ARGIA.eus

2020ko urriaren 25a
Ea-ko Poesia Egunak

Hitzak auzolanean

  • Uztailaren 19an eta 20an Poesia Egunak antolatu dituzte Ean bosgarren aldiz. Herriari Emon Arnasa kultur elkartekoek lanari ekin ziotenetik –hastapenetan Literatura Eskolarekin elkarlanean– jende asko pasa da antolatutako hitzaldi, mahai-inguru, errezitaldi eta ikuskizunetan parte hartzera. Nolabaiteko elkargune bilakatu da Eako uztaileko hitzordua, neurri handi batean antolatzaileek gonbidatuen harrerari eta edukien kalitateari eskaintzen dioten arretagatik.
Oier Guillan
2008ko uztailaren 20a
Ea-ko Poesia Egunak 2007
Orain bost urte ekimen hau abiatzeko akuilua zehatza izan zen, Asun Landa antolatzaileak oroitzen duenez: “Gabriel Aresti poeta eta euskaltzale ezaguna Ean bizi izan zen bere azken bi urteetan, eta poema ederrak idatzi zituen berton: Eako koplak, Enaren begiak… Orain dela bost urte bere testigua hartu genuen eatarrok, pentsatzen dugulako zorra kitatu behar dugula poeta handiarekin, eta berak idatzitakoa ezagutu eta ezagutarazi”.
 
Bi egunez parte hartzaileek Eako giroan murgiltzeko eta, nahi izanez gero, poesiaren ildoan elkarbizitzeko aukera izaten dute. Idazle zein poesiazale, herria gora herria behera ibiltzen dira bi egunetan, eta horrek aukera ematen du bestelako literatura ekitaldien egitarau ofizialegietan ezohikoak diren ekimenak gauzatzeko. Aurten Eako burdinola zahar eta paper fabrikaren hondakinetatik ibilbide poetikoa egingo dute, kasu. Landaren esanetan “toki hauek sinbolikoki erabiliko ditugu, hondatuta dauden eraikuntza hauetan irakurriko ditugu Arestiren poemak, Euskal Harria adibidez. Paper fabrikak ere idazleontzat eta langileontzat sinbologia berezia dauka. Batzuetan, liburuak boterearen gustukoak ez direnean, paper orea baino ez dira izaten, arrisku hori daukate”.

Auzolana

Hitz bat eta bakarra aukeratu behar bagenu Eako poesia egunen antolakuntza definitzeko, “auzolana” hartu behar genuke ezinbestean. Landak berak erabiltzen du hitz hori: “Auzolana izaten da urtero hau antolatzea, herriko eszenatokiak prestatzea, instituzioei diru eske joatea… literaturak partaideak ere behar ditu bizirauteko, ez izen handikoak bakarrik, Ean guztiok tokia izatea nahi dugu: idazle, musikari, antzerkilari, irakurzale, poesiazale… horregatik aurten egitarauan herritarren izenak eta idazleenak elkartuta agertzen dira”.
 
Egun biko elkarbizitzan trukatuko dituzte denek, idazleek zein herritarrek, hitzak, eztabaidak, gogoetak eta aldarriak. “Literaturak sortzen duen plazera aldarrikatu nahi dugu hemendik gaiak debatituz, giro naturalean, partekotasunean… baina astindu bat emateko gaur egungo huskeriari, fribolitate absolutuari”. Auzolana ez da antolakuntza lanekin bukatzen gainera: irakurketa kolektiboak edo taldeen partaidetzak nagusitzen dira sarri Eako poesia egunetan.
 
Aurtengo egitarauari dagokionez larunbatean Koldo Izagirreren Emakumeak trena hartu zuenekoa hitzaldiarekin abiatuko da, mahai-ingurua izango da arratsaldean Poesia extra zer den tituluarekin Itxaro Borda, Jose Luis Otamendi, Castillo Suarez eta Beñat Sarasolaren eskutik, Miren Ibarluzeak gidatuta. Gauean Poesiazko ilara izango da, hamaika lagunek euren poemak irakurriko dituzte zuzeneko musikaren laguntzaz, eta amaitzeko Zinar Ala kurduaren musika eta kantak entzun ahal izango dira. Igandean berriz Idazlearen ahotsa norentzat, zertarako? izeneko mahainguruan Iñigo Aranbarri, Irati Jimenez eta Eider Rodriguez mahaiaren bueltan ariko dira, Xabier Mendigurenek gidaturik. Eguerdian Itxaro Bordak poesia errezitaldia eskainiko du Eako Talan. Arratsaldean berriz, Katamalo ikuskizunaz gozatzeko parada ere izango da.
 
Poesia jende gutxik irakurtzen duela esan ohi da, gutxi saltzen dela ere bai, baina etengabe antolatzen dira aste kulturalak, jardunaldiak eta herriz herriko errezitaldiak. Gutxi ala asko, jendea etengabe elkartzen da poesiaren babesean, Eako egunak ere horren lekuko. “Askorentzat erreferente literario bilakatzen ari dira egun hauek, eta hori apaltasunez diogu, ez dugulako inolako pretentsio ‘ofizialik’; are gehiago, giro alternatiboa aldarrikatzen dugu”. Poesiarekin gertatzen ahal den bezala, Ean ere sakontasunez bizitako gertutasuna posible delako, agian.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Auzolana

Auzolana kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2008ko uztailaren 20a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude