“Euskaraz esaten den guztia ez da euskara”

  • Ama-Lur jatetxeko paretak mintzatuko balira, asko isilduko lirateke, eta orduan, auskalo zer istorio asmatuko lukeen Ugutzek. Dakigun bakarra da Ama-Lur-eko hormak ere harrituko lituzkeela.

Ugutz Robles-Arangiz
Dani Blanco
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Errefuxiatuta sortu zinen, II. Mundu Gerra bete-betean.

Ez dut erbestean sortu naizen inpresiorik, beskoiztarra naiz eta kito. Orduko beskoiztarra, oraingoak ez baititut aipatu ere egin nahi. Eskolan, lagunek asko jota “españolito, burrito, tripatzarrean bi ostiko” esango zidaten, gutxi gehiago. Alemanen denborako oroitzapenak, alta, iltzatuak ditut. Usu etortzen ziren soldaduak etxera arrautza eta esne bila. Hiru aldiz mudatu behar izan ginen maniobra zonan genuelako etxea. Miseria zen, arropak, behiak eta gainerakoak eramanez etxea utzi beharra. Gogoan dut etxe atarian suzko ziri moduko batzuekin ibiltzen zirela. Inork ez zekien zer ziren. Urte andana berantago irakurri nuen entziklopedia batean, ekialdean errusiarren aurka izandako batailetan alemanek errusiarrei ebatsitako “órganos de Stalin” direlakoak zirela, eta Beskoitze eta Hazparne artean egin zituztela entsegu probak. Orduan lotu nituen hariak.

Hamaika neba-arrebako sendian ez zen samurra izango hari guztiak lotzea.

Gaur egunetik so eginik zientzia-fikzioa dirudi. Urik ez zen, zegoen argi apurra mugatua, ez zen ez irrati, ez telebista, ez deus. Baina hala ere, nik haurtzaroko oroitzapen izugarriak ditut. Ikaragarri dibertitzen ginen, oraingo haurrak baino puska bat gehiago segur aski. Beskoitze eta Beskoitze inguruetan ibiltzen ginen, noizbehinka Hazparnera joaten ginen, eta oso noizbehinka Baionara. Baionara joateko autobusa hartu behar izaten zen, gasogenoarekin zebilen autobusa. Maiz bete-beterik etortzen zen eta bide bazterrean pertsona bakarra ikusiz gero gelditzen zen, baina bestela... Orduan, amak sasi artean gordetzeko agintzen zigun, eta behin autobusa gelditurik, bospasei mutiko ateratzen ginen sasi artetik. Geroxeago, eskolarako txanda heldu zitzaigun. Orain ikusten ditut haurrak Robocop bezala beztituak, herriko plazara ere kotxean joaten direla, baina gu horma egunetan ere oso xumeki jantzita eta oinez joaten ginen eskolara. Pentsa, eskolara heltzean errientak berogailutzat genuen trastearen ondoan ezarri behar izaten gintuen, eskuak gogortuta, idazteko kapable ez ginela arribatzen baikinen. Gero, aro ederra zelarik, goizetan perra hotsak aditzen genituen, idiak lerro-lerro, itzainak lerden akuilua bizkarrean, Hazparnera orgetan egurra, lastoa edo belarra garraiatzen. Arratsaldean aldiz, gu eskolatik jalgitzean, itzulera ordua zen, eta idiek bazekiten nora joan behar zuten, baina jabeek a zer mozkorrak!

Zenuen aita izanik, politika kontuak entzungo zenituen etxean.

Aita eta ama anitz mintzo ziren politikaz. Aitaren euskara murritz samarra zen, ordea, eta politikaz beti erdaraz ari zen. Era berean, guri debekatzen ziguten etxean erdaraz hitz bat bera ere esatea, eta orduko pedagogia sistemak gure aitaren euskara baino are murritzagoak zirenez, erdaraz hizketan harrapatuz gero zapla!, eta fite ulertzen genuen ez ginela hala mintzatu behar. Kanpoan erdarak aise ikasiko genituela esaten ziguten beti, eta etxean bederen, behar genuela euskara atxiki. Denborak arrazoi eman die.

13 urterekin etorri zineten Bilbora. Nola ikusten zuten Bilbo Beskoitzeko mutil koxkorraren begiek?

Asko entzuna genuen Bilbo, baina hasieran oso estua egin zitzaidan, oso itogarria. Hastapenean, jesuiten kolegioan ez zen eraikuntzarik eta handik mendiei so egoten ginen egunero. Anaiak eta biok bagenuen halako ezinegon bat barruan, eta beti joka ari ginen pin, pan eta pun. Gu baserrikoak ginen, kanpoan ibiltzekoak, eta ordura arte bi artaldetako marruak parez pare jartzen genituen elkarri topeka hasten zirenentz ikusteko. Aldaketa handia izan zen, baina fite lasaitu ginen, ohitu, eta bertan lagun eta adiskideak egiteak ere asko lagundu zigun. Gero eskolan, “formación del espíritu nacional” zen dena, nahiz eta guk teoria gutxi eta gimnasia asko egiten genuen. Falangista izanagatik gizon ona zen gure maisua eta Kaudilloa zetorrenean zer ereserki jo behar zen galdetu zigunean “la raspa” erantzun zuen gutako batek, eta kalera bota arren dena zen broma giroa. Beste behin, anaiari baskongadetan zenbat probintzia ziren galdetu zion, eta anaiak zazpi zirela. Haserretzeko partez, “nobedaderik badugu, ala? Ai, ai, ai, belarritik antzematen zaizu nongoa zaren!”, eman zion arrapostu.

Etxetik zenekarren kultur zaletasuna praktikan jartzen ere fite hasi zinen.

Bilbon, lehenik, antzerkia lantzen hasi ginen Txinpartak izeneko talde batean. Gaur egunetik begiratuta, oso erridikulua zen egiten genuena, baina euskaraz zen, eta nahikotxo ibiltzen ginen herriz herri. Gogoan dut behin, Markinako Larruskain auzoan, zahar batzuek antzerkia euskaraz eta bertan neskak ikusi zituztenean negar egin zutela! Titiritero batzuk ginen. Argindarrik ez bagenuen, poste batera igo, bertan entxufatu eta kito. Sekulako indarra geneukan. Beti izan gara kantuzale, dantzazale eta mugituzaleak. Esaterako, niretzat kantua kultura da, baina horren gainetik gizakiak barrenean dituen problema eta kezkak libratzeko modua.  

Gaur egun, alta, hitza geroz eta kamutsago, kantatu geroz eta makurrago, kulturak parte-hartzailetik geroz eta gutxiago...

Lehenago zaharrak ez ziren gu bezain alegera, gu gazteak baikinen, baina alaiak ziren hala ere. Gaur egun, ostatura sartu eta zaharrak irriz atzemanen dituzu, eta gazteak triste aire bat bisaian. Berrikitan, erosketak egiten ari nintzela, beti bezala nire buruarekin kantuz ari nintzen. 17-18 urteko neska-mutiko batzuek harrituta begiratzen ninduten. “Zuentzat atzamarrarekin botoiari ematea da kantatzea, baina moda zaharrekoak garenok, zintzurrarekin kantatzen dugu!” bota nien. Ez zait bilakaera gustatzen. Zer egin daitekeen? Auskalo. Nik karrikan jendea walkmanak jantzita ikusten dudanean ez daudela burutik sano pentsatzen dut.

Eta zer pentsatu zenuen 1960an, berriz Beskoitzera errefuxiatu behar izan zenuelarik?

Nahiko gaitza egin zitzaidan. Egun batez, polizia etorri eta bi anaia zaharrenak preso eraman zituzten. Fite ohartu nintzen horretaz. Irkus armadan zen, eta gure baitan biek pentsatu genuen norbaitek salatu gintuela eta bi anaia zaharrenak eraman zituztela ez-jakinean bi gazteenak zirela saltsan ari. Orduan, biek egin genuen eskapu. Enetako, gogorra izan zen, Bilbon kantuz ari ginen, nahiko fama hartua genuen, eta bat-batean dena uztea nekeza zitzaidan. Zorionez, Beskoitze ez zen sobera aldatu, oraindik jendea euskaldun peto-petoa zen, eta lagun zaharrak ikusteak indartu ninduen. Oso gutxira Beskoiztarrak antzerki taldea sortu genuen, eta lehen urtean Sorginak Etxaburun obra eman genuen. Pentsa, orduan apezak manatzen zuen herrian, eta neska eta mutilak nahasian ibiltzerik nahi ez zuenez, mutilak bakarrik antzeztera behartu gintuen. Hantxe joan behar izan nuen Baionara ileordeak alokatzera, eta nik uste, irrigarriagoa izan zela hura obra bera baino!

1968an, Monzonen gidaritzapean eman zenuen Matalas, eta ondotik, Daniel Landarten obra bat baino gehiago ere antzeztua zara.

Oso zuzendari ona zen Monzon. Entsegua gauerditan bukatzen bagenuen, txalo zartak jo, eta “ederki eman duzue, emazue berriz!” esaten zigun, eta hantxe, goizeko hirurak arte. Landarten Xuri-Gorriak eman genuenean, aldiz, gogoan dut bere herrian gertatutako pasadizo bat sartu zuela obran. Bertan, auzapezak herritar bati 500 liberako billete bat erdibitzen zion, beste erdia bere alde bozkatzen bazuen emanen ziola aginduz. Emanaldi batean, Landarten herriko auzapeza justu Danielen aitzinean eseri zen, eta ez dut sekula ahantziko pasadizoa berea zela ohartu zenean ezarri zuen aurpegia.

Askori Ez Dok Amairuk aldatu zion aurpegia eta hor ere ez zinen aparte.

Gogoan dut euskaltarren biltzar batean, Mattin eta Xalbadorren ondotik igo ginela taulara kantatzera. Gureak ez ziren bereziki kantu modernoak, baina euskaraz ari ginen, gitarrarekin, eta batzuek “euskal kultura ehortziko genuela” esaten ziguten bitartean, beste batzuk zale sutsuak genituen. Egun hartan, Mixel Labegeriek hori zela bere betiko ametsa aitortu zidan, eta handik gutxira hasi zen Piarres Larzabalen hitzak musikatu eta interpretatzen, eta hortik partitu zen beste kantatzeko modu bat. Baina errezelo hori orokorra zen, ez pentsa, Bilbon ere kantuz ari ginelarik denek korala baizik ez zuten gogoan. Zenbatek gutxiesten gintuzten “esos con guitarra española” lehor batekin, gaztelera puru-puruan jakina. Baina Ez Dok Amairuk gauza asko irauli zituen, eta bide berri eta eder bat ireki zigun denoi.

Garai hartan, oso desberdina zen Iparraldeko eta Hegoaldeko giroa?

Ni errefuxiatu joan nintzenean Iparraldea Hegoaldea baino askoz euskaldunagoa zen. Hegoaldean euskalduna izateko kontzientzia behar zenuen, Iparraldean izan zintezkeen euskalduna besterik gabe. Baina Frantziak konplexu asko barneratu arazi ditu, eta Aljeriako gerlak zentzu horretan sekulako sarraskia egin du. Lehen mutikoek harro esaten zizuten, “ni euskalduna naiz, frantsesa baina euskalduna”, orain lotsatu egiten dira. Egun, euskaraz dakiten askok ere ez dute euskaraz egingo, eta frantsesa ere, ez dute herrikoa emango, Parisekoaren imitazioa baizik. Harrigarria da, ulergaitza. Seme-alabak ikastolan ukan eta bozaz abertzaleak direnak ostatuan frantsesez mintzo dira, eta heien burua frantsestzat duten baserritarrak euskaraz goizetik arrats.

Mugak gogor dirauela, alegia.

Lurretik desagertuko zen, agian, baina buruetatik... Zorionez, abertzaleen artean, Iparraldekoak geroz eta gehiago heldu dira Hegoaldera, eta alderantziz, baina psikologikoki jende gehiena mugatua da. Aldi batez, elurrarekin, zazpi orduz egon nintzen autopistan blokeatua, eta ondoan nuen Txirrita moduko gizon handi txapeldun batekin hasi nintzen hizketan. Gipuzkoarra zen bera, eta euskaldunak ginela esan genionean, barre egiten zuen, mespretxuz. Ni txisteen bidez saiatu naiz nire ikuspegiak ematen, muga horiek hausten, frantsesek baskoiei trufa egiten bazieten paristarrei irri egiten ahal zaiela erakusten, baina ez pentsa umorearekin ere jende anitz konbertitzen duzunik. 

“Ez dira betiko garai onenak...“ dio kantu ez hain zaharrak.

Harrigarria da Hegoaldean umore espainola nola gailendu den. Harrigarria da gure pentsaera nola kutsatu dugun, nola erdaraz pentsatzera pasa garen. Esaterako, “Utzi Euskal Herria bakean!” erdarakada hutsa da. “Dejad el País Vasco en paz” da. Iparraldean gauza bera. Ez du balio erdaraz pentsatu eta itzulpena egitea. Aurrekoan, euskaldun peto-peto batek esaten zidan, daborduko ez zekiela zuzen edo oker ari zen, kutsaduraren kutsaduraz ez zela bereizteko gai. Euskañola da nagusi, eta harrigarria badirudi ere, euskaraz esaten den guztia ez da euskara.

Nortasun Agiria
1939ko urtarrilaren 10ean Bidarten sortutako beskoiztarra. Manu Robles-Arangiz ELA sindikatuaren sortzailearen eta Lurdes Bernaolaren semea, kultura eta arteari emandako hamaika senideko familiako kide da Ugutz. Hainbat taldetako dantzari, antzezle, txiste kontalari eta kantaria, ostaler ezaguna ere bada, urtetan eraman baitu Beskoitzeko Ama-Lur jatetxea aurrera. Zer egin duen esatea baino errazagoa da zer egin ez duen kontatzea.
OFF THE RECORD
Aberatsa
Jende batek bizitzan eta munduan gertatzen direnak analizatzeko joera etengabea dauka. Beste batzuei gauzak gertatu egiten zaizkie. Jende batek beti kontatzen ditu besteei gertatutakoak. Beste batzuek aski dute eurei gertatutakoak kontatzea. Jende baten nortasuna bizimoduaren arabera eraikitzen joaten da. Beste batzuek nahiago izaten dute bizimodua euren nortasunaren arabera antolatu. Jende bat historiarekin akordatzen da. Beste batek nahiago izaten du istorioekin bizi. Horretaz eta “ofizio asko dituena pobrea seguru” esan zuenak ez zuela erabateko egia esan ohartu gara Ugutzekin hizketan. Ezer izatekotan, aberatsa baita Ugutzen bizitza. Aberatsegia, elkarrizketa batean osorik biltzeko.

Azkenak
Hazparneko etxebizitza agentzia bat okupatzeagatik epaituko dituzte zazpi lagun irailean

2024ko urtarrilean Arberoako Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Hazparneko Puyo agentzia okupatu zuen. Ekainaren 20an elkarretaratzea egin zuten ekintzaileei babesa emateko.


2025-06-23 | Axier Lopez
asteko argazkia
Isolamendua

Israelek aldebakarrez eraso egin dio Irani eta 585 pertsona baino gehiago hil ditu, horietatik %90 zibilak. Nazioartean atxilotzeko agindua duen Benjamin Netanyahu gerra-kriminalak dio "eraso prebentiboa" izan dela, bere inguruan inork ez dezan eduki berak aspaldian... [+]


NATOrekiko kompromisoak gastu militarra %5era igo gabe betetzea adostu duela iragarri du Sánchezek

Igandean iragarri du akordioa Pedro Sánchez Espainiako presidenteak. Espainiak gastu militarrera BPGaren %2,1 bideratuko duela ziurtatu du.


Israelek beste 33 palestinar hil ditu Gazan, eta Mahmud Khali ikaslea aske utzi dute AEBetan

Israelek 33 palestinar hil ditu Gazan igandetik astelehenera bitartean, horietatik sei janari bila zihoazela. Israelgo armadak jakinarazi du Gazan bahituta zituzten hiru israeldarren gorpuak berreskuratu dituela. Bestetik, Mahmud Khali AEBetako Columbia Unibertsitateko ikaslea... [+]


2025-06-23 | Hala Bedi
Gasteizko Txosnek 2025eko programazio osoa argitaratu dute

Gasteizko Txosnek gaur aurkeztu dituzte ofizialki 2025eko Andre Mari Zuriaren jaietarako kartela eta musika zein kultur programazioa. Hirugarren urtez jarraian, Entxosnatu, etorri gugana! lelopean, gune autogestionatuak abuztuaren 4tik 9ra egongo da irekita, 40 kontzertu eta... [+]


“Ongi etorrien” auziko inputatuei bi urteko espetxe zigorra ezarri diete eta ez dira kartzelara joango

Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicenteri 120 ongi etorri baino gehiago antolatzea eta terrorismoa goratzea leporatzen zien Espainiako Auzitegi Nazionalak. Auzipetuek, akusazio partikularrak eta... [+]


Ugatza Azazetan: kontserbazioa edo txikizioa?

Joan den igandean, ekainak 15, ugatzari buruzko artikulu interesgarria argitaratu zuen Rosa Canchok El Correo egunkarian. Azken urteotan hegazti sarraskijale adierazgarri honek Araban bizi duen itxaropen onaren egoeraz hitz egiten zen testuan. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen... [+]


AEBak gerran zuzenean sartu ostean, Iranen “erregimen aldaketa” behar dela esan du Trumpek

Irango hiru gune nuklear nagusiei eraso egin ostean, Donald Trump AEBetako presidenteak "Iran berriz handi egiteko" erregimen aldaketa bat behar dela adierazi du sare sozialetan. NBEren Segurtasun Kontseiluak larrialdizko bilera egin du, eta Errusiak, Txinak eta... [+]


Nekropolitiken politika

"Oxala Mediterraneoko herrialdeek beren betebeharrak beteko balituzte, eta bilaketa eta erreskateko uretan eskura dauzkaten operatibo guztiak martxan jarriko balituzte, jendeak itsasoan arriskurik izan ez dezan". Mikel San Sebastian Aita Mari erreskate ontziko kidearen... [+]


Astelehenean hasiko dira Zaharraz Harro! jaiak Gasteizko Alde Zaharrean

Astelehenetik igandera askotariko 106 jarduera antolatu dituzte auzoko bizilagun eta eragileek, parte hartzea, auzo harrotasuna eta autogestioa ardatz. Aurten poliziak bortizki hustu berri duen Korda espazioa izango dute gogoan. Hamazazpigarren edizioa da aurtengoa.


Gasteizko lorezainak hiru hilabete greba mugagabean
“Egoera oso zaila da une honetan, baina langileek borrokari eutsiko diote”

Ostegunean hiru hilabete beteko dira Gasteizko lorezainek greba mugagabea hasi zutenetik aho batez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Gasteizko parke, igerileku eta berdeguneak belar eta sasiek hartuta ikusteak oso ikusgarri egin du greba, baina iragan astean “zerbitzu... [+]


Sergio Ayucar (BSH): “Prozesuari eustea oso gogorra izaten ari da; mediku-bajak bikoiztu egin dira”

Eskirozko BSH lantokia ixteko asmoa plazaratu zutenetik lan taldearen mediku-bajak bikoiztu baino gehiago egin direla salatu dute gaur: "Abenduan prozesua hasi zenean lan taldearen %4 zegoEn bajan, orain %13 baino gehiago dago", adierazi du Sergio Ayucar BSHko langile... [+]


2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Arrosa basatiaren izen saltsa

Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren arteko kolorea du. Urtero loratzen da lurrin fina zabalduz. Lore horiek destilatu egiten dira, ia erabat kosmetikan eta... [+]


Kanpaina bukaerako ariketa

Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek izango dituztela bospasei kilo. Uztailaren bigarren astean edo utzi egingo diogu gazta egiteari.


Eguneraketa berriak daude