Holokaustoaz ere barre egin daiteke

'Diktadore handia' filmaren irudia
'Diktadore handia' filmaren irudia
Maiatzean 75 urte bete dira Adolf Hitlerrek Alemaniako hauteskundeak irabazi zituela. Handik gutxira Reichsführer izendatu zuen bere burua eta ezaguna zaigun garai beldurgarriari eman zion hasiera. Urte batzuk lehenago, gaztetan, pinturak eta arkitekturak erakarrita Vienako Arte Ederretako Eskolan sartu nahi izan zuen Hitlerrek, baina ez zuen azterketa gainditu. Halere, Vienan geratzea erabaki zuen eta zailtasun ekonomiko handiak izan zituen, behartsuentzako aterpe batean bizitzeraino.
 
Horixe da hain zuzen Mein Kampf (Nire borroka) filmak irudikatuko duen garaia. Udan errodatuko da, Urs Odermatt zuzendariaren gidaritzapean eta Berlinaleren hurrengo edizioan aurkeztea da asmoa. Ironia zorrotzez beteriko pelikula izatea du berezitasun nagusia eta behartsuentzako aterpean logela bi judutarrekin partekatzen duen Hitler gazte bat aurkeztuko du filmak. Judutar horietako batek babestuko du etorkizuneko führerra eta bibotea uzteko eta politikan sartzeko aholkatuko dio gainera. Proiektua George Tabori idazle judutarraren obran dago oinarritua –Taborik Auschwitzen galdu zuen aita–.
 
Ez da lehen aldia nazionalsozialismoaren ondorioak barreaz baliatuz pantailaratzen direna. Iaz Mein Fürher parodia estreinatu zuten eta Roberto Benigniren La vita e bella tragikomediak arrakasta izan zuen duela urte batzuk. Dena den, faxismoaren eta zehazki Adolf Hitler eta bere politikaren satirarik txalogarriena Diktadore handia lanean dugu, dudarik gabe. Charles Chaplinek zuzendua eta idatzia, pelikula 1940an estreinatu zen New Yorken eta Oscarretarako bost izendapen jaso zituen. Chaplinek berak antzezten ditu bi pertsonaia nagusiak (Astolfo Hynkel Tomaniako diktadorea eta honen antza handia duen bizargin judutarra) eta hitz egin zuen lehenengo filma izan zen.
 
Hynkel (Hitlerren trasuntua) bikain antzezten du Chaplinek, berekoia, harroa, bekaiztia eta nahiko infantila. Diktadoreak herritarrei zuzendutako diskurtsoak jenialak dira, baita Osterlich konkistatzeko Benzino Napoloni Bacteriako diktadorearekin (Benito Mussoliniren trasuntua) duen lehia –pastel guda bat tartean–. Absurdoaren eta kritika sarkastikoaren arteko istorio hau borobiltzeko, diktadorearen lekua hartu duen bizargin judutarraren diskurtsoarekin amaitzen da filma: herria esklabo bihurtzen duen diktaduraren aurka mintzo da jendaurrean, “anaitasun unibertsala” berreskuratuko duen etorkizun berri baten alde.
Nola hartuko zituen hitzok Adolf Hitlerrek berak? Izan ere, filma Alemanian, Espainian eta Italian zentsuratua egon bazen ere, Hitlerrek kopia bat eskuratu zuen eta behin ez, bitan ikusi omen zuen pelikula. Bere iritzirik, ordea, ez da ezagutzen. “Edozer gauza, edozer, emango nukeen ikusi zuenean Hitlerrek zer esan zuen jakiteagatik”, adierazi zuen Charles Chaplinek beranduago. Hori ere bada Diktadore handiaren erakargarrietako bat: nola hartuko ote zuen Hitlerrek bere irudiari, politikari eta sinesten zuenari buruzko parodia gordina? Barrerik egin ote zuen?

Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
2024-04-08 | ARGIA
Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu dituzte, tartean 6.000 euskaldun

Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Eguneraketa berriak daude