Taldean erabakita, dena era baketsuan egin zutela esan dute auzipetuek

  • Ostegunean auzipetuek deklaratu dute, eta haien adierazpenetatik honakoa laburbildu liteke: Lekarozko plazan edo akanpadan biltzen ziren herritarrek taldean erabakitzen zuten zer egin; oro har, obren eremura joan eta makinen aurrean era pasiboan jarri.


2025eko maiatzaren 22an - 17:41
Azken eguneraketa: 21:56
Ohi bezala, Aroztegiko Elkartasun Komiteak absoluzioa eskatu du auzipetuentzat. X. Letona / ARGIA CC BY-SA

Garbiñe Elizegi hasi da deklaratzen eta fiskalaren eta bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun die. Akusazio partikularrari ez dio erantzun. Gainerako sei akusatuek ere beren abokatuei soilik erantzun diete. Denek euskaraz deklaratu dute, alboan itzultzailea zutela.

Fiskalaren akusazio idazkian akusatuek “talde antolatua eta egituratua osatzen dute, zeinak biolentziaren erabileraren eta ekintza biolentoen bidez, obrek aurrera egitea oztopatu nahi zuten, eta talde horretan funtzio eta rol desberdinak zituzten”. Haren esanetan, Garbiñe Elizegi pasatu zen udaletik protesta soziala bideratzera, “eta antolatutako ekintza biolentoen burua zen; berak ematen zituen aginduak, txandak antolatzen zituen eta funtzioak banatu; obrak oztopatzeko ekintzetan aktiboki parte hartzen zuen, eta mobilizazioei buruz interneten argitaratu ziren propaganda bideoetan solaskidea zen”.

Fiskalaren rol banaketa horretan Elizegi zen burua, eta Aintzane Ariztegi eta Itziar Torres haren albokoak aginte mandoan; gainerako akusatuak ekintzen egileak ziren. Epaiketan ikusi eta entzun dugunaren arabera, ordea, akusazioek aski zaila izango dute frogatzeko lidergo kontu horiek eta, bereziki, akusatuak biolentziarekin lotzea.

Proiektu alternatiboa

Palacio de Arosteguia SLk hotela, golf zelaia eta 252 etxeko urbanizazioa egin nahi zituen Lekarozen, eta Elizegik azaldu du Baztango udalera iritsi ondoren (Bildu, 2011-2015) alternatiba bat aurkeztu zietela proiektuaren sustatzaileei: udalak onartzen zituen hotela, golf zelaia eta apartamentu batzuk, baina ez urbanizazioa. “Enpresak uko egin zion horri eta, beraz, argi geratzen zen enpresak lurren birkalifikazioa eta espekulazioa besterik ez zituela nahi”.

Sasoi hartan ez zuten onartu eta ia hamarkada bat geroago obrei ekin zieten, 2021eko apirilean. Fiskaltzari erantzunez, Elizegik azaldu du Aroztegia eta gero zer? elkartea 2010ean sortu zela; eta fiskalak aditzera ematen duenez, harrezkero liderra Elizegi izan da. Honek, ordea, oso garbi utzi du epaiketan –atzo Joseba Otondok bezala– elkarteak ez duela horrela funtzionatzen, bera izan zela lehen lehendakaria, baina bai hori eta bai beste karguak elkartea legez aritzeko bete beharrak besterik ez direla, eta egiazki, elkartearen jarduteko era “irekia eta horizontala” dela. Horrez gain, adierazi du ere bera alkate izan ondoren, hainbat urtez atzerrian egon zela, bi urte AEBetan, Hego Dakotan eta Kalifornian hain zuzen, eta elkarteak berdin-berdin jarraitzen zuela lanean.

“Sorgin ehiza”

Josu Beaumont abokatuak Elizegiri: Desobedientzia zibilik egin duzu? Zer da zuretzat desobedientzia zibila? “Egin dut bai. Desobedientzia zibila da ekintzen bidez lege injustuen aurka egitea, biolentziarik erabili gabe. Asanbladetan inork ez zuen proposatu ekintza biolentorik”. Egunotan, epaiketan, argi ikusi da akusazioak nola tematu diren bera lider gisa agertzen eta ekintza biolentoekin lotzen eta horri ere erantzun nahi izan dio: “Gezurra da hemen eraiki den errelatoa eta sorgin ehizaren antza handia du. Esan nahi dut ez dugula beldurrik esateko egin duguna, ez dela pertsona baten kontua, herri osoarena baizik”.

Zer egin zuen, baina, Elizegik? Abokatuaren galderei erantzunez, esan du herritar taldea obretara sartu zenean, Lekaroztik ermitaren bidetik joan zela, bera tartean, eta han ez zegoela kartelik, “herrian entzun genuen obrak hasi zirela eta joan ginen ikustera ea zer gertatzen zen, makina gelditu egin zen eta ikusi genuen gure borroka molde bat izan zitekeela hori (...) Gu prest ginen gure gorputzak makinen aurrean arriskuan jartzeko, horrela egoeraren larritasuna azpimarratzen genuen".

Akanpadari dagokionez, pentsatu zuten obra eremuan denbora gehiago egonda, makinak ere denbora gehiago egongo zirela geldi. “Horrez gain –zehaztu du Elizegik–, gure helburu nagusia zen Nafarroako Gobernua presionatzea, hark UGEPa (Udalez Gaineko Eragina duen Plana) gelditu zezan”. Hala ere, azaldu du bera ez zela etengabe egon akanpadan, erizaina dela eta hainbatetan zaintzak zituela gauez”.

“Isilik, ez hitz egin”

Elizegiren hitzok akusazioek agindu makila bihurtu dituzte auzi honetan. Gaur azaldu du berak horiei emandako esanahia: “Arazoak saihesteko, batzarrean adostu zen ez genuela Poliziarekin hitz egingo eta, orduan, norbaitek hitz egiten bazuen haiei gogorarazten genien asanbladan zer erabaki genuen. Guk bagenekien gerora isunak etor zitezkeela, eta horregatik erabakia zen makinen aurrean jartzea era pasiboan, eta horregatik sortu genuen erresistentzia kutxa bat, gero handik isunak ordaintzeko. Identifikazioei dagokienez, erabaki zen pertsona bakoitzak ikusiko zuela zer egin”.

Elkarrizketak ere egin zituen Elizegik hedabideetan, “baina beste batzuek ere bai, gertatzen dena da nik proiektua aspalditik ezagutzen dudala, eta horren ondorioz hainbat elkarrizketetara noala”.

Fiskalaren itaunketari erantzunez, argi utzi dio berak ez duela biolentzia, mehatxu edota irainik entzun edo ikusi. “Orduan bi talde ziren, bata biolentoa eta bestea baketsua?, tematu da fiskala enegarrenez: “Nik dakit nik ikusi nuena, edozein kasutan egunotan ere entzun ditugu guardia zibilak eta foruzainak esaten ekintza baketsuak ikusi zituztela, ez besterik, eta horiek ez dira bereziki gure aliatuak”. “Bai, baketsua diozu, baina gero egin zen TEXi buruzko bideo barregarri bat” [desagertu zen Dumperrari buruzkoa], luzatu dio fiskalak satira krimena balitz moduan. “Polizia etorri zitzaigun galdezka dumperraz –erantzun du Elizegik– eta esan genien guk ez genekiela ezer. Makina horren inguruan mundu guztiak egiten zituen txisteak eta bazegoen halako katxondeo orokor bat Baztan osoan”.

Lekarozko frontoitik obretara

Ondoren gainerako sei akusatuek deklaratu dute, eta antzeko jokamoldeak adierazi dituzte. Bakarrik erantzun dizkiete haien abokatuen galderei. Oro har, bakoitzak bere esperientzia azaldu du, baina baziren antzekotasun handiak haien esanetan. Bailaran Aroztegiko obren hastapena zabaltzen ari zela, Whatsapp mezuak jaso zituzten Lekarozen batzarra zegoela adieraziz, hara hurbiltzen ziren, bakoitza bere aldetik, bertako batzarrean parte hartu, eta han erabakitzen zen obretara joatea, ea egoera zein zen ikustera. Hurbiltzean, makinak gelditu egiten ziren, eta unean uneko egoeraren arabera, inprobisatzen zuten: “Gure taldean, esaterako –zehaztu du Aintzane Ariztegik– batek pankarta bat atera zuen eta erabaki genuen bideo bat egitea, akaso lagunduko zuen horretan ni kazetaria naizela”.

Denek azpimarratu dute, haien aburuz proiektua legez kanpokoa zela eta horregatik geldiarazi nahi zutela. Egunero bakoitza bere lanean ari zen, eta ahal zutenean agertzen ziren obra eremura, denbora horretan guztian behin, birritan edo hiruzpalautan. Epaiketan, halaber, etengabe ibili da dantzan balizko talde antolatu kriminalaren antolaketa izugarria, informazio zerbitzuen gisakoa: “Bide guztiak kontrolatuak zituzten, Polizia toki batetik agertzen zenean ekintzaileak bestetik zihoazen, kamuflatuak zeuden sasi artean largabistekin...”. Bada, auzipetuen adierazpenetan, euren kasuan askoz sinpleagoa zen: “Lekaroz herri txikia da, landa eremuan dago, eta hemen makina handi bat lanean hasten bada, edo motozerra bat, berehala ohartzen gara. Horrela ohartzen ginen obrak hasten zirela, makina haien zaratagatik”.

Nor da erasotzaile?

Ariztegi eta Itziar Torres, Garbiñe Elizegiren eskuin-esku gisa aurkeztu dituzte epaiketa honetan, eta biek ala biek sendotasunez diote horrek ez duela ez hanka ez buru, inoiz ez dutela haren agindurik jaso. “Ni bizia naiz hizketan eta ondo moldatzen naizenez, prest izaten naiz hitz egiteko”, azaldu du Torresek. Eta antzekoa Ariztegik: “Herrikoa naizelako hitz egiten dut, badudalako horretarako erraztasuna eta nire alorra delako”.

Epaiketa guztian egon da presente José Mari Martin lekaroztarra eta Palacio de Arozteguiako langilea, akusazioen esanetan eskratxea jasan zuena eta etengabe iraindua izan dena. Bada, Itziar Torresek –berari leporatu diote horietako batean parte hartzea– ekarri du 2017ko pasarte bat gogorarazteko berak ez diola inoiz erasorik egin Martini, baina hark berari bai. “Bideo artistiko batzuk ari nintzen egiten Lekarozen, eta hiru lagunekin joan nintzen Aroztegiko jauregira. Ezaguna zen han José Mari jendea beldurrarazten ibiltzen zela. Han ginen bideoa grabatzen, etorri zen beldurra ematera eta hitz trukaketa baten ondoren nik “peineta” bat –atzamar luzea gora, besteak batuta– egin nion. Berak heldu, eta bortitz, paretaren aurka jarri ninduen, “puta zorra” eta emakume izateagatik egindako irainak eginez, uste nuela polita nintzela, baina ez zela egia eta horrelakoak esanez. Hala ere, harrezkeroztik nik ez dut izan inongo arazorik berarekin. Harrituta nago entzutean orain ni naizela erasotzailea, erasoa nik jasan nuenean”. Mehatxu eta irainei buruz argia izan da Torres: “Ez naiz mehatxuen aldekoa, uste dut eraginkorragoak garela egun argiz eta gauzak publikoki eginda”.

Adierazi dutenez, auzipetuak egon ziren obra eremuan edo akanpadan, hainbatetan batzuk, behin edo behin besteak, beti era baketsuan, inor iraindu edo mehatxatu gabe... Zorte txarra izan zuten, ordea, hirutan identifikatu omen zituzten eremuan –edo Polizia bidez, edo bideoetan, edo lekukoek esanda– eta horregatik eseri dituzte haiek auzipetuen aulkian. Beste batzuk izan zitezkeen, baina haiek egokitu zaie. Ez da txantxetakoa, halaxe aitortu zuen astelehenean auziaren txosten nagusia egin duen guardia zibilak.

Ostiralean alde bakoitzak bere azken ondorioak azalduko ditu, auzipetuek azken txanda bat izango dute hitz egiteko, hala nahi badute, eta epaiketa epaiaren zain geldituko da.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baztango Aroztegia
Aroztegiako epaiketaren kronika (hirugarren eguna)
Desobedientzia zibila kriminalizatzeko irudien bila

Asteazkenean lau foruzain, bi alkate ohi eta bi kazetari izan dira haien testigantzak ematen. Geroago, amaiera amaigabean, akusazio partikularraren 11 bideo eta albistegi ikusi eta itzuli dira gaztelerara: desobedientzia zibila begien aurrean. Oso luze joan da, luzeegi.


Aroztegiako epaiketaren kronika (bigarren eguna)
Guardia zibilek diote ez zela bortizkeriarik egon protestetan zirenen aldetik

Bigarren ahozko saioan Aroztegiako obren eremuan izan ziren 11 guardia zibilek deklaratu dute asteartean, gehien-gehienak fiskaltzak deituta. Astelehenekoarekin konparatuta azkar joan da dena, eta arras lasaiago. Haien guztien testigantzan zerbait azpimarratu behar bada zera da:... [+]


Aroztegiako epaiketaren kronika (lehenbiziko eguna)
Akusazioek izen bat nabarmendu dute lehen saioan: Garbiñe Elizegi

Goiza epel esnatu da Iruñean, eta Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean epela beroa zen, elkartasunaren beroa. Baztandik hurbildutako Aroztegiko Elkartasun Komiteak karpa jarrita zuen auzitegiaren aurrean eta dozenaka pertsonak haien elkartasuna adierazi diete zazpi... [+]


2025-05-19 | ARGIA
Aroztegiako epaiketari jarraipen berezia

Aste osoan ARGIAko kazetari bat dedikazio osoz izango da auzitegi barruan gertatzen denaren berri ematen, baita kanpoan Aroztegiko Elkartasun Komiteak auzipetuen absoluzioa eskatzeko antolatutako egitarau zabala jarraitzen ere. Argia.eus-en aurkituko duzue informazio guztia... [+]


Aroztegia auzia
Baztango lurren defentsa kriminalizatzeko saioa: Aroztegiako epaiketaren klabeak

Epaiketetan aldeen arteko akordio aukera iritsi daiteke ahozko auzia hasi baino minutu batzuk lehenago. Auzi honetan akusatuek publiko egin dituzte orain arte egondako negoziazio saioak, eta azkena aste honetakoa izan da, ezagutarazi den moduan porrot egin duena. Akordiorik egon... [+]


Aroztegia auziaren inguruko negoziazioak
Akusatuek ez dute Palacio de Arozteguiak eskatutako erantzukizun zibila onartu eta astelehenean epaiketa hasiko da

Hilabeteak dira jada fiskaltza, defentsa eta akusazio partikularra –Palacio de Arozteguia SM– epaiketa ez egiteko negoziatzen ari direla. Bazegoen oinarrizko akordio bat, baina Aroztegiko Elkartasun Komiteak prentsa ohar bidez iragarri du bertan behera gelditu dela.


Aroztegiako auzipetuen aldeko manifestua
Aroztegiako auzipetuen absoluzioa eta desobedientzia zibila aldarrikatu dituzte

Euskal Herriko hainbat arlotako 196 pertsona ezagunek Aroztegiako auzipetuen aldeko manifestua aurkeztu dute Iruñean astearte goizean. Errepresioa eta Aroztegiako proiektuak ordezkatzen duen garapen eredua salatu dituzte. Astelehenean hasiko den epaiketa salatzeko ekintzak... [+]


Aroztegiako auzipetuen aldeko kanpaldia Baztanen
“Ezin dugu onartu desobedientzia zibila egiteagatik talde kriminal antolatu bateko kide izatea leporatzea”

Aroztegiako hirigintza proiektuaren lanak eteteagatik Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. Auzipetuei elkartasuna adierazi eta beren absoluzioa eskatzeko kanpaldia hasi zuten igandean Elizondoko plazan, larunbatera arte. Aroztegiko Elkartasun... [+]


Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazteko kanpaldia egingo dute maiatzaren 4tik 10era

Baztango zazpi herritar epaituko dituzte maiatzaren 19tik 23ra. Epaiketaren bezperan, Aroztegiko Elkartasun Komiteak zazpi absoluzioa aldarrikatzeko kanpaldia antolatu du, maiatzaren 4tik 10era, Elizondoko Plazan. Askotariko egitaraua osatu dute egunotarako.


2025-02-19 | Estitxu Eizagirre
“Kartzelara bidaltzen bagaituzte ere, hemen egongo da herri bat erasoen kontra defendatzeko prest”

Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]


2025-02-12 | Iñaki Barcena
Aroztegiaren silogismoa

Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.

Tesia: Baztango... [+]


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Eguneraketa berriak daude