Amaitutako guda baten arrastoak

  • Margaret Thatcherrek behin Ó Fiaich kardinalari galdetu omen zion nola ote zen posible Britainia Handia bakean izatea Alemania eta Frantziarekin, eta gatazkan oraindik irlandarrekin, hainbeste urteren ostean. “Beno, madam –hasi omen zen elizgizona begirada makurtuta, erdi lotsatuta–, kontua da ez daukazula oraindik Alemaniako Ruhr lurraldea okupatuta”. Egun, Ostiral Santuko Akordioaren hamargarren urteurrenean, bakea da nagusi Irlanda iparraldean.

Brendan Hughesen hileta Belfasten
Brendan Hughesen hileta BelfastenLander Arbelaitz
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ostegun gaua Belfasten. Bakarlari gaztea, gitarra eskuan, Maddens tabernan giroa berotzen. Jende andana mahaietan eserita, eta beste horrenbeste tabernari lanpetuaren begiradarekin bat egin nahian, garagardo eske. Ostalariaren bizkarrean, Ernesto Che Guevara, Nelson Mandela eta Bobby Sandsen aurpegiak “Askatasunaren Gudariak” dioen danborrean marraztuta. Jendea sartu-aterean ari da. Irteteko ez da arazorik; sartzeko, ordea, txirrina sakatu behar da. Barruan, Tom ilehoria arduratzen da segurtasunaz. Aldamenean duen monitoreari so egin, eta atea ireki. “Aspaldiko gerra garaietan” –eurek dioten bezala– taberna errepublikarrak paramilitar loialisten eraso puntu bihurtu ziren, eta oraindik ere, gehienek orduan hartutako segurtasun neurriekin jarraitzea erabaki dute. Hamalau urte daramatza Tomek bertan lanean, eta ez omen dute inoiz erasorik pairatu. “Hori honengatik da –dio hatz erakuslea atearen alboko monitorera zuzenduz–, ziur egon zaitezke”. Bakea sinatu zela hamar urte bete diren arren, oraindik hobe ei da tentuz ibiltzea.

Urteak beharko dira, belaunaldiak ziurrenik, Irlanda iparraldean bizi diren bi komunitate nagusiak (irlandar, errepublikar, katolikoak alde batetik; britainiar, unionista, protestanteak bestetik) guztiz adiskidetu eta iraganeko ezin ikusiak guztiz gainditzeko. Hala ere, pixkana garaiak aldatuz doaz, eta egun, zenbait pertsona eta alderdik bakearen alde erakutsitako konpromiso irmoari esker, Irlanda iparraldean borroka armatuak borroka politikoari egin dio bide. Duela hamar urte, 1998ko Aste Santuan Irlanda hegoaldeko eta Britainia Handiko gobernuek, AEBen laguntzarekin, Irlanda iparraldearen inguruko akordioa sinatu zuten, bertako alderdi politikoen negoziazio luzeen ostean onartuko zuena (DUP kenduta). Ostiral Santuko Hitzarmena izena erabiltzen dute errepublikarrek, Belfasteko edo Stormonteko Hitzarmena unionistek. Izenak izen, iparraldeko sei konderrietako historia gatazkatsuan bakearen mugarririk garrantzitsuenetakoa izan da. Puntu asko adostu zituzten, baina oinarrizkoena, Irlanda iparraldearen etorkizuna bertako biztanleen gehiengoak erabakiko zuela.

Hamar urte luze bete dira orduz geroztik, eta gorabeherak izan diren arren, egoera asko baretu da iparraldeko sei konderrietan. Hala ere, oraindik Belfast hiria Irlanda iparraldeko gizartearen zatiketaren ordezkari izan liteke: hirigunea neutral, hortik kanpora auzo errepublikar eta unionistek ongi bereizita jarraitzen dute, bakoitza bere mural eta banderez ‘apaindurik’. Beren artean urtetan pareta erraldoiak eraiki behar izan dituzte, elkarren arteko liskarrak saihesteko. Ironia handiz “bakearen murruak” gisa bataiatu zituzten hauek. Belfasten 41 horma daude auzo ezberdinak bereizteko jarriak.

Bi komunitateen arteko harremana pixkana hobera doan arren, oraindik ez da bakearen murru horietako bakar bat ere lurraren mailara apaldu. Neil Jarman Gatazken Ikerketarako Institutuko zuzendaria da, gatazkak aztertu eta bitartekari ibiltzen den talde bateko burua. Gatazkekin egiten dute lan, hauekin harremana duten arazoekin eta gudatik bakerako trantsizioan sor litezkeenekin. Bere ustez oraindik zenbait murru kentzeko urte batzuk itxaron beharko den arren, dagoeneko zenbait eraitsi zitezkeen, eta hori seinale ona zatekeen bizikidetzarako. Gatazka bizirik izan den urte askotan murru hauek dituzten check point itxurako ateak itxita egon dira. Egun gehienak irekita daude eta batzuk oraindik ere gauetan itxi egiten dituzte, gunerik beroenak bereizten dituzten horiek.


Presoak kalean

Motibazio politikoak bultzatutako ekintzengatik kartzelan ziren presoak bi urteren buruan askatzea sinatu zuten Ostiral Santuko Akordioan, guztira 500 inguru, loialista nahiz errepublikar. Gatazkaren konponbiderako aurrerapauso handia, baina eguneroko bizitzan bestelako arazo batzuk sortuko zituena, nahitaez. Izan ere, errepublikar zein loialista, preso ohiek ziegak utzi eta gizarte normalizatu batean txertatzeko zailtasunak dituztela salatzen dute zenbait elkartek. Preso errepublikar ohiei eta beren familiei laguntzeaz arduratzen da adibidez, Coiste taldea. Zuzendariak, Michael Culbertek, 16 urte itzalean egin ostean lehen eskutik ezagutzen ditu presoek guztiz gizarteratzeko dituzten zailtasunak.

“Lanpostua lortzeko orduan, oraindik lekurik gehienetan ea kartzelan izan garen galdetzen digute, eta hori arazo handia da guretzat”, diosku preso ohiak bere bulegoan. Beren azken urteetako borrokaren helburua itaun hori galdetegietatik kentzea, edo arrazoi politikoak medio preso izandakoei hori ez kontuan hartzea da. “Gu preso politiko ohiak gara, ez kriminalak”, utzi nahi izan du argi. Bestetik, problemarik nabarmenenak, bikote arazoak, langabezia eta lan mundurako prestakuntza falta direla dio. “Gu ere gizaki arruntak gara eta gizarte osoak izaten dituen arazoak izaten ditugu”. Preso ohi asko 70eko hamarkadan ongi prestatutako jendea zela dio, baina orain, teknologia berriekin, euren trebakuntza zaharkitua geratu da.

Preso loialista ohiekin oso harreman ona dutela dio, eta beren lanaren parte bat haiengana iristea da. “Bake prozesua hasi aurretik guk bagenituen harremanak loialistekin, guk bai baitakigu zein den bortxakeriagatik ordaintzen den prezioa: zauria eta heriotza”. Hala, politikariak esparru horretan sartu aurretik, preso ohiak oso aktiboak izan ziren, kartzelan ikasi bide zuten hitz egitearen beharraz.


Gaelikoa malda gora

Neskak panpinekin, mutilak baloiarekin, Philim, Clodagh, Colleen, Katie Rose eta Jane Hego Belfast lasaian, gune errepublikarrean, ibiltzen dira jolasean arratsaldero. Bederatzi urte ditu zaharrenak, lau gazteenak. Nahiko ohikoa da errepublikarren artean seme-alabei irlandar jatorriko izenak jartzea; horren adibide dira lehen hiruak. Kultura zelta bai, musika eta tradizioa barneratuta dute errepublikarrek, baina hizkuntzaren aldeko taldeek oraindik lan handia dute gaeliko irlandarra ikastea ez dela alferrikakoa erakusteko. Horren isla, kalean jolasean aurkitu ditugun haur hauek: bost umetik bakarra joaten gaelikoz irakasten duten eskolara, eta duela bi urtetik –aukeran eman ziotenetik– gurasoen erabakiz, gaztelera ikasten du bertako hizkuntza beharrean, “erabilgarriagoa” dela argudiatuta. Egun, gaelikoz zer dakien galdetuta, batetik hamarreraino zenbatzeko gai dela dio. Hala ere, bada hau ama hizkuntza duenik ere. Estatistikek diotenez, 1991. urtetik 2001era, Irlanda iparraldeko sei konderrietan %18 egin zuen gora gaelikoaren ezaguerak, baina osasun egoera onetik oraindik ere urrun dago oraino hizkuntza gutxitu hau.

Lá Nua , “Egun berria” euskaraz, gaeliko irlandarrez argitaratzen den egunkaririk zaharrena orain 24 urte sortu zuten; azken asteotan berriz, ixtear izan da arazo ekonomikoak medio. Bertako erredakzio buru Connla Lawlorrek azaldu digunez, akziodunekin bilera izan ostean, azkenean lortu dute agintariek iragarkiak jartzea beren berripaperean. Abenduaren 8ra arte behintzat ziurtatu dute edizioa. “Azaroan, berriz ere negoziazioei ekin beharko diegu, oraindik ere babesa behar baitugu”.

Gaelikoaren alde lanik gehien egiten duen Pobal taldearen burua Birminghamen (Ingalaterra) jaioa da. Janet Muller Belfastera etorri zenean hasi zen gaeliko irlandarra ikasten gau eskoletan, nahiz eta lehenago apur bat unibertsitatean ikasi zuen. Berari esatea gustatzen zaion moduan, “oso zaila zen arren, bat-batean hizkuntzak harrapatu egin ninduen eta ezin izan nuen ihes egin”. Lanpetuta dabiltza Bai Euskarari ekimenean oinarritutako Tá kanpaina bultzatzen –Tá-k bai esan nahi du bertako hizkuntzan–.

Gazi-gozoa da Ostiral Santuko Akordioak hizkuntzaren alorrean egin duen ekarpenaren gaineko bere analisia. Mullerri ulertezina iruditzen zaio duela hamar urte eta 2006. urteko St. Andrewsko Hitzarmenean “gaeliko irlandarrak ingelesaren status bera izango du” sinatzea eta gero hizkuntza legea behin eta berriz atzera botatzea. DUP alderdi unionistako kideek ez dute bertako hizkuntzari buruzko adierazpenik egin nahi izan, nahiz eta alderdi horretako kide izan Edwin Poots Ipar Irlandako kultura ministroa. Prentsak bildu izan ditu “azken urteotan Irlandako hizkuntza ikaragarri kaltetu dugu atzera” eta “ez dugu inola ere gaelikoa babesteko hizkuntza legerik onartuko; komunitate harremanak kaltetuko lituzke” bezalako bere aipuak. Gales eta Eskoziak beren hizkuntza babesteko legea baduten bezala, orain Londresko Westminster parlamentuan erabaki beharko dute Ipar Irlandako hizkuntza legearekin zer egin.

“Gure hizkuntza da gainontzeko nazionalitateetatik bereizten gaituen elementua, eta baita gure nortasunaren parterik garrantzitsuenetakoa ere”, dio Lá Nua-ko Lawlor kazetariak, egoerarekin triste samar. Pobal taldeko buruak hizkuntzaren alde politikariek gehiago egin behar luketela uste du: “Irlandako Gobernua ez dago kausa honen alde Ipar Irlandako exekutibari presioa egiteko prest, eta gaelikoaren alde mintzatzen diren alderdi horiek, edo txikiegiak dira, edo hizkuntzaren kausa ez da beren borrokaren gakoetako bat, hori aldatzen laguntzeko”.
 

Egia orbain

17 urte zituen Michael Kellyk 1972. urteko urtarrilaren 30ean. Derrykoa jaiotzez, agintari protestanteen eskutik komunitate katolikoak bizi zuen diskriminazioaz nazkatua, eskubide zibilen aldeko martxara joan zen lagunekin. “Pertsona bat, boto bat!”, bezalako oihuak ahoan hil zen. Bere anaia Johnek, 59 urterekin, atzo gertatu izan balitz bezala kontatu digu Michaeli bala batek zulatu ziola bularra. 14 pertsona hil zituzten Britainia Handiko soldaduek Bloody Sunday edo Igande Odoltsu hartan. Herri honek inozentzia galdu zuen eguna.

You are now entering Free Derry (Derry Askean sartzen ari zara) ohartarazten du bidaiaria errepide ondoko pareta zuri historikoak. Derryri historia usaina dario. Erdi Aroko herria, harresi dotoreekin, eliza ugarirekin… baina batez ere Igande Odoltsua gogoratzen duten mural ikusgarriekin. Urtetan borroka gogorren eremu izan den Bogside auzoan Free Derry museoa dago, Picassoren Gernika koadroaren bertsio moderno baten aldamenean. “Gure betebeharra hemen gertatua ongi kontatzea da, zuzen, bertako jendeak bizitu zuen bezala; Free Derryn gertatua, Free Derryko herritarrek kontatua”, zehaztu digu Adrian Kerr museoko zuzendariak.

Urtarrilaren 30 hartan, eskubide zibilen aldeko martxa baketsua antolatu zuten Derryko bizilagunek. Kopuru zehatzik ez dagoen arren, dokumenturik gehienek 15.000 bat pertsona bildu zirela diote. Inolako armarik gabe zihoazen 14 pertsona hil zituzten soldaduek. Soldaduen hitzei soilik erreparatuta eginiko lehen epaiketa batean “hildako errebeldeak” izatea egotzi zieten hildakoei, eta militarrei tiro egin izana. Urte askotako borrokaren ondoren, 26 urte beranduago, 1998an, Bake Akordioa baino hilabete lehenago, bigarren epaiketa bat irekitzea lortu zuten derrytarrek. “Epaileak zehatz-mehatz daki zer gertatu zen, froga eta testigantza guztiak eman dizkiogu. Orain ikusi egin beharko dugu ea hori txostenean paratzen ausartzen den”, dio Kerr zuzendariak. “Hemen gertatua ez zen burua joandako soldadu batzuen istorioa, aginduak bete zituzten soldaduena baizik”. John Kelly, anaiaren odolarekin zikindutako ume baten kamiseta parean duela, begi bat Londresko epaiketara duela bizi dela dio. “Michaelen izena, eta egun hartan hil zituzten beste 13 pertsonen izenak, azkenean, garbitu egingo dira eta betirako atseden hartuko dute. Eta guk, aldi berean, gure bizitzekin aurrera egin ahal izango dugu behingoz”.
 

Bakearen ekonomia

José Manuel Durão Barroso Europako Batzordeko lehendakariak Irlanda iparraldea munduko gainontzeko gatazkentzat eredu izendatu zuen orain urte batzuk, bakeak gizarte bat eraikitzen zenbat lagun dezakeen erakusteko. Dena den, bakeak laguntzen duen bezala, diruak ere herri baten normalizazioan pisu handia izan dezake. Europar Batasunak azken urteotan ahalegin nabarmena egin du Irlanda iparraldeko sei konderrietan gatazkaren amaiera bermatzeko, eta aurrekontuaren kopuru garrantzitsua inbertitu du bertan. Neil Jarman Gatazken Ikerketarako Institutuko zuzendariak dioenez, “diruak ere bakea ekar dezake”.

Ostiral Santuko Akordioa sinatu zenetik hamarkada bat igaro denean, herrialdea pixkana eraikitzen ari direla begi-bistakoa da. Zenbait proiektuk Europar Batasunaren babesa dute. Belfast hirian bakea sinatu zenetik %16,9 igo da enplegu-tasa, eta turista kopurua urtero ia %10 doa gora orduz geroztik, horrek ekonomian duen eraginarekin.

“Badira urteak guda hau amaitu zela”, dio Martina Anderson Sinn Féineko parlamentariak. “Orain herrialde arrunt bat gara, arazo politikoak konpontzeko politika erabiltzeko aukera dugun beste herri bat, eta oraindik guk nahi duguna lortu ez dugun arren, behintzat ez gara gudan bizi, eta ez nuke nahi gure seme-alabek guk bizitu genuena bizitzerik”. Michael Culbert preso errepublikar ohia ere pozik dago gatazka hartzen ari den norabidearekin eta ez du uste inola ere berriz ere armak hartzera itzuliko denik IRA. “Luzera begira egindako estrategia da gurea –dio Culbertek–, Bobby Sands gose greban zen bitartean parlamenturako aukeratua izan zenean sartu zen Sinn Féin politikan. Eta horixe da egun gauden egoerara ekarri gaituena, armarik gabe, soilik politika erabiliz. Beraz, presook hasi genuen bake prozesua”.
 

Aurrera begira

Bakearen bidean aurrera egiten duen leku honetan, iragana oraindik oso presente dute bertakoek eta hamaika data omentzen dituzte urtero era guztietako arrazoiengatik. Guda luze baten egunak dira, heriotza askoren datak.

Haizeak gaita-jole zaharraren doinu ahulak Belfasteko Falls etorbide katolikoan behera dakartza. Atzetik, Irlandako banderarekin estalitako hilkutxa sei sorbaldak daramate mantso aurrera. Elizatik atera eta azken aldiz zenbait kaletan barrena ibili ostean, bizilagunek IRAko militante zenduentzat sortutako gunera eraman dute azken omenaldia egitera. Oroitzapenen lorategia irakur daiteke atakaren gainean, burdinazko hizki hotzetan. Ehunka dira Brendan Hughes “The Dark” edo Ilunari azken agurra ematera hurbildu direnak. Preso errepublikarren status politikoa berreskuratzeko 1980. urteko gose greben burua izan zen, harik eta 53 eguneko barauaren ostean eta preso bat hiltzear zela britainiar agintariek protesta uztearen truk engainatu zuten arte. Honen ostean hasi zen mahai gainean hamar hilotz utziko zituen Bobby Sandsek gidatutako gose greba gogorra. 1986tik aurrera kartzelatik libre, baina egonaldiak sortutako gaixotasunen preso, Hughes 59 urterekin zendu da otsail amaieran.

“Biltzeko etxe seguru baten berri emanez dei azkar bat jaso zenezakeen, banku bat lapurtu goizean, autoan soldadu britainiarren bila ibili arratsaldean, lehergailu bat jarri, eta agian pistola bataila bat edo bi izan gauean”. Hainbat liburu eta artikulutan bildutako Hughesen hitzak dira horiek, 1971ko bere egun arrunt bat deskribatuz, sasoi hartako gatazkaren gordintasunaren erakusle garbiak. Hitz horiek esan eta 35 urte ingurura, Falls etorbidearen hasierako horma luzea mural ezberdinez dago apaindurik. Denek dute esanahi garbia, baina hala ere, bat da bereziki sinbolikoa. Picassoren Gernika margotua dago, Berria egunkariaren laguntzari aipamena ondoko plakan duela. Komunitate arteko elkarkidetzaren sinbolo, muralista unionista eta errepublikar banak, elkarrekin marraztu zuten.

Belfast eta Derry batzen dituen errepideari begiratu eta erraz jabe daiteke bat urteetan aginte unionistak komunitate katolikoarekiko izan duen jarreraz. Belfast inguruan norabide bakoitzean bost bide dituen autopista zabala, pixkana-pixkana mehartuz doa, eta 30 kilometrora, historikoki katolikoak gailendu diren eremura iristean, norabide bakoitzean bide bakarra duen errepide bilakatzen da Irlanda iparraldeko bi hiririk nagusienak batzen dituen suge-bidea. Duela hamar hilabete, DUPeko Ian Paisleyrekin batera Sinn Féineko Martin McGuinnessek Ipar Irlandako exekutibako bigarren postua hartzean Irlandaren batasuna izan zuen hizpide: “Oraindik politikoki ez, baina prestatzen joan behar dugu laster eskuratuko dugun Irlanda baturako. Belfast, Derry eta Dublin lotuko dituen autopista eraikiko dugu!”.

Amaitutako guda baten arrastoak
Neil Jarman. Gatazken Ikerketarako Institutua.

"Poliziaren onarpena gero eta altuagoa da komunitateko kide batzuen artean. Hau da, orain polizia bera ez da arazoaren parte bihurtzen".

Michael Culbert. Preso ohien laguntza taldea.


"Etorkizuna alde dugu. Errepublikarrok ez gara bake prozesu honen aurka joango, unionistak agian bai, aurreikus dezaketelako galdu egingo dutela".

Adrian Kerr. Free Derry museoa.


"Gobernuak Igande Odoltsua onartuko balu, hurrengo egunetan eragindako heriotza guztien erantzule dela onartuko luke".

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
ANALISIA
CAFek Israelekin kontratua eteteko asmorik ote du?

Etengo du. Hori da kaskora supituan etorri zitzaidan pentsamendua, gosaria ahoan eta Euskadi Irratia sintonian, Imanol Pradales lehendakaria entzun nuenean CAF “gogoeta etikoa” egitera gonbidatuz, Palestinako lur okupatuetan trena eraikitzeko duen kontratua eten edo... [+]


Tunisian dira, abiatu eta astebetera
“Flotillaren aurkako eraso bat Palestinaren aldeko greben pizgarri balitz, ongi etorria izan dadila”

Astebete igaro da Bartzelonako portutik Global Sumud Flotilla ekimeneko lehen ontziak itsasoratu zirenetik, Gaza helburu. Tunisian lurreratu berri erantzun ditu ekimeneko euskal ordezkaritzako kide Itziarrek ARGIAren galderak, igande arratsaldean. Flotillako Tunisiako ontziekin... [+]


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu

Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.


2025-09-04 | Joseba Alvarez
Dena blokeatu!

Horixe da datorren irailaren 10ean Frantziako Estatua hankaz gora jarriko duen deialdi herritar berriaren lema. Sarean gaia lantzen ari diren gune asko daude, baina bi interesgarrienak aipatzearren, hor daude, besteak beste, @lessoulevements edota @bloquonstout atariak.

Izan... [+]


2025-09-04 | ARGIA
Erresuma Batuan 700 lagun atxilotu dituzte jadanik, Palestine Action taldeari babesa adierazteagatik

Uztailean Keir Starmerren gobernuak erakunde "terrorista" gisa izendatu zuenetik, Palestine Action taldearen aldeko mezuak erakusteagatik ehunka lagun atxilotu dituzte. Larunbatean manifestazioa antolatu dute Londresen eta beste mila pertsonatik gora atxilotzeko... [+]


2025-09-04 | El Salto
Genoako portuko zamaketariek Israelerako bidalketak blokeatuko dituzte, sionistek elkartasun ontzidiari eraso eginez gero

2010ean "Mavi Marmara" itsasontzia abiatu zenetik, Palestinarekiko elkartasun itsas operaziorik handiena osatzen du Global Sumud Flotillak. Israelgo Gobernuak terroristatzat jo ditu nazioarteko ekintzaileak.


Espainiako Vueltako Bilboko etapa geldiarazi dute Israelen aurkako protestek, eta ez dira helmugara iritsi

Bilboko erdigunean amaitu behar zuen txirrindularitza etapak, baina Deustun sartzear zirela antolakuntzak erabaki hori hartu du, helmuga ingurua manifestariz beteta zegoelako. Aurretik ere igaro dira helmuga puntu horretatik, eta istiluak izan dira. Ertzaintzak gutxienez hiru... [+]


Jerusalemgo tranbiaren proiektuaz “gogoeta etikoa” eskatu dio CAFi Pradales lehendakariak

Kontratua segi ala eten, enpresaren erabakia "errespetatuko" lukeela argi utzi nahi izan du Imanol Pradales lehendakariak, Euskadi Irratiari egindako elkarrizketan. Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza.


Errepublika kartzeleroak

Guatemala da. baina izan zitekeen El Salvador edo Honduras. Erdialdeko Amerikako kaleak husten ari dira, segurtasunaren eta herrialdearen garapenaren izenean, eta kartzelak bete. Munduan, proportzioan, preso gehien dituzten herrialdeen artean daude. Baina ziegetan ez daude... [+]


2025-09-03 | ARGIA
Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen aurkako protestek Vueltaren Nafarroako etapa hartu dute

“Israelgo Estatuaren enbaxadore” gisa datozen txirrindulariei parte hartzen uzteagatik, zale ugarik protesta egin du Vueltaren aurka, hamargarren etapan. Irunberrin, errepidea mozten saiatu diren herritarrak baztertu eta bi pertsona identifikatu ditu Poliziak.


Venezuelak gezurtatu egin du AEBek ontzi baten aurka egindako erasoa

Trumpek asteartean baieztatu du Venezuelako ontzi bati eraso egin eta bertan zeuden 11 lagunak hil dituela. Hildakoak Tren de Aragua "talde terroristako" kideak zirela eta droga trafikoan ari zirela adierazi du Donald Trumpek. Venezuelak dio bideoa Adimen Artifizialez... [+]


2025-09-03 | Gedar
Beste sarraski bat itsasoan: 160 bat lagun hilak Mauritanian, ontzi bat hondoratzean

Kanaria uharteetako kostaldera iritsi nahian ari ziren, baina Mauritanian urperatu zen ontzia. Desagerturik jarraitzen dute 100 pertsonak baino gehiagok.


Tamainak garrantzia duenean

Duisburg (Germaniako Erromatar Inperio Santua), 1569. Gerard De Kremer (1512-1594) geografo, matematikari eta kartografo flandriarrak, Gerardus Mercator izen latinizatuaz ezagunak, proiekzio kartografiko berri bat diseinatu zuen. Proiekzio mota zilindrikoa zen, ekuatorearekiko... [+]


Eguneraketa berriak daude