Eibarko Udalak jai batzordeari jarritako oztopoak salatu dituzte

  • Eibarko San Juanetara begira, Eibarko jai batzordeak udal-gobernuaren eta alkatetzaren aldetik jasotzen ari duen jarrera salatu du. JHH Jaixak Herrixak Herrixandakoak batzordeak luzatu proposamenak "arrazoirik gabe" errefusatu dituztela deitoratzeaz gain, Udalak hartutako "erabaki guztiak politikoak" izan direla azpimarratu dute. 

Jaixak Herrixan Herrixandakok antolatzen duen herri bazkariaren argazkia. Jaixak Herrixan Herrixandako

2025eko maiatzaren 23an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Jaixak Herrixak Herrixandakok (JHH) –Eibarko jai batzordeak– adierazi du urteak daramatzala udalarekin hartu emanean jai herrikoiak antolatzeko espazio bat bilatzen. Pasaden urtean izandako "espazio mugatua" ez errepikatzeko eta "herriak merezi duen txosnagunea" lortu ahal izateko, Udalarekin biltzen hasi ziren ikasturtea hasi bezain pronto. Udalak, aldiz, "jarrera itxiaz" jokatu, eta, jai batzordeak proposaturiko espazio aukera guztiei ezetza bideratu die, eta hori, "arrazoirik eman gabe".  Hiru proposamen zituzten esku artean, eta bakoitzarentzat "sor zitzakeen kalteei aurre egiteko alternatiba zehatzak" ere aurkeztu zituen JHHk.

Gobernu taldeak egindako proposamenek segurtasun neurriak ez zituztela bermatzen salatu du jai batzordeak, deitoratuta jai herrikoiak "erdigunetik" ateratzeko saiakerak direla. Hala, txosnagunearen "duintasuna" bermatzen ez zutenez, horiek baztertzea erabaki du JHHk.  

"Erabaki politikoak"

"Hau da PSE eta EAJren udal-gobernuaren maila politikoa", dio JHHk, "erabaki guztiak politikoak" izan direla salatuta. Udal gobernuak jai herrikoiekiko duen "begirune" falta kritikatu dute eta adierazi dute "kezkaz" bizi dutela Eibarko alkate Jon Iraolak azken urteetan hartu duen "jarrera oztopatzailea". Salatu dute udalak ez dituela "gustuko" auzolan bidezko jaiak eta horiek ahalik eta "murritzen eta urrunen" nahi dituela. 

Bide horretatik, "Udalaren eta Jon Iraolaren oztopoen gainetik" herriko eragile desberdinekin elkarlanean egitarau "oparoa" antolatzen ari dela ezagutarazi du JHHk, eta, "ogi apurretatik jaiak loratuko" dituela. 

JHHren hiru proposamenak ondokoak ziren: Ego-gaineko autobus geltokia, Txaltxa-zelaiko barraken espazioa, eta aurreko urteko gunearen "birkonfigurazioa". "Beste aukerarik ezean",  aurreko urteko espazioa birkonfiguratzea erabaki zuen jai batzordeak, baina udalak txosnagunean ur-gune bat sortzea erabaki zuen. Bide horretatik, eta espazioari "ahalik eta probetxu handiena ateratzeko", txosnaguneko jantokia ur-gunearen alboan jartzeko proposamena helarazi zioten Udalari, "azpiegiturak gunea ukituko ez zuen modu batean". JHHk Udalaren mezu bidezko erantzuna ezagutarazi du: "Gobernu taldean erabaki dugu ur txorroten gainean ezer ezin daitekeela jartzea da (akats ortografikoa mezuarena da). Jantokiaren estrukturak txorroak saihesten baditu ere, mahaiak gainean jarriko lirateke eta, mahai horien gainean jango direnen apurrak, lurrera erortzen direnean txorroten hodiak trabatu ahal dira".

 

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jai herrikoiak
Eguneraketa berriak daude