2024ko martxoaren 5ean Donostian Realaren eta Paris Saint Germainen arteko partidaren atarian bi pertsona larriki zauritzea egotzita, zortzi ertzainek deklaratu beharko dute asteartean. Bik Amaya Zabarteren kasuagatik, eta seik María Martinen kasuagatik.
                2024ko martxoaren 5ean Donostian Realaren eta Paris Saint Germainen arteko futbol partidaren aurretik Ertzaintzak Amaya Zabarte eta Maria Martin zauritu zituen, oldarraldi batean. Zabarte bizia galtzeko zorian egon zen, foam bala batek buruan jo eta garuneko odoljarioa eta bi garezur-hausturen eraginez. Gainera, lurrean zaurituta zegoela, ertzain batek ostikoa jo zion. Martinek ere pilotakada bat jaso zuen, begian honek, taldeari egiten ari zitzaion harreran. Pilotakada horrek bizitza osorako begiko lesio bat eragin dio. Ilunki Kultur Elkartean artatu ziotenek, zein bere ingurukoek, baieztatu dute ez zuela inongo istilurik eragin, eta soilik “ondo pasatzera” joan zela.
Kasu horiengatik asteartean epailearen aurrean eseri beharko dira ikertu gisa zortzi ertzain, eta beste bi lekuko gisa. Hain zuzen, zortzi horietako bik eta lekuko batek, Amaya Zabarteren kasuagatik deklaratuko dute; eta beste seik, testigu batez gain, María Martínen kasuagatik. Zabarteren kasuan ikertuko dituzten ertzainetako batek ostikoa jotzea egotzita deklaratuko du. Besteak, foam bala jaurtitzea egotzita.
Kasuen prozesua luzea, zaila eta opakoa izan da, batez ere entzutetsua izan den Zabarterena. Horixe bera salatu zuen Joseba Novoa bere senarrak iragan asteazkenean legebiltzarreko batzorde batean. Novoak gogorarazi zuen gertaeretatik 18 hilabetera ertzain bakar batek ere ez zuela epailearen aurrean deklaratu. Horregatik, albisteak Novoak eskatu zuen “ikerketa serio, justu eta inpartziala” ekar dezake, “zer gertatu zen argitu eta egilea identifikatuko duena”. Bere ustez “ezinezkoa” da Ertzaintzak ez jakitea nork jaurti zuen foam bala. Harridura eragin dio familiari, hala ere, horregatik deklaratu beharko duen agentearen nortasunak. Izan ere, Zabarteren familia egiten ari den ikerketa propioan ez dute agente bera identifikatu, Noticias de Gipuzkoa-k jakinarazi duenez.