Harkaitz Cano

«Munduak daraman martxak etengabe krisian sarrarazten nau»

  • “Bizitza da erresumarik zabalena / eta nik / nik besoak baino ezin zabaldu” idatzi zuen duela urte batzuk Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975). Geroztik bizitza zatiak beso artean bildu eta papereratu nahian dabil. Lehen liburua kaleratu zuenetik urte mordoxka joan da, eta honezkero puska asko bildu ditu bere obretan. Azkenetako bat hurrengo asteko ARGIArekin batera iritsiko zaizue irakurleoi: Hipotesiak gordinkeriaz ipuina.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2007ko uztailaren 22a
Harkaitz Cano
Dani Blanco

Ipuin bat ekarriko diguzu ARGIAra, udako azken zenbakirako. Hori ote urtaro honetako berezko generoa?


Ezezkoan nago. Udan, urtean zehar pilatutako adreilutzarrak irakurtzen ditugula esango nuke. Hamakak, Karibeak eta hegazkin bidaia luzeek nobela eskatzen dute.

Askotan esan izan duzu ipuina duzula literatur genero guztien artean gustukoen. Baina ipuingileek behin baino gehiagotan aldarrikatu behar izaten duzue zuen lana. Bigarren mailako generoa delako aurreiritzia zabaldu samarra dagoelakoan nago... Zer iruditzen zaizu hori guztia?


Ez dakit ba... Irudipena daukat euskal irakurlegoaren zati batek dezente estimatzen duela ipuina genero bezala. Inguruko literaturetan baztertuago dago.


Zuk esana da: “Nobelagileari maleta bat egiteko esan eta mudantza bat antolatuko dizu. Ipuingileak ez: behar duen doia baino ez du honek maletan sartuko”. Hipotesiak gordinkeriaz ipuinak nolako ekipaia eskatu dizu?


Irratia eta ispilua eskatu dizkit inguruan zer egosten den entzun eta ikusteko. Eta nerbioa ere bai. Martxan dagoen ipuin bat da, martxan dagoen errealitate baten gainean idatzia. Kontraesanez, asimetriaz eta zalantzaz betetako narrazio bat egin nahi izan dut, bastidoreak agerian uzten dituena. Hasiera-korapiloa-amaiera egitura baino, korapiloarekin hasi, korapiloarekin jarraitu eta korapiloarekin amaitzen den ipuin bat. Maleta kaotiko samarra, beraz!


Irudipena daukat ipuin honen hasierako intentzioa ez zela indarkeriarekin loturiko istorio bat kontatzea. Azken urte honetako gaurkotasunak eragina izan duela, alegia.


Indarkeriaren zenbait albo-ondorio fikzionatzea zen asmoa, baina ipuina erabat ezberdina izango zen azken hilabeteotako zenbait gertaera jazo ez balira, dudarik ez. Ni behintzat, munduak daraman martxak, etengabe krisian sarrarazten nau fikzioa egiteko zenbait ikuspuntu eta gaien zentzuari buruz. Yemengo gertaerak, adibidez, fikzioan irakurri izan bagenitu, ziur norbaitek errealismo eza leporatuko ziela.


Narratzaileen arteko jokoa aurkezten du ipuinak. Baina narratzailea, berez, bat eta bakarra da, eta istorioaren gako garrantzitsuenetakoa da. Zer kontatzen den baino nork kontatzen duen da inportanteena?


Narratzaile adina istorio dago. Baina narratzailea nortasun anitzekoa ere izan daiteke, ez du beti zertan pertsona fidagarria izan. Nire asmoa, elkarri txanda kendu nahi dioten narratzaile batzuen arteko norgehiagoka kontatzea zen.


“Badakik ez zaiela gustatzen gu ezer idazten ibiltzea”. Oraindik ere arauen kontra egiteko modu bat da literatura?


Galderak egiteko modu bat da. Baita arauei buruzko galderak ere.

Euskadi Saria irabazi zenuen duela bi urte. Zer iritzi duzu azken aldian izan dituzten kritikez?


Dena hobetu daitekeela eta hobetu behar dela. Dena dela, apur bat desproportzionatua iruditu zait polemikaren tamaina, sariaren neurriaren ondoan. Horrelako polemika batek, sari mardulagoa merezi zuen. Eurotan, esan nahi dut.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Harkaitz Cano

Harkaitz Cano kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude