Harkaitz Cano: "Irakurleari ez zaio beti nahi duen guztia eman behar"

  • Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975). Zuzenbidean lizentziatua. Lubaki bandan hasi zen literaturaren bidean. Kea behelainopean bezala poesia liburua izan zen lehen onura, 1994an argitaratua. Harrezkero han-hemenka dabil, Donostiako literatur portu finkotik New York, Parisera edo Bartzelonara bidaiatu ohi du tarteka, maletak hartuta batzuetan, imajinazioak gidatua bestetan. Neguko zirkua ipuin liburuari azken ukituak ematen dizkion bitartean -uda ostean kaleratuko da-, Belarraren ahoa liburua dugu bidaia hauetako azken onura. «Aiztoarena baino zorrotzago da belarraren ahoa» gaztigatu digu sarreran. Idazluma aiztoa bailitzan ari da literatur zirkuan. Musikarako trebezia mugatua duela onartua, hitzak josten eta zorrozten aparta dela erakusten digu aldian-aldian. Hona hitz zorrotzailearekin izandako solasa.

2005eko uztailaren 17an

Donostia du hiri, hiri koskorra, bizitokia eta lantokia. Cano hiri handiagoetara joateko joeraz mintzatu zaigu abiaburuan: "Kanpora joate hori ez da hiri kontua, denbora kontua baizik. Denbora irabazteko era bat da. Kanpoan bazaude eta inork ez badaki non zauden -gero eta zailagoa dena- denbora biderkatzen da".

Horregatik-edo, Donostiako etxean dagoenean antipatiko samar bihurtzen omen da. Jendearen eskaerei ezezkoak ematen ikasi du denbora hektareatxoak irabazte aldera. Denborak denbora, hektareak hektarea, Donostiako bere etxebizitza oso txikia dela aitortu digu: "Belarraren ahoaren bigarren partea oso autobiografikoa da. Pertsonaia etxe gero eta txikiago batean bizi da. Lagunak bisitan etortzen ziren Parisera eta esaten zidaten: Etxe hau Donostiako hire etxea baino are txikiago duk!. Gero eta txikiagoa izan etxea gero eta hobeto lan egiten dut".

Harkaitz Cano praktiko eta soila da. Bai literaturaren sorkuntzan bai bizitza errealean: "Esnatu eta mahai gainean zain ditudan lanek horrela gogorazten didate: 'Ei! Txikito. Hona etorri behar duk lan egitera'.

Bidaiak bidaia, oraingoz ez bide du Donostia uzteko asmorik.

Nola gauzatu duzu Belarraren ahoa liburua?
Liburu ez-bilatua da, nolabait esanda. Parisera joan nintzen nobela bat idaztea, baina huraxe ez nuen idatzi. Tarte hartan hainbat gauza idatzi nuen, haietako asko hasi eta bukatu gabe utzi nituen. Hori egin ahal izatea luxua da. Hau da, gauzei denbora ematea, eta aldi berean, proiektu bat utzi eta gogoak ematen dizuna idaztea. Horrela pasa nituen hilabete batzuk.

Bere sorreran, hala ere, zer ikusia du Parisko giroak.
Bai. Erresistentzia garaiaren moda pil-pilean zegoela topo egin nuen Parisekin: gaiari buruz nonahi ziren erakusketak eta liburu asko argitaratzen ari zen. Hemen Espainiako Gerra Zibilarekin gertatzen ari den antzean. Parisen, nazien aurkako erresistentzia garaiaren obsesioarekin topo egin nuen. Erresistentzian parte hartutakoen kuraia aipatzen zen, zenbateko traba jarri zieten alemanei eta abar. Era berean, beste batzuk, beharbada, alemaniar naziekin eroso bizi izan zirelako gaizki sentitzen ziren... Artean, Charles Chaplinen Diktadore Handia filma berrestreinatu zen. Halako magma berezi bat sortu zen nire baitan, hipotesi zoro edo ez hain zoro batera eraman ninduena. Edonola ere, giro horrek eman zidan idazten hasteko behar nuen txispa.

Alegia...
Monterrosok zioen posible dela bi aldiz ibai berean bainatzea, baldin eta ibaia nahikoa geldoa bada eta zaldi edo bizikleta bat eskura baduzu. Historia ibai geldoa denez, eta literatura bizikleta edo zaldi hori, aukera baliatzea erabaki nuen: Hitlerrek Europa osoa menperatu izan balu zer egingo zukeen galdetzera eraman ninduen. Europa osoa menperatu ostean, AEBak ere menperatu nahian abiatuko zela pentsatu nuen. Nora eta New Yorkera joango zela. Orduan, nire buruarekin haserretu nintzen, esana bainuen ez nuela gehiago New Yorki buruz idatziko. Alabaina, garai batean Espainiako aktoreek Strip-teaseari buruz "gu gidoiak hala eskatuta biluzten gara bakarrik" esan zuten bezala, kasu honetan ni ere, gidoiak hala eskatuta, fikzioak New Yorkera eraman ninduen berriz. Nahiz eta gero hiriak ez duen protagonismo handirik istorioan.

Izenburua Belarraren ahoa da. Bitxia ezta?
Jendeak -titulua entzutean- belarrak norbait jan behar duela ulertzen ote duen nago. Ez da hori asmoa, belarraren zorrotzaz ari naiz, labanaren ahoaren ordez, belarraren ahoaz ari naiz, historiaren sabela ireki eta gero barruan sartzen laguntzen digun bisturi horretaz.

Literatura irakurtzen hasi berrientzako liburua zaila ote?
Ez nuke esango. Liburuaren bi irakurketa bereizten ditut: batetik, komiki bat bezala ikusten dut, erdira arte akziozkoa da. Erdialdean badu bira poetiko bat, beraz, liburua erdiraino era batera irakur daiteke eta erditik aurrera -beste era bateko akzioa da- beste giro bat hartzen du. Irakurle mota batek akzioa nahiago izango ote zuen hasieratik bukaerara, eta beharbada, baldin eta irakurle horrek hasieratik bukaeraraino komikia nahi bazuen, defraudatua senti daiteke. Baina irakurleari ez zaio beti nahi duen guztia eman behar.

Idazten denaz gainera, idazten ez denak du berebiziko munta eta funtsa literaturan. Zurean halaxe da nik uste.
Belarraren ahoa zorrotza dela esaten dugu. Nik zorroztasun hori bilatu dut denbora guztian, istorioa ez dadila kamuts gelditu, zehatza izan dadila. Oso gustura idatzitako nobela edo ipuina da, ez baitakit zer den zehazki. Istorioaren erdiraino iritsitakoan aurrera segitzea zaila zela sentitu nuen. Urte eta erdi izan nuen geldirik, bukaera idatzi gabe, eta horrek bukaerako giro poetiko-alegoriko horretan eragin zuela uste dut.

Euskaraz ez den beste hizkuntza batean idatziko al zenuke liburu hau? Euskarak ematen al dizu behar duzun guztia?
Ematen dit guztia eta gehiago. Ematen ez didanean kilikatzen nau, eta batzuetan gizatxartzen edo haserretzen naiz beharbada. Baina ez diot aitzakiarik ipintzen euskarari. Zaila ikusten dut gaztelaniaz ipuin bat idaztea. Inork inoiz eskatuta gauzaren bat egin izan dut, itzulpenak ere bai, baina berezko irrika bezala ez zait normalean etortzen erdaraz idaztea.

Zer ekarri duzu hizkuntzaren aldetik aurrekoetan ekarri ez duzuna?
Horretan bi indar edo pultsio izaten dira. Batzutan, istorioak eramaten zaitu arrastaka eta besteetan hizkuntzak. Nik beti pentsatu dut istorioak eraman behar zaituela gehiago, hizkuntzak baino erakarpen handiagoa izan behar duela. Batzuetan ongi dago hizkuntzak eraman zaitzan uztea, baina arriskutsua da, hizkuntzaren baliabideen makulupean soilik dagoen istorioak entitate nahikorik ez duela pentsa dezakegu. Ni bi zaldiko zalgurdiz noa beti, eta jaten hobe ematen diodan zaldia istorioa daramana da. Kasu honetan biak nahiko batera joan direla esango nuke, hala ere. Zaldiak zaldi, zalgurdia bakarra da.


Olivier Legrand da protagonistetako bat: pertsonaia bitxia, konkorduna, galtzailea...
Ziur asko kariño gehien diodan protagonistetako bat da Olivier Legrand. Liburuan ez dut Hitler izena aipatzen, "gizon txikia" baino ez dut esaten. Olivier Legrand izenekoa da, benetan handiena. Pertsonaiaren oinarrian benetako meatzari bat dago. Hark behin kontatutako istorio bat nuen aspaldi buruan: berak ez omen zuen ikatza ateratzen, bere lana besteek ikatza ateratako lekuan lurra botatzea zen, zuloa betetzea. Galeriak gero eta beherago joan ahala, berauek hondarrez bete ezean meategia behera etortzeko arriskua baitzegoen. Bere lana oso garrantzizkoa zela esaten zioten: "Hire lana ondo egiten ez baduk, barruan daudenak hil litezke. Gurea bezain inportantea duk hirea, inportanteagoa ez bada...". Baina berarentzako oso zapuzgarria eta fustrantea zen. Berea betelana zela pentsatzen zuen. Kasu honetan inoiz baino hobeto esana. Istorio hori kontatzeko gogoa nuen. Horra, edozein liburu idaztean beharrezkoa den hirugarren zaldia: motibazioa, apeta.

Zoriak edota patuak ere badu munta gero.
Bai, izugarria gainera. Hitler eta Chaplini buruz idazten ari nintzen horretan, "hemen sartuko dut meatzaria" pentsatu nuen. Une batez, kapritxo eta motibazio hori duzu eta konturatzen zara asmoa ondo egokitzen zaiola istorioari. Hori da literaturaren gauzarik politenetako bat. Batzuetan, asmoa arrazoiz zertzen duzu eta ondo dago, besteetan tranpa egiteak laguntzen dizu, laborategiko jokoa egin behar duzu. Hori da Olivier Legrand protagonistaren kasua: polizoia, estatuaren barruan doana, estatuaren pieza txikituen barruan Rouenetik New Yorkera daramatena.

Jorge Oteizaren hutsaren ideia heldu zait gogora. Hutsaren funtsa berretsiko al zenuke literaturarako?
Litekeena da, baina ez hori bakarrik. Demagun koadro inpresionista bat. Efektua oso ezberdina da koadrotik urruntzen zoazen ahala. Irakurketan antzeko zerbait gertatzen da: liburuaren bukaerara hurbildu ahala, liburuan gero eta gehiago sartuagatik, urruntze bat ere badago, istorio osoa distantzia batetik bere osotasunean ikustea ahalbidetzen duena eta irakurlearengan sentsazio berri bat sorrarazten duena. Hori da lortu nahi nuena. Hau da, irakurri ahala ikusten dituzu istorio batzuk eta amaieran denek hartzen dute forma nolabait. Nahiz eta amaiera irekia izan, distantzia horrek berak ixten du lana.

Ederra eta absolutua ezinezkoa da. Agian liburuak ez du absolutua erdiesten baina...
Alan Pauls idazleari ea kalitateko literatura zer den galdetzen ziotenean "ez zitzaiola kalitateko literatura interesatzen" zioen. Berari zirriborroa interesatzen zaio. Baina zirriborroa berezko generoa ere bada. Margo erakusketetan gero eta gehiago ikusten duguna da, batetik koadroa, eta bere inguruko bitrinetan koadroa berau egiteko erabilitako zirriborroak, probak, saiakera halamoduzkoak edo zehatzak. Askotan horiek sendoagoak dira azkeneko emaitza bera baino. Potentzialtasun horretan ikusten dugu batzuetan bukatutako lanetan nekez ikusten duguna. Idazterakoan filosofia hori izan nuen, baina horrek ez du esan nahi zabarkeriaz idatzita dagoenik, jakina.

Dezepzioa
«Etxean beti kontatzen zuten gure aitona nola izan zen estatuaren barruan, eta nik ditxosozko estatua ikusteko irrika hura nuen. Eta estatua ikustean, denei gertatzen zaiena gertatu zitzaidan dezepzioa: hain da gauza ziztrina!
Miopea naizenez, nire moztasun horretan, agurtzen ari zen nazi bat zela iruditu zitzaidan. Amesgaiztozko espejismo hori da nobelaren beste sorburuetako bat. Antton Olariagak bikain ulertu zuen liburuak behar zuen azala».

Taxi gidaria, agian

"Euskal literaturan pribilegiatua bezala ikusten dut nire burua. Duela hamar urte poemak argitaratzen hasi nintzenean ez nuen erraza ikusten idaztetik edo idaztearen inguruko gauzetatik bizitzea edota ogibide bat izatea. Komikiak irakurtzen zituen ume hari esan izan baliote egunen batean komiki gidoiak idatziko zituela... Alde horretatik beraz zoriontsu ikusten dut nire burua, ez dut kexarik".

Entusiasmoa da idazteko gakoetako bat, Canoren ustez: "Idazle bati gauza asko barkatzen ahal zaiola, baina ezin zaiola entusiasmorik eza barkatu esan ohi dut. Idazleak poz sortzaile bat izan behar du, bestela sufrikarioa litzateke. Alde horretatik nire entusiasmoak bizirik jarraitzen du". Bere literatur bidaiaren unea deskribatu digu: "Hasieran mundu surrealista eta amets giroko batetik abiatu nintzen nolabait, gero, gauza errealistak idazteko gogoa sentitu nuen. Orain erdibide batean nago, errealismo hutsa eta errealismo zikina deitzen diren horiekin pixka bat aspertuta. Erdibide bat topatu nahian ari naiz, gauza errealista baina aldi berean arnasbide pixka bat fantastiko eta metaliterarioa duten gauzak idatziz. Ildo horretatik doa Neguko zirkua".

Idazleen banitateaz aritu gara segidan. Bakartasunean ohituak eta bereziak direla. Bera bakartia den itaundu diogu: "Bai, baina lanean bakarrik. Idazleak bakardadean idazten du, baina jendearentzat sortzen du eta kontzientea da horretaz: hitzaldiak ematen ditu, jendearekin harremana du, hitz egiten du irakurleekin eta lana kontrastatu nahi izaten du. Hartara, inguruko jendeak pistak ematen dizkio. Beraz, bakardadea parte garrantzitsua da idazlearentzat, baina berea bakardade sortzailea da inola ere".

Hona Canok, aukeran, idazle lanbidetik kenduko lukeena: "Kenduko nuke enkarguzko zenbait lanen proportzioa eta presa, denbora mugatuan egin behar izatea. Eta ordainetan irakurtzeko denbora gehiago izan nahi nuke... Bekak idazteko ez ezik irakurtzeko ere eman beharko lituzkete, denbora librea izateko!". Alta bada, ez du bere burua literaturan ez den beste egiteko batean ikusten: "Zaila egiten zait". Inoiz edo behin musikari zapuztua dela aitortu duenez, musikari ikusten ote duen azaldu diogu gaiztoki: "Saiatzen naiz musikariz inguratzen ea zerbait neureganatzen dudan, baina... (irriak). Hara, lehengo batean amets bat izan nuen, idazleok askotan gezurrezko ametsak kontatzen ditugu, baina hau benetakoa da. Taxilaria nintzela amestu nuen. Beraz, idazle izango ez banintz beharbada taxilaria izango nintzateke. Ametsean gustura samar nengoen, hala ere, egin kontu ez dudala autoak gidatzeko baimenik... Baina batek daki, nire etorkizuna taxi-gidari izatea da agian. Liburuen antza dute taxiek: istorioz betetako lekuak dira".

"Zer esaten ari haiz?"
«Liburuaren aurkezpenean, ni ez naizen beste idazle batek idatzitako nobela bezala ikusten nuela esan nuen. Inazio Mujika Iraola editoreak zeharka begiratu zidan "Zer esaten ari haiz?" esan nahiko balit bezala. Azaldu nion geroago: "Ni baino hobea den idazle batek idatzitako liburua dela" esan nahi nuen. Oso diferentea delako aurrekoekiko eta hori sorpresa polita da. Idazte prozesuarekin batera idazleok ere zerbait berria ikasi behar dugu. Narratzailea ez zara zu zeu. Narratzailea gaiztoagoa, ausartagoa eta zu zeu zaren baino idazle hobea da. Hor dago benetan narratzailearen magia. Alde horretatik gustura geratu nintzen».


ASTEKARIA
2005eko uztailaren 17a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Harkaitz Cano
'Okrestra lurtarra' animaziozko filma ostiral honetatik aurrera zinema-aretoetan

Apirilaren 8an estreinatuko da zinema-aretoetan Orkestra lurtarra animaziozko film luzea. Joseba Poncek eta Imanol Zinkunegik zuzendu duten lan hau egiteko asmoa 2014an jarri zen mahai gainean: “Luze jo du, baina merezi izan dute bideak eta lanak”, azaldu dute Lotura... [+]


2021-01-27 | Harkaitz Cano
Kintsugi

"Kintsugi" kontakizunean, Harkaitz Cano idazlea GoiEner Kooperatibaren proiektutik abiatzen da, energiarekiko harremana aldatu duen etorkizuna irudikatzeko. Azala sormen artistikorako guneak abiatutako "Zirriborroak eta gero" proiektuaren parte da... [+]


2019-11-19 | Uriola.eus
Santi Brouarden bizitzaren eta heriotzaren hariak biltzen dituen komikia aurkeztu dute

Gaur goizean aurkeztu dute La Bolsa eraikinean Harkaitz Canok eta Adur Larreak 'Antzara eguna" izeneko zuri-beltzezko komikia, Santi Brouarden bizitzaren inguruko komikia, alegia.


Idazle eta komikigileen sinbiosiak funtzionatzen du

Duela ez asko esan izan balidate euskaraz honelako hiru publikazio izango genituela esku artean ez urte berean, ez, zazpi egun baino gutxiagoren barruan, ez nuen erraz sinetsiko.


2019-04-30 | ARGIA
Harkaitz Canok irabazi du 111 Akademia saria

Fakirraren Ahotsa eleberriagatik saritu dute idazlea. Canok sari bera jasotzen duen bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude