Ocharcoaga 1961

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2011ko urtarrilaren 09a
Bilbo, 1959. Urte amaieran Francisco Franco diktadoreak hiria bisitatu zuen eta inguruko mendi hegaletan Bizkaiko industriak erakarritako etorkinak txabola auzoetan pilatzen zirela ikusi zuen. Ez zen hura errejimenak eman behar zuen irudia eta, caudillo-aren aginduz, makineria frankista berehala abian jarri zen. 1960ko maiatzean zementuzko auzo moderno bat eraikitzeko lanak hasi ziren eta urtebete geroago 3.672 etxebizitza prest zeuden. Otxarkoaga ezerezetik sortu zen hilabete gutxian.

Diktadoreak egitasmoaren emaitza ikus zezan Bilbora beste bisita bat egin beharrik gabe, Etxebizitza Ministerioak film bat egiteko enkargua eman zion Jordi (orduan Jorge) Grau zuzendariari. Hamar minutu inguruko pelikula ez zen zine aretoetan estreinatu eta No-Doan ere ez zuten eman; Francorentzat soilik egina zen. Ocharcoaga filmak txabola auzoen miseriaren nahiz auzo berriaren erosotasun eta zerbitzuen irudiak jaso zituen, testu propagandistiko lotsagabeaz lagunduta. Baina Franco biziki haserretu zen, eta irudi berriak erantsiarazi zituen.

Hala ere, Francorentzat bezala, egungo ikuslearentzat errejimena loriatzeko jatorrizko asmoa eta azkenean zuzendariak iradokitzen duen mezua ez datoz bat. Hasierako txabolen irudiak alaiak dira, biziak, bertakoak irribarrez agertzen dira, egoera tamalgarrian bizi arren. Eta irudiak musika alaiez lagundu zituen Grauk. Otxarkoagako irudiak aldiz hotzak dira, bizigabeak. Zementua eta angelu zorrotzak dira nagusi eta musikak ere ezinegona eragiten du.

Hala, diktadoreari koipe emate hutsa behar zuena, sotilki eta maisuki, kontra-propaganda bihurtu zuen Jordi Grauk, filma ia 50 urtetan beste inork ikusi ez arren.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude