CIA

CIAk gudu berriak eulitzarretatik tiroka irabazi nahi ditu

  • Eskifaiarik gabeko hegazkin militarrak bitxikeria direla uste duzu? Jakin ezazu aurten AEBetako armadak jenderik gabeko hegazkinen lurreko gidari gehiago heziko duela ohiko hegazkinetarako pilotu baino. Eta Pakistaneko gerra ezkutua arma berri horrekin egiten duela CIAk.
Drone
Air-Attack guneko irudian, MQ-9 Reaper jenderik gabeko hegazkina. General Atomics konpainiak ekoizten du aurretik famatua egin zen Predator dronearen ordez. 10.5 milioi dolar kostatzen da, 15 kilometroko altueratik egin dezake lan eta 42 orduko autonomia dauka hegalpean eramanez 500 kilo leherkari, izan laserrez gidatutako bonbak edo misilak, airetik airerakoak bezala airetik lurrerakoak. Interneten ageri dira AEBetako armadaren eulitzarron hamaika xehetasun, baina CIAk darabiltzanen ingurukoak askoz urriagoak dira. Munduko armada indartsuetako militarrek gero eta usuago bidaltzen dituzte UAVak guduetara: norbera gutxiago arriskatuz etsaiei kalte handiagoak eragiten dizkietelako. Balizko etsaiei... eta inguruan harrapatutako gainerako herritarrei.
Eskifaiarik gabeko hegazkinak izaki, ingelesez Unmaned Aerian Vehicle (UAV) deitzen dira ofizialki, jenderik gabeko aireko beribilak, baina jendeak Drone bataiatu ditu aspaldi. Drone erlamandoa da, erleen artean burrunba gehien egiten duena, baina natura euskaraz bizi duenak seguruenik nahiagoko luke hegazkin hori “erletzar” edo “eulimando” bataiatu, edo are “kakalardo”, kanpoan zabiltzala oharkabean gaineratzen zaizun xomorro hegalari burrunbariaren irudia atxikitzeko.

Droneek ez dute, ordea, bromarik eragiten militarrek usatzen dituzten leku zorigaiztokoetan. Ez dira iparramerikarrak UAV horien erabiltzaile bakarrak. Adibidez, duela justu urte bete Gazan Israelek drone batek airetik errundako misilarekin 48 jende hil zituen. Europako potentziek ere badituzte beren UAVak, baina merkatuan nagusi Israel eta batik bat AEBak dira. Hala segi nahi dute.

Otsailaren 5ean Tony Capaccio kazetariak Bussiness Week astekarian publikatu eta Common Dreams gune aurrerazaleak zabaldutako albistetik dakigu AEBetako militarrek zer nolako inbertsioak planifikatu dituzten hegazkinon alorrean. Pentagon to Increase Stock of High-Altitude Drones kronika laburra aberatsa da xehetasunetan. Horri esker dakigu gaur iparramerikarrek 6.819 UAV dauzkatela, horietatik 220 direlarik altuera oso handian, iraupen luzez, inguru osoa behatzeko ahalmenez eta berehala erasotzeko gaitasunez lan egiteko prestatuak. 2020rako belaunaldi berriko 800 droneren jabe izan nahi dute militar yankiek.

Honetan guztian zientzia-fikziorik ez da. Oraintxe bertan AEBetako armadak 39 hegazkin dauzka egunaren 24 orduetan Irak eta Afganistango eremuak airetik arakatzen. Urtea bukatzerako 50 izatea nahi du eta 2013rako 65. Hegazkinotan 2011ko aurrekontuetatik 22.000 milioi dolar xahutuko ditu eta inbertsioa urtero %1 handituz 2020rako 29.000 milioi aurreikusten.

Armadaz gain CIA da hegazkinon beste erabiltzailea. Mendebaldeko potentziek egun argitan aitortu duten moduan Iraken eta Afganistanen kakalardo armatuok darabiltzatela, ofizialki gerra ez dagoen Pakistanen ausarki usatzen ditu CIAk talibanak babesten omen diren eskualdeetan.

Gaitz da Pakistanen gertatzen ari dena zehaztasunez ezagutzea. Hango hirietan jazotzen diren atentatu hilgarrien irudiak ikusi ohi dira telebistetan, baina tribuetako lege zaharren arabera bizi diren eskualdeak garretan dauzkan gerra ezkutuaz informazioa urri dator eta irudiak are urriago.

Barack Obamak ez zuen hasi Pakistango gerra ezkutua, baina artean hautagai zelarik oniritzia eman zion eta agintea hartuz geroztik sendotu egin du CIAk han markatutako estrategia. Alegia: AEBak ez daude gerran Pakistanen, bertako gobernuari –bonba atomikoaren jabe denari, ez da ahaztu behar– babesa ematen baizik, ez da aitortzen armada estatubatuarra Afganistanekiko mugetan guduka dabilenik, baina ezkutuka berak kudeatzen du borroka osoa.

Estrategia honetan UAV eulitzarrak dira arma inportanteenetakoa, ez bakarrik informazioa biltzeko baizik eta tropa amerikarrak arriskuan jarri gabe talibanei su egiteko ere bai.

Pakistan, euli armatuen bazka

Bakearen Nobel saria irabazi berria duen Barack Obama presidentea Pakistanen zertan ari den iazko apirilean salatu zuen Steve Weissman-ek Truth Out hedabide elektronikoan, Obama Dances With Drones (Obama erlamandoekin dantzan) izenburua zeraman kronikan.

Weissmanek azaldu du nola Barak Obamak eta Pakistango presidente berri Asif Ali Zardarik aurrera daramaten lehenagotik George Bushek eta Pervez Musharrafek hitzartutako bidea, alegia, AEBek atea zabalik daukatela talibanei Pakistandik nahi bezala erasotzeko.

Obamak hauteskunde kanpainan abisatua zuen Al Kaedako buruzagien bila joko zutela amerikarrek Pakistanen bertako agintarien oniritziarekin edo hauen gogoz kontra. Izan zen horretaz polemika bat baino gehiago, baina agintera iritsitakoan urrats berriak eman ditu Obamak norabide berean.

Posible ote da Nobel Saria hartu duen presidente batek gerra batean –ofizialki aitortu bakoa izanik gainera– biktima zibilak ugaritzen dituen arma lehenestea? Bai, antza. Izan ere, Pakistango mendietan CIAren piloturik gabeko UAV hegazkinon erasoetan ehunka herritar hil dira, emakume, ume eta zahar asko tartean. Behin edo behin iritsi da hegazkinok eztei-festa lehertu dutela, hamarka hilez.

Zardari presidenteak publikoan salatu izan ditu CIAren halako erasoak, baina denek dakite aho txikiarekin ontzat ematen dituela. Hala da tratua. Baina ondorio onik ekarriko al du?

Iaz idatzi zuen Weissmanek: “Obamak Al Kaeda menderatu nahi du garaipen militarrez, aldi berean Zardari exijituz Pakistango talibanei eta gainerako islamistei erakustaldi militarra egin diezaien, baina beste hainbat kontutan azeria den gure presidentea ez da ohartzen urrundik gidatutako Predator hegazkinok Pakistan barruan gerra zibilaren etorrera ari direla elikatzen. Bin Laden dronez edo komando baten erasoz hiltzeak Obamari ohore handia ekarriko lioke etxean. Baina garestiegi aterako litzateke baldin eta trukean bonba nuklearra daukan Pakistan jihadista musulmanen esku eroriko balitz”.

Barruan inor gabe hegaz egiten duten eta eremu zabalak airetik behatzeko adina misilez erasotzeko balio duten UAV horiez informazio baliotsuak Philippe Leymariek eman izan ditu Le Monde Diplomatiqueren gunean daukan Defense en Ligne (Defentsaren Haria, euskaratu genezake libreki) blogean. Leymariek idatzi du CIAko buruzagien ustez droneok direla Al Kaedaren kontrako arma mirakuluzkoa.

Erasotzailearentzako hegazkinok munduko abantaila guztiak dituzte: erraz iristen dira etsaiaren ahoko zuloraino, kirurgia lana lasai egin dezakete eta soldadurik galtzeko arriskurik ez. Ortzian oso goitik –inoiz 15.000 metrotatik!– arakatzen dute gudalekua. Piloturik ez dutenez, hegaldian jarraitzeko mugarik ez dute, ez nekerik, ez preso erortzeko kezkarik. Buruzagitzak askoz hurbilagotik kontrolatzen du edozein erabaki. Aldiz, gainean kontrola sentitzen duten etsaiak bezala herritarrak beldurtzen ditu.

Ordainetan, herritarren artean erasotzailearekiko gorrotoa areagotzen dute. Erlamandook hiltzen duten pertsona zibil bakoitzeko, familia eta herri osoak haserrarazten dituzte betiko. Baina gorrotoa urrunetik usaintzen ez denez...

Informazio gehiago:


* Pentagonoa UAV direlako askoz gehiagoren eske ari dela albistea Bussiness Week gunean
* Albiste bera Common Dreams gunean
* Gaia Philippe Leymarie-ren Defense en ligne blogean
* Jenderik gabeko hegazkinak Wikipedian
* Munduan dauden UAV guztien zerrenda, handi eta ttiki
* UAV hegazkinez Tammy Sagastume izeneko batek daukan webgunean

ASTEKARIA
2010ko otsailaren 21a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: CIA
Kissinger eta Pinochet: dokumentuak argitara, kolpista guztien lotsarako

Augusto Pinochet diktadoreak Txilen estatu-kolpea eman zuela mende erdia bete denean, hamaika berba entzun dira herrialdeak bizi duen zatiketaz. Hamazazpi urtetako diktaduraren errepresioa ukatzea da zenbait eskuindarren egungo arma, negazionismo gisa ulertu den diskurtsoarekin... [+]


2023-08-29 | Ilargi Manzanares
AEBek Txileko estatu kolpearen inguruko dokumentuak desklasifikatu dituzte

1973ko estatu kolpea gertatu baino lehen Nixon garaiko AEBtako presidenteak jasotako dokumentuak argitaratu ditu Washingtonek ostiralean, Alexandria Ocasio-Cortez AEBtako Ordezkarien Etxeko kideak Txileri egindako bisita ondoren. Ocasio-Cortezek gardentasuna eskatu du,... [+]


2020-06-17 | Mikel Eizagirre
"Felipe Gonzálezek alderdia utzi behar luke", dio Gipuzkoako PSE-EEko buruak

CIAko dokumentuek Felipe Gonzalez GALen sorrerarekin lotu ostean, gaiaz hitz egin du Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak Euskadi Irratian, eta adierazi du “egin zuenak ordaindu egin behar lukeela”. EH Bilduk egindako exijentziei dagokionez, “ETAren kalteekin... [+]


Pertsona hil zen eta mitoa jaio

Urriaren 9an 50 urte bete dira Ernesto Guevara de la Serna Boliviako La Higuera mendialdeko herrixkan hil zuela Boliviako armadak, AEBetako CIAren laguntzaz. La Higueratik Vallegrandera eraman zuten gorpua.


Eguneraketa berriak daude