Zer egin albisteek informatu nahi ez dutenean

  • Hitzak, hitzak, hitzak, goizetik gauera telebistan, irratian, prentsan, Interneten. Gure garaiaren ezaugarria da etengabe albisteak jasotzea eta nola hala liseritzea. Baina prozesu horren ostean nekez gertatuko da gertakariak ulertzen lagunduko duen ezer. Hedabideen industria-egiturak ezinezko bihurtzen du informazioa, paradoxa badirudi ere.
Desinformazioa
DesinformazioaGarbiñe Ubeda Goikoetxea
Handia izan zen joan den irailaren 20an Espainiako ABC egunkariak argitaratua: “Bestalde, epaileak [Baltasar Garzoni buruz ari zen] baimendu egin zuen beste omenaldi bat, atzo Gipuzkoako Arralde herrian antolatutakoa. ETAko presoen aldeko bazkaria eta manifestazioa egin zituzten”. Ez da Goenkaleren zale gartsua izan behar jakiteko Arralde ez dela existitzen telesailetik kanpo. Aski da euskalduna izatea, edo, kazetaria izanez gero, herriaren izena Interneteko bilatzaile batean sartzea. Baina ABCkoak ez zuen egin eta albisteak, irribarre artean, kilometroak egin zituen ahoz aho. Hamaika horrelako, normalean hainbeste algararako aukerarik ematen ez duten arren: Euskal Herria fokupean dagoelako, herritarra maiz jabetzen da eguerdiko informatiboaren aurrean, hedabideek distortsionatu egiten dituztela gertaerak. Baina lasai geratzen da, ziria sartu ez diotelakoan.

Eta, egia al da? Ba al dauka behar bezalako informaziorik?

Beharbada konparazio bat egin behar da erantzuna bilatzeko. Fokupean dagoen munduko beste txokoren bat aukeratu, eta proba egin. Har dezagun Iran, adibidez. Hilabete honetan mundu guztiaren ahotan egon da pertsiarren herrialdean bi gune nuklear berri lanean ari direla. Hona hedabideek gaiari eskainitako titular batzuk: Frantziako Libérationek irailaren 24an “Iran: deux sites nucléaires secrets à Téhéran, affirment les Moudjahidine” (Iran: bi gune nuklear sekretu Teheranen, baieztatu dute Mujaidinek) eraman zuen goiburura; “La ONU inspeccionará el día 25 la planta nuclear secreta iraní” (NBEk hilaren 25ean ikuskatuko du Irango instalazio nuklear sekretua) irakurri genuen urriaren 5ean Espainiako El Paísen. Etxean, Bilboko El Correok honakoa eman zuen argitara irailaren 29an: “Irán se enroca en su engaño al mundo” (Iran mundua engainatzen egoskortu da).

Titularren azpiko albisteei begiratuta irakurleak ondorio batzuk atera ditzake: Iranek energia nuklearra sortzeko guneak dituela; gune horiek isilpean egin dituztela; hori arriskutsua izan daitekeela munduarentzat, arma nuklearrak sortzeko aukera ere eman diezaiokeelako... Mezua, antzekoa berri guztietan, ezaguna egin zaio periodikoa esku artean duenari, han ez bada hemen, behin baino gehiagotan entzun baitu. Eta Iran urrun dagoenez, ezin du Arraldeko berriarekin bezala kalera irten eta bestelako iritzirik bilatu. Beraz, “Iran=arrisku nuklearra” ideia atxikiko du, ñabardurak ñabardura, egia izango delakoan.

Ez du Txente Rekondok Rebelión agerkari digital espainiarrean idatzitako artikulua irakurriko (“Bombas y mentiras en torno a Irán”; euskaraz, “Bonbak eta gezurrak Irani buruz”) eta ez du jakingo Iranek ohiko prozedurak erabiliz informatu ziola Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari usina nuklear berrien sorreraz, sekreturik gabe; ez du jakiterik izango, albisteak albiste, ez dela frogatu gune nuklear horien eta arma nuklearren arteko harremanik; eta, noski, ez dio galdetuko bere buruari zergatik den hain perilosa Iranek energia nuklearra edukitzea, Israelek, Indiak, Pakistanek edo AEBek lasai asko baldin badaukate –eta horiek badituzte arma nuklearrak ere–.

Goizeroko kafea: testuingururik gabe, konparatzeko datu gutxirekin, tamaina txikiegian moztutako adabakien bidez jaso du informazioa prentsazaleak. Telebistak ez dio sakontasun handiagorik eskainiko, ezta irratiak ere. Eta ondo informatuta dagoen ustean –oraingoan bai– ederki sartu diote ziria. Edo, sartu digute? Sartzen digute, akaso? Onartu beharko baietz, informazioaren gizartea ei den honetan berriak modu horretara jasotzera ohitu garela.

Ez da atzo goizeko kontua. Baina ez luke pasa beharko bihar gauetik aurrera.

Albisteak janari azkarra bezala

“Hemendik aurrera inork ez du esaterik izango ez zekienik”. Ignacio Ramonet Le Monde Diplomatiqueeko zuzendari ohiak aldarrikatzen dizu Pascual Serranoren Desinformación. Cómo los medios ocultan el mundo (Desinformazioa. Nola ostentzen duten mundua hedabideek) liburuko hitzaurrean. Azken hamarkadan hedabideen agendan egon diren gai garrantzitsuenak xehetzen ditu lanak, kontinentez kontinente, ohiko informazio bideen ifrentzua erakutsiz. Ramoneten hitzaurrearekin segiz: “Informazioarekin gertatzen ari da, janariarekin gertatu zena. Herri batzuetan egituraz pobreziazkoa zen elikaduratik pasa zen ugaritasun egoerara. Produktu guztiak, urte sasoi guztietan. Baina orain deskubritu dugu janari hori kutsatuta dagoela pestizidekin eta ongarri kimikoekin, eta horrek heriotza klase ugari eragiten duela, minbizia, bihotzekoa, gizentasuna, eta abar. Horrek sortu zuen konfiantza faltak ekarri du orain egotea denda ekologikoak, non produktu organikoak baino ez diren saltzen, pestizidarik eta gai kaltegarririk gabe ekoiztuak.

Informazioarekin gauza bera ari da gertatzen. Lehen informazio gutxi zegoen, orain gehiegizkoa da; baina informazio hori kutsatuta dago gezur askoz, faltsukeria askoz, ezkutaketa askoz, eta abar. Beraz, geroz eta jende gehiagok nahi du informazio ekologikoa eta bilatzen du ‘informazio organiko’ esan dezakeguna, bereizgarri batekin, dioena ‘hau informazio organikoa da, baieztatua, faltsukeriarik gabe, gezurrik gabe. Zure buru-osasuna kaltetzen ez duen informazioa, manipulatzen ez zaituena’”.

Baina, elikagaia bezala informazioa ere, gutxik aukeratzen dute organiko. Munduan kontsumitzen den gehiena janari azkarra da. Kasu bat, deigarria, ikertua dagoelako, Britainia Handikoa: Nick Davies kazetariak Flat Earth News (Mundu Lauko Berriak) libururako ikerketa bat egin zuen. Erresuma Batuko bost egunkari aukeratu zituen –The Times, Telegraph, The Guardian, The Independent eta Daily Mail– eta erakutsi zuen argitaratutako berrien %80 bigarren eskuko informazioekin osatuak zirela. Gehiago: albisteen %12 bakarrik argitaratu zen gertakariak egiaztatuta. Kazetari alferrak? Daviesek ez du uste. Duela 20 urte baino lan karga handiagoa dute ordea, orduko beharraren hirukoitza egiten dute egun. Arazoa, han bezala hemen, hedabideen ereduan dago. Labur esateko, lau dira kazetaritzaren apokalipsiaren zaldunak: berriemailearen gosea, korporazio handien garaipena, iturrien heriotza eta hedabideen arteko gerra.

Kazetariaren poltsiko urratuak

Jin, jan eta joan egiten du, azkar, galderarik gabe, itzal bat prentsaurrekotik prentsaurrekora. Gutxi kobratzen du, ez dago espezializatua, denboraz larri dabil, aldi baterako kontratua dauka eta lana galtzeko beldur da. Sen arruntak kazetari ofizioa telebistako aurkezle famatuarekin lotzen badu ere –eta famaren tamainako soldatarekin–, bestelakoa da informazioaren profesional gehienen egunerokoa: aparretan dagoen elitea salbu, kazetaritza gaizki ordaindutako lana da. Labanaren ahoan bizi dira kazetariak: “2007ko urrian, Bartzelonan, parte hartu nuen fotokazetaritzari buruzko mahai-inguru batean. Nire tartea argazki batzuk erakusteko erabili nuen, benetakoak izan arren, egunkariaren erredakzioan manipulatuta argitaratu zituztenak, edo argazki-oin faltsuz” azaldu du Pascual Serranok liburuan. “Irudien egileak ez ziren manipulazio horien arduradun, baina beraien lana erabiltzen ari ziren audientzia engainatzeko. Nire buruari galdetzen nion zergatik ez genuen ezagutu haserrerik edo protestarik, beraien lanak jasandako gehiegikeria eta gero. Argazkilarien erantzunak harri eta zur utzi ninduen. Lan kontratua edozer kostata ere mantendu behar zutela, lanpostu horretan jarraitu behar zutela saihestu ezinezko konpromiso ekonomikoengatik (hipotekak, haurren eskola, autoaren letrak, eta abar); eta tankerako argudioekin justifikatu nahi zuten beraien burua”.

Azalera ateratako adibide bat besterik ez da; pala sakonago sartuz gero, nonahitik ateratzen dira kolore bereko zizareak. Serranok argi dauka: bateraezinak dira hedabideetako gaur egungo lan merkatua eta kalitate oneko edukiak. “Profesionalaren lan eskubideak ziurtatuta ez badaude –egonkortasuna barne–, ez da libre izango egia aldarrikatzeko”.

Eskuak informazioan, oinak finantzetan

Zer dela eta dauzkate langileek kontratu zimel horiek? Nagusiei galdetu. Gutxitan egiten den ariketa da hedabideak norenak diren galdetzea. Gauza asko esplikatzen ahal da ordea, informazioaren hariak astintzen dituztenek oinak non dauzkaten ikusita. Merkatuen globalizazioarekin geroz eta ohikoago bihurtzen ari da hedabideen jabeak, komunikazio mundukoak izan ordez, talde ekonomiko handiak izatea. Eta horien helburu nagusia ez da eduki informatiboak sortzea.

Historiak erakusten du gauzak beti ez direla horrela izan. XIX. mendean, berbarako, Britainia Handiko langile-prentsak lan garrantzitsua bete zuen beharginen kontzientzia sortzen. Eta gobernuek, matxinaden beldur, ez zeukaten agerkari horien ahoa ixterik. Mende horren amaieran eta hurrengoaren hasieran aldatu ziren gauzak, prentsaren industrializazioarekin: egunkari bat abian jartzeko 1.000 libera behar ziren 1837an Britainia Handian; 1867an berriz, 50.000; 1918an sortu zen Sunday Pressek bi milioi libera jarri zituen mahai gainean lehen urratsa ematerako. Informazioa negozio bihurtu zen.

Gaur egun hori bera ere aldatu egin da: hedabideen industrian erraldoien atzaparrak dabiltza; oinak finantza munduan dituzte; eta geroz eta zailagoa da medio horien egoerari buruzko egiazko datuak eskuratzea. Egunkari handi baten urteko emaitza hobetu nahi dela? Aski da enpresa akziodun batek (banketxea, finantza erakundea, zernahi) publizitatea injektatzea. Irabaziak izateko baino, enpresa taldeen irudia zaintzeko existitzen dira medio asko.

Agentziek barregarri uzten dute Paretoren printzipioa

Vilfredo Pareto ekonomialariak ikusi zuen, bere garaiko gizartea (XX. mende hasierakoa) bi taldetan banatzen zela: gutxik asko zeukaten, eta askok gutxi. Ehunekotan emanda, Paretoren printzipioak dio biztanleriaren %20k ondasunen %80 daukala, eta alderantziz: %80ak ez duela eskura %20a besterik. Gaur egungo informazio iturriak nola banatuta dauden ikusita, gustura hartuko luke batek baino gehiagok banaketa bidegabe hori. Munduan harat-honat dabiltzan berrien %80ren atzean lau baitaude. Ez %4. Lau bakarrik. Lau agentzia: AP, UPI, Reuters eta AFP. Horiek zehazten dute eguneroko albiste agendaren zati handi bat.

“Kontua ez da gure ideologia definitzea, interesatu behar zaizkigun gaiak zedarritzea baizik; eta hori ideologia inposatzea baino gehiago da, errealitatea ordezkatzea baitakar” dio Serranok. “Are gehiago, giza-harremanak asko gutxitu diren mundu batean”.
Informazio iturriena ez da hor bukatzen ordea. Konturatu al zarete telebistan ematen diren berrietan zenbat aldiz dagoen albistearen jatorrian gaiarekin zuzenean interesatutako norbait? Ez baita gauza bera inork zerbait ezkutatu nahi izatea eta argitaratzeko gogoa edukitzea. Aurrenekoak nekez joko du hedabide bateko erredakziora sekretu kontari. Kazetariok joan beharko genuke ordea, beraren bila. Horren ordez, ad hoc egindako adierazpenak dira albiste. Gertakariak, geroz eta gutxiago.

Hedabideen arteko gerra

Frontera gaizki ordainduta doazen soldaduak, kanpaina finantzatuko duten aberatsak, liskarrean erabilitako armak... Mass medien merkatua errepresentatzeko, gerra oso metafora eraginkorra da: mundu guztiari eragiten dio, zarata da nagusi, gutxik dakizkite benetako kausak, inori ez dio onik egiten. Hedabide handiak elkarrekin lehian ari badira ere, antz handia dute. “Denek atera nahi diote zukua ustezko albiste berari, sinetsita berria ateratzen ez duena tropelaren atzetan geratuko dela” Serranoren hitzetan. Horregatik, kazetariaren ustez, munduan gauza asko gertatu arren, leku bereko berriak eskaintzen dizkigute denek.
Hiram Johnson AEBetako politikariak esaldi famatu bat utzi zuen I. Mundu Gerraren atarian: “Gerra datorrenean, egia da lehen biktima”. Beraz, hedabideen arteko gerran, zenbat bider hiltzen da egia?

Jantzi kaskoa

Medio handien desinformaziorako joera egiturazko kontua da, ikusten denez. Aipatu ditugun lau zaldun apokaliptikoek, eta beste askok, etengabe erasotzen dituzte herritarren garunak. Badira defendatzeko moduak, ordea. Hona hedabideen mezuaren aurrean kaskoa janzteko zazpi galdera, bertute kardinalen tankerakoak:

- Informazioa kazetariak bilatutakoa da, ala interesatutako parteren batek eskaintzen du?
- Albisteak ba al du ematen dioten garrantzia?
- Iturriak eta analistak: ondo identifikatuta eta desberdinduta al daude biak?
- Informazioa egiaztatuta dago, ala parte baten bertsioa besterik ez da?
- Gaiari buruz bildu diren iritziek ikuspuntu diferenteak eskaintzen dituzte ala interpretazio bera egiten dute?
- Telebistako irudien kasuan, sortzen dizkiguten emozioek ba al dute oinarri arrazionalik?
- Ezagutzen al dugu albistearen testuingurua?

Gainera, komeni da janari azkarra bezala irensten den informazioaren aldean, slow-fooda aukeratzea: informatuta egotea ez da egunero albiste guztiekin tripa nola-hala betetzea. Begiratu behar zaio prestakuntzari, eta behin mahaira eserita, behar bezalako denbora eskaini. Pascual Serranok liburuaren amaieran dioen moduan, saiatu behar dugu eguneroko zurrunbilotik ateratzen, bestelako informazio bideak erabiltzeko. Liburuetan eta dokumentaletan dago albistegietan nekez eskainiko dizutena: analisirako tresnak, testuingurua, benetako informazioa.

Noski, horrek ez du esan nahi hedabideak baztertu behar direnik. Korporazio handien esku ez daudenak eskura izatea osasungarriagoa da ordea, burmuin guztientzat. Baina tira, artikulu hau eskutan badaukazu, azken hori ez dizut esplikatu behar, ezta?
Desinformazioaren ohiko tranpa batzuk
Ezer ez argitaratzetik, eguneko albiste izatera:
Atzo ez genekien ezer. Gaur berriz, eguneko albistea da. Maiz gertatzen da hori, herrialde pobreei buruzko informazioekin batez ere. Aurtengo irailean telebistak Ginea Konakriko futbol zelai batean izandako tiroketa erakutsi zuen, ehunka pertsona hil zituztela esanez. Astebetez-edo jarraitu zuten hedabideek afera hori. Gero, desagertu egin zen. “Isiltasuna/azala” dinamikak azken urteetan ale ugari utzi dizkigu. Gogoratzen hegazti-gripeaz? Mingain urdinaz? Noizbehinka, bideoren bat grabatzen duenean-eta, telebistak erreskatatzen badu ere, nor gogoratzen da Osama Bin-Laden atxilotzeko asmoaz? Egunean egunekoari bakarrik begiratuta, denbora baten buruan atzera begiratu, eta amnesia sentsazioa izaten du informazioaren kontsumitzaileak dinamika horren erruz.

Nork ordaindu, hark agindu:
“Ondo begiratuta, ikusiko dugu hedabideek saltzen dutena ez dela eduki informatiboa; beraiek audientziak saltzen dituzte, gu gara merkantzia publizitate agentzientzat” dio Pascual Serranok liburuko pasarte batean. Kazetariaren ustez, horrek eragin zuzena du edukien mailan. Jarraitzaileak edozein modutara lortzeko estrategiaren fruitu dira zenbait promozio ere: “Astekari batek udako txankleta batzuk oparitzen ditu, aldizkaria bera baino gehiago balio dutenak, horrela tirada zifra altuak lortzen dituelako iragarleei eskaintzeko”. Baina, noski, publizitatea ez da neutrala. Lerro editorialean eragiten du. Nekez ikusiko baituzu Coca Colaren iragarki bat, eta alboan enpresa horrek Kolonbiako sindikalistekin daukan jarrera oldarkorra azaltzen duen erreportaje bat.

Istiluak dira hiltzaileak, ez polizia:
Hizkera da kazetaritzaren gune irristakorrenetakoa, eta desinformazioaren zirrikitu gogokoenetarikoa. Sarri, zaila da konturatzen esaldi batek atzean gordetzen duenaz. “Lau pertsona hil ziren istiluetan” leitzean, ez gara jabetzen norbaitek hil zituela pertsona horiek. “Gure ekonomia krisian dago” entzutean, askotan ez dugu galdetzen nork eragin duen krisi hori. “Gosea hazi egin da munduan” titularra ikustean, nekez hasiko gara gose hori zein motiborengatik hazi den galdezka. Horrela emanda, fenomeno naturalak ematen dute. Tankerako titularrak ez dira ezohikoak, ezta kasualitatez jarritakoak ere: ezkutaketa jokoa da, atzean dagoena lainopean estaltzea. Hedabideek egin beharko luketenaren aurkakoa, hain zuzen ere.

Testuingurua? Zertarako?
Bideo-jokoa dirudi, baina benetan ari da gertatzen tiroketa, Palestinan, Iraken edo AEBetako institutu batean. Irudi ikusgarriak erredakziora iristen direnean, albiste bihurtzen dira ia beti. Geroz eta ohituago gaude testuingururik gabeko imajinak ikustera bata bestearen atzetik. Baina Ekialde Hurbileko irudi bortitzak ikusteagatik, ez gaude hango egoeraz hobeto informatuta. Batzuetan gainera, informazio falta eta irudiaren gizentzea maila absurduetara iristen da: ETB2 katean adibidez, 00:25 aldera, “El día en imágenes” (Eguna iruditan) izeneko tarte bat dago egunero, hondoko sintonia batekin eta pantailako titular minimalistekin eguneko berriak azaltzen dituena, estetikaren mesedetan informaziorik eskaini gabe.

ASTEKARIA
2009ko urriaren 25a
Azoka
Azkenak
Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude