Hasieratik sentitu nuen nire hiria zela"

Begiratu txinpartaduna dauka Amaia Apellanizek (Legazpi, 1978). Eta soa are gehiago pizten zaio New Yorki buruz hitz egiterakoan. 2002ko abuztuan heldu zen, “Gasteizko festen ondoren”. Lau urterako bisatua eman zioten iritsi berritan, eta hiru urte eta erdi eman zituen etxera itzuli gabe. “Hasieratik sentitu nuen nire hiria zela”. Eta gauza asko eman dizkio: “Nahi izan dudana lortu ahal izan dut”. Ez du uste, ordea, ezer kendu dionik: “Egoeretara moldatzen zara. Zerbait kentzen ari zaizula nabari baduzu, ez zara pozik sentituko”. Zerbitzari egiten du lan, aktorea da bokazioz, eta Nazioarteko Harremanak ikasten ari da. “2012an bukatuko ditut ikasketak ondo bidean. Orain hori da nire lehentasuna. Gero, ikusiko dugu”.


Iritsi zenean ez zeukan asmo argirik. “Antzerki ikasketak bukatu berri nituen Madrilen, eta han geratzeko nolabaiteko beldurra neukan. Antzerkiarekin jarraitu nahi nuen, baina han jende mordoa zegoen nire egoera berean”. Hortaz, New Yorkera: “Ingelesa ikastera eta zer nolako antzerki giroa zegoen ikustera”. Nahiko azkar hasi zen lanean (“lehen errazagoa zen”), eta hirian bi hilabete baino ez zeramatzanean, pertsona bat ezagutu zuen. “Audientzia bat eskaini zidan antzerki obra baterako, eta hamabost hautagaien artean ni aukeratu ninduten”. Urte ederrak izan ziren Amaiarentzat: “Produkzio berri bat, entseguak, birak… Ziztu batean pasatu zitzaizkidan lehen urteak”. Guadalupe años sin cuenta, Tell them not to kill me, A clear midnight edo El pesebre obretan lan egin du, besteak beste. Sarietarako hautagai ere izan da, gainera.


Ez dauka une gogorrak pasa dituenaren sentsaziorik. “Ez dut herriminik eduki… Baina familia faltan botatzen dut. Asko. Beti sinetsi dut aurrera egingo nuela. Hiriak inoiz ez nau zanpatu”. Zortea izan duela aitortzen du. “Laguntzeko prest egon den jendearekin elkartu naiz beti. Berdin du nongoa zaren. Aurreiritzirik gabe jokatu izan dute nirekin, eta hori eskertzekoa da. Tira, orain, migrazio politikak direla-eta, zailagoa da hemen egonkortzea”. Hiria aldatu egin dela iritzi baitio: “Igual ni naiz aldatu naizena! Beharbada ez daukat hasieran neukan indar hori gauzak deskubritzeko”. Baina den-dena “gogor lan eginez” lortu duela nabarmendu nahi du.


Antzerkira bueltatzeko asmoz, orain ikasketekin dabil buru-belarri, zerbitzari lan eginez. “Hiri honek ikasketak eta lana bateragarri egiteko aukera ematen dizu. Beste edonon hori egitea oso zaila da. Euskal Herriko bizimodua lasaiagoa da. Ez dakit nola adierazi. Nik hemengo bizitasuna eta aukera aniztasuna atsegin ditut: kontzertu mordoa dago, antzerki eskaintza amaigabea, munduko edozein txokotako janaria dastatu dezakezu…”. Bizitasun eta dibertsitate horrek, ordea, bere eragin negatiboa dauka: “Harremanak azalekoak dira. Hemen lagun oso gutxi egiten dira. Oso zaila da harreman batean sakontzea. Jendea bolada baterako etortzen da normalean. Bestela, bakoitzak bere ordutegia dauka, bere gauzak… Eta ez da erraza”. Apellaniz, ordea, bizi-bizirik sentitzen da munduko hiriburuan. Eta begirada piztu zaio.

 

Eider Montero: "Bizimodu jakin bat exijitzen dizu hiri honek"

Ingeles irakasgaian ez omen zen ongi moldatzen. Hori esaten zion irakasleak Eder Monteroren (Bilbo, 1975) amari. Haren semeak ez zuela inoiz hirugarren hizkuntza bat hitz egin ahal izango.  Saiatzea ere alferrik izango zela. Ba, oker zebilen irakaslea. Izan ere, Montero New Yorken bizi  da 1999az geroztik, ingelesez taxuz mintzo da, eta Txikito jatetxearen jabea da Alex Raij emaztearekin batera. 2008ko azaroan ireki zuten. “Auzoko jatetxea gara nolabait esateko, eta euskal sukaldaritza lantzen dugu”. Hala definitu du Monterok bere lantegia. New York hiriaren filosofiari buruzko azalpena eskatuta, aldiz, ez du bitan pentsatu: “Bizimodu jakin bat exijitzen dizu hiri honek, saiatua, oldarkorra…”. Beharbada horregatik maite du New York: “Zoragarria iruditzen zait”.


Orain hamabost-hamasei urte, ordea, “yankee go home” aldarrikatzen zuen horietakoa zen. 1993an Donostiako Ostalaritza eskolan hasi zenean, Monterok ez zuen imajinatzen bospasei urte geroago munduko hiririk zinematografikoenera joango zela lanera. “Inondik ere”. AEBetara jo aurretik, Bartzelonan ibili zen Sergi Arola, Marc Singla eta enparauekin. “Haiei esker jarraitu nuen ostalaritzan”. Mallorcara joan zen hurrena, Koldo Royorengana. Eta han Luis Bollo donostiarra ezagutu zuen. “New Yorkera etorri nahi al duzu?”, esan zion Monterori. “Nik hasiera batean ez nuen nahi… Baina begira, jada hamaika urte daramatzat hemen”.


Meigas jatetxean lan egin zuen aurrena. Japoniako sukaldaritzaren zalea izanik, Nobu-n aritu zen gero. Eta Txikitoren ateak ireki aurretik, Euzkadi izenekoan zein Tia Pol-en zizelkatu zuen berezko estiloa. Bere kabuz hastea erabaki baino lehenago eskarmentuaren zakua ederki beteta zeukan, hortaz. “Hemen ezer ez da ezinezkoa”. Monterok euskal sukaldaritzaren aldeko apustua egin zuen. “Nahi duzuna prestatu dezakezu hemen”. Baina lehiakortasuna izugarria da. “New Yorken ezer ez da segurua. Euskal Herrian, adibidez, jatetxe bat irekitzen duzu, eta esan daiteke bizi guztirako dela. Hemen ez. Ni orain eman beharreko hurrengo pausoa zein den pentsatzen ari naiz, jatetxeak bi urte baino ez dituen arren”. Jendeak, gainera, ez du barkatzen. “Gaur primeran joan daiteke dena, baina hurrengo egunean morroi batek egurra ematen dizu blog batean auskalo zergatik, eta negozioa pikutara doa”.

Modu batean edo bestean, baina lehiakortasun hori pertsonengana hedatzen dela uste du Monterok: “Hemen ezin duzu nahi duzuna adierazi. Lagunen arteko harremanak arraro samarrak dira. Ez dago lagunen arteko terapiarik, nolabait esatearren. Terapia ere, ia dena bezala, ordaindu egiten dute!”. Baina oso gustura dago New Yorken: “Hiri hau energia da, eta momentuz bizimodu honek motibatzen nau. Aurrera egiteko indarra ematen dit”. Adibide bat jarri du: “Basque taberna ireki dute hotel batean, eta horrek are gehiago motibatu nau. Nor zaren erakutsi nahi duzu”.


Langile fina da Montero. Jatetxean ordu mordoa ematen dituena. “10:30etako han nago. Eta 21:30ak baino lehenago ia inoiz ez naiz ateratzen”. Prestatzen dituen plateren artean txerrikumea da arrakasta gehien duena. Eta bezeroen artean, %40, gutxi gorabehera, finkoa da, ia egunero joaten dena. “Sekulako poza hartzen duzu”. Jeneroa ere primerakoa daukate. “Dena edo ia dena da Euskal Herrikoa; eta hala ez bada, hango erara prestatzen ditugu jakiak”. Eta ardoen hautaketa… apartekoa. Euskal Herriko elikagaiekin lan egiten du, euskalduna da, Athletic-ekoa, baina etxera bueltatzen den bakoitzean sentimendu arraroak batzen zaizkio barrenean: “Lehen, Bilbora joaten nintzenean, itzultzeko gogoa sartzen zitzaidan. Orain, aldiz…”. Baina faltan botatzen du aberria: “Noski! Jendearekin daukazun harremana, giro hori, egunero taberna berean hartzen duzun kafea…”. Baina beste bizimodu bat exijituko lioke, eta oraingoz New Yorkekoak asebetetzen du.

 

 

Iñaki Bakedano: "Egun bakoitza ezberdina da hemen"

Oso ondo bizi zen Iñaki Bakedano “Txeroki” (Hernani, 1966) Euskal Herrian. “Ez neukan handik alde egiteko asmorik”. Argi teknikari lan egiten zuen antzerkian, telebistan eta musika kontzertuetan. Baina Kirsten, bere emaztea, ezagutu zuen. “Minnesotakoa (AEB) da, eta Donostiara joan zen gaztelania ikastera”. Eta zerbait berria probatzearren, biak New Yorkera heldu ziren 1992ko irailean. Ez zeukaten asmo zehatzik, baina jada 18 urte daramatzate East Villagen. Hiria asko aldatu da Bakedanoren ustez, eta berak garai batekoa atsegin zuen gehiago. Baina New Yorkek badu energia “berezi” bat, eta gainera, berezkoa duen erritmo bizi horri eusten dio. “Egun bakoitza ezberdina da hemen”.


Bakedano bera erritmo bizian mugitu izan da hirian. Ingelesa ikasten “sei bat hilabete” pasa ondoren, lanean hasi zen. “Bizikletarekin ibiltzen nintzen mezulari gisa. Orduan mezulariak bakarrik ibiltzen ginen txirrinduarekin hirian barna. Nik gozatu egiten nuen taxien artean-eta sartzen. Jolasa zen”, esan du umoretsu. “Burdin pusketak izan arren, bizikleta mordoxka bat lapurtzen zituzten. Egun ere bai, egia esan. Horregatik jartzen dizkiete jabeek giltzarrapo erraldoiak”. Baina hiria azkar eraldatzen da, eta ondorioz, jendeak lan batetik bestera erraz eta modu naturalean salto egiten du. Bakedano, hortaz, lokalak zaharberritzen aritu zen hurrena.


Lehen urteak “oso punkyak” izan ziren haren irudiko. East Villageko giroa ere halakoxea zen. “Iritsi nintzenean gaztetxeak bezalakoak ziren auzoko tabernak”. Ramones taldea East Villagetik ateratakoa dela gogoratu du, adibidez. “Garai hura nahiago nuen nik. Orain diru gehiago dauka jendeak, eta hortaz, dena da cool-agoa, erosoagoa… Tira, garaian garaikoa”. Gauza batzuk, ordea, ez dira aldatzen. “Izugarria da metroan joatea eta hamaika hizkuntza ezberdin entzutea. Horrek kristoren indarra ematen dit eta konturatzen naiz oso garrantzitsua dela hizkuntza propioa edukitzea, guk euskara daukagun bezala. Ez gaztelania edo ingelesa. Ez. Euskara, gurea dena”.
    

Turista euskaldunek ere maiz jotzen dute New Yorkerantz. Baina Bakedanoren iritziz, gutxi dira ohiko tokietatik kanpo ibiltzen direnak. “Metroan nindoan lehengoan, eta nire buruari galdetzen nion ea turistak zergatik ez diren joaten East Villagera, adibidez. Hor ez daukazu argiek sortzen duten lilura hori, baina benetakoa da eta gauza txikiek ematen dizuten plazera esperimentatu dezakezu. Taberna zaharrak, detaileak…”.
    

Hain zuzen ere, detaileak zaintzea da, egun, Bakedanoren egiteko nagusietakoa. Badira hiruzpalau urte argazkigintzari emana bizi dela. “Lan eta lan” aritu ondoren, apustua egin zuen: “Diru aldetik-eta egoera egonkorrean nengoen, eta aurrera”. Brooklynen estudio batean aritu da lanean, baina hango giroa itzaltzen ari dela dio. “Orain West Williamsburgera joateko asmoa daukat. Mugimendu handia dago han”. Erakusketa bat ere atondu du bere argazkiekin, baina zaila da nabarmentzea: “Harremanetarako oso abila izan beharra daukazu, party-etara joan, zure burua saldu… Eta nik ez dut gogoko hala ibiltzea”. Pratt eskola entzutetsuan eskolak hartu zituen teknika fintzeko, eta bere bidea egiten ari da Bakedano: “Nire lanarekin oso kritikoa naiz eta produktua lantzen ari naiz oraindik ere. Hori bai, badakit gutxi gorabehera nondik joko dudan”. Argazkiak txuri-beltzean landuko ditu. “Hori, ziur”. Eder askoak ateratzen ditu.
    

Horretan ari da orain. Eta hiriarekin gozatzen. “Bizi-bizirik sentiarazten nau, harremanak, Euskal Herrikoekin alderatuta, oso ezberdinak diren arren”. Eta aberria aipatuta, Bakedanok badu harantz behin-betiko bueltatzeko intentzioa. “Kirstenek, gainera, izugarri maite du gure kultura, gure bizitzeko modua”. Ez daki, ordea, noiz itzuliko den. “Dena den, urtean pare bat hilabete pasatzen ditut etxean, eta, teknologia berriek askoz ere gehiago gerturatu gaituzte.  Ia-ia bi tokietan nagoela esango nuke”. “Txeroki” deitzen diote gazteagoa zenean ilea luze eramaten zuelako. New Yorken ere ibilbide luze, oparo eta zirraragarria osatzen ari da. Egun guztiak ezberdinak izateak izango du zerikusia horretan.
 

 

Patxi Olabe: "Ez dakit hiriak zer eman didan, baina badakit zer kendu didan"

Elizondoko eskolako maisua izan zen Patxi Olabe (Elizondo, 1960) hamahiru urtez, 1979 eta 1992 artean. Baztan bailaran. Toki ederra. Bukolikoa. “Herri txiki batekoa naiz, baina garai hartan oso hirizalea nintzen”. Bidaiatzako zaletasuna ere bazuen, eta 1989ko Gabonetan Dominikar Errepublikara joan zen oporretan. “Han pertsona batekin maitemindu nintzen”. Hurrengo bi urteetan beste sei aldiz itzuli zen Karibera. “1990ean mutil harekin hilabete bat pasatzera etorri nintzen New Yorkera. Lehenago, 1984an, beste hilabete bat egin nuen hemen”. Olaberen mutil-lagunak moda ikasketei bultzada eman nahi zien, ordea, eta City-ra joatea erabaki zuen 1992an. “Eta ni harekin etorri nintzen”. Ia 19 urte orduz geroztik. Hiria maite du Olabek, baina “maitasun-gorroto harremana” dauka harekin. “Ez dakit zer eman didan, baina badakit zer kendu didan”.
    

New Yorken lur hartu zuenetik urte asko pasatu diren arren, Baztango euskara ederra darabil Olabek. Hizkuntzari eusten dio. Ez du, aldiz, herria, familia eta lagunak agurtu zitueneko unea gogoratzen. “Ez nekien hemen zenbat denbora egingo nuen. Lanean urtebeteko eszedentzia eskatu nuen”. Hasiera gogorra egin zitzaion. “Baina ilusio handia neukan. Toki berria, gauza berriak, gizarte ezberdina… Niretzako oso interesgarria zen”. Lana bilatzea ere nekeza izan zen. “Eta topatu nuenean, ordu asko sartzen nituen baina diru gutxi irabazi. Kontent nengoen, ordea. Gauza asko nituen ikusteko zein ikasteko”. Hasi, haren atarian, Lower East Siden-n, bizi zen pertsona batekin hasi zen lanean. “Kamioia zuen, eta altzari zaharren toki-aldaketan laguntzen nion”. Gero hasi zen zerbitzari, eta gaur arte. “Tira, garai batean, zerbitzari lana utzi gabe, ingelesetik gaztelerara itzulitako testuekin laguntzen nion hizkuntzalari bati”.
    

Eta tartean une latz bat. “Nire orduko mutil-laguna 1994an hil zen, gaixotasun baten ondorioz”. Baina aurrera egin zuen Olabek. Beste New York bat zen garai hartakoa. “Nire ustez, benetakoagoa. Gaur egun, Disneylandia-aren itxura dute toki batzuek…”, bota du umoretsu. “42. kalean, adibidez, sex-shop mordoa zegoen. Hiria garbitu zuten 1990eko hamarkadan. Bai, zer edo zer garbitu behar zen, baina… Garbiketa morala izan zen neurri batean”. Baina kulturen arteko nahasketaren topaleku izaten jarraitzen du. “Mundu guztia dago hemen. Ez zara arraro sentitzen. Zu bezala ingelesez ongi mintzatzen ez den jendea dago. Niretzako oso erraza izan zen ohitzea.  Denak kanpotarrak diren multzo batean integratzea ez da zaila”. Ingeles maila apalarekin etorri zen,  baina ederki moldatzen da egun. “Kontua da hemen gaztelaniaz ia mundu guztiarekin mintza zaitezkeela. Halere, pentsatzen dut nire gaztelerak okerrera egin duela eta nire ingelesa ez dela gehiegi hobetzen ari!”, barrez.
    

Hizkuntzen ezagutzak norbera irekitzen omen dute. Eta New Yorkek, hiriak berak, ere bai, Olaberen arabera: “Hemen jende diferentea onartzen da. Euskal Herria, adibidez, oso homogeneoa da, eta iruditzen zaigu beste kulturak ez direla gurea bezain onak. Baina toki guztietan ezagutu daitezke pertsona onak eta txarrak, eta gauza onak eta txarrak”. Hiriak ikuspegi irekia eman diola uste du Olabek. “Hizkuntzekiko, gastronomiarekiko, bizitzarekiko, arrazekiko…”. Baina hirian bizi denez, onartzen du segurtasunarekin obsesionatuta dagoela. “Igual etxean zein kalean lapurtu didatelako izango da. Dena den, garai batean baino seguruagoa da”. Gauza batzuk, dena den, sekula ez dira aldatuko New Yorken. “Bakardade ikaragarria sentitzen da. Oso zaila da jendearekin egotea, lagunekin elkartzea. Animalia zara oihan basatian, eta bakarrik borrokatu behar duzu”.
    

Euskal Herrira bueltatzearen ideia mila aldiz pasatu zaio burutik, “baina sekula ez dut intentzio argirik eduki. Hemen daukat nire bizitza, lana, mutil-laguna… Itzultzea ez dut erraz ikusten. Zer egingo nuke han?”. Baina familia eta lagunak faltan botatzen ditu. Urtean behin hilabete pasatzen du Elizondon.  “Hiri honek, ordea, harrapatu egiten zaitu. Ez dakit zer daukan”.
 


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude