Berezkoak, naturalak edo teknikoki jatorrizkoak deitzen diren basoak ziren hasieran. Gero nekazaritzaren eta abeltzaintzaren etorriak murriztu egin zituen. Ondorengo industriek beren premietara makurtu zituzten: su-egurretarako, ikatzetarako, zuretarako... Batez ere burdingintzak eta ontzigintzak lotzen zituzten basoen emanak. Industria hauek sustatu eta zabaldu ahala behar-beharrezko zuten egurretik nahi adina izateko, basoaren erabilera arautzera eta hauen jabeekin hartu eta emanak lotzera egin zuten.
Burdinarena eta itsasontziena, bi industriok eragin izan dute eta mugatu gure basoen izaera. Txara eta baso-tantaiak edo baso-lizarrak ziren nagusi.
Tantaien edo lizarren basoak jatorrizko basoaren ondorengo naturalak dira. Oso-osorik utzitako zuhaitzak dira bertan eta etxegintzarako eta batez ere itsasontzigintzarako behar ziren. Asko jota, inausketa arinen bat eta bakantzeak egingo ziren bertan. Ehundik gora urte aise zituzten zuhaitzak banaka botako ziren eta hark utzitako tartean berriak aldatu.
Txara hitzak zuhaixka esan nahi du eta txara edo txaradi, zuhaixkez osatutako basoari deitzen zaio. Zein espeziez osatua baino zein formako landareak dituen adierazten du: zuhaitzik ez, landare ttikiak. Txaran landareak urte gutxioro mozten ziren. Diametro txikiko enbortxoak etekin handia ematen zuen orduan: iduritarako, saskigintzarako materiala, eraikuntzarako-eta arba jendea, su-egurretarako, abereen bazka... Tarteka arraseko mozketa egin eta basoa erabat soiltzen zen. Gero moztutako ipurdietatik sortutako altsumaz eta pujez berrituko zen. Kimu berri hauek hazi ahal izateko, ordea, abererik ez zen bazkatu behar baso horietan; hauek ez ziren tuntun memelo, eta puntta berritik puntta berrira gozo jardungo zuten.